Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-03-02 -- 1889.zenb

Etorkinentzako euskara ikastaroa antolatu du Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak. Martxotik uztailera bitartean, astean hirutan bi orduko klasea eskainiko du. Ikastaroaren prezioa 10 eurokoa da hileko. Aurretik ere udal berak gorrentzako euskara ikastaroa antolatu izan du.


KULTURA KORRIKA

Garai bateko eta egungo sormen kulturala dira Korrika 13 Kulturalaren protagonistak. «Hamalau baietz» ikuskizunarekin eman zaio kultur lasterketari hasiera, 60ko hamarkadaren bukaera eta 70ekoaren hasiera bitarteko euskal kulturaren loraldian parte hartutakoei gorazarre egin nahian. Martxoaren 9a arte luzatuko da garai hartako kultur protagonistei eskainitako omenaldia. Baina martxo osoan zehar, «Metxa» antzerki lanarekin hasi eta egungo kultur sortzaileei emango zaie txanda. Besteak beste, bertsolaritzari, musikari eta literaturari. Horrela, euskarazko kultur sormenaren sustapenaren helmugara iristeko.


BERTSOZALE ELKARTEAREN BATZARRA

AZKEN asteetan Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteek bakoitzak bere herrialdeko Batzar Nagusiak egin ondoren, joan den asteburuan burutu zen Etxarri Aranazen Euskal Herriko Bertsozaleen Elkartearen urteko ohiko batzarra. Bertan, joan den urteko balantzea egin zuten. Bertsozale Elkarteak emaniko informazioaren arabera, «iragan urtea bertsolaritzaren munduan ez dela oihartzun eta zalaparta handikoa» izan onartzen du. Dena den, honakoak dira, besteak beste, joan den urteko ekimen garrantzitsuenetako batzuk: Iparraldea-Nafarroa, Araba eta Bizkaiko txapelketak, Gai-jartzaileentzako gida liburuaren argitarapena, Bertso Doinutegia on line jarri izana, hezkuntza arautuan irakasleen prestakuntza programa abian jartzea HUHEZIN... Guztira, eta Txapelketak alde batera utzita, 1.190 bertso ekitaldi egin ziren iaz. Datorren urterako egitasmoak ere aurkeztu ziren Batzarrean. Irakasleen prestakuntzatik hasita bertsogintzan zuzeneko eragina duten gaiak lantzeko asmoa azaldu du Elkarteak, hots, gai jartze, epailetza eta saio antolaketa, besteak beste.


ZIUDADELAN BAI EDO EZ

ERREPIKAPENAREN ondorioz, ohitzen ari gara. Beste behin etorkizunerako arte proiektu batek polemika sortu du. Oraingoan, Nafarroako Arte Garaikideko Zentroa izango denaren kokapenarengatik. Iruńeko Ziudadelan paratzeko albistea orain bi urte eman zuten Nafarroako Gobernuak eta Iruńeko Udalak. Orain gutxi jakin dugunez, Espainiako Kultura Ministerioak eginiko txostenaren gomendioen ondorioz, atzera bota zuen asmo hori Nafarroako Gobernuak, Juan Ramon Corpas Gobernuko Kultura zuzendariak eginiko adierazpenen haritik. Ondoren etorri dira kontraesanak. UPNk esan baitu Kultura Ministerioko txostenak Arte Zentroaren Ziudadelako kokapena baimentzen duela. Horretarako, Ziudadelak berritu eta mantentzeko plan bat beharko luke, ondoren zein proiektu museografiko martxan jar daitekeen erabakitzeko. Ezezkoa lehenengo eta baiezkoa ondoren, Zentroa bertan egingo den edo ez jakin gabe ginen ale hau bukatzean.


«EUZKO-GOGOA» SAREAN

LITERATUR Aldizkarien Gordailuan hemendik aurrera 1950etik 1959ra plazaratu ziren «Euzko-Gogoa» aldizkariko 44 zenbakien faksimilak izango dira ikusgai. www. armiarma.com/andima/eugo helbidean, aldizkariko testu guztiak irakurri eta inprimatzeko aukera eskainiko da. Azal eta artikulu guztien faksimilak ere ikusi ahal izango dira eta bakoitzaren datuak ere bilduko dira bertan, hala nola, orrialde kopurua, egilearen benetako izena ezizenez sinatutako artikuluen kasuan, generoa... «Euzko-Gogoa» Jokin Zaitegik sortu zuen 1949an. Bertan, izen handiko idazleek idatzi zuten. Besteak beste: Orixe, Jon Mirande, Gabriel Aresti, Jon Etxaide, Joxemiel Barandiaran edo Antonio Maria Labaien. Horrez gain, klasikoak euskarara ekartzeko ahalegin handia ere egin zuen aldizkariak.


BOST ZENTZUMENEKIN

HOTZAK izan ohi dira arte galerietara egiten diren bisitak. Horiek ordezkatu, eta artearen alorra dinamizatzeko asmoz Multi Art Program (MAP) Jaialdia antolatu dute lehenengo aldiz martxoaren 29rako Edorta Kortadi arte kritikariak eta Jon Idiakez, pintorearen manager eta Donostiako Paupa galeriaren arduradunak. Bost zentzumenekin gozatzeko arte garaikidearen festa izango da MAP eta Andoaingo Ziako lantegian burutuko da. Pintura eta eskulturatik harantzago, argazkigintzaren aldeko apustua egingo du MAPek eta baita teknologia berrien aldekoa ere. Jaialdiaren lehen ekitaldian hamar artistek hartuko dute parte: Anjel Uranga eta Nori Ushijima pintoreek, Gorka Salmeron argazkilariak, Alex Fercam eta Josetxo Santos eskultoreek, Makala disko jartzaileak, Estibaliz Sadabak, eta Aukeran dantza taldeak ere parte hartuko du koreografia batekin. Horrez gain, bi sukaldari ere arituko dira ekitaldian. Lehenengo ekitaldia Andoainen egingo den arren, antolatzaileek urtero lekuz aldatzeko asmoa dute.

- Unai Elorriagak honakoa adierazi zuen Bilbo Zaharra Forumean eskainitako hitzaldian: «Nik sinetsi egin behar dut idazten ari naizena munduko libururik onena, berriena, ikaragarriena dela. Ni literaturan nabil lanean, ez euskalgintzan».
- Joan Mari Torrealdairen hitzak dira hauek joan den astean «Gara»k jasoak: «Euforia saltzen ari gara, baina beldur naiz euskalgintza ez ote zaigun zuloz betetzen ari».
- Kepa Junkerak «UK»n: «Ez zait inoiz gustatu abesti bat beti modu berean jotzea».
- Mari Jose Olaziregiren ustez, «euskal literaturari buruzko sintoma oso kezkagarriak daude, baina ez dago benetako interesik egiazko datuak ezagutzeko».
- Joserra Senperenak zera adierazi du «Entzun» aldizkarian: «Konposatzerako garaian kantuaren bila nabil, jendeak kantuaren melodia abestea nahiko nuke. Horregatik esan ohi dut pianoarekin abestiak egiten ditudala. Entzulearentzat musika arina dela iruditzen zait. Musika instrumentala intelektualtzat har daiteke, baina nire musika esperimentala baino pop mundura gerturatzen dela esan daiteke».

Ermuko Integi enpresaren web gunea aurkitu dugu sarean. Makina erreminta arloko Ermuko enpresa da (www.integi.com). Euren produktu eta jardueraren berri ematen dute bertan hizkuntza ugaritan: ingelesa, alemana, frantsesa, gaztelania. Euskararen arrastorik ez dugu topatu ordea.

Berri Txarrak taldea disko berria grabatzen ari da 2002ko abenduan kontzertuak eskaintzeari utzi zionetik. «Diskorik sentikorrena» izango omen da hurrengoa.
Eusko Ikaskuntzak 2001ean egin zuen «Euskal Zientzia eta Kultura» izeneko kongresuaren materiala bildu du liburu eta CD-ROM batean. Bertan, Euskal Herriko Artea, Kultura eta Zientziaren egoeraren azterketa osoa eskaintzen da.
Urretxindorra Bergarako taldeak disko berria plazaratuko du. Bertan, argitaratuak dituen bost disko txikietako 18 kantu bilduko ditu -besteak beste, «Aitorren izkuntza zarra», «Haurra seaskan» edota «Mendi puntatik»- eta zentsuraren ondorioz inoiz plazaratu ez ziren beste lau.
Arantxa Iturbe, «Ai, ama!» lanarengatik, Josu Camara eta Kirmen Uribe «Ekidazu. Lehoiek ez dakite bibolina jotzen» obrarengatik eta Patxo Telleria «Kontenedore baten istorioak»engatik izan dira Max sarietarako euskarazko antzerkigile hautatuak.

Laura Mintegik «Jakin»en idatzitakoa da honakoa:
«(...) Sortzez pribatuak eta finantziazioz erdi-publikoak diren erakundeen egoera zailaz mintzatu nahi nuke, ćOteizaren aferaren sindromeaĆ dei genezakeenaz.
Euskal kulturgintzak (eta irakaskuntzak) modu batera edo bestera, diru publikoa bereganatu behar du, ekoizten duen produktua nekez izango delako ehuneko ehunean errentagarria. Euskarazko merkatua txikia da, batetik, eta kulturak ez du kotizatzen balioen merkatuan, are gutxiago botereari aurre egiten baldin badio.
Honela bada, ikastolak dirulaguntzak jasotzen ikusten ditugu, eta gero ikusten dugu nola gonbidatu behar izaten duten diru-emailea euren festetara (Ibilaldia, Kilometroak, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz) egoera eskizofrenikoak sortuz hainbatetan. Eta gauza bera gertatzen da helduen euskalduntzean edo prentsan ere, herri aldizkari edo irratietan. Denak ekimen pribatuak dira, militantismo kopuru handiari esker sortuak, ideologia zehatza dute eta beren jarduera gauzatzeko independentzia aldarrikatu dute, ulertzekoa denez.
Kontua da urteroko dirulaguntzarik gabe elkarte hauek ezin izango zutela aurrera egin. Eta erakundeek ere, egitura esklerotiko bihurtu nahi ez badute, ekimen pribatuaren dinamismoa fagozitatzeko beharrean daude».


EUSKARA KALERA ATERATZEKO

Euskara eskolan ikasi eta hitz egiteaz gain, kalean, aisian hitz egitea beharrezkoa da euskaraz normaltasunez bizitzeko. Hori lortu aldera proiektu bat abiatuko dute Ikastolen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean. Hala, Euskal Herri osoko 14 ikastolatan (Arabako 6, Bizkaiko 6, Gipuzkoako 4, Iparraldeko 2 eta Nafarroako 2) abiatutako proiektuari bultzada emango diote. 2004a eta gero, proiektuak arrakasta badu, eskola sare osora eta beste gizarte eremu batzuetara zabalduko da.


UEU OREKA ERDIESTEKO AHALEGINETAN

Udako Euskal Unibertsitateak batzarra egin berri du, baita aurtengo erronka nagusiak zehaztu ere. Besteak beste, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko oreka lortzen saiatuko direla adierazi dute. Eta horrenbestez, Miarritzeko ikastaroetan ahalegin berezia egingo dute. Bestalde, zuzendaritza taldea indartu dute: Ińaki Soto Filosofian lizentziatua eta Ińaki Marko EHUko irakaslea dira kide berriak.



EREDUAK EZBAIAN

«Eskolak euskaldundu behar du» lelopean azkenaldian egindako mobilizazioak, A eredua kentzeko asmoz Nafarroako Gobernuan eta Eusko Jaurlaritzan aurkeztu nahi dituzten mozioak eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Sortzen Ikasbatuazek D ereduan matrikulatzeko egindako eskariak ez dira gertakari hutsak, nahi eta ideia batzuen adierazle dira. Batetik, hiru administrazioetan haurrak euskalduntzen dituen eredu bakarra D eredua dela eta bestetik, egun dauden ereduak zalantzan daudela adierazten dute. Eta haiek berraztertzeko eskaera bat somatzen da.



HELEGITEA DEKRETU BERRIAREN KONTRA

Nafarroako Gobernuak onartutako euskara foru dekretu berriak kritika ugari jaso zituela aipatu genizuen joan den astean. Euskara Kultur Elkargoak beste pauso bat eman du, helegitea aurkeztu baitu dekretuaren aurka, «legearen eta nafar komunitatearen hizkuntza eskubideen kontrakoa» delako.

hemeroteka

1888. zenbakia | 2003-02-23
1887. zenbakia | 2003-02-16

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan