Egun, modan jarri da ingurumenaren aldeko lan boluntarioa. Prestigetik datorren fuela kentzea denon ardura dela sinetsarazi digute iturri askotatik. Hala ere, noraino ote da gizartearen ardura galipota garbitzea? Adituek asteotan esan dutenaren arabera, ez da oraindik behar bezala neurtu "txapapote"aren kutsakortasuna. Antza denez baina, gizaki zein animalientzat oso kaltegarriak diren partikula kutsakorrak ditu.
Euskal Herrian bertan, eta Espainian ere antzera, ez dira asko ingurumen boluntario gisa eratu diren taldeak. Gehiago izan dira ekologiaren aldeko mugimenduak edo federazioak. Jendea taldeetan antolatzen da arazo bati edo besteari aurre egiteko: Itoitz, Boroako zentral termikoa... Ingurumen boluntario izatea baina, harantzago doa. Normalean, urtean zehar egunerokotasunean, ondarearen alde diharduten taldeak izaten dira. Lekuan lekuko ondare kulturala, historikoa zein naturala berreskuratzeko ahalegina egiten dute. Abenduaren hiruan ospatzen dute gainera ingurumen boluntarioek, euren nazioarteko eguna.
Eusko Jaurlaritza ahalegindu zen bere garaian ingurumen boluntarioen sarea sortzen, baina boluntario talde egitura gutxi dago Euskal Herrian. Litekeena da sortuz joatea, baina oraingoz, iraunkortasunez ekiten dionik ez omen dago. Antza denez, sarearen inguruan, hainbat fundazio batu zen, baina eguneroko lana boluntariotzara bideratzen duen talderik ez dago haien artean. Badira adineko pertsonekin lan egiten dutenak, aisialdi taldeetan, Gobernuz Kanpoko Erakundeetan... baina ingurumen boluntario moduan definitutakoa bakarra da: Urdaibaiko Galtzagorriak taldea. Dena dela, erakunde moduan egituratuta egon ez baina, badira, gune naturaltzat izendatu diren lekuetan beharrean diharduten lagunak.
Urdaibaiko esperientzia.
Urdaibaiko Galtzagorriak ingurumen boluntarioen taldea 1997an sortu zen. Gernikako Ekologia Tailerrak indarra metatzeko beharra ikusi zuen. Bazen ondareaz arduratzen zen hainbat talde, eta Tailerrak guztiak batzeko proposamena egin zuen proiektu txikiak ekimen handi bihurtzeko. Bost batu ziren eta Urdaibaiko Galtzagorriak sortu zuten. Taldeko lagunen ustez, "ingurumena dena da: bizitza kalitatea, ekologia... Guk gauzak ondaretzat zenbateraino hartu daitezkeen baloratzen dugu, eta gero, berreskuratzen ahalegintzen gara". Horrela berreskuratu dituzte Urdaibaiko ondarearen hainbat atal.
Administrazioa sentsibilizatzea izan da urteotan Galtzagorrien lana. Esate baterako, txori behatokia Galtzagorriek eraiki zuten Busturian, eta 2001ean erre egin zuten ezezagun batzuek. Bigarrenez beraiek ez zutela eraikiko adierazi zuten. 10.000 bisitari izan eta gero, argi geratu zen horrelako zerbait behar zela Urdaibain. "Guk egin daitekeena erakusten dugu; zein behar dagoen. Ez dugu dena egiten. Proiekturik handienak dirua daukatenek garatu behar dituzte", azaldu dute. "Guk administrazioari esan nahi diogu: hau edo hori egitea posible da. Hortik aurrera, haiei ere badagokie ondarea berreskuratzea".
Egitasmo batzuk gogorrak izan dira. "Lana amaitu eta gero, gehiegi egin dugula pentsatu dugu, baina emaitzarekin harro sentitzen gara". Haserretuta ere badaude alde horretatik: "Gurekin, ondarearen babesa oso merkea da administrazioarentzat. Guk zerbait egin nahi dugunean, guk eskatzen dugun diru laguntza eta profesional batek kobratuko lukeena aurkezten ditugu erakundeetan. Aldea nabarmena da"
Lagako dunak: taldearen lehenengo lana. Laga hondartzan betidanik egondako dunak galtzeko arriskuan egon ziren jendeak zapaldu egiten zituelako. Babestu egin zituzten. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak Laidakoak berreskuratzeari ekin zion.
Txori behatokia: Euskal Herrian dagoen bakarra. 2001ean erre egin zuten. Bigarren behatokia Eusko Jaurlaritzak eraiki zuen.
Mahats parralak: 2002ko udan egindako beharra. Antzinako Zin Bidea (Bizkaiko jaunek zin egiten zuten tokiak) Busturiatik iragaten zen, eta galtzadan zehar, mahatsez osotutako arkuteriak, pergola antzerakoa egiten zuen. Galtzada garbitu eta mahatsak birlandatu dituzte.
Bertoko landareen aldeko lana: aurtengo denboraldian horrekin jarraituko dute. Orain arte, landare inbaditzaileak mozten, eta herri lurretan bertoko zuhaitzak landatzen jardun dute. Orain, proiektu berria garatuko dute, bertoko egurraren (haritza, gaztainondoa...) errentagarritasuna frogatzeko.
"Ivilia" aldizkaria: taldearen ekintzen gaineko informazioa ematen duen aldizkaria.
Ibilbideak: Urdaibain zehar egin daitezkeen ibilbide natural, ekologiko eta geologikoak egiten dituzte, baita bidea prestatu eta triptikoak atera ere.
Itsaskitegia: Busturiako itsaskitegia konpondu zuten 2001ean
![]() |
|
||||
1887 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa