EUSKARA IBERIARREN HIZKUNTZA?


2003ko otsailaren 16an
Protoeuskara edota antzinako euskararen bidez ulertu omen daitezke Iberiar penintsulan eta Balear zein Kanariar Uhartetan aurkitzen diren iberiarren milaka arrastoak. Erabat ziur dago horretaz Bienvenido Mascaray Sin ikerlaria behintzat. Benetako toponimia erabili du urte askotako azterlan sakona egiteko orduan, eta zalantzarik gabe egiten die aurre toponimia formalaz baliatuz errealitatean inongo oinarririk ez duten usteak zabaltzen dituztenei, dagoeneko plazaratuak dauzkan "El misterio de Ribagorza. Origen, historia y cultura a través de la toponimia" eta "De Ribagorza a Tartesos. Topónimos, toponimia y lengua iberovasca" izenburuko ikerketa marduletatik. Gainera, iberiarrek zapaldu zuten lurralde osoan zehar ere antzeko ondorioak lor ditzakeelakoan dago, eta horien guztien ikerketan tinko jarraitzeko prest agertzen da. Oraingoz, Balearretako toponimia arakatzen ari da, eta laister emango omen dio amaiera "Baliaride" izenburuko azterketari ere.


8.000 BAT URTE ATZERA EGINEZ.

Estrabonek tartesiarrei buruz zioena kontuan hartuz -hau da, iberiarren artean ikasienak zirela tartesiarrak, gramatika bat ere bazutelako, eta oso aspaldiko idatziak, beraien estimuetan 6.000 urte inguruko antzinatasuna zuten poemak eta bertsotan osatutako legeak barne-, gutxienez 8.000 bat urte kalkulatzen dio Mascarayk iberiarren hizkuntzari, eta beste hainbeste antzinako euskarari edo behintzat protoeuskarari. Askoz zaharragoak ere izan omen daitezke, baina jakina, idazkera asmatu aurreko gertaeren azterketa ez da erraza, horren froga zehatzak lortu arte ikerlari arduratsu hau ez da atzera egiten ausartzen, badaezpada.
Izan ere, makina bat lan idatzi izan dira historiaurreko garaietan han edo hemen bizi izandakoen inguruan, baina oraindik ziurtasun gutxi dago zenbait ezaguerari dagokienean. Adibidez, gure arbasoak edota iberiarrak bezalako herri bat osatzen zutenak nondik ote zetozen? Nolakoak ote zeuzkaten ohiturak eta elkarren artean ulertzeko erabiltzen zuten hizkuntza? Horrelako hainbat gorabeheraz jakinminez egarri egon daiteke gaur egungo gizakia, baina teoria asko diren arren, sarritan ez da erraza izaten iraganaldiko gertaeren kontakizunean benetakoa eta mitoa bereiztea, aditua ez den batentzat bederen.
Eta hain zuzen gezurrezko argudio gehiegi zabaldu delako ekin zion bereari 1937an Huescako Ribagorza aldean dagoen Campo herrian sortu zen gizon honek, eta lan erruz egin du bere burutapenak irudikeriarekin zerikusi gutxi duela azaltzeko.
1984an Huescako Consello d'a Fabla Aragonesak kaleratu zuen ribagorzaeraz idatzitako "Benas, trallo y fuellas"en egile, handik urte batzuetara hizkera mota honi buruzko gramatika osatu zuen, "El ribagorzano dende Campo", Tafallan 1994an argitaratu zena. Ribagorzaeraren hiztegi etimologikoa ere osatua du. Eta horrez gain, gorago aipatu diren Ribagorzako toponimiari buruzko bi lan sakonak amaitu eta gero, jo eta ke ari da lanean Balear uharteetako toponimia ere bide beretsutik aztertzen.
Bere toponimia ikerketaren frogaketak egiteko garaian Azkue, Mitxelena, Txillardegi, Corominas, Caro Baroja, Estornés Lasa eta beste aditu askoren lanetan murgildu da, eta haietan diotena zehatz-mehatz aztertu ondoren, berak egindako lanak ematen dion esperientzian oinarriturik bakarrik onartu ditu zenbait gauza, edota kontrajarri die kontrajarri beharrekoa.


RIBAGORZA = BARRIGOITIA.

Izan ere, bere ahalagin itzelaren ondoren Bienvenido Mascaray Sinek badauka zer esanik, aztertu dituen Ribagorza eskualdeko 620 leku izenetatik, 520 iberiar-euskaldunak baitira! Ehundik 80 baino gehiago, alegia. Eta toponimo horiek, gehien-gehienetan, norbaiten edo zerbaiten ezaugarriak azaltzen omen dituzte, antroponimoak 54 baino ez diren bitartean, horiek ere halako deskribatzaile bokazioa dutelarik. "Horregatik diot argi eta garbi erromatar, godo, arabiar, germaniar edo bestelako etnia bateko gizon edo emakumeen izenez baliaturik toponimo euskal-ribagorzano bat interpretatzen den bakoitzean, huts egitea segurua dela", aldarrikatzen du bipilki.
Protoeuskara edota antzinako euskara da, beraz, iberiarren hizkuntza arrastoak behar bezala ulertzeko baliabiderik egokiena. Eta ez bakarrik Ribagorza aldean, zeren Goi Aragoien, Lleidan, Andorran eta ekialdeko Pirineoetan Anpuriaserainoko lurraldeetan gauza bera gertatzen omen da. Ondorioz, eremu hori guztia, Errioxa eta Euskal Herriko hego eta iparrarekin lotuz izango litzateke euskaldunen hizkuntzaz elkar ulertzen zutenen lurra.
"Hizkuntza bat eta bera ez bazen ere, gutxieneko zehaztasunez eginiko ikerketa baten ondoren ezinezkoa iruditzen zait inork ukatzea euskaldunek eta iberiarrek hitz egiten zutenaren arteko lotura estua", dio Mascarayk, iberiera behar bezala ezagutzeko eta aztertzeko zailtasunak gogoratuz. Baina kontuan harturik historikoki oraindik ez dela lortu azaltzea -adostasun egoki batekin behintzat- euskaraz mintzo ziren haien jatorria eta nondik norakoak ere ez, eta zelten etorrerak eta hedatzeak ere badituela bere ilunak, bada…

Adibideekin adi!
Bostehun eta hogei toponimoren atzean ezkuta daitekeen esanahiera iristeko jarraitu duen ildoaren berri zehatza ematen du Ribagorzago aditu honek bere lanetan. Erraza beharko luke, bada, Bienvenido Mascaray Sinen liburuetatik kopiatu eta zerrenda luze bat hemen eskaintzea. Baina, gauzak garbi esanaz, horretarako erabiltzen duen bidea nahikoa zurrunbilotsua iruditu liezaioke linguistikaz eta toponimiaz ezer gutxi dakienari, azalpen hauen egileari gertatu zaion moduan. Zeren Sagarras edo Sos irakurtzen duen edozein euskalduni, zer edo zer etor dakioke burura, ezta? Baina Abella entzutean, zer esanahi emango lioke? Gazteleraz, katalaneraz edota araneraz mintzo den baten berbera -hau da, erlea-? Edo Bienvenido Mascarayk gogoratzen duen euskal «abel» -ganadu- errora iristeko gai izango al litzateke? Preona entzutean, «pereka» sumatzeko? Iberiarren Tartesia mitiko haren atzean «tarteko sos» egon daitekeela antzemateko? Beraz, onena, interesaturik dagoen guztiari Mascarayren lanetara zuzenean jo dezala gomendatzea izango da


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude