BEHARREZKOA, PREMIAZKOA ETA POSIBLEA
Jesus Mari Ariznabarreta
Nabaria da Euskal Herrian autonomismoaren eta soberanismoaren arteko izugarrizko lehia bizi dugula. Lizarra-Garaziko Akordioak ekarri zuen inflexio-puntutik aurrera, gero eta gizarte sektore zabalagoak agertu izan dira lurraldetasunean eta autodeterminazio eskubidean oinarritutako diskurtso politikoen alde, aipatu lehian planteamendu soberanistak gero eta indar handiagoa hartuz. Honek, ziklo politiko autonomistaren deslegitimazioa eta ziklo soberanistaren indartzea ekarri izan du.
Madrilen, jakina, laster konturatu izan dira prozesu honek arrisku bizian jartzen duela Espainiaren «batasun sakratua» eta ultranazionalismo espainiarrak berehala erantzun du burujabetza prozesua zapuztu nahian, bere motorra den ezker abertzalea bortizki erasoz, era berean sektore autonomistak tentazio soberanistetatik urrundu, berriro ere, euskal lurraldeen zatiketan eta autodeterminazio eskubidearen ukapenean oinarritutako estatu paktu batera behartzeko asmoz.
EGUNDOKO inboluzio politikoaren eskutik benetako salbuespen egoeran aurkitzen gara: Ezker abertzaleko antolakuntza egituren suntsipena, errepresioa, euskararen, euskaltasunaren eta ideia abertzale eta demokratikoen aurkako eraso gordina. Batasunaren ilegalizazio prozesua da egoeraren adierazgarri nagusia. Nahiz eta epaiketan inolako frogarik aurkezteko gai izan ez diren, ia segurutzat jotzen da ilegalizazioa, bere atzean aurretik hartutako erabaki politikoa dagoelako eta Estatuaren botere legegilea eta judiziala botere exekutiboaren menpeko tresnak direlako, ohiko diktadura faxistetan gertatzen den moduan.
Erasoa oso bortitza da, baina, benetan pentsatzen dute bere antolakuntza egiturak suntsitu, burukideak espetxeratu eta milaka pertsonaren jarduera politikoa legez kanpo utzita gizartean hain erroturik dagoen proiektu politikoa desagerrarazi egiten dela? Ez dut uste. Azala eta mamia bereiztu behar ditugu, funtsezkoak ideiak, pertsonak eta proiektu sozial eta politikoa dira (ezkerrekoa, abertzalea, euskalduna, demokratikoa, nazionala, independentista, partehartzailea, ekologista, solidarioa, euskal herritar guztien eskubide guztiei begira...), horixe da mamia. Jakina, proiektuak aurrera egin dezan tresnak behar dira eta ezinbestekoa da antolakuntza egitura, baina ezin dugu ahaztu ideiak eta proiektu sendoak badaude, beti izango dela tresnak birsortzeko aukera. Larria bestea litzateke, egitura erraldoien azpian proiektu zehatz eta sendorik ez egotea.
Nire ustez, eraso eta ilegalizazioen gainetik autonomismoaren eta soberanismoaren arteko lehiak (garai politiko zaharra eta berriaren artekoak) iraungo du eta bada lehia honetan pisu handia izan dezakeen eragilea: sindikalgintza abertzalea. 90. hamarkadan ELA eta LABen artean garatutako elkarlanak bazterrak harrotu zituen, ziklo politiko zaharraren krisialdia areagotu eta marko juridiko-politiko berri baten aldeko jarrerak bultzatu zituen. Lizarra-Garazi ondorenean gehiengo sindikal abertzalearen paperaren falta ikusi da, batez ere, azken bolada honetan, berriro inora eraman ez gaituzten iraganeko esperientzietara bueltatzeko arrisku bizian gaudenean.
GIZARTE esparru ezkertiar eta abertzale oso anitzak eskatzen digu ELA eta LABi elkarlana eta protagonismo handiagoa lehia egoera hau astintzeko, eta eskaerok bi sindikatuok agertzen ditugun ildo estrategikoekin bat datoz. Beraz, nire ustez, geure barne koherentziagatik eta herritarren exijentziagatik, azken urteotan nagusitu diren konponezinen gainetik, elkarlan emankorragoa gauzatzeko gutxieneko adostasunak bilatzera kondenaturik gaude. Are gehiago hauteskunde sindikaletako emaitzak sindikalgintza abertzalearen gorako tendentzia islatzen ari direnean: ELA eta LABen artean osatzen dugun gehiengoa sendotuz doa Hego Euskal Herrian.
Honelako pausoak behar bezain sakon egiteko presak ez dira lagun egokiak, baina geldirik egonda ez dira inoiz lortzen ere. Ni neu baikorra naiz, eta bi sindikatuok inoiz batera erabilitako lemarekin amaituko dut:«beharrezkoa, premiazkoa eta posiblea da».
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.