Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-02-16 -- 1887.zenb

MADRILEK ARE GEHIAGO AHULDU NAHI DU PORTUEN AUTONOMIA

Daniel Udalaitz

Alderdi Popularraren Espainiako Gobernuak ausart dihardu portuei buruzko beste lege bat ezartzeko lanean. Oraingo testua indarrean jartzen bada, are erkinagoa izango da portuen autonomia, negoziazio kolektiboa Madrilen zentralizatuko da. Jakina, lan harremanetako euskal esparruaren kontrako eraso bete-betekoa da hori. Eta pribatizatu egingo dira portuetako zama lanak. Ondorioz, arriskuan izango da sektore horretako enplegua. Lege-proiektu horren kontra azaldu dira, dagoeneko, Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako sindikatuak, baita Bilboko Portu Administrazioa, eta Espainiako beste hainbat portu administrazio ere, Eusko Jaurlaritzaren portu autoritatea bera ere tartean dela.

Azken hilabete hauetan, Bilboko eta Pasaiako portuetako langileak hainbat alditan kontzentratu dira astero Portuko Agintaritzaren aurrean, lege egitasmo horrek aurrera egitea galarazi nahian, eta Espainiako Estatuko portu komertzial guztien greba orokorraren aitzinako urrats gisa. Alde horretatik, ELA eta LAB sindikatuek izan dituzte gorabeherak Estatuko zamaketarien koordinakundearekin, zeren erakunde horrek atzera egin baitzuen legearen kontrako bost eguneko grebaren deialdian. Nolanahi ere, sindikatu abertzaleak prest daude ekintza bateratuak egiteko bideari heltzeko, zeren ezezko biribila eman nahi baitiote aipatu lege proiektu horri. Lege berriak desegin dezake sektoreko enpleguaren %60, eta, horregatik, Espainiako Gobernua asmoz aldatu ezean bederen, litekeena da sektoreko langileek eta zamaketariek grebara jotzea eta Espainiako portu komertzial oro geldiaraztea, barne izango liratekeelarik, hala Bilbokoa, nola Pasaiakoa. Beharbada, gainera, artikulu hau publikatu baino lehen ere gertatuko da mobilizazioren bat.
Bestalde, Gobernuaren legea aldatzeko nahiari uko eta kontra egitea ez da sindikatuen eta langileen kontua bakarrik. Esate baterako, portu administrazioetako arduradunek ere kritikatu dute PPren Gobernuaren politika. Bilboko Portu Administrazioko lehendakariak, Jose Angel Corres jaunak, adibidez, duela hilabete batzuk publikoki adierazi zuen lege aldaketa horrek "burujabetasuna kenduko digula".


LEGE ZENTRALISTA ETA PRIBATIZATZAILEA.


Oraingo egoera hau Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen Portuen Legeak sortu du, ezbairik gabe. Gobernuak aurreko legea aldatu nahi du, eta, besteak beste, portuko langileen kontratuak liberalizatu nahi ditu oso neurriz kanpo. Sindikatuen iritziz, politika hori indarrean jarriz gero, atea zabalik izango litzateke oraingo enplegatuak kaleratzeko, batik bat gazteak kaleratzeko, eta sektoreko enpleguen %60 ere honda dezake. Espainiako portuetan, gaur egun, 5.000 zamaketari dabiltza lanean. Zifra horretatik 1.050ek dihardute lanean Bilbon eta Pasaian; 600 eta 450 langilek, ondoz ondo.
PPren Espainiako Gobernuaren Portuen Lege Egitasmoko aldaketek zuzen-zuzenean eragiten diete kargatzen eta deskargatzen ibiltzen diren langileei eta portu administrazioei, eta, besteak beste, ondoko helburu nagusia erdietsi gura du Gobernuak: zamaketako zerbitzua ez dadila izan guztien intereseko zerbitzu publikoa, hots, gal dezala "begirune hori". Orobat, desarautu egin nahi ditu amarratzeko zerbitzua eta atoi ontziena.
Sektoreko sindikatuen ustez, "eraso izugarria" da aipatu lege aldaketa hori, eta, horrenbestez, honako eskari edo mezu hau helarazi diote Fomentoko Ministerioko buruari, Alvarez Cascos ministroari: ez dezala aurrera egin enplegua desegiteko bide horretan, zeren, bestela, aurrez aurre izango dituela eta langileak grebara deituko dituztela. Horrez gainera, sindikatuek diote aldaketa inoizko eraso gogorrena izango litzatekeela, bai beren profesionaltasunari dagokionez, bai beren enpleguaren estabilitateari dagokionez. Bestalde, salaketa hauek ere egin zizkioten PPren Gobernuari. Antza denez, Gobernu horrek bata bestearen atzetik jan ditu Portuen Lege Egitasmoaren zirriborroa sindikatuei igortzeko hitza, negoziatzeko prozesua zabaltzekoa eta akordioak lortzeko borondate irmoa izatearena. Sindikatuen esanetan, gehiago ere bada. Esate baterako, Estatuko Portuen Ente Publikoak urratu egin omen du, berak hala onetsita, Espainiako portu sistema mantentzeko III. Akordio Markoan hitzartutakoa.
Sindikatuen esanekin jarraituz, PPren Gobernuak proposatu aldaketak enpresa pribatuen mesederako izango dira. Hari mataza horretan, diote sindikatuek, enpresek uko egin nahi diote hitzarmen kolektiboetan izenpetu zituzten akordioak betetzeari, eta lan horretan lagun nahi dute administrazioa: hark gehituko dizkie mozkinak, profesionalak urritzeko eta lan baldintzak okertzeko bidea garbituz.
ELA eta LAB sindikatu abertzaleek, berriz, behin eta berriro adierazi dute lege-egitasmoak "lan harremanetarako euskal esparrua" suntsitu nahi duela, zeren Madrilen zentralizatu nahi baitute erabat negoziazio kolektiboa. Horrez gainera, portuetako zama lana pribatizatzeko asmoa kritikatu dute, langileen interesen kontrakoa delako.


LEGE INBOLUZIONISTA.


Behin Espainiako Fomentoko Ministerioak Portuetako Erregimen Ekonomikoaren eta Zerbitzu Prestazioen aurreproiektua aurkeztuta, joan den urtarrilaren amaiera aldera egin zuten Bilbon egitasmo horren gaineko eztabaida bat, mahaiaren inguruan Espainiako eta Euskal Herriko hainbat portutako elkarteetako gerenteak hizlari zirela. Bilboko Portu Administrazioko buruak, Jose Angel Corres jaunak, nabarmen kritikatu zuen aurreproiektua, "zentralista eta inboluzionista" delako. Arduradun horren aburuz, eskumenak murrizten dizkie portuei, portuetako tarifak garestitzen ditu, inbertsio berrietarako lurraren prezioa goratzen du eta negoziazio kolektiboa ere Madrilen zentralizatzen du, beste gorabehera batzuekin batera.
Corres jaunak adierazi zuen PPren Gobernuak indarrean jarri aurretik ezarri nahi duela Europako Batasuneko Direktiba, portuetako zerbitzuak liberalizatzera datorrena, zein, itxura denez, martxoaren 10ean onetsiko baitute Europako Parlamentuan. Corresen iritziz, zama lanak badu erreformatzeko premia, baina ezin da indarrez ezarria izan, baizik eta lan egutegi baten bidez, aldaketak dagokion erritmoan gerta daitezen.
Duela gutxi argitaratu da euskal enpresaburuen «Empresa XXI» aldizkarian aurreproiektu horren gaineko inkesta bat. Espainiako Estatu guztiko Portu Administrazioetako arduradunek erantzun dituzte galderak, eta, ematen duenez, guztiak kontra daude oro har. Laburbilduz, diote batzuek eta besteek, "lege honek ez ditu kontuan hartzen funts komunitarioen banaketa, aduana zerbitzuak eta konexioak. Ezin dugu ontzat eman -gaineratzen dute- ontziaren gaineko tasa garestitzea; liberalizazioak berekin izan behar du, nahitaez, gestionatzeko autonomia". Bestalde, jarraitzen dute, "zerbitzuen kalitatea eta enplegua ipintzen ditu kolokan, eta zehaztugabeko marko laboral horrek arazoak sortuko ditu"

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan