Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-02-23 -- 1888.zenb

KOLONIALISMO BERRIAREN ATZAPARRAK

Ainara Gurrutxaga

Oihanaren erdian alanbradaz inguratutako lauzpabost etxeko urbanizazio bat zegoen. Kanpoan, fusilak eskuan zituzten zaindari beltzek, zintzur hots bitxiak egiten zituzten gauez euren artean komunikatzeko. Egunsentiraino luzatzen ziren oihu haiek bultzatu ninduten lan hau idaztera". Hilabete batez Afrikan izan ostean bertan entzun eta ikusi zituenak hunkituta utzi zuen Bernard Marie Koltes idazlea. Kolonialismoa oraino pil-pilean dela ikusi zuen. Afrikan bizitako sentsazio haiek antzezlan bilakatu zituen ondoren, 1982an.

Maskaradari gai sakon eta on bat lantzeko beta eman dio Koltesen testuak: "Taldekook proposamen gogor bat egiteko gogoa genuen", dio "Konbat" antzezlana zuzendu duen Carlos Panerak. "Bitxia da, zeren Koltesek forma aldetik ez du gauza berririk planteatzen. Testuaren klasizismoaren barruan da abangoardista", gaineratu du.
Testua da ikuskizun honetako protagonista, gorabehera guztiak maneiatzen dituena. Aktoreak ere testu itsaso horretan lasai dabiltza igerian, nahiz eta tarteka itsaso mugitua izan.
"Konbat" antzezlanaren argumentuaren intriga anekdota batekin hasten da. Langile beltz batek bizia galdu du enpresa frantses batentzat eraikuntza lanetan ari zela. Enpresa Afrikako herrialde batean dago. Bere anaiak, hesiak gaindituta, eraikuntza lanen buruengana jo du, zendutako anaiaren gorpuaren bila. Inork ez dio gorpurik emango ordea.
Tragedia usaina duen istorioan ingeniari gazte bat (Manex Fuchs), eraikuntza lanen burua (Patxi Ugalde), hark Parisetik ekarritako neska gaztea (Esther Uria) eta bere anaiaren gorpua berreskuratzea besterik nahi ez duen afrikar gaztea (Jon Gaubeka) dira protagonista.
Askori aspaldiko istorioa irudi dakioke kolonialismoarena, baina, oraindik besteen kontura aberasteko asmoz diharduen herrialde asko dago: "Duela hilabete batzuk emakume talde batek petrolio multinazional baten instalazioak okupatu zituen Afrikako herrialde batean. Langileentzat eskolak eta ospitaleak eraiki zitzaten eskatzen zuten. Teknologia eskura duela eta, Europak Afrika esplotatu egiten du, ezkutuan bada ere", iritzi dio Panerak.
Bernard Marie Koltesen obran hondakinez inguratutako espazioak irudikatzen dira, hirigintzaren azturaz atsekabean murgildutako inguruak. Horietan pertsonaiek euren biziraupena bermatu ahal izateko etengabeko borrokan aritu beharra izaten dute. Gizakien arteko harremanak komertzio edo elkartruke gisa ulertzen zituen Koltesek. Giza kondizioari buruz zuen ikuspegiak idealismotik ez zuen askorik, hortaz. Arrazakeriaren salaketa ere, estalita edo modu agerian, etengabe egin zuen idazle frantsesak. "Konbat" horren adibide da .


BORROKA HASTERA DOA


Zorua are ilunez estalita dago. Aretoaren alde batean oholtza badago ere, emanaldia hasi aurretik arez betetako zirkuluaren inguruan esertzeko eskatzen zaio publikoari. Behin denak, kuriositateak jota, aulkietan eserita daudenean, proiektore batek argazki erraldoiez estaltzen du aretoa. Argazki abstraktuak dira, baina guztiak ere Afrika iradokitzen dutenak.
Pertsonaiak ikusleen artetik irteten dira, konplizeak bilatzen ari balira bezala. Konbatea hastera doa.
"Hasieratik irudikatu nuen muntaia borobiltasun horretan", dio Panerak, "Obrari giro berezi bat eman nahi izan diot, ikusleak eszena parez pare bizi ahal zezan. Gutxitan izaten baita horretarako aukerarik". Carlos Panera berak sortutako eszenografiak eta Javi Ulla eta Eneko Llorentek diseinatutako argi eta ikus-entzunezko espazioak ziztu batean girotzen du antzokia.
Pertsonaien arteko talkak dira "Konbat" antzezlanaren motorra. Hitza da eurek defendatzeko edo erasotzeko duten tresna bakarra. Eginiko zauriak, labanaz eginikoak baino sakonagoak dira, ordea. Horn, Cal, Albury eta Liona pertsonaiek, gertaeren poderioz, ikuskizunaren hasieran zirena izateari utziko diote poliki-poliki. Halaxe esaten dio Cal gazte arrazistak ilusioz beterik datorren Lionari: "Afrikako doinuak ez dira danbor doinuak. Afrikako doinuak, guretzat, haizegailuaren eta karta-jokoaren soinuak dira". Kolono askorentzat Afrika ez zen izan amestutako lurraldea.
Maskaradaren azken urteetako joerari jarraituz "Konbat"en gaztelerazko bertsioa prestatzeari ekingo dio orain. Aktore taldea ezberdina izango da, "aktore berak halako testu zail bat bi hizkuntzetan lantzea oso gogorra delako". Zailtasunari erronka artistiko gisa aurre egitea erabaki zuten taldekideek: "Bi aktore talde sortu eta bi ikuskizun ezberdin aurkeztuz". Hala, maiatzean Bilboko Arriaga Antzokian gazteleraz estreinatuko den "Konbat" antzezlanak eszenaratze oso ezberdina izango du: "Gaztelerazko bertsioa modu konbentzionalagoan muntatuko dugu. Euskarazkoa leku alternatiboetan egingo dugu, ikuslearengandik gertu egon gaitezkeen lekuetan. Gaztelaniazkoa, aldiz, antzokietan"

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan