Kepa Gallego: «Hemen duguna taska teatroa da, ez kafe teatroa»
Kafe antzerkiaren atetik sartu zen Kepa Gallego arte eszenikoen etxean. Gerora Maskarada, Karraka, Geroa, Agerre eta beste hainbat taldeetan ibilitakoa da. Hainbat telesail ere zuzendu ditu: «Goenkale», «Teilatupean» eta «Kilker dema» kasu. Profesioan daramatzan hogei urteetan antzerki testuak ere sortu ditu. Kafe Bilbaok antolatutako antzerki labur lehiaketaren azken edizioan lehen saria jaso zuen, «Sexua.org.asmoa» testuagatik. Azken boladan berak idatzitako «Salir del armario» antzezlana eszenaratzen dihardu buru-belarri.
Zer da, funtsean, kafe antzerkia?
Euskal Herrian ez dago halakorik, hemen egiten dena taska teatroa da. Madril edo Bartzelonan badira espresuki kafe antzerkia egiteko egokitutako aretoak, baina hemen ez. Legalki kafe teatro lez izendatzen diren beste taberna horiek, berriz, estalitako putetxeak izaten dira sarritan. Bestalde, kafe antzoki deritzen horiek, Bilbokoa kasu, batez ere musikarako erabiltzen dira.
Kafe antzerkia egiteko tradiziorik izan al da hemen?
Bai. Errepublika garaian Bilbon Las Cortes kalean baziren kafe kantanteak eta halakoak, baina jada desagertu dira. Gero berreskuratu zen, Trantsizio garai famatuan, baina jada ikuskizunak music hall generoan kokatzen ziren. Antzerti eskolan ikasi genuenok, lana egiteko beste aukerarik ez genuenez, zirkuitu antzeko bat ere sortu genuen Bilboko Alde Zaharrean. Denborarekin ordea, lan hobeak topatu ditugulako-edo, jada genero hori abandonatu egin dugu askok. Baina bai, tradizioa izan da. Ez da gaur egungo asmakizuna.
Orain "Stand up comedy" estiloko bakarrizketa umoretsuak jarri dira modan, zergatik ote?
Oso erraza da: antzerkiaren mamia horixe delako. Bakarrizketa horietan antzezlea, ikuslea eta testu baten magia besterik ez dago. Sinplea dirudien arren oso konplexua izan daiteke, baina azken batean hori da teatroaren oinarria.
Tabernetan egoera berezi ugari pasako zenituen...
Behin gogoratzen dut taberna batean Dario Foren «Kanango ezteiak» bakarrizketa egiten ari nintzela, eta neska talde bat nuela aurrean, oso gertu. Ni testua esaten ari nintzela eurak asteburuko ligeari buruz ari ziren hizketan, nahiko ozen gainera. Hura nirea baino interesanteagoa iruditu eta bakarrizketa eten egin nuen. Esan nion haietako bati: "Aizu, azkenean Adolforekin ligatu al zenuen?". Tira, gorri-gorri jarri zen noski. Niretzat hori pedagogia teatrala ere bada, ohartarazten baitiozu ikusleari zu hor zaudela eta publikoa ere une horretan emanaldiaren parte dela
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.