Xabier Telletxea
Bada armei gerrarako, ehizarako edota arrantzarako erabiltzeaz gain, beste erabilpenik ematen dionik. Zenbait kirol, zaletasun eta aisialdiko ekintza burutzeko ere armak erabiltzen dira. Besteak beste, arku tiro, plater tiro, uso tiro eta modan jartzen ari den paintball moduko kiroletan erabiltzen dira aisirako arma hauek. Ohiz kanpoko kirol modalitateak diren arren, urteen poderioz euren lekua egin dute kirol munduan.
Espainiako Estatuko arma fabrikatzaileak integratzen dituen Arma Elkarteko 51 enpresetatik 21 euskaldunak dira. Hor ikusten da kirol praktiketarako eta ehizarako arma hauen fabrikazioan Euskal Herriak duen garrantzia. Hala nola, Eibarren du egoitza Arma Elkarteak. Beharbada bertan lekuturiko enpresa hauek eraginda, euskaldunok beti izan dugu kirol mota hauetarako zaletasuna. Plater tiroaren praktikan esaterako, aitzindariak gara euskaldunak.
Lehen tiroko platera 1883. eta 1887. urteen artean azaldu zen. Victoriar garaian ehizaldiak oso ohikoak ziren. Tirorako gaitasuna edukitzea beharrezkoa zen ehizaldi haietan parte hartzeko. Honela, plater tiroarekin praktikatzea eta hobetzea posible zen. 1812an sortu zen lehen plater tiro kluba Londreseko auzo behartsuetan. Plateren ordez, kapelak erabiltzen zituzten. Garai honetan hasi zen kirol honen garapena. 1850ean, ehiztariak biltzen hasi ziren eskuz jaurtikiriko kristalezko bolei tiro egiteko. 1977an, Adam Bogardu amerikarrak kristalezko bola hauek jaurtitzeko lehen katapulta sortu zuen. Espainiako Estatuan, aldiz, tiraketa kirol moduan XX. mendeko bigarren erdian agertu zen. Pierre Coubertin baroiak XIX. mendeko azken urteetan hasiriko mugimendu olinpikoak zirela medio, kirol zibil bezala sortu zen.
Kirol hauek praktikatu ahal izateko, nahitaezkoak dira armen baimena eta lizentzia izatea. Federazioko kirol txartelarekin, probintzia bertako instalazioetan praktikatu daiteke inolako gehigarririk ordaindu gabe. Praktika hauetan zaletuenak gazteak dira. Dena den, instalazio faltagatik geroz eta gutxiagok praktikatzen dute. Batzuek aisialdirako beste edozein kirol moduan praktikatzen duten arren, beste batzuek ehizarako teknikak hobetzeko praktikatzen dute bai plater tiroa eta baita uso tiroa ere, nahiz eta bigarren hau praktikatzea garestiagoa izan.
Eskopetei dagokienez, bi motatakoak erabiltzen dira gehienbat: sobrepuestak eta paraleloak. Lehenengoaren kasuan, kanoi bat bestearen gainean kokatua dago, eta bigarrenean, aldiz, bata bestearen ondoan. Prezioari dagokionez, 600-1.000 euro inguru balio dute eskopeta hauek. Eskopetez gain, platerak, kartutxoak eta entzungailuak erabiltzen dira, besteak beste. Produktu hauen prezioei dagokienez, bi kaxa kartutxok sei euro inguru balio dute, 25 plateretako serie batek 3 euro inguru eta entzungailuek 18-20 euro gutxi gorabehera.
PLATER TIROAN ARITZEKO INSTALAZIO URRITASUNA.
Material hauek guztiak eta gehiago Villabonako Eizmendi armategian (Kale Berria 19-21) aurki daitezke, baita antolatzen diren plater tiro eta uso tiro norgehiagoketan izena bertan eman ere. Kirol mota honek Euskal Herrian izan duen bilakaeraz gehiago jakiteko xedez, bertara jo dugu. Bertan jasoriko iritzi eta adierazpenek, Gipuzkoako Administrazioak kirol honekiko duen jarrera pasibo eta ezkorra salatzen dute. Izan ere, Gipuzkoan plater tiroak itzelezko indarra izan badu ere, kirol mota hau praktikatzeko zentro eta instalazioak gero eta gutxiago dira. Hain zehazki ere, Irunen, Olaberrin, Arraten, Legazpin eta Oñatin praktika daiteke kirol hau. Bizkaiak eta batik bat Arabak ordea, instalazio gehiago dituzte. Arazo hau dela-eta, gipuzkoar jende asko bertan lizentziatu beharrean Nafarroan lizentziatzen da. Bestalde, Gipuzkoan plater tiro zaletu asko, instalazio faltan, legala izan ez arren, euren kabuz mendira joaten da berau praktikatzera. Aipatzekoa da Gipuzkoako Udamendi zentroa dela Europako hoberenetakoa.
NORBERE BURUAREKIN LEHIAKOR.
Arma joko guztietan ordea ez da bolbora erabiltzen, arku tiroan esaterako. Diana batera geziak botatzean datzan kirol hau defentsarako jarduera zen antzina. Adituen aburuz, 20.000 edo 25.000 urteko antzinatasuna du aktibitate honek; izan ere arkua eta gezia gizakiak bizirik irauteko, funtsezko lanabesak izan dira. Aitzitik, bolboraren sorrerarekin izaniko jarduera honen ia erabateko desagertzearen ondoren, Amerikako Estatu Batuetako gerra zibilak sustatu zuen arku tiroketa. Olinpiar Jokoetan 1900. urtean izan zuen lekua Parisen lehen aldiz eta hurrengo olinpiar jokoek serio hartu zuten modalitate hau.
Iraunkortasuna eta hobetzeko grina pizten dituen kirol honek zaletasuna sortzen du. Txikitan indioetara jolasten ibili eta nolabaiteko harra geratzen zaion jendeak praktikatu ohi duela esaten bada ere, adin guztietako jendeak praktikatzen du kirol mota hau. Autokontrola eta diziplina garatzen laguntzen du arku tiroak. Hori dela eta, erlaxazioa eta iraunkortasuna funtsezko elementuak dira praktika hauetan. Garapen fisikoari dagokionez, bizkarreko muskuluak lantzen dira gehienbat. Hala, oso ona da bizkarrezurra indartzeko. Adituek ere, lesio eta istripuetatik errekuperatzeko kirol praktika hau gomendatzen dute. Bizkaiko Arkulariak elkartean azaldu digutenez, badira ikasketetan arazoak dituzten haurrak, zeinak urtebetez kirol hau praktikatu ostean konstantzia eta irmotasuna berreskuratzen duten.
PAINTBALLA, ADRENALINA ETA ESTRESA ASKATZEKO.
Arku tiroa edota plater tiroa kirol ezagunak izan arren, badira apurka gure gizartean sartzen ari diren beste arma joko batzuk ere, paintballa esaterako. Paintballa izadiarekin harremanetan egonik bi taldek edo gehiagok pinturazko tiroak elkarri jaurtikitzean datzan kirola da. Estresa eta adrenalina askatzeko xedez, lagun taldeak eta enpresa taldeak ezkongaien agurrak, urtebetetzeak eta abar ospatzera joaten dira. Edozein aitzakia ona da paintballera jokatzeko.
Kirola, emozioa, denbora-pasa, adrenalina eta izadia uztartzen dituen jarduera honetan erabiltzen den pintura biodegradagarria da, ez da pozoiduna eta garbigarria da. Paintballa kirol guztiz segurua da; izan ere, tirokatzen diren pinturazko bolak ez dute inolako kalterik egiten. Gainera, kirol hau praktikatzeko segurtasunezko maskarak beharrezkoak dira, begiak, aurpegia eta belarriak babesteko. Joko honetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da segurtasun neurriak eta jolas eremuko erregelak onartzea.
Jokalarien helburua bandera lortzea da. Batzuetan irabazteko gogor ahalegindu arren, lan horrek ez du ordain saririk emango, eta hain zuzen ere hori da kirol honek erakusten duena, hots, jolasteko aukera anitz daudela eta ez dela sekula etsi behar. Profesional mailakoak ez direnek, gutxitan dute irabazteko helburua, baina hala ez izanda ere jokalariak laster konturatzen dira joko honen xedea ez dela garaile izatea, baizik gizabanakoaren jarduera hobetzen saiatzea.
Janzkerari dagokionez, paintballa jokatzen hasi zirenean, kamuflaje militarrak erabiltzen ziren, eta ondoren ehiza edota paintballera egokituriko jantziak. Egun ordea, jantzi ikusgarri eta koloretsuak erabiltzen dira kirol hau praktikatzeko. Bestalde, markagailuek su-armen oinarrizko funtzio berak dituzte, hala nola, katua, heldulekua, kanoia eta mira. Dena den, joko garbia da paintballa, izan ere, inor ez da zauritzen joko honetan. Gainera, psikologoek oldarkeria zuzendu eta bideratzeko eta eguneroko tentsioak askatzeko modu ezin hobetzat jotzen dute.
Prezioei dagokienez, DebaVentura elkarteak Lasturren (Itziar, Gipuzkoa) antolatzen dituen praktiketan adibidez, ordu bat eta erdiz 100 bola botatzeak 21 euroko prezioa du eta hiru orduz 200 bola botatzeak aldiz 30 euroko prezioa. Prezio honetan jolas eta segurtasun ekipoa, maskara, lan jantzia, bufanda, markagailua eta bolak sartzen dira. Inork kirol elkarte honekin praktika hauek gauzatu nahiko balitu honako edozein telefonotara hots egin beharko luke: 660450239 edota 660450245.
APURKA HEDATUZ DOAN KIROLA.
1970ean, James Hale ingeniari iparramerikarrak asmatu eta patentatu zuen lehen margo markagailua ganadu eta zuhaitzak markatzeko xedez. Eginkizun hauetaz arduratzen ziren langileak margo hau elkarri tirokatzen jolasten zirela uste bada ere, ofizialki, 1981ean sortu zen paintballa, Amerikako Estatu Batuetako New Hampshire hirian. Kirol honen sortzaileak, Bob Gurnsey kirol produktuen saltzailea, Hayes Noel inbertitzailea eta Charles Gaines idazlea izan ziren. Hala, lehen paintball partida 1981eko ekainean jolastu zen Nel-spot 007s pistolekin. Lehen markagailuek Estatu Batuetako Nelson konpainiak sorturiko gelatina eta pintura begetalez osaturiko kapsulekin funtzionatzen zuten.
1982an, lehen paintball landa sortu zen Rochesterren (New York). Urtebete beranduago, kirol hau praktikatzeko beharrezko diren produktuak ekoizteaz eta banatzeaz arduratuko ziren National Survival Game eta PMI enpresak sortu ziren. Apurka-apurka, munduan zehar hedatuz joan zen kirol hau. Hala, 1984an iritsi zen Australiara, 1985ean Ingalaterrara eta 1991n Europara.
Egun, paintballa gorakada handiena duten kiroletakoa da. Norgehiagoka, eskualdeko liga, nazio liga eta munduko txapelketa ugari jokatzen dira. Espainia mailan, paintballa geroz eta ezagunagoa egiten ari da kirol munduan, norgehiagoka talde ugari daudelarik, bai amateur bai profesionalen mailan. Hala, Madrilgo Paintball Landek antolaturik, 2002 urteaz geroztik Paintball Liga jokatzen da Espainian
Onintza Enbeita
Egun, modan jarri da ingurumenaren aldeko lan boluntarioa. Prestigetik datorren fuela kentzea denon ardura dela sinetsarazi digute iturri askotatik. Hala ere, noraino ote da gizartearen ardura galipota garbitzea? Adituek asteotan esan dutenaren arabera, ez da oraindik behar bezala neurtu "txapapote"aren kutsakortasuna. Antza denez baina, gizaki zein animalientzat oso kaltegarriak diren partikula kutsakorrak ditu.
Orain arte, Euskal Herrian behintzat, udaletxeetan jarri dituzte garbitasun lanak egin nahi dituenak izena emateko zerrendak. Izena eman duten boluntario guztiei eman zaie beharrerako buzoa, aurpegirako babesgailu eta guzti. Tresneria egokia ere, banatu dute herritarren artean. Hala ere, leku batzuetara fuel-olio gehiegi heldu da, eta inpotentziak edo beharrak bultzatuta, baldintza egokirik gabe egin dira biltze lanak.
Instituzioek baliabideak jarri dituzte haien aldetik: hondartzetara hondeamakina eta traktore handiak bidaltzen dituzte handiena biltzeko, Urdaibain sarea jarri dute itsasadarrera galipotik hel ez dadin, eskuz bildu behar den lekuetara instituzioetako langileak ere abiatzen dira... Arazo nagusia baina, ez omen dago hondartzetan.
Euskal Herriko kostaren %12 inguru haitzak dira, eta galipota arroketan itsatsita badago, oso zaila da kentzea. Orain artean hortxe eman ditu arazo nagusiak. Askok salatu du, Eusko Jaurlaritzako beharginek hondartzetakoa baino ez dutela kentzen, eta haitzetan behar asko egin behar da eskuz. Gero eta jende gehiagok ematen du izena udal zerrendetan, eta horiei guztiei lekua egin behar zaiela uste dute instituzioek, baita lanean diharduten talde ekologista eta abarrek ere. Hala ere, denek azpimarratu dute kontu handiz ibili behar dela.
Arazoa oso larria da eta Prestigek inoizko jenderik gehiena batu du ingurumenaren alde. Hala ere, Urdaibaiko kasua adibidetzat hartuz gero, bertako talde ekologistek boluntarioak koordinatzeko egindako batzarraren ostean esan zutenez, "jendeari laguntzeko aukera eman behar zaio, baina fuela arriskutsua da, eta bakoitzak dagokion funtzioa bete behar du. Aztertu egin behar da, herritarren ardura norainokoa den".
Honezkero 1.000 tonatik gora batu dituzte Bakioko hondartzan. Txoriak ezeze, arrainak ere hilda agertu dira hainbat lekutan, eta talde ekologistek animalia kutsatuekin zer egin behar duten galdetzen dihardute. Hegaztiak eramateko lekua eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Eguneroko boluntariotza.
Euskal Herrian bertan, eta Espainian ere antzera, ez dira asko ingurumen boluntario gisa eratu diren taldeak. Gehiago izan dira ekologiaren aldeko mugimenduak edo federazioak. Jendea taldeetan antolatzen da arazo bati edo besteari aurre egiteko: Itoitz, Boroako zentral termikoa... Ingurumen boluntario izatea baina, harantzago doa. Normalean, urtean zehar egunerokotasunean, ondarearen alde diharduten taldeak izaten dira. Lekuan lekuko ondare kulturala, historikoa zein naturala berreskuratzeko ahalegina egiten dute. Abenduaren hiruan ospatzen dute gainera ingurumen boluntarioek, euren nazioarteko eguna.
Eusko Jaurlaritza ahalegindu zen bere garaian ingurumen boluntarioen sarea sortzen, baina boluntario talde egitura gutxi dago Euskal Herrian. Litekeena da sortuz joatea, baina oraingoz, iraunkortasunez ekiten dionik ez omen dago. Antza denez, sarearen inguruan, hainbat fundazio batu zen, baina eguneroko lana boluntariotzara bideratzen duen talderik ez dago haien artean. Badira adineko pertsonekin lan egiten dutenak, aisialdi taldeetan, Gobernuz Kanpoko Erakundeetan... baina ingurumen boluntario moduan definitutakoa bakarra da: Urdaibaiko Galtzagorriak taldea. Dena dela, erakunde moduan egituratuta egon ez baina, badira, gune naturaltzat izendatu diren lekuetan beharrean diharduten lagunak.
Urdaibaiko esperientzia.
Urdaibaiko Galtzagorriak ingurumen boluntarioen taldea 1997an sortu zen. Gernikako Ekologia Tailerrak indarra metatzeko beharra ikusi zuen. Bazen ondareaz arduratzen zen hainbat talde, eta Tailerrak guztiak batzeko proposamena egin zuen proiektu txikiak ekimen handi bihurtzeko. Bost batu ziren eta Urdaibaiko Galtzagorriak sortu zuten. Taldeko lagunen ustez, "ingurumena dena da: bizitza kalitatea, ekologia... Guk gauzak ondaretzat zenbateraino hartu daitezkeen baloratzen dugu, eta gero, berreskuratzen ahalegintzen gara". Horrela berreskuratu dituzte Urdaibaiko ondarearen hainbat atal.
Administrazioa sentsibilizatzea izan da urteotan Galtzagorrien lana. Esate baterako, txori behatokia Galtzagorriek eraiki zuten Busturian, eta 2001ean erre egin zuten ezezagun batzuek. Bigarrenez beraiek ez zutela eraikiko adierazi zuten. 10.000 bisitari izan eta gero, argi geratu zen horrelako zerbait behar zela Urdaibain. "Guk egin daitekeena erakusten dugu; zein behar dagoen. Ez dugu dena egiten. Proiekturik handienak dirua daukatenek garatu behar dituzte", azaldu dute. "Guk administrazioari esan nahi diogu: hau edo hori egitea posible da. Hortik aurrera, haiei ere badagokie ondarea berreskuratzea".
Egitasmo batzuk gogorrak izan dira. "Lana amaitu eta gero, gehiegi egin dugula pentsatu dugu, baina emaitzarekin harro sentitzen gara". Haserretuta ere badaude alde horretatik: "Gurekin, ondarearen babesa oso merkea da administrazioarentzat. Guk zerbait egin nahi dugunean, guk eskatzen dugun diru laguntza eta profesional batek kobratuko lukeena aurkezten ditugu erakundeetan. Aldea nabarmena da"
Daniel Udalaitz
Alderdi Popularraren Espainiako Gobernuak ausart dihardu portuei buruzko beste lege bat ezartzeko lanean. Oraingo testua indarrean jartzen bada, are erkinagoa izango da portuen autonomia, negoziazio kolektiboa Madrilen zentralizatuko da. Jakina, lan harremanetako euskal esparruaren kontrako eraso bete-betekoa da hori. Eta pribatizatu egingo dira portuetako zama lanak. Ondorioz, arriskuan izango da sektore horretako enplegua. Lege-proiektu horren kontra azaldu dira, dagoeneko, Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako sindikatuak, baita Bilboko Portu Administrazioa, eta Espainiako beste hainbat portu administrazio ere, Eusko Jaurlaritzaren portu autoritatea bera ere tartean dela.
Azken hilabete hauetan, Bilboko eta Pasaiako portuetako langileak hainbat alditan kontzentratu dira astero Portuko Agintaritzaren aurrean, lege egitasmo horrek aurrera egitea galarazi nahian, eta Espainiako Estatuko portu komertzial guztien greba orokorraren aitzinako urrats gisa. Alde horretatik, ELA eta LAB sindikatuek izan dituzte gorabeherak Estatuko zamaketarien koordinakundearekin, zeren erakunde horrek atzera egin baitzuen legearen kontrako bost eguneko grebaren deialdian. Nolanahi ere, sindikatu abertzaleak prest daude ekintza bateratuak egiteko bideari heltzeko, zeren ezezko biribila eman nahi baitiote aipatu lege proiektu horri. Lege berriak desegin dezake sektoreko enpleguaren %60, eta, horregatik, Espainiako Gobernua asmoz aldatu ezean bederen, litekeena da sektoreko langileek eta zamaketariek grebara jotzea eta Espainiako portu komertzial oro geldiaraztea, barne izango liratekeelarik, hala Bilbokoa, nola Pasaiakoa. Beharbada, gainera, artikulu hau publikatu baino lehen ere gertatuko da mobilizazioren bat.
Bestalde, Gobernuaren legea aldatzeko nahiari uko eta kontra egitea ez da sindikatuen eta langileen kontua bakarrik. Esate baterako, portu administrazioetako arduradunek ere kritikatu dute PPren Gobernuaren politika. Bilboko Portu Administrazioko lehendakariak, Jose Angel Corres jaunak, adibidez, duela hilabete batzuk publikoki adierazi zuen lege aldaketa horrek "burujabetasuna kenduko digula".
LEGE ZENTRALISTA ETA PRIBATIZATZAILEA.
Oraingo egoera hau Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen Portuen Legeak sortu du, ezbairik gabe. Gobernuak aurreko legea aldatu nahi du, eta, besteak beste, portuko langileen kontratuak liberalizatu nahi ditu oso neurriz kanpo. Sindikatuen iritziz, politika hori indarrean jarriz gero, atea zabalik izango litzateke oraingo enplegatuak kaleratzeko, batik bat gazteak kaleratzeko, eta sektoreko enpleguen %60 ere honda dezake. Espainiako portuetan, gaur egun, 5.000 zamaketari dabiltza lanean. Zifra horretatik 1.050ek dihardute lanean Bilbon eta Pasaian; 600 eta 450 langilek, ondoz ondo.
PPren Espainiako Gobernuaren Portuen Lege Egitasmoko aldaketek zuzen-zuzenean eragiten diete kargatzen eta deskargatzen ibiltzen diren langileei eta portu administrazioei, eta, besteak beste, ondoko helburu nagusia erdietsi gura du Gobernuak: zamaketako zerbitzua ez dadila izan guztien intereseko zerbitzu publikoa, hots, gal dezala "begirune hori". Orobat, desarautu egin nahi ditu amarratzeko zerbitzua eta atoi ontziena.
Sektoreko sindikatuen ustez, "eraso izugarria" da aipatu lege aldaketa hori, eta, horrenbestez, honako eskari edo mezu hau helarazi diote Fomentoko Ministerioko buruari, Alvarez Cascos ministroari: ez dezala aurrera egin enplegua desegiteko bide horretan, zeren, bestela, aurrez aurre izango dituela eta langileak grebara deituko dituztela. Horrez gainera, sindikatuek diote aldaketa inoizko eraso gogorrena izango litzatekeela, bai beren profesionaltasunari dagokionez, bai beren enpleguaren estabilitateari dagokionez. Bestalde, salaketa hauek ere egin zizkioten PPren Gobernuari. Antza denez, Gobernu horrek bata bestearen atzetik jan ditu Portuen Lege Egitasmoaren zirriborroa sindikatuei igortzeko hitza, negoziatzeko prozesua zabaltzekoa eta akordioak lortzeko borondate irmoa izatearena. Sindikatuen esanetan, gehiago ere bada. Esate baterako, Estatuko Portuen Ente Publikoak urratu egin omen du, berak hala onetsita, Espainiako portu sistema mantentzeko III. Akordio Markoan hitzartutakoa.
Sindikatuen esanekin jarraituz, PPren Gobernuak proposatu aldaketak enpresa pribatuen mesederako izango dira. Hari mataza horretan, diote sindikatuek, enpresek uko egin nahi diote hitzarmen kolektiboetan izenpetu zituzten akordioak betetzeari, eta lan horretan lagun nahi dute administrazioa: hark gehituko dizkie mozkinak, profesionalak urritzeko eta lan baldintzak okertzeko bidea garbituz.
ELA eta LAB sindikatu abertzaleek, berriz, behin eta berriro adierazi dute lege-egitasmoak "lan harremanetarako euskal esparrua" suntsitu nahi duela, zeren Madrilen zentralizatu nahi baitute erabat negoziazio kolektiboa. Horrez gainera, portuetako zama lana pribatizatzeko asmoa kritikatu dute, langileen interesen kontrakoa delako.
LEGE INBOLUZIONISTA.
Behin Espainiako Fomentoko Ministerioak Portuetako Erregimen Ekonomikoaren eta Zerbitzu Prestazioen aurreproiektua aurkeztuta, joan den urtarrilaren amaiera aldera egin zuten Bilbon egitasmo horren gaineko eztabaida bat, mahaiaren inguruan Espainiako eta Euskal Herriko hainbat portutako elkarteetako gerenteak hizlari zirela. Bilboko Portu Administrazioko buruak, Jose Angel Corres jaunak, nabarmen kritikatu zuen aurreproiektua, "zentralista eta inboluzionista" delako. Arduradun horren aburuz, eskumenak murrizten dizkie portuei, portuetako tarifak garestitzen ditu, inbertsio berrietarako lurraren prezioa goratzen du eta negoziazio kolektiboa ere Madrilen zentralizatzen du, beste gorabehera batzuekin batera.
Corres jaunak adierazi zuen PPren Gobernuak indarrean jarri aurretik ezarri nahi duela Europako Batasuneko Direktiba, portuetako zerbitzuak liberalizatzera datorrena, zein, itxura denez, martxoaren 10ean onetsiko baitute Europako Parlamentuan. Corresen iritziz, zama lanak badu erreformatzeko premia, baina ezin da indarrez ezarria izan, baizik eta lan egutegi baten bidez, aldaketak dagokion erritmoan gerta daitezen.
Duela gutxi argitaratu da euskal enpresaburuen «Empresa XXI» aldizkarian aurreproiektu horren gaineko inkesta bat. Espainiako Estatu guztiko Portu Administrazioetako arduradunek erantzun dituzte galderak, eta, ematen duenez, guztiak kontra daude oro har. Laburbilduz, diote batzuek eta besteek, "lege honek ez ditu kontuan hartzen funts komunitarioen banaketa, aduana zerbitzuak eta konexioak. Ezin dugu ontzat eman -gaineratzen dute- ontziaren gaineko tasa garestitzea; liberalizazioak berekin izan behar du, nahitaez, gestionatzeko autonomia". Bestalde, jarraitzen dute, "zerbitzuen kalitatea eta enplegua ipintzen ditu kolokan, eta zehaztugabeko marko laboral horrek arazoak sortuko ditu"
Pilar Iparragirre
Protoeuskara edota antzinako euskararen bidez ulertu omen daitezke Iberiar penintsulan eta Balear zein Kanariar Uhartetan aurkitzen diren iberiarren milaka arrastoak. Erabat ziur dago horretaz Bienvenido Mascaray Sin ikerlaria behintzat. Benetako toponimia erabili du urte askotako azterlan sakona egiteko orduan, eta zalantzarik gabe egiten die aurre toponimia formalaz baliatuz errealitatean inongo oinarririk ez duten usteak zabaltzen dituztenei, dagoeneko plazaratuak dauzkan "El misterio de Ribagorza. Origen, historia y cultura a través de la toponimia" eta "De Ribagorza a Tartesos. Topónimos, toponimia y lengua iberovasca" izenburuko ikerketa marduletatik. Gainera, iberiarrek zapaldu zuten lurralde osoan zehar ere antzeko ondorioak lor ditzakeelakoan dago, eta horien guztien ikerketan tinko jarraitzeko prest agertzen da. Oraingoz, Balearretako toponimia arakatzen ari da, eta laister emango omen dio amaiera "Baliaride" izenburuko azterketari ere.
8.000 BAT URTE ATZERA EGINEZ.
Estrabonek tartesiarrei buruz zioena kontuan hartuz -hau da, iberiarren artean ikasienak zirela tartesiarrak, gramatika bat ere bazutelako, eta oso aspaldiko idatziak, beraien estimuetan 6.000 urte inguruko antzinatasuna zuten poemak eta bertsotan osatutako legeak barne-, gutxienez 8.000 bat urte kalkulatzen dio Mascarayk iberiarren hizkuntzari, eta beste hainbeste antzinako euskarari edo behintzat protoeuskarari. Askoz zaharragoak ere izan omen daitezke, baina jakina, idazkera asmatu aurreko gertaeren azterketa ez da erraza, horren froga zehatzak lortu arte ikerlari arduratsu hau ez da atzera egiten ausartzen, badaezpada.
Izan ere, makina bat lan idatzi izan dira historiaurreko garaietan han edo hemen bizi izandakoen inguruan, baina oraindik ziurtasun gutxi dago zenbait ezaguerari dagokienean. Adibidez, gure arbasoak edota iberiarrak bezalako herri bat osatzen zutenak nondik ote zetozen? Nolakoak ote zeuzkaten ohiturak eta elkarren artean ulertzeko erabiltzen zuten hizkuntza? Horrelako hainbat gorabeheraz jakinminez egarri egon daiteke gaur egungo gizakia, baina teoria asko diren arren, sarritan ez da erraza izaten iraganaldiko gertaeren kontakizunean benetakoa eta mitoa bereiztea, aditua ez den batentzat bederen.
Eta hain zuzen gezurrezko argudio gehiegi zabaldu delako ekin zion bereari 1937an Huescako Ribagorza aldean dagoen Campo herrian sortu zen gizon honek, eta lan erruz egin du bere burutapenak irudikeriarekin zerikusi gutxi duela azaltzeko.
1984an Huescako Consello d'a Fabla Aragonesak kaleratu zuen ribagorzaeraz idatzitako "Benas, trallo y fuellas"en egile, handik urte batzuetara hizkera mota honi buruzko gramatika osatu zuen, "El ribagorzano dende Campo", Tafallan 1994an argitaratu zena. Ribagorzaeraren hiztegi etimologikoa ere osatua du. Eta horrez gain, gorago aipatu diren Ribagorzako toponimiari buruzko bi lan sakonak amaitu eta gero, jo eta ke ari da lanean Balear uharteetako toponimia ere bide beretsutik aztertzen.
Bere toponimia ikerketaren frogaketak egiteko garaian Azkue, Mitxelena, Txillardegi, Corominas, Caro Baroja, Estornés Lasa eta beste aditu askoren lanetan murgildu da, eta haietan diotena zehatz-mehatz aztertu ondoren, berak egindako lanak ematen dion esperientzian oinarriturik bakarrik onartu ditu zenbait gauza, edota kontrajarri die kontrajarri beharrekoa.
RIBAGORZA = BARRIGOITIA.
Izan ere, bere ahalagin itzelaren ondoren Bienvenido Mascaray Sinek badauka zer esanik, aztertu dituen Ribagorza eskualdeko 620 leku izenetatik, 520 iberiar-euskaldunak baitira! Ehundik 80 baino gehiago, alegia. Eta toponimo horiek, gehien-gehienetan, norbaiten edo zerbaiten ezaugarriak azaltzen omen dituzte, antroponimoak 54 baino ez diren bitartean, horiek ere halako deskribatzaile bokazioa dutelarik. "Horregatik diot argi eta garbi erromatar, godo, arabiar, germaniar edo bestelako etnia bateko gizon edo emakumeen izenez baliaturik toponimo euskal-ribagorzano bat interpretatzen den bakoitzean, huts egitea segurua dela", aldarrikatzen du bipilki.
Protoeuskara edota antzinako euskara da, beraz, iberiarren hizkuntza arrastoak behar bezala ulertzeko baliabiderik egokiena. Eta ez bakarrik Ribagorza aldean, zeren Goi Aragoien, Lleidan, Andorran eta ekialdeko Pirineoetan Anpuriaserainoko lurraldeetan gauza bera gertatzen omen da. Ondorioz, eremu hori guztia, Errioxa eta Euskal Herriko hego eta iparrarekin lotuz izango litzateke euskaldunen hizkuntzaz elkar ulertzen zutenen lurra.
"Hizkuntza bat eta bera ez bazen ere, gutxieneko zehaztasunez eginiko ikerketa baten ondoren ezinezkoa iruditzen zait inork ukatzea euskaldunek eta iberiarrek hitz egiten zutenaren arteko lotura estua", dio Mascarayk, iberiera behar bezala ezagutzeko eta aztertzeko zailtasunak gogoratuz. Baina kontuan harturik historikoki oraindik ez dela lortu azaltzea -adostasun egoki batekin behintzat- euskaraz mintzo ziren haien jatorria eta nondik norakoak ere ez, eta zelten etorrerak eta hedatzeak ere badituela bere ilunak, badaà
Ainara Gurrutxaga
Antzezle bat, ikusle bat eta espazio bat. Horiek dira antzerki ikuskizun bat prestatzeko beharrezkoak diren gutxieneko osagaiak. Behin oinarrizkoa edukita, elementu gehiagorekin hornitu daiteke: argiekin, musikarekin, jantziekin eta abar. Baina, kafe katilukada batekin gertatzen den bezalaxe, antzerkian ere, gero eta osagai gehiago erantsi, urrunago gaude hasierako zaporetik. Izan ere, esentzialtasunak xarma handia du.
Kafe antzerkiak, hein handi batean, antzerkiaren oinarrietara jotzen du, komunikazio biluzian aurrez aurre jartzen baititu antzezlea eta ikuslea, kosmetikarik gabe.
Maskarada taldeko Mikel Martinezen iritziz, Euskal Herrian azken hogeita hamar urteetan ikuskizun andana egin da "kafe antzerki" izenburupean, baina ziurrenik askoz ere zaharragoa da genero hau: "Beste izendapen bat jasoko zuen. Esaterako, bertsolariek kafe antzerkia egin izan dute betidanik".
Kafe teatroetarako prestatutako antzezlanek -Euskal Herrian batez ere tabernetan, gaztetxeetan, eta kultur etxeetan egiten direnek- ba al dute berezko ezaugarririk? Genero kontsidera al daitezke? Baietz uste du Antzerkiola Imaginarioa taldeko zuzendari eta aktore Ander Lipusek: "Aktoreak publikoarekiko duen hurbiltasunak izaera berezia ematen die mota horretako ikuskizunei. Gainera espazio txikietara egokitu behar izaten direnez, eszenografia eta argiztapen xumeagoak erabiltzen dira". Yuyu taldeko kide den Nahia Iparragirre aktorea ere iritzi berekoa da: «Ezberdina da. Kafe antzerkian ikuslea atrapatu egin behar duzu hasieratik, energia gehiago behar da».
Gainera, umorea izaten da usuenik komunikaziorako erabilitako tresnarik ohikoena: "Halako antzerkian ezin duzu gauza oso hunkigarririk kontatu, beti osagai arinagoetara jo behar da", dio Nahia Iparragirrek. Besteak beste, «Ardoaz» eta «Minutu bakarra» antzezlanetan aritutako Ander Lipusen aburuz, berriz, komedia kafe antzerkirako oso baliabide egokia da, nahiz eta ez duen zertan baliabide bakarra izan behar: "Nik egin izan ditut tragedia txikiak kafeetan, eta jendeak arreta handiz entzun ditu. Testu sakonak ere antzeztu daitezke formatu hauetan".
Ikuskizuna maleta batean.
Tabernetan egiten diren kafe antzerki ikuskizunetan ez da sarrerarik ordaindu behar izaten. Bestelako aretoetan egiten direnean ere gutxitan. Emanaldiaren antolatzailea da taldeari ordaintzen diona. Horregatik, lekuaren arabera, jasotzen den diru kopurua asko alda daiteke. "Tabernek, asko jota, 25.000 pezeta ematen dizkizute", dio Yuyu taldeko kideak, "eta beraz, benetan gustuko dugulako egiten dugu, zeren apenas ematen duen bidaia eta afaria ordaintzeko". Arrazoi horregatik, materialki ikuskizun xumeak izaten dira kafe antzerkikoak, indar guztiak antzezleen lanean eta testuaren bizitasunean jarriz.
Yuyu taldekoek euren azken ikuskizuna, «Esperantoo», ahalik eta baliabide urrienekin muntatu zuten apropos: "Maleta bat, eserleku bat eta bi foku behar ditugu ikuskizuna egiteko. Gainera, taldean bost gara, auto batean denak sartzeko moduan beraz".
Kasketa Kabareta taldeak zazpi urte daramatza antzerkiaren bidez gizarte kritika egiten. Egun antzezten ari diren «Neskapolitan» ikuskizunean, kantuen laguntzaz, modak egungo gizartean duen eragina kritikatzen dute. Euskaraz egiten dituzte muntaia guztiak. Sortu zirenean, egun baino baliabide gutxiago zituztela oroitzen du egun Yuyu taldean dabilen Gorka Markaidak: "Bidaiatzeko dirurik ere ez genuen izaten. Autostopez joaten ginen emanaldietara gure foku eta trasteria guztiarekin".
Erakunde publikoek ere ez diete babes handirik ematen halako taldeei: "Antzerki talde bakan batzuek jasotzen dituzte diru laguntza guztiak eta talde txikiontzat ez dago deus", dio Kasketa Kabaretako Arantza Rementeriak, "Guk jada ez dugu eskatu ere egiten: milaka paper exijitzen dizkizute lau sosa emateko. Laguntza baino oztopo gehiago jartzen dituzte erakundeek".
Oztopoak oztopo, kafe antzerkia bizirik dagoen generoa da, nahiz eta euskaraz aritzen diren taldeak ez diren hainbeste. Nafarroako Bortzirietako Mankomunitateak horrexegatik antolatu berri du euskarazko kafe antzerkia bultzatzea helburu duen beka. Bortzirietako euskara teknikari Castillo Suarezek azaldu digunez, zailtasun handiak dituzte urtero Beran antolatzen den kafe antzerki ziklora taldeak eramateko: "Bai zikloa osatzeko eta bai herri txikietako tabernetara euskarazko antzezlana ekartzeko", dio. Urtarrilarekin batera beka eskaerarako epea amaituta, ordea, oso egitasmo gutxi jaso dituztela aitortu digu euskara teknikariak.
Ikasbide aparta.
Antzokietako zirkuituak gero eta hertsiagoak diren honetan, antzerkia maite duen jende askorentzat irtenbide egokia da kafe antzerkian aritzea. Antzerki eskoletatik irten berri diren gazte askok ere mundu honetan ematen ditu lanbideko lehen urratsak. "Aktoreentzako, ikasbide gisa, oso garrantzitsua da kafe antzerkia", dio Ander Lipusek. Iritzi berekoa da Kepa Gallego aktorea ere: "Sekulako eskola da. Jendea metro erdira duzunean ezinezkoa da inor engainatzea. Gustatuko litzaidake ospe eta izen handiko aktoreak halako espazio batean antzezten ikustea".
Antzerkigintzako profesionalek lan gogortzat badute ere, kafe antzerkia gutxietsi ere egiten da nolabait. "Askotan ez gaituzte serio hartzen", aitortzen du Nahia Iparragirrek, "Leku batera 200.000 pezeta kobratuz joaten bazara, primeran tratatzen zaituzte, lan beragatik 30.000 pezeta kobratzen badituzu, berriz, harrera oso bestelakoa izaten da". Antzerkiak ere gizarte gaixotu honen sintomak pairatzen ditu hortaz.
Kafe antzerkia, ia ezkutuan, baina arte eszenikoen alorrean lan handia egiten ari den generoa da. Antzerki ekoizpen handiagoek etekinekiko duten menpetasunetik salbu, oraindik ere ikuskizun kritiko, berritzaile, lotsagabe eta ironikoak estalkirik gabe ikusteko aukera ematen diguten taldeak dira kafe antzerkian dabiltzanak
Pello Zubiria
Munduan gertatzen dena jakin eta ulertzeko, informazio iturri garrantzizkoa da aspalditik Parisko «Le Monde Diplomatique» hilabetekaria. Honek, bere analisiak osatzeko plazaratzen dituen gehigarrien artean, berrikitan ipinia du salgai «LÆAtlas du Monde Diplomatique» liburuki berezia. Bertan eskaini nahi da -Ignacio Ramonet zuzendariaren hitzetan- munduaren aurpegia, aurreiritzien eta informazio burrunbaren erdian ezkutaturik geratzen den benetako bisaia.
«Urte gutxitan -dio Ramonetek hitzaurrean- munduz aldatu gara. (...) Aurreko gure erreferentzia asko zaharkituta geratu zaizkigu. Bi mendetako irizpide politiko edo soziologiko sendoak hondoratu egin dira. Gauzen bilakabidea ulertu eta esplikatzeko urte luzez erabili izan dugun erreminta kontzeptualen kaxa bat-batean desegokia geratu zaigu, bidean diren aldaketak neurtzeko gai izan behar duten tresna berrien faltan».
Bitxia da, baina munduan jazotzen ari diren aldaketa nagusiak ulertu nahian bilaka hasita, hain modaz kanpo dirudien marxismora bihurtzen ari garela esango luke batek. Ramonetek berak dioen moduan, «mundializazioak dakartzan aldaketak daude lehenik. Eta hasteko, ekonomiak politikaren gainetik daukan nagusitasuna».
ERRUSIA HOLANDA ADINAKOA DA ETA!
ARGIAko orriotarako Atlas horretan dauden mapa eta irudien artean bi oso berezi hautatu ditugu, irakurleari zirrara eragiteaz gain kolpe batez gaur Lurra nolakoa den (edo nolakoa ere baden) ulertarazten diotenak. Izenburutzat «Aberastasunak nola neurtu?» daraman ataleko grafikoetako bi dira.
Munduan batzuen eta besteen arteko desberdintasunak ez dira sekula gaur bezain sakonak izan, hala diote aberastasunak neurtzeko erabiltzen diren bi neurgailu nagusiek. Bata Nazio Produktu Gordina da. Eta bestea NPG hori bera biztanle bakoitzeko.
NPG horrek biltzen ditu estatu batek urtean produzitu dituen ondasun eta zerbitzu guztiak, gehi kanpoan ari diren bertakoek ekarri dituztenak, gehi bertan diren kanpotarrek sortutakoak. Guztia AEBetako dolarretan dago kalkulatua. Ez da pentsatu behar NPG hori erabat zehatza denik, baina konparaketak egiteko erreminta oso ona dela garbi dago. Horrela dakigu denen buru AEB zegoela 2000. urtean 9,882 bilioi dolarrekin, hau da, berak bakarrik produzitzen du mundu osoko aberastasunaren %31. (Argitu behar da liburu hau frantsesez denez «milliard» kopuruak gure mila milioi esan nahi duela).
Baina atlas honek duen ederrena horixe da: guk hemen letra eta zifra asko erabiliz luzatu beharko genukeen zerrenda xehea begirada batez ulertzeko modua ematen duela. Hori lortzen du artikulu honekin batera doan lehen grafikoak. Bertan erakusten da munduaren geografia nolakoa den herrialde bakoitzari bere aberastasunaren tamainako neurria emanez gero. «Irudi bat hobe mila hitz baino», horra egia. Izan ere, non dago Afrika? Zer da Hego Amerika? Non desagertu dira Sobiet Batasun ohia eta duela hamalau urte arte bere bazkide ziren Ekialdeko Europako herrialdeak? Dramatikoa da munduaren argazki hau.
AFRIKA EZ DA ARRASTO MEHE BAT BAINO.
Orriotara ekarri dugun hirugarren grafikoak ez dauka indar gutxiago gure begientzat. Herrialde bakoitzaren delako Nazio Produktu Gordina Biztanleko hori oinarritzat hartuta, mapa normal bat distortsionatu egin du «Le Monde Diplomatique»eko atlas honek. Bere orrietara ekarri du anamorfosi moduan Moskuko unibertsitateko Vladimir Tikhunov geografoak sortu duen mapa hori.
Ikustekoa da zer nola puztuta bizi garen Ipar Amerika, Mendebaldeko Europa eta Japonia-Hego Korea-Taiwaneko gizarteak. Latinoamerikak nola-halako itxura bat mantentzen du, oso «argalduta» bada ere. Ekialdeko Europa eta Asia ezin dira ezagutu ere egin. Eta Afrikako biztanleen miseria... negargarria da.
Ulertzen bai, baina barneratzen errazak ez dira mapa horiek. Eta esplikazio bila gabiltzanontzako, gai honen gakoa beste grafiko batean eskaini digu «Le Monde Diplomatiqu»ren atlasak: bigarren grafikoan pilota berdeek irudikatzen dituzte populazioak eta laranja kolorezkoek Nazio Produktu Gordinak. Hortxe dago koxka!
Bakoitzari bere ondorioak ekarriko dizkio mapa horien ikusteak. Baina ur sakonagoetan sartu gabe, bat behintzat nabarmena da: Latinoamerikan dabiltzala munduko mediatik hurbilen, eta ondorioz hortik gora batzuek daukagun soberakina dela mediaren azpikoek falta dutena
http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.