Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-02-23 -- 1888.zenb

Lekeitioko Udaleko Euskara Batzordeak, galtzen ari diren hitzak berreskuratzeko xedeari jarraiki, lau liburuxka plazaratu ditu Lekeitioko euskara oin hartuta. Itsasoko berbak, eguraldiari buruzkoak, onomatopeiak eta irainak bildu dituzte. Bosgarren bat ere osatzeko asmoa azaldu dute.


ARGAZKIA ABIAPUNTU

Argazkiaren alorretik ekin dio bideari Donostiako Tabakaleran lekutuko den Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroak. Izan ere, argazkigintzaren nazioarteko zentroa paratuko da bertan. Lehengo astean sinatu zuen akordioa Ordoñez-Falcon Fundazioak Jaurlaritzarekin, Foru Aldundiarekin eta Udalarekin. Fundazioak bere fondoa gordailuan utziko dio zentroari eta bera arduratuko da argazkigintza zentroaren kudeaketaz eta garapenaz. Europan garrantzitsuenetakoa den bilduma biltzeaz gain, zentroak ikerketarako eta irakaskuntzarako gune bana izango ditu. Honela, Donostia argazkigintzaren erreferente bihurtuz eta argazkia Arte Garaikideko Nazioarteko Zentroaren abiapuntu bilakatuz.


EUSKAL ZINEMA GASTEIZEN

HEMEZORTZI urte pasa dira lehenengo Gasteizko Euskal Zinemaren Astea egin zenetik. Urtero, euskal zinegileen partaidetza duten filmak eskaintzen dituzte aste horretan. Aurten hil honen 24an hasi eta martxoaren 1a arte luzatuko da ekitaldia. Bitarte horretan Alex de la Iglesia, Enrique Urbizu edota Ana Diez bezalakoen lanak eskainiko dira. Gainera, Enrique Urbizu zinegile bilbotarraren lanari buruzko liburua plazaratuko da. Sariak martxoaren 5ean banatuko dira.


POETEN ERREGISTROA

GERTU du «Zurgai» olerki aldizkariak bere 25. urteurrena. Aralar Elkarte Poetiko-Literarioaren banaketatik sortu zen aldizkaria eta ordutik martxan dago. Pauso berri bat eman dute orain web orrialde berritzaile bat osatuz. Bertan, aldizkarian kolaboratu duten ia 900 poeten erregistroa osatu dute. Besteak beste, Jose Hierro, Gabriel Celaya, Bitoriano Gandiaga, Bernardo Atxaga, Jose Agustin Goytisolo edota Ana Rosseti bezalako izenak daude. Horietatik 200 ingururen datuak aurki daitezke web gunean oraingoz.


DENOK IZAN GAITEZKE ARTISTA

«EDONOR izan daiteke artista. Garrantzitsuena obra zabalduko duen medioa da. Hau garrantzitsua bada, arrakasta ziurtatua dago». Horiexek dira Alvaro Gonzalez Mike Nedo artista kolektiboaren bozeramailearen hitzak. Hitz hauek frogatu nahi izan ditu taldeak egin duen ekintzarekin. Izan ere, urtarrilaren 21ean kolektibo honetako emakume eta gizon bat Guggenheim Bilbao Museoko segurtasun sistema saihestuz aretora sartu eta erakusketa iraunkorreko obren artean margolan bat zintzilikatzea lortu zuten. Hainbat ordutan egon zen bertan, inor konturatu gabe. Eta ez hori bakarrik, bisitarietako batzuk «Torbellino de amor» izeneko obrari begira ere egon ziren zenbait denboraz. Www.mikenedo.com guneak ordutik ehunka mezu jasotzen ditu egunean.


EUSKAL MUSIKA JAPONIAN

OKZITANIAKO, Korsikako, Kataluniako eta Euskal Herriko musikaren ezaugarriak jorratu ditu liburu batean Kazuko Uenok. Japonen jaiotako munduko musikan espezializatutako kazetari eta itzultzaile hau Parisen bizi da egun. Uenok oso gustuko ditu Raimon, Mikel Laboa edota Maria del Mar Bonet. Liburuan euskal musikari eskaini dion kapituluan Laboa bera, Kepa Junkera, Benito Lertxundi eta Peio Serbielle aukeratu ditu. Kepa Junkera liburuaren azalean bertan ageri da.


EZTABAIDA ETA TRUKEA

EGUNGO artearen eta pentsamenduaren komunikazio eta eztabaida gune izateko helburua du aurtengorako Artelekuk aurkeztu duen egitarauak. Hainbat erakunderekin proiektuak jarriko ditu martxan horretarako. «Arte y Saber» izango da horietako bat. Orain hilabete batzuk jarri zen martxan UNIA Sevillako Arte eta Pentsamenduarekin. Proiektu honekin Arte Ederretako fakultateek benetan zentzua duten aztertu nahi dute. Hausnarketa hau Espainiako beste fakultate guztiekin egingo dute. Bestalde, «Desacuerdos» izeneko proiektuarekin azkeneko urteotako Espainiako artearen historia aztertuko dute mintegi eta tailerrak antolatuz. Ekimen hau UNIA eta Bartzelonako MACBArekin elkarlanean egingo dute. Maiatzean, «Transakzioa Denbora/ The Timing of Transaction» izeneko jardunaldia egingo da Miramar Jauregian eta Artelekun. Bertan, gaur egun artearen eta gizarte zibilaren artean sor daitezkeen arazoak aztertuko dituzte. Bestalde, iaz beheko solairua berritu bazen, aurten Artelekuko lehenengoa eta bigarrena egokitzeari ekingo diote, artistei espazio gehiago eskaintzeko.

- Kirmen Uriberen hitzak dira hauek, «Euskaldunon Egunkaria»n idatziak: «Poema on batek egilearen kontzientzia gainditu egiten du, egileak jakin gabe ere bestelako esanahi ugari hartzen ditu irakurleengan, jatorrizko esanahia bezain benetakoak. Poema on batek beti du zerbait gehiago esateko».
- Ignacio Mujika Colon XVI galeriako arduraduna honela mintzo zen egunkari berean Arco Arte Garaikideko Azokari buruz: «Azoka handituz joan den bitartean, galerien jarduera bigarren maila batean geratu da».
- Joaquin Achucarro pianistak zera zioen «Gara»n eginiko elkarrizketan: «Pianista batek, edozeinekin ikasi duela ere, bere estilo propioa izan behar du, besteengandik bereiziko duen zerbait. Ikaragarria litzateke nire ikasle guztiek nire arrastoa izatea».
- Leopoldo Zugaza, El Prado Museoko zuzendariaren ustez, «museo baten gestioak eta bere zerbitzuen hobekuntzak Administrazio Publikoaz gain, erabiltzaileak ekonomikoki lagundu dezan exijitzen du».

Gasteizko Udalak 2010 Plan Estrategikoari buruzko galdetegi bat bidali die gasteiztarrei, eta gure irakurle batek jakinarazi digunez, gaztelania hutsean dago. Planari buruzko web gunea euskaraz ere badago, baina herritarrek arreta gehiago jarrri ohi diete etxean jasotzen dutenari eta hori gaztelaniaz dago ordea.

Kirmen Uribek poesia errezitaldiak eskainiko du martxoan New Yorken. Emanaldietara «Bitartean heldu eskutik» liburuko aleak etabeste idazlan batzuk eramango ditu. Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda berarekin izango dira.
Helena Tabernak «Extranjeras» dokumental luzea eskainiko du Europako eta AEBetako hainbat unibertsitate eta lehiaketetan.
Luis Camino, 21 Japonesas taldean hainbat urte emandakoak, talde berri bat osatu du: Abya Yala. Pascal Gaigne, Luis Mari Moreno, Iñaki Salvador, Javier Area eta Ritxi Salaberria dira taldekideak. «Indiosincrasia» da euren lehenengo diskoa.
Organik taldeak hilaren 22an estreinatuko du «Tú o yo» ikuskizun berria Getxon. Natalia Mongek, Natxo Monterok eta Jon Urrazak osatzen dute antzerkia eta dantza uzatartu nahi dituen talde hau..
Zigorren egurrezko obrak daude ikusgai martxoa arte Baionako Euskal Museoan.

Joxean Muñoz honela mintzo zen «Euskaldunon Egunkaria»n:
« (...) ETB lokomotora bat izateko sortu zen, edo hori esan izan da behintzat askotan Jaurlaritzatik. Baina ikusten ari gara lokomotora horrek nahikoa lan baduela bere burua aurrera eramaten, bagoiak bultzatzeko kemenik gabe. Horrenbestez, beste lokomotora bat asmatu beharra dago, edo bestela dagoena ondo begiratu ea zertan huts egiten duen aztertu. Baina, oro har, argi dago sektoreko jende askorentzat lokomotora baino gehiago askotan traba bat izan dela ETB. (...) Hemen zinema ez egitearen arrazoiak asko dira: dirua urritu egin da, eta egoera konplikatu...; film asko egin dira, Europa osoan, gero estreinatu ez direnak; filmak egitea inoiz baino merkeagoa da egun, baina zabalkundea beste kontu bat da; ekoizleak batetik eta gidoilari eta zuzendariak bestetik elkarren kontra egoten dira maiz, eguneroko lanean nahiz kontratazioetan, baina berez guztiok gaude distribuzioarekin borrokan (...). Azken batean, zinemagintzan eta arlo guztietan, oro har, gure arazoa da neurri txiki honetatik zabalkunde sare handietara nola iritsi. (...) Euskarari dagokionez, niri arriskutsua iruditzen zait koto itxi bat sortzea, negutegi bat non ez dagoen ez hotzik, ez kazkabarrik eta ez ezer. Euskaraz egiten duguna, hemendik kanporako ere balioko duela pentsatuz egin behar dugula iruditzen zait (...)».


D EREDUKO 14 IKASTETXE BATUTA

Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkartea sortu dute Iruñerriko D ereduko 14 ikastetxek. Legalki orain sortu den arren, 99-00 ikasturtean eman zituen hasierako urratsak. Elkarteak Nafarroako D ereduko ikastetxe guztiei zabaldu nahi dizkie ateak. Hiru helburu nagusi ditu: hezkuntza eskaintza hobetzea, ikastetxeetako zuzendaritza taldeetako kideen ordezkari izatea eta Nafarroan euskararen irakaskuntza bultzatzea. Dagoeneko aurrematrikulazio kanpaina prestatzen ari dira.


HAUTAGAI ASKO EZ DIRA EUSKALDUNAK

Alderdi politikoek oraindik hautagaitza asko jakinarazi ez dituzten arren, kezka horixe agertu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak honaino aurkeztuak izan direnen inguruan. Horrexegatik, erakundeak Hegoaldean datozen udal eta foru hauteskundeetan lehiatuko diren alderdi politiko guztiei eskutitza bidali die, hautagai euskaldunak aurkez ditzaten.


NAFARROAKO GOBERNUAK BEREARI EUSTEN DIO

Pasa den udan Nafarroako Auztegi Nagusiak baliogabetutako euskararen foru dekretu berbera onartu du berriz Nafarroako Gobernuak, forma akatsak zuzenduta oraingoan. Kritika ugari jaso ditu Gobernuak, besteak beste, Batzarre, Batasuna, EA, EAJ, LAB, ELA, EILAS eta Udalbiltzaren partetik. Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskararen Legea osatze aldera UPNk eta PSNk osatu duten testuak ere hautsak harrotu ditu, euskarak unibertsitatean atzera egitea eta unibertsitateak berak autonomia galtzea ekarriko bailuke.


HIZKUNTZ ESKUBIDEEN JARDUNALDIAK

Hizkuntza eskubideen gaineko hausnarketa egingo dute larunbatean (otsailak 22) Iruñean, Gernika Deialdia herri ekimenak antolatuta. Goizeko hamaiketan hasiko dira, Golem zinemetan, eskubideen definizioa landu eta arloz arlo defendatzeko moduak eztabaidateko asmoz. Udalbiltzaren Hizkuntz Eskubideen Karta hartuko dute oinarri.

hemeroteka

1887. zenbakia | 2003-02-16
1886. zenbakia | 2003-02-09

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan