ALE BERDEAK
Txomin Peillen
DAKIT
92 orrialde
6,60 euro
SEXUA GAI DUTEN HEMEZORTZI IPUIN UMOREZKO
Sexua gaitzat harturik eta umorea armatzat, idatzi ditu Txomin Peillenek Dakit argitaletxearen eskutik plazaratu duen «Ale berdeak» izenburuko liburuan agertzen diren hemezortzi ipuinak. Puritanoak, sektetako partaideak, beren zakilean baino pentsatzen ez dutenak, homosexualak, sexu grina abereekin bete ohi dutenak, Marx, Buda, Mahoma edota Kristoren jarraitzaileen kezkak eta beste asko agertzen dira Txomin Peillenen ipuinotan, era guztietako sexu harremanak jasotzen ahalegindu baita idazle zuberotarra, beti ere irakurlearen ezpainetan irribarrea azalarazteko asmo sendoarekin egin duen lan honetan. Emaitza, berriz, euskal literaturan erotika berriz sartu eta ironiarekin lotzen jakin zuen Jon Mirande idazleari eskaintzen dio. Izan ere, umorezko ipuin bilduma da berea, barre eginarazteko espreski asmatua, oso gogoan duelako garai bateko Euskal Herrian sexuaren aipamena ere debekatua zegoela, eta orain, berriz, beste arazo bati aurre egin beharrean aurkitzen omen gara, sexuaren inguruan serioski baino ezin omen daiteekelako gurean idatzi. Baina Txomin Peillen ez dator bat ez aurreko egoerarekin ez bestearekin.
ZORROTZ BEGIRATUTAKO TRENAK
Bohumil Hrabal
ALBERDANIA/ ELKAR
95 orrialde
7,50 euro
TXEKOSLOVAKIA NAZIEN MENPEAN
Bigarren Mundu Gerran Txekoslovakiak jasandako nazien okupazioa islatzen da Fernando Reyk euskaratu duen Bohumil Hrabali idazle txekiarraren «Zorrotz begiratutako trenak» nobelan. Trenbideetako langile gazte bat du protagonistatzat, eta bere historia eta familiako gertakariak kontatzen ditu lehen pertsonan. Gertakari horiek, komiko-tragikoak eta groteskoak ere badira zenbaitetan, baina ez diote gizatasun izpirik ere kentzen nazien erabateko lehentasuneko trenak zeramatena egunero ikusi beharrean aurkitzen zen gaztearen istorioari. 1945. urtean gaude, jada III. Reicha erortzear dagoenean, eta tren horiek erresistentzia txekiarraren atentatuak jasaten dituzte noizik eta behin. Gure gazteak ere erresistentzia horretan parte hartzea erabakiko du.
IGOGAILUAK, DOW JONES ETA BESTE DROGA BATZUK
Eneko Barberena
APOKALIFTIN
111 orrialde
8 euro
ENEKO BARBERENAREN IPUIN JOSTALARIAK
Arrasateko Apokaliftin Kultur Elkarteak plazaratu duen «Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk» liburua Eneko Barberenaren lehen argitalpena da, eta hogeita bat kontaketa jostalari eskaintzen ditu bertan. Honako hauexek: «Hari batetik zintzilik», «Claudia Schiffer-en zain», «Good morning Manhattan», «Elorrixon zu ta ni», «Dow Jones», «Argia piztu», «Argi-itzalak: Paris», «Paradisurantz», «Azken agurra», «Jo ezak berriro Sam», «Institutuko urteak», «Udako arratsalde bateko ametsa», «Txe Bergara», «Dagoenean bon-bon», «Trikornio psikotropikoak», «Arrats ibilaldia Old River-en», «Igogailuan igo izan banintz», «Bezeroak beti dauka arrazoia», «Veranoski», «23 solairu» eta «Hamabost urte».
TXAN MAGOA HITZ MAGIKOEN BILA
J.K. Igerabide/
Julen Tokero
ELKAR
32 orrialde
6 euro
TXAN MAGOAREN SEKRETURIK HANDIENA
Juan Kruz Igerabideren hitzekin eta Julen Tokeroren irudiekin kontatzen zaizkigu Txan mago ospetsuaren hasiera eta bere sekreturik handiena. Izan ere, gaur denok dakigu Txan magoak bere hitz magikoak esan eta edozer gauza gerta daitekeela, magia egiteko gai delako. Baina gezurra badirudi ere, hasiera batean hori ez zitzaion hain erraza gertatu. Telebistan agertu zen beste mago bati kapela huts batetik lora sorta bat ateratzen ikusi zion, eta berak ere huraxe egin nahi zuela erabaki zuen. Kapela bat erosi, eta han joan zen Txan magoa bere herriko plazara, telebistako magoari ikasitako hitz magikoak erabiliz kapela hutsetik lore sorta ateratzeko asmoarekin. Baina bestearen hitzak erabili zituenean, ez zen ezer gertatu, eta jendeak txistu egin zion.
IMANOL URBIETA.
LUZEA DA BIDEA
Andoni Egańa
IBAIZABAL
79 orrialde
12 euro
ANDONI EGAŃA IMANOL URBIETAZ
Haurren irakasle, musikajole, musikagile eta musika irakaslea ere izan da Imanol Urbieta bizitzan zehar, eta makina batek agertu nahi izan dio bere esker ona hainbeste urtean eta etengabe egin duen lanagatik. Andoni Egańa dugu horietako bat, eta Anjel Lertxundiren hitzaurrea daraman «Imanol Urbieta. Luzea da bidea» liburua hori egiteko aukeratu duen bidea. Zortzi-bederatzi urte omen zituen Egańak Imanol Urbieta Zarauzko Ikastolara iritsi eta han zegoen haur mordoskari munduari bestelako begiz aurre egiten irakasten hasi zenean. Musika nortasuna lantzeko tresna dela dioen gizonak, kantuz irakasten zizkien gauzak bere ikasleei, eta hogeita hamar urte geroago oraindik ondo gogoan dituzte haiek irakaslea eta berarekin kantuan ikasiak.
BAT. SOZIOLINGUIS-TIKA ALDIZKARIA
Batzuen artean
SEI
140 orrialde
6,01 euro
SOZIOLINGUISTIKA ALDIZKARIAREN AZKENA
Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen elkarteak plazaratzen duen «Bat» soziolinguistika aldizkariak, bere azkenengo zenbakian, duela urtebete arte bere zuzendari izandako «Txillardegi» eta Paulo Agirrebalzategi elkarrizketatu ditu euskara eta honen geroaren inguruan. Horrez gain, «Hizkuntza politika eta plangintza Europako Batasunean» izenburua duen dossierra eta «Hizkuntza plangintza Euskal Herrian» deritzana eskaintzen ditu. Bestalde, aldizkariaren gaur egungo zuzendariak, alegia Maria-Jose Azurmendik etorkizunari begira «Bat»en egitasmoa sendotzeko dauzkan asmoak ere bertan agertzen dira. Horien artean, SEI elkartearen web gunean hizkuntzaren normalkuntzan dihardutenentzat jakingarri den hainbat informazio ematea dago.
BEHINOLA.
HAUR ETA GAZTE LITERATURA ALDIZKARIA
Batzuen artean
GALTZAGORRI
100 orrialde
6,01 euro
HERRI IPUINEN ATZEAN EZKUTATZEN DENA
Herri ipuinak lagungarriak izan daitezke haurra etorkizunerantz abia dadin, zer nolako aukerak eta zer nolako arriskuak izango dituen aldez aurretik jakin dezan, behingoz aitaren eta amaren esku babesgarria aska dezan. Eta hain zuzen ere, ipuin horietan dagoen sinbologia dute hizpide «Behinola» haur eta gazte literatura aldizkariaren azken zenbakian. Bertan jasoak daude «Herri Ipuinak Biltzarra» deiturikoan parte hartu zutenen lanak: besteak beste, Josemari Satrustegiren «Ipuin miresgarrien mezu ezkutua», Gemma Lluchen «Ahozko tradizio kontakizunak: tradizio batekiko ćlehialtasunaĆ», Antonio Rodríguez Almodóvarren «Ahozkotik idatzira eta ikus-entzunezkora» edota Patxi Zubizarretaren «Erlojua gelditu zenekoa».
GATIBU TALDEAREN AURKEZPEN DISKOA
ZORAMENA
Gatibu
OIHUKA
10 kanta
13,90 euro
Gernikako euskalkian kantatu diote Gatibu taldekoek maitasunari, desirari, askatasun gogoari, ihesean ibili beharrean aurkitzen direnei eta besteei beren lehen CDan, gitarren doinuak nagusi dituen «Zoramena» rockeroan. Izan ere, Gernika ingurukoak ditugu Gatibuko gehienak, Gaizka Salazar bateriajolea ez beste guztiak; hau da, Exkixu taldeko kantari ohia dugun Alex Sardui; Frik, Noiz? eta Einbigu taldeetan aritua den Haimar Arejita gitarrajolea eta Carton Project eta Noiz? taldeetako partaide izandako Mikel Caballero baxujolea. Eta jakina, bertako hizkera aukeratu dute «Musturrek sartunde», «Bilusik», «Mila doinu aidien», «Lorak eskeintzen», «Urepel», «Librea naz», «Ihes», «Ez dago barroterik», «Zoramena» eta «Ez dot sinesten» kantetarako ere.