Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
  • Hasiera >
  • >
  • HI, PASAIDAK CD HORREN KOPIA BAT!

2003-02-23 -- 1888.zenb

HI, PASAIDAK CD HORREN KOPIA BAT!

Aitor Furundarena

Ea Aitor, pentsa ezak pixka bat CD "piraten" gaiari buruz. Zer esan dezakek hik hortaz? Lehenengo eta behin, hi, baliabide batzuk jarri dizkiate eskuartean (ordenagailua, CD grabagailua eta CD grabagarriak), eta horren bitartez CDak kopia ditzakek.


-Eta CDak kopiatzeari zer onura eta zer kalte ikusten diok?
-Onurak, esate baterako, askoz diru gutxiago kostatuko zaidak diskoak edukitzea. Seguruasko disko gehiago izango dizkiat, musika mota gehiago entzuteko aukera izango diat, eta gainera, kopiatuta ez bada zenbait disko lortzea izugarri zaila duk, besteak beste, merkatu hori dagoen bezala dagoelako antolatuta.

-Ongi, ez jarraitu, esaizkidak orain kalte batzuk.

-Kalte batzuk? Hasteko, legea urratzen diat.

-Hi, mesedez, badakik hiretzat legea urratzea ez dela hasiera batean ez ona eta ez txarra, eta gainera, kopia horiek saltzeko ez badituk, badakik ia ziur ez hautela harrapatuko.

-Ondo zegok, barka. Baina hi, gu barruan gauden merkatu batean iruzur egitea duk, ez? Bainaābai, bazekiat gu hor ibili arren ez diogula merkatu horri batere errespeturik zor, baina bazegok hor tartean musika sortzen eta interpretatzen ari den jendea ere, ez?

-Niri galdetzen al didak? Bai, noski, eta guk ezagutzen dizkiagu halako batzuk, baina horiek eta gu sistema batean murgilduta gaudek, eta sistema horrek jarri bazizkiguk iruzur hori egiteko baliabideak, zergatik egin behar diagu guk ezer gure ekonomiaren kaltetan, sistema horrek (errudun eta biktima printzipala denak) ezer egiten ez badik? Ze zilegitasun dik sistema horrek guri neurriak eskatzeko? Errepideetan, inguru hauetan, legeak 120 Km ordukotan zeukak muga, baina industriak, auto guztiak, hori baino azkarrago ibiltzeko ahalmenez egiten dizkik. Baina erruduna beti CDa kopiatu duena kontsideratuko diate, eta sekula ez hori egiteko baliabideak egiten dituena edo baliabide horiek munduan zehar hedatzen dituen salmenta katea.

-Eta sistema hau pikutara bazihoak, non geratuko gaituk musika sortzaileak? Eta nola lortu, adibidez, kultura ezberdinak elkar ezagutzea?

-Hi, bada sortu nahi duenak sortzen jarrai zezakek, agian soldata irabazteko beste zerbait egin beharko badik ere. Beti esan diagu ez geniokeela horri beldurrik izan beharko, ez? Eta kulturak elkar trukatzeko disko industriaren beharrik dagoenik ez diat uste.

-Ez, nik ere ez. Beraz, sistemaren baliabideek sistema beraren heriotza edo eraldaketa sakona eragin zezaketek...

-Hala ematen dik, bai, eta eraldaketa edo heriotza horren ondorengo egoeran, bakoitzak bere lekua aurkitu beharko likek eta zerbaitek edo norbaitek ez badik lekurik aurkitzen, ez likek horren larria izan beharko; azken finean gaur egungo egoeran ere hainbeste gauza, pertsona, pentsaera eta abar zegok lekurik ez duena...

-Aizak, hi, kontu izan horrelako gauzetaz norekin hitz egiten duken, badakik sentsibilitate ezberdin asko daudela, eta jendea mintzea ez baizik elkarren ikuspuntu ezberdinak azaltzea izaten dela gure asmoa...

-Bai, lasai, hau bakarrizketa bat besterik ez huen eta batek zekik bihar goizean berdin pentsatuko ote diagun...
-Ondo lo egin, hi!

-Bai, eta bakea emaidak behingoz, badiat eta lokartzeko gogo eta beharra!

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan