Pilar Iparragirre
XX. mende bukaerako euskal literaturan gailendu diren bost idazlerekin egindako elkarrizketa sakonak agertzen dira "Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan" liburuan. Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Joseba Sarrionandia hautatu zituen kazetari eta idazle elgoibartarrak euskal gizarteak eta euskal literaturak azken hogeita hamar urte hauetan izan duen bilakaeraren inguruan beren gogo ekarpenak egin zitzaten eta, bide batez, irakurle bezala zuen jakin-mina ase ziezaioten. Hiru orduko hizketaldi barrenkorra izan zuen bakoitzarekin, eta horren guztiaren emaitza jasotzen ahalegindu zen gero. Eta agerian gelditu zitzaion ondorioa: berak gogokoen dituen idazle horien gogoeten arteko aniztasuna.
BOST IDAZLE, BOST GOGOETA.
Galdera asko mahaigaineratu zien Hasier Etxeberriak bere elkarrizketatuei, eta hamaika gaiez egin zuten haiek hausnarketa: beren haurtzaroaz Frankismoaren itzalpean, literaturarenganako hurbilpenaz, euskaraz idazteari ekiteko arrazoiez, gazte garaiko literatur eta kultur mugimenduekin izandako loturaz, heldutasunean edukitako bilakaeraz, gaur egun euskal gizarteak aurre egin behar dion egoeraz eta baita borroka armatuari buruz ere, besteak beste. Hausnarketa horiek bost idazleon ikuspegi ezberdinen isla dira sarri liburuan.
Adibidez, euskara eta nazionalismoaren arteko harremanaz galdetuta, honako hau zioen Anjel Lertxundik: "Euskara patrimonializatzen zutenak, nazionalismo tradizionala eta eliza ziren. Bere alde ezer gutxi egiteko, gainera. Euskara eta euskal kultura modu bakar, uniforme batean ulertzeak gu mundu horretatik botatzen gintuen; lortu izan balute, pozik botako zituzten mundu horretatik, paradisutik nola, Mirande, Aresti edo Saizarbitoria. Jarrera monopolista-baztertzaile horiek ez pentsa orduan bukatu zirenik: gauza bera egiten jarraitzen du oraingo euskararen inguruko fundamentalismoak".
Gai beraz Joseba Sarrionandiak zer ote zioen jakin nahirik, liburuaren azken partera jo, eta nahiko txunditurik utzi gintuen adierazpen hau irakurri ahal izan genion: "Ni ez naiz nazionalista". Eta bere ibilbidea ezagututa elkarrizketa egiten zionaren harriduraren aurrean, gehitzen zuen: "Ba ez naiz nazionalista, nik ez dut ezelako teoria nazionalista orokorretan sinesten, eta izen hori euskaldunak komunitate independiente moduan antolatzeko proiektuaren aurka erabiltzen dela uste dut gainera. Inoren identitate nazionala pertsonak berak aukeratzen duena dela pentsatzen dut (ą) hori bere aukera da. Autodeterminazio eskubidearen aldekoa naiz, eta gizabanakoa autodeterminatzen den bezala, behetik gora edozein komunitateri politikoki antolatzeko eskubidea eman behar zaiola uste dut, herritarren borondatearen arabera".
Eta Bernardo Atxagak, zer iritzi ote zuen hartaz? Galderaren bila genbiltzala, idazlearen arrangura txiki honekin egin genuen topo: "Bultzadak beti etorri zaizkit euskararen munduko periferietatik. Politikoki oso abertzaleak ez zirenen aldetik. Abertzale sutsuenen aldetik, kontrakoa etorri izan zait maiz, zipozkeria". Baina euskara eta nazionalismoa gaiaz galdetuta, hauxe argitzen zuen: "Ni ez naiz izango abertzalea non eta nire izate hutsagatik, euskaldun izateagatik, alegia, ez nauten kastigatu nahi. Baina ikusten baldin badut nire laguna euskaldun izate hutsagatik kartzelara eramaten dutela, nire alabari ukatzen diote eskola, bada orduan... abertzalea nintzateke. ęPatriotĘ, bai horixe".
Koldo Izagirrek, berriz, erabat ziur ematen zuen esaterakoan: "Nazionalismoa sartzen denean hizkuntzaren terrenoan beti kalterako da, beti datoz purgak". Baina nazionalistek ez badute euskararen alde egiten, ea nork egingo duen Hasier Etxeberriak galdetzen zionean, honela erantzuten zuen: "Gure drama txiki burges koxkor honen zati bat ere hori da. Alderdi abertzaleak mugitzen ez badira inor ez da mugituko euskararen alde, eta alderdi abertzaleak mugitzen direnean euskararen alde, euskara politizatu egiten omen da. Inperialista linguistikoen betiko leloa da. Nahiago nuke PSUC bezalako gauza bat edukiko bagenu eta denok katalanista izatea, alegia, euskaldunak izatea derrigor abertzale izan behar gabe".
Ramon Saizarbitoria gelditzen zitzaigun. Baina hark esandakoetatik, gustukoak ez diren gauzak ere esan beharra ere badagokiola gogoratuz aitortzen zuen honek egin zigun zirrara: "Min handia ematen dit ikusteak nola gazte gizajo askok aberriaren deia entzun eta bizitzaren urterik hoberenak galtzen dituzten, beste batzuk hizkuntza-eredu arazorik ez duten unibertsitateetan, USAn sarritan, prestatzen diren bitartean. Zenbat energia ari garen alferrik gastatzen herri honetan. Zenbat gazte geratzen den bidean, bizitza betirako izorratuta. Ez bedi niregatik izan behintzat".
EZAUGARRI KOMUNAK.
Zaharren eta gazteenaren artean, hamabost urteko aldea dute. Baina garai beretsuan eman ziren denak ezagutzera, kezka eta antsia antzekoak dituzte, eta belaunaldi bereko kide bezala hartzeko tentaldia handia izan daiteke. Ez dute beraiek horrelakorik onartzen, ordea. Arrazoituz, gainera: bakoitzak bere mundu literarioa daukalako; eta bizitza eta literatura ulertzeko eran ere ezberdinak direlako.
Nolanahi ere, Hasier Etxeberriak ohartarazten dio liburuaren irakurleari, guztiz ezberdinak direla dioten arren, nolabait baino ez bada ere, txalupa bereko bidaiari direla. Eta hala izango da edo ez, baina gogoetetan izan ditzazketen ezberdintasunez gain, bost idazle hauek badituzte zenbait gauza komunean ere. Esate baterako, gazteleraz ekin ziotela denek idazteari; baita erabat euskaraz hezitako bakarra zen Bernardo Atxaga ere -geroago eskolan nahitaez erdaraz egin behar izan zuen, jakina-. Beste guztiek, gaztarorako, etxeko hizkuntza herdoiltzen hasia zuten, kontzientziatu ziren arte. "Ni euskaldundu izan ez banintz, ez nintzen idazle izango", aitortzen du Koldo Izagirrek.
Komunean dute, baita ere, nolabaiteko militantziagatik hasi zirela guztiak idazten. Eta bereziki Gabriel Arestik izugarrizko eragina izan zuela denengan; Jon Mirande edo Etxaide bezalako idazleek ere bai, baina ez hainbeste.
Abangoardiako literatura egiteko beharra sentitzen ere bat etorriak ditugu. "Guretzat lotuta zihoazen literatura eta euskara abangoardiarekin, progresismoarekin, bizitzaren politikarekiną Hori guztia genuen ardatz, eta horrexek eman zizkidan gerora etsipenik handienak edo uste txarrik handienak: lotura hori puskatu egiten zela ikusi genuen, ez zirela euskara eta progresismoa horrenbesteraino uztartzen", adierazten du Bernardo Atxagak.
Euskal kulturak zituen beharrei erantzuteko asmoz egiten omen zuten literatura mota hori, eta ez, esateko zutenari biderik aproposena irekitzeko, Ramon Saizarbitoriak azaltzen duenez: "Eraikuntzaren literatura egiten den herrietan, literatura herrikoia egiten da, eta gurean, aldiz, literatura elitista egiten hasi ginen -dio gero-. Helburua, esan genezake, euskal kulturari abarkak kentzea zen (ą) Jakina, berehala esan ziguten baserritarrek ezin zutela guk idatzitakoa ulertu. Guri bost axola. Gauza zen euskararen baitan abangoardia sortzea. Eta lortu genuela esango nuke. Gure neurrian, Espainiakoa baino, eta Euskal Herrian gaztelaniaz egiten zena baino, aurreratuagoak ibili ginela ere esango nuke"
Mayi Tolosa
Ilegalak izanda ere, drogak kalean dira aspalditxotik. Euskaraz nola izendatzen ditugu drogak ordea? Askotan, eskualdearen arabera izen ezberdinak erabiltzen dira. Idatzita ere ez ditugu askotan topatzen. Hala ere, gero eta gehiago dira drogei buruz euskaraz aritzen diren testuak, baina orain arte ez du inork hiztegi bateratu bat osatu, bakoitzak erdaretatik gutxi gorabeherako baliokideak bilatu behar izaten zituen. Hutsune hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak "Drogei buruzko hiztegia" argitaratu zuen aurreko urtean eta sarean ere dohain eskura daiteke.
Droga da hiztegi honek jorratzen duen gai bakarra, gizarte alor horretan bereziki lanean ari direnei zuzendua baita. 1.000 hitz baino ez ditu jasotzen eta gazteleratik euskararakoa da soilik. Helburua gai hauei buruz euskaraz idazten dutenentzat edota itzulpen lanak egiten jarduten dutenentzat lagungarri eta inspirazio iturri bilakatzea da.
Eusko Jaurlaritzako Droga Gaietako Zuzendaritzak Egia-Kareaga Fundazioari eskatu zion lan hau egiteko. Hauek erabilgarri jo zuten hitz zerrenda bat aukeratu eta Rosetta Testu Zerbitzuak itzulpen enpresaren esku utzi zuten erredakzio lana. "Guk bitartekari lana egin genuen; Eusko Jaurlaritzakoen enkargua jaso genuenean, zein hitzek merezi zuten itzulpena eta zeintzuk ez erabaki genuen, gainerako lana itzultzaileena izan zen", adierazi digu Egia-Kareaga Fundazioko kide den Joseba Zalakainek.
Itzultzaileek orain arte idatzitakoa berrikusi, aztertu eta luzera gabe sor zitezkeen premiak kontuan hartu nahi izan zituzten eta lan hori burutzeko hiru mila orrialde inguru hustu zituzten. Corpusa osatzeko iturburu askotako dokumentuez baliatu dira: Osakidetzako dokumentuak, Arartekoaren urteko txostenak, zenbait Udalen Drogomendekotasunei buruzko planak, Askagintzaren argitalpenak eta beste hainbat.
Lehenik, lagin horretan aurkitutako terminologia zuzendu eta Euskaltzaindiaren arauetara egokitu zuten; ondoren, erabilgarri izan zitezkeen beste zenbait ordain proposatu zituzten; eta azkenik, haien osagarri, beste hizkuntza batzuetan gai honi buruz dauden hiztegietatik beste sarrera zerrenda bat ere aukeratu zuten. Dena den, egileek, proposamen huts baino ez direla argi utzi nahi izan dute eta balio hori aitortu behar zaiela, ez ordain terminologiko frogatuarena ordea. "Hiztegi hau erabiliko duen horrek idazteko erabiliko duela pentsatuaz aukeratu ditugu hitz horiek. Erabilgarritasuna izan da gure helburua eta horregatik aukera zabal bat eskaini nahi izan dugu, hiztegiaz baliatuko denak diskurtsoa egoki antolatzeko aukera errazagoak eta moldagarriagoak izan ditzan", azaldu digu Josu Zabaletak, hiztegiaren erredakzioaz arduratu den itzultzaileak.
Hiztegian agertzen diren adibide guztiak erabilitako testu corpusetik hartuak dira, ez da bat bera ere asmatu eta horregatik agertzen dira letra etzanez. Zenbait adibide izartxo batez markaturik datoz; horrekin, corpusean oso maiz agertzen diren arren, arauz kontrakoak direla adierazi nahi izan dute. Kasu hauetan beste erabileraren bat proposatu dute; horrela, *menpekotasun beharrean mendekotasun dela forma egokia adierazi nahi dute adibidez.
Interneteko www.drogomedia.com web gunean badago hiztegi hau eskuratzerik. Bi aukera eskaintzen ditu gainera: batetik, "pdf" formatoan hiztegi osoa jasotzea eta bestetik, mementoan on-line kontsulta egitea. Joseba Zalakainek argitu digunez, "orokorrean, droga gaietan lan egiten duten elkarteei bidali diegu hiztegi hau eta beste banaketa txiki bat ere egin dugu euskara elkarteetan eta antzekoetan, baina nahi duen orok gure web gunean ezer ordaindu gabe egin dezake kontsulta, baita ale oso bat jaitsi ere".
TEKNIKOEGIA AKASO
Bere izaerak berak eragiten dizkio muga nagusiak hiztegi honi. Hiztegi tematiko soila izateak bestelako informaziorik ez jasotzea dakar, bereziki beste hiztegietan aurkitu daitezkeen gramatikazko eta mota horretako azalpenak. Gainera, inspirazio iturri izan nahi horrek sarrera askotan ordain mordoa biltzea dakar eta erabilpenaren poderioz, hauetariko asko soberan geratuko direla argi dago.
Bestalde, hiztegi honek ez ditu kaleko erabilpenak oso kontuan hartzen, erakunde publikoek argitaratutako testuetan oinarritzen da eta horregatik gehiago aurkitzen dira "neurotransmisore", "gizarte orientazio", "jokaera eredu" eta gisa horretako hitzak. Gai honek sarean euskaraz duen presentzia oso txikia dela ohartu gara eta gune gutxi horietan ere, ez direla gehiegi aurkitzen kaleko erabilpenak.
Eusko Jaurlaritzako Droga Gaietako Zuzendaritzako arduradunek uste dute hiztegi hau ezinbesteko tresna izango dela droga arloak normalizazioaren ikuspuntutik hizkuntzaren ikuspegia jasotzeko. Espero dezagun Espainiako Barne Ministerioak orain dela urte gutxi kaleratu zuen "Drogarik gabe, atsedenik ez" drogen aurkako kanpainarekin gertatua berriro ez errepikatzea
Daniel Udalaitz
Berdelaren eta antxoaren arrantza aldien bezperetan gauden honetan, Euskal Herrian ere hasi gara Prestige petrolio ontzia Galiziako uretan hondoratu izanaren ondorio sozioekonomikoak ikusten eta nozitzen. Galipotak dagoeneko kutsatu ditu gure itsasoak eta kostak, bai eta itsas hondoak ere, eta litekeena da datozen hilabeteetan ere hona iristen segitzea. Prestige izeneko bonba hori desaktibatzen ez den bitartean eta Galiziako uretan hondoratua jarraitzen duen bitartean, hango galipotak datorren udan ere erasango dio turismoari. Litekeena da gure hondartzak, Muskizetik Biarritzera bitartekoak, uda osoan kutsaturik egotea, eta turismoa, noski, munduko beste zona kutsatu gabeetara bideratuko da. Iparraldeari, gehienbat udako turismotik bizi baita, larriki erasango lioke hondamendi horrek. Dagoeneko kantzelatzen hasiak dira datorren udarako erreserbatutako plazak, nahiz eta oraindik zenbait hilabete gelditzen diren uda parterako.
Euskal Herriko arrantzako sektorearen kanpaina nagusiak, hain zuzen ere, berdelarena, antxoarena eta hegaluzearena dira, eta baliteke krisi larri bati aurre egin behar izatea. Izan ere, espezie horien arrantzari dagokion sektoreak, itsasbazterreko arrantzak, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik, 2.000 lagun baino gehiagori ematen die zuzeneko enplegua. Horri guztiari negozioen katea erantsi behar zaio: kontserba enpresak, arrandegiak, garraio enpresak eta abar. Euskal Herriko arrantza portuetan, ez dute isilean gordetzen beldur direla langabeziako egoera luze bat iritsiko ote den.
KUTSATZEARI UZTEN EZ DION GALIPOTA
Azken aste hauetan, arrantzale euskaldunek arrain kutxak zokoratu egin dituzte, poluzioaren kontrako barrerei eta galipota biltzeko balio duten lanabesei leku egiteko. Arrantzaleak jabetzen dira arrantzaren geroa jokoan dagoela beren kostetan, eta horregatik eman dute etsenplua "marea beltz" horri eusteko lanean eta ahaleginean, gure kostara iritsi aurretik. Geldiaraztea, ordea, ezinezkoa izan da, eta kopuru aski handietan iritsi da gure hondartza eta labarretara, guztiz kutsatuak uzteraino. Otsailaren erdialderako, jasoak zituzten bost mila tona inguru galipot. Larriena, ordea, ez da azken aste hauetan gertatu dena, baizik eta etorkizunean gertatzen segi lezakeena.
"Prestige petrolio ontziak Galiziako uretan hondoratua jarraitzen duen bitartean eta han bildua dagoena fuela -ofizialki aitortu dutenez, 70.000 tona- erabat kanporatzen ez duten artean, beti egongo gara marea gehiagoren peskizan, hil honetan, hurrengoan, udan eta, batek daki, beharbada zenbait urtetan". Horrela adierazi zion aldizkari honi Bermeoko arrantzale batek. Kezka handiz ikusten zuen etorkizuna, zeren arazoa ez baitago gure uren gainaldeko galipot orbanetan bakarrik, baina baita itsas hondoan gertatzen den guztian ere. Hain zuzen, itsas hondoan ere hauteman dituzte galipot poltsak, eta, itsas hondoa kutsatua baldin badago, arrainik ez da sartuko.
ESPEZIE MIGRATORIOEK IBILBIDEA ALDATUKO OTE?
Zaila baino zailagoa izan arren, baldin gure uren gainaldetik galipot orbanak desagertuko balira ere, zer gertatuko da berdelaren eta antxoaren hurre-hurreko arrantza aldiarekin? Gure solaskideak, arrantzale bermeotarrak, honela erantzun digu: "Itsasoa itxuraz garbi badago ere, beldur gara espezie migratorioek, hala nola antxoak edo berdelak, beharbada ibilbidea aldatu egingo dutela eta gure itsasertzetik urrundu egingo direla, poluzioa saihesteko. Ezinezkoa ez den egoera hori gertatuz gero, segi ote dezakegu itsasotik bizitzen, hain panorama hondagarriarekin?".
Egoera horri gaineratu beharrekoa da nolako ondorioak izan litzakeen Euskal Herriko kontsumitzaileengan, ohituak baitaude arraina jaten. Gure itsasertzean arrantzan egitea posible izanda ere, kontsumitzaileak, etengabeko marea beltz hori ikusten dutela, fidatuko ote dira merkatuetan ikusten dutenaz, edota, aitzitik, arraina jateari utziko ote diote? Denborak esango du, baina antzeko esperientziek, hala nola oraindik orain gertatutako "behi zoroen" kasuak, bigarrena seinalatzen dute; alegia, kontsumitzaileek utzi egiten diotela susmopean dauden produktuak erosteari.
Lehenik eta behin, agidanez, huts egingo dute berehala izatekoak diren antxoaren eta berdelaren kanpainek, zeren arrantza debekatu egingo baitute, gure kostetan dagoen kutsaduragatik. Hori horrela bada, are gehiago larrituko da gure arrantzaleen egoera. Eta, horri gaineratzen badiogu datozen hilabeteetan debekatu egingo dutela hegaluze bila arrantzan aritzea, panorama are samingarriagoa izango da. Bestalde, arrantzaleek eta armadoreek arrantza ontzi berriak erosi dituzte Euskadiko flota berritzeko planaren barruan, Eusko Jaurlaritzaren subentzio plan baten laguntzaz, eta, hain zuzen, garaitsu honetan hasi behar dute horiek pagatzen. Nondik atera ahalko dute zorrak kitatuz joateko dirua, baldin beren kanpaina garrantzitsuenetan ezin badira arrantzan egitera atera?
20 MILIOI EUROTIK GORA GASTATUAK
Prestige ontziak Bizkaiko eta Gipuzkoako uretan eragin duen kutsadurak dirutza handiak gastarazi ditu. Orain arteko gastua, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 20 milioi euro ingurukoa izango da. 2002ko urtarrilaren 31 arte bakarrik, bederatzi milioi euro zeramatzaten gastatuak. Horri guztiari gehitu behar zaizkio otsailean fuela biltzeko aurreikusiak dituzten lau milioi euro (pertsonen eta ontzien aseguruak egiteko), eta antzeko kopuruak edo handiagoak gastatuko dira datozen hilabeteetan, Prestige ontziaren bonba desaktibatzen ez den bitartean. Ez dira gastu horietan sartzen Herrizaingoko helikopteroek zaintzen eta arakatzen egindako lanen gastuak, ez eta diputazioen eta udalen aparteko gastuak ere.
Nork hartuko du bere gain kostu ekonomiko hori? Eusko Jaurlaritzak, eskumenik ez baitu kosten arloan, baieztatzen du, kostu hori Eusko Jaurlaritzaren 2002ko eta 2003ko aurrekontuei egotziko badizkie ere, gero Espainiako Estatuko Gobernuari erreklamatuko dizkiola. Jaurlaritzak, gainera, erabaki du Galiziako epaitegi batean abiatutako auzian agertuko dela, arren eta hondoratzeari eta hondamendi ekologikoari dagozkion erantzukizunak ondoriozta eta ebatz daitezen, eta, horrez gain, gizartearen eta kolektibo afektatuen eskubide ekonomiko, sozial eta ingurumenezkoak defendatuko dituela
Ainara Gurrutxaga
Oihanaren erdian alanbradaz inguratutako lauzpabost etxeko urbanizazio bat zegoen. Kanpoan, fusilak eskuan zituzten zaindari beltzek, zintzur hots bitxiak egiten zituzten gauez euren artean komunikatzeko. Egunsentiraino luzatzen ziren oihu haiek bultzatu ninduten lan hau idaztera". Hilabete batez Afrikan izan ostean bertan entzun eta ikusi zituenak hunkituta utzi zuen Bernard Marie Koltes idazlea. Kolonialismoa oraino pil-pilean dela ikusi zuen. Afrikan bizitako sentsazio haiek antzezlan bilakatu zituen ondoren, 1982an.
Maskaradari gai sakon eta on bat lantzeko beta eman dio Koltesen testuak: "Taldekook proposamen gogor bat egiteko gogoa genuen", dio "Konbat" antzezlana zuzendu duen Carlos Panerak. "Bitxia da, zeren Koltesek forma aldetik ez du gauza berririk planteatzen. Testuaren klasizismoaren barruan da abangoardista", gaineratu du.
Testua da ikuskizun honetako protagonista, gorabehera guztiak maneiatzen dituena. Aktoreak ere testu itsaso horretan lasai dabiltza igerian, nahiz eta tarteka itsaso mugitua izan.
"Konbat" antzezlanaren argumentuaren intriga anekdota batekin hasten da. Langile beltz batek bizia galdu du enpresa frantses batentzat eraikuntza lanetan ari zela. Enpresa Afrikako herrialde batean dago. Bere anaiak, hesiak gaindituta, eraikuntza lanen buruengana jo du, zendutako anaiaren gorpuaren bila. Inork ez dio gorpurik emango ordea.
Tragedia usaina duen istorioan ingeniari gazte bat (Manex Fuchs), eraikuntza lanen burua (Patxi Ugalde), hark Parisetik ekarritako neska gaztea (Esther Uria) eta bere anaiaren gorpua berreskuratzea besterik nahi ez duen afrikar gaztea (Jon Gaubeka) dira protagonista.
Askori aspaldiko istorioa irudi dakioke kolonialismoarena, baina, oraindik besteen kontura aberasteko asmoz diharduen herrialde asko dago: "Duela hilabete batzuk emakume talde batek petrolio multinazional baten instalazioak okupatu zituen Afrikako herrialde batean. Langileentzat eskolak eta ospitaleak eraiki zitzaten eskatzen zuten. Teknologia eskura duela eta, Europak Afrika esplotatu egiten du, ezkutuan bada ere", iritzi dio Panerak.
Bernard Marie Koltesen obran hondakinez inguratutako espazioak irudikatzen dira, hirigintzaren azturaz atsekabean murgildutako inguruak. Horietan pertsonaiek euren biziraupena bermatu ahal izateko etengabeko borrokan aritu beharra izaten dute. Gizakien arteko harremanak komertzio edo elkartruke gisa ulertzen zituen Koltesek. Giza kondizioari buruz zuen ikuspegiak idealismotik ez zuen askorik, hortaz. Arrazakeriaren salaketa ere, estalita edo modu agerian, etengabe egin zuen idazle frantsesak. "Konbat" horren adibide da .
BORROKA HASTERA DOA
Zorua are ilunez estalita dago. Aretoaren alde batean oholtza badago ere, emanaldia hasi aurretik arez betetako zirkuluaren inguruan esertzeko eskatzen zaio publikoari. Behin denak, kuriositateak jota, aulkietan eserita daudenean, proiektore batek argazki erraldoiez estaltzen du aretoa. Argazki abstraktuak dira, baina guztiak ere Afrika iradokitzen dutenak.
Pertsonaiak ikusleen artetik irteten dira, konplizeak bilatzen ari balira bezala. Konbatea hastera doa.
"Hasieratik irudikatu nuen muntaia borobiltasun horretan", dio Panerak, "Obrari giro berezi bat eman nahi izan diot, ikusleak eszena parez pare bizi ahal zezan. Gutxitan izaten baita horretarako aukerarik". Carlos Panera berak sortutako eszenografiak eta Javi Ulla eta Eneko Llorentek diseinatutako argi eta ikus-entzunezko espazioak ziztu batean girotzen du antzokia.
Pertsonaien arteko talkak dira "Konbat" antzezlanaren motorra. Hitza da eurek defendatzeko edo erasotzeko duten tresna bakarra. Eginiko zauriak, labanaz eginikoak baino sakonagoak dira, ordea. Horn, Cal, Albury eta Liona pertsonaiek, gertaeren poderioz, ikuskizunaren hasieran zirena izateari utziko diote poliki-poliki. Halaxe esaten dio Cal gazte arrazistak ilusioz beterik datorren Lionari: "Afrikako doinuak ez dira danbor doinuak. Afrikako doinuak, guretzat, haizegailuaren eta karta-jokoaren soinuak dira". Kolono askorentzat Afrika ez zen izan amestutako lurraldea.
Maskaradaren azken urteetako joerari jarraituz "Konbat"en gaztelerazko bertsioa prestatzeari ekingo dio orain. Aktore taldea ezberdina izango da, "aktore berak halako testu zail bat bi hizkuntzetan lantzea oso gogorra delako". Zailtasunari erronka artistiko gisa aurre egitea erabaki zuten taldekideek: "Bi aktore talde sortu eta bi ikuskizun ezberdin aurkeztuz". Hala, maiatzean Bilboko Arriaga Antzokian gazteleraz estreinatuko den "Konbat" antzezlanak eszenaratze oso ezberdina izango du: "Gaztelerazko bertsioa modu konbentzionalagoan muntatuko dugu. Euskarazkoa leku alternatiboetan egingo dugu, ikuslearengandik gertu egon gaitezkeen lekuetan. Gaztelaniazkoa, aldiz, antzokietan"