- Ana Belen Espainiako abeslari eta aktoresari ćEl PaisĆ egunkarian galdetu zioten ea Ajuria Enearen aurrean Aski da! plataformaren protesta bilkuran egondako aktore espainiarrak ez ote ziren joan modu behartu samarrean: "Seguruenik egin beharreko keinua zen. Baina lehengo egunean Teatro Alcazarren genero biolentziaren aurka geundela adierazi genuen. Pentsatzen dugu gu kritikatzen gaituztenak ere izango direla biolentzia mota horren aurka, baina ez diegu eskatzen adieraz dezatela».
- Martxelo Otamendi ćEuskaldunon EgunkariakoĆ zuzendariak ćBalkoiaĆ bere asteroko kronikan: «ETAren atentatuak giroa gogortzeko erabiltzen dituzte PPk eta PSE-EEk. Giro gogor horretan, etsaia ETA ez baina EAJ bihurtzen dute, eta bipolarizazioa sortzen. Alde batetik, PP eta PSE-EE; bestetik, EAJ. Bilatu gabeko ondorio horrek EAJ jartzen du alderdi espainiarren erasoaren defendatzaile bakarra, eta bere inguruan biltzen, M-13an gertatu zen bezala, larritasun nazionaleko bozak. Zer gogoeta ematen du». Otamendik berak, duda irekia dagoela ondorioztatzen du.
Maite Pagazaurtunduak ćEl CorreoĆ egunkariari emandako elkarrizketa batean oso gogor salatzen du Herrizango Sailak bere anaia Josebarekin izandako jarrera. 1995ean ETA anaiari buruzko informazioa biltzen ari zela jakinarazi zitzaion familiari. Ondorioz, eta Ramon Jauregi eta Fernando Buesaren bitartekaritzari esker, Joseba Pagazaurtundua Biasterira bidali zuten Ertzaintzari zenbait zerbitzu emateko lanetan. 1999an, beti ere elkarrizketan esaten denez, Andoaingo bere lanera itzuli arazi zuten. Maitek berak Juan Mari Atutxari deitu ei zion zerbait egin zezan eskatuz, baina Atutxak berak jadanik Herrizaingo Sailean ez zuela ardurarik erantzun ei zion. Juan Priede Orioko zinegotzi sozialista hil zutenean, halaber, Josu Jon Imaz Jaurlaritzako bozeramaileari anaiaren gaia atera ziola dio Maitek, baina elkarrizketak ondoriorik ez zuela izan zehazten du.
Elkarrik PP eta PSE-EEri, batetik, eta Batasunari bestetik egindako proposamenak -Elkarrizaleak estatalisten zerrendetan joatea eta independentistentzat alderdi bat sortzea beraiena legez kanpo utziz gero- atzera bota dituzte batzuek eta besteek.
Jakoba Errekondo
Kodigo zatar bat diruditen hizki eta zenbaki hauek landare batzuk sailkatzeko erabilitako izenak baino ez dira. Sagarrondoak mentatu edo txertatzeko erabiltzen ziren oinak behingoz sailkatzea eta ikertzea otu zitzaionean, Ingalaterrako ikertzaile batek sortuak dira izen xelebre hauek. Europa guztian barrena erabiltzen ziren mentu oinak bildu eta egokienak bereizi zituen. Bereizketa hartatik ateratakoen klonak dira egun sagarrondoak txertatzeko ia erabat erabiltzen diren oinak. Lur mota, ur aukera eta txertatutako fruta arbolari emango dion tamainaren arabera bereizten dira. Gerora mentu oin gehiago sortu dira eta han eta hemen egiten diren saioetan probatu izan dira.
Nik dakidala fruta arbola zale bakan batzuen saiotxoak izan ezik Euskal Herrian ez da honelakorik egiten... Hala ere, arbola hauek erosterakoan behinik gogoratu: landatu nahi dugun barietateak -txalaka, errezila...- adinako garrantzia du zein mentu oinaren gainean txertatua dagoen jakiteak, honek esango baitigu gure lurretan ondo etorriko den, zenbateraino haziko den, zer tarte utziz landatu behar ditugun... Urteetara damutu baino hobe da bete-betean dugun landaketa sasoia ahaztu eta hurrengo urterako gutxienez beste bitan pentsatu...
Jabier Agirre
Zuzenean edo zeharka, alkohola izan zen ia 12.000 hiritarren heriotzaren faktore baldintzatzailea 2001. urtean. Datu horixe irakur daiteke Drogei buruzko Espainiako Behatokiaren azkeneko txostenean. Eta txosten horretan gogoratzen da Espainia munduan gehien edaten duten herrialdeen artean zortzigarrena dela, biztanle bakoitzeko kontsumoa 9,9 litrokoa izanik urtean, batez beste. Zifra ikaragarria da hori, harrotasunerako baino lotsarako motibo nahikoa eman beharko ligukeena. Alkoholak eragindako biktima gehienak gaixotasunen batek jota hil ziren (zirrosia, edota aho, faringe eta hestegorriko minbizia, garrantzitsuenak baino ez aipatzearren), eta gainerakoak, ia 2.500, alkoholaren eraginez gertatutako trafiko istripuetan.
Panorama latz hori ikusita, erraz uler daiteke orain hilabete pare bat Bartzelonan egin zen Espainiako Alkoholiko Errehabilitatuen XXI. Kongresu nazionalean Gonzalo Robles adituak esatea alkohola dela, oraindik ere, gure gizarteak duen droga mendekotasun okerrena. Hala ere, badirudi panoramak zertxobait hobera egin duela, azken urteotan. Kontsumoa jaitsi egin da, duela 10 urte kontsumoa 14 litrokoa baitzen (urteko eta biztanleko), eta gaur egun 10etik beherakoa. Baina badira, oraindik ere, kezkatzeko motiboak: asteburuetako kontsumoa asko igo da, eta batez ere gazteen artean nabaritu da igoera hori. Horrela 14-16 urteko gazteen %58k edari alkoholikoak edaten dituela aitortzen zuen duela gutxi egindako inkesta batean eta %14k alkoholarekiko mendetasuna zuela aitortzen zuen
HERRITAR GEHIENAK GERRAREN AURKA
Munduan inoiz izan den mobilizazio bateratu erraldoienaren bidez, munduko herritarrek ezezko borobila esan diote AEBek Irak erasotzeko duten asmoari. Milioika pertsona atera dira kalera herrialde desberdinetan, batzuetan euren gobernuak erakusten ari diren jarrera -Espainia, Erresuma Batua, Italia-, gogor salatuz. Euskal Herrian ere agian inoiz izan den mobilizazio handiena gauzatu zen, 200.000 bat pertsona bilduz, nagusiki hiriburuetan. Ez dirudi, alabaina, AEBek eta bere gertueneko aliatuek kasu handiegirik egiteko asmorik dutenik, herritarren borondateari muzin eginez, gerra prestakizunekin jarraitzen baitute.
AUTODETERMINAZIORAKO BILGUNEA ABIAN DA
ORAINDIK bere jarduera eta funtzioa zein izango den guztiz argi ez badago ere, badirudi hilaren 15ean Iruńean aurkeztu berri den plataforma Batasuna ordezkatzera datorrela. Hori da, beraz, Alderdi Politikoen Legea medio, egingo zaion eta gainditu beharko duen lehen akusazioa, Batasunaren ordezko izatea. Ez da argitu maiatzeko hauteskundeetan parte hartuko duen ala ez, baina susmoa baiezkoa da, uzten badiote bederen; ikusteko dago nola uztartuko duen bere jarduera herrietan sortzen ari diren plataformekin. Erantzunetako batzuk apirilean ezagutuko ditugu, EAEko hauteskunde batzordearen aurrean sinadura bilketak eta zerrendak aurkezteko garaia orduan izango da eta.
ASKI DA! ETA MAIATZEKO HAUTESKUNDEEN LEGITIMITATEA
MARTXOAN zehar, eta Aski da! plataformak bultzatuta, PP eta PSE-EEk maiatzaren 25eko hauteskundeetara aurkeztu beharko luketen eztabaidatuko da. Sektore zenbaitek beti izan ditu zailtasunak zerrendak osatzeko, baina argi dago oraingoan ETAren atentatuek zaildu egiten dutela PPren eta PSOEren zerrendak osatzearen lana. Eztabaida honek, dena den, ez dirudi zentzu handirik duenik, bi alderdi horiek zerrenda eta hauteskunde kontuetan jo eta su ari direnean. Hori bai, emaitza onak lortu ezean, beti lagundu dezake koltxoiarena egiten. Kritika ugari eta gogorra egin dakioke Aski da! plataformari, baina aitortu beharra dago egoera oso gogorra bizi behar duela bere kideak atentatuetan hiltzen ikusten duenak. Edozelan ere, Ajuria Enekoaren gisako bilkurekin gotorlekua indartu egiten dute, baina zabalkundea mugatu ere bai.
HITZARMEN KOLEKTIBORAKO ELA-REN ETA LAB-EN AKORDIOA
90EKO hamarkadan ELA eta LABen arteko jarduera bateratuak ilusio handia sortu zuen esparru abertzalean. Gero, su-etenaren amaierak bi sindikatuen jarduera bateratuaren apurketa ekarri zuen. Hitzarmen kolektiborako akordioa lotu ondoren esperantzaren ateak berriz zabaldu dira, baina ez dirudi urratsak 90eko hamarkadaren gisakoak izango direnik, epe motzean behintzat. 90eko hamarkadan ELA eta LAB bide batean abiatu ziren pentsatuz horrek beste batzuen mugimendua -ETArena batez ere- ekarriko zuela. Gaur egun, ez da erraza izango Rafa Diezek aipatzen duen turbo soberanista hori abian jartzea 90eko hamarkadako moldetik, ez baitirudi ELA bermerik gabeko bide batean berriz sartzeko prest dagoenik.
N.A.N GABE NOLA BIZI
BURUJABETZAREN Aldeko desobedientzialariek web orrialde berria jarri dute sarean, nortzuk diren eta egiten duten guztia azalduz (http://213.152.35.42:100/burujabetzaren/index.htm). Espainiar NAN NBEra bidaltzeko gonbitea egiten dute eta, beraz, NAN gabe bizitzera. Besteak beste, horrek dakartzan ondorioen aurrean nola jokatu azaltzen dute orrialdean.