KBabel programa euskaratu du software librearen alde lanean ari den EuskalGNU kolektiboak (www.euskalgnu.org). Programa honek itzulpenak egitea ahalbidetzen du eta doakoa da. Itzulpen memoriekin lan egiteko gai da programa eta aurretik itzuliak izan diren testuak berriz erabiltzeko aukera eskaintzen du.
SNCF-KO LANGILEEN IDAZKIA
SNCFko lan arlo ezberdinetako 173 langilek tren geltokietan euskararen erabilpena sustatzeko demoek egindako aldarrikapenekin bat egiten duen idazkia izenpetu dute. Aldarrikapenak honakoak dira: Euskal Herriko geltokietako seinaleak, bozgorailuetako mezuak eta tren ordutegien orriak elebidunak izatea eta harrera guneetan ahozko euskararen garapenerako plan bat jartzea. SCNFko zuzendaritzari eta Akitania eskualdeko Kontseiluko lehendakariari helarazteko asmoa agertu dute. Bestalde, demoek martxoaren 1ean Miarritzeko tren geltokitik Baionakora trenbide ibilaldia egingo dute, euskara bizi publikoan zabaldu dadin aldarrikatuz.
D EREDUAREN ALDE BIZKAIAN
«Euskarazko eskola aukerakoena» deritzan kanpaina abiatu dute Bizkaiko hamasei udalek, bi mankomunitatek eta Alkarbidek, guraso bizkaitarrek euren seme-alabak euskarazko irakaskuntza ereduetan matrikula ditzaten. Hala, bi eta hiru urteko haurren gurasoei gutunak bidaliko dizkiete egun dauden ereduen berri emanez. Halaber, elebitasuna bermatzeko tresnarik eraginkorrena D eredua dela aipatu dute.
EUSKARAREN UDAL PATRONATUAREN WEB GUNE BERRIA
Euskarari eta Donostiari buruzko informazio eta zerbitzuak jasotzen dituen www.euskaraz.net web gunea paratu du Donostiako Euskararen Udal Patronatuak. Bertan Patronatuaren zerbitzuak, Donostiako hainbat idazleren lanak, Donostia Gaur buletin elektronikoa, «Auzoka» eskola aldizkaria... paratu dituzte. Euskararen Udal Patronatua oraintsu kaleratzen hasi den «Mugi» euskarazko kirol aldizkaria ere bertan topatu daiteke. Herritarrengana hurbiltzeko saioa dela adierazi dute arduradunek, baita une oro eguneratuko dutela ere.
ESAERA ZAHARRAK ERABILI ETA EZAGUTZEKO
Esaera Zaharren X. Txapelketa antolatu du martxoaren 29rako Sopelako Nikola AEK euskaltegiak. Izen ematen duten taldeei bertsoak kantatuko dizkiete eta bertso haien hitzak abiapuntutzat hartuz osatu beharko dituzte esaera zaharrak.
FILMAZIORAKO BATZORDEA
Film bat errodatzeak izugarrizko gastuak dakartzala bagenekien. Baina Angel Amigok berretsi zigun orain gutxi. Hori dela eta Donostia Zineko Hirien Sarean sartu zen, hiri bakoitzean filmazioak errazteko batzorde berezi bat sortzeko helburuz. Bruselan aurkeztu zuten proiektua, baina ez zuen diru laguntzarik jaso. Azkeneko gorabehera hauek direla-eta, Donostiak film commission-a hilabete batzuen buruan sortzea erabaki du, Sarearen barruan edo bakarka. Izan ere, ezinbestekoa da ekoizleen eta Udalaren arteko bitartekaritza egingo lukeen lehiatila bakar bat ezartzea. Eta aurrera begira, filmaziorako tasen azterketa egingo dute Udalak eta sektoreak berak zenbait bilkuratan.
ZARZUELA JARDUNALDIAK
DAGOENEKO hasiak dira Barakaldoko XI. Zarzuela Topaketak. «Marina» izeneko zarzuelarekin hasi ziren orain bi aste. Baina egitarauaren baitan beste bost zarzuela ikusi ahal izango dira. Otsailaren 16an «Los claveles» eta «La reina Mora» eskainiko dira; martxoaren 2an «El Cantar del Arriero» ikusi ahal izango da, Barakaldoko Orfeoiaren laguntzaz; hil horren 23an «La Pícara Molinera» taularatuko dute; eta azkenik, apirilaren 6an «El barberillo de Lavapiés» lanak emango dio amaiera Jardunaldiei.
BIDE EGILE BERRIAK
LAU liburuxka gehitu dizkio Jaurlaritzak orain artean «Bidegileak» bilduman plazaratutakoei. 26, 27, 28 eta 29. aleetan, guztira, euskal kulturan garrantzitsu izan diren hamasei pertsonen bizitza eta lana bildu dira. 26.ean, Fernando Artola «Bordari», Iñaki Eizmendi «Basarri», Maite Barnetxe eta Mariano Izetaren berri jaso dute. 27.a Bitoriano Gandiaga, Salbatore Mitxelena, Juan Ignacio Goikoetxea «Gaztelu» eta Koldo Jauregi «Jautarkol» olerkariei buruzko testuek osatu dute. 28.ak Pedro Pujana, Lino Akesolo, Jose Agerre eta Mari Dolores Agirre ditu hizpide. Eta 29.a euskal irakaskuntzaren lau eragilei eskaini zaie: Mari Angeles Garai, Krispin Guasch, Jon Oñatibia eta Aniceto Olano «Aita Migel Altzo»ri.
ARTIUMEKO LAGUNAK
ARTE Garaikideko Euskal Zentro Museoa, Artium, berriz ere polemika iturri izan da. Izan ere, Arabako Arte Ederretako Museoko eta Artiumeko Lagunen Elkarteak, Amba izenekoak, arte aretoko patronatuari eskatu dio Museoaren zuzendaritzaren eta Elkartearen arteko harremana argitzeko. Ambak Gonzalez de Durana zuzendariari egotzi dio berari arretarik ez jartzea. Bestalde, orain hilabete batzuk sortu zuen Artiumek Bazkideen egitaraua. Egitarau honek 300 kide biltzen ditu eta Museoak abantailak eskaintzen dizkie urteroko ordainsari baten truk. Badirudi Ambatik at Egitarau hau sortzea izan dela Amba Elkartekoak haserretzearen arrazoia; izan ere, Ambak esandakoaren arabera, berauek osatzen dute legez onartua dagoen Museoaren Lagunen Elkarte bakarra. Bitartean, Artiumek bere egitarauarekin jarraitzen du. Lehengo astetik hasita, gerra ostean Espainian eta Alemanian egindako zinemari buruzko ziklo bat prestatu dute. Martxoaren 1a arte, besteak beste, honako filmok ikusi ahal izango dira ostiral eta larunbatetan: «Bienvenido Mr. Marshall», «Amanecer en puerta oscura», «Nackt unter Wolfent» edota «La vida alrededor».
LITERATURA JARDUNALDIAK
LITERATURA arloko hainbat gai jorratuko dituzte hil honetan zehar Mungian burutuko diren IX. Literatura Jardunaldietan. Hilaren 7an eskaini zuen hauen baitan lehen hitzaldia Kirmen Uribek. Ondoren, 14n, Iban Zalduak «Ipuinak, gezurrak, traizioak» izango ditu hizpide; 21ean Luis Mateo Diez idazleak «Los días de la memoria» izeneko hitzaldia eskainiko du; eta hilaren 28an, Fernando Vallsek «El microrrelato» gaia jorratuko du.
KM-K HAMAR URTE
ORAIN hamar urte, 1993ko azaroan sortu zen Donostian Koldo Mitxelena Kulturunea. Urte hauetan, 7 milioi bisitari izan ditu, maileguan 1,7 milioi disko, liburu eta dokumentu utzi ditu, 1.255 kultur ekintza antolatu ditu eta 46 erakusketa paratu ditu erakustaretoan eta 58 Ganbera aretoan. Urteurrena ospatzeko ez dute egitarau berezirik antolatu, baina badute aurrerako erronkarik, aipagarriena, teknologia berrien arloan.
- Kirmen Uribek honakoa idatzi zuen «Euskaldunon Egunkaria»n: «Askotan, estuegi jokatzen dugu literatur lan baten kritika egitean. Esaten dugu nobela hauxe eta hauxe dela besterik ez, ipuina ezin dela beste hori izan, poesia egiteko modu bi daudela soilik adibidez. Eskerrak arauak apurtzen dituzten lanak ere badaudela (...)».
- Imanol Ubedaren esanetan, «hitzak doinua sortzen du, eta musikak poema egiten du. Hitzak, normalean, giro bat ematen du, eta giro horrek zehazten dizu testuingurua eta kantuaren atmosfera». Hitzok «Euskaldunon Egunkaria»k jaso zituen.
- Elias Kerejetak zera adierazi zuen «El Pais Semanal»en: «Produktore batek prozesu osoan egon behar du, hasieratik, lehenengo ideiatik. Eta bideak jarri behar ditu filmak izan behar duena izatea lortu dezan».
- Lucia Etxebarriak «Elkarri»n: «Espainian autorea nazionalizatzeko joera ergela dago. Ondo deritzot Atxaga bezala, bere jatorriarekin oso lotuta dagoen jokaera bat hartzeari. Baina jokaera honen aldeko apustua egiten ez dugun autoreak ere bagaude, eta hori da nire kasua».
Telepizzak buzoietan banatutako publizitatearen berri jaso dugu Hamaika Ikusteko web gunean. Euskara ageri da esku orrian, modu bitxian ordea. Egin duten itzulpena izugarria da: «Aprobetxatu gure sinestezin eskaintzak baratxuri» «Aprovéchate de nuestras increíbles ofertas»en ordaina omen da.
Mari Jose Olaziregik eta Aurelia Arkotxak zuzendu dute Eusko Ikaskuntzak plazaratu berri duen «Euskal kritika, gaur» liburua. Bertan 2000n Gasteizen burutu ziren Euskal Literatura Kritikaren Jardunaldietan aurkeztutako ponentziak biltzen dira.
Kepa Junkerak martxoan ekingo dio Arriaga Antzokian zuzeneko lehenengo diskoa grabatzeari.
Txuma Murugarrenek bakarkako hirugarren diskoa kaleratuko du martxoan Gaztelupeko Hotsaken eskutik.
Paulo Iztuetak trilogia bat argitaratu du Utriusque Vasconiae argitaletxeko «Kritika literarioa» bilduman. Iztuetak atondutako Orixeren «Euskal literaturaren historia laburra», «Kritika literarioaren lehen saioak» eta «Testu hautatuak euskal estetikaz» dira trilogia osatzen duten hiru liburuak.
Andres Nagel argazkilari donostiarrak hiru argazki burutu ditu obra grafiko originalen Arte eta Izadia argitaletxeko katalogorako.
Xabier Mendiguren Elizegi nagusitu da Donostia Hiria lehiaketan euskarazko antzerkiaren sailean. «Telesforo ez da Bogart» lanarekin irabazi du lehiaketa. Sariaren inguruan eta antzerkiaren egoeraren inguruan adierazitakoa da honakoa «El Diario Vasco»n:
«Aldaketatxo bat sumatu dut hemengo antzerki taldeetan, eta horregatik ekin diot berriz ere idazteari. Hegoaldeko talde profesionalek, profesionalizazio horrek behartuta, obrak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituzte, eta jeneralean egin dute obra kanporako begiekin aukeratu, eta ondoren euskal bertsio bat moldatu. Azken urteotan, berriz, susmoa daukat euskal begiekin prestatutako obra gehixeago egiten ari ote diren. Horrek apur bat animatu nau. Gero ikusiko dugu nire obra hau bateren bati interesatzen zaion. Kritika egin izan dut antzerki taldeak ibili direlako kanpora begira, baina idazleok autokritika bat ere egin beharko genuke, ez dugulako asmatu hemengo taldeak kilikatuko dituzten obrak idazten. Baina horretarako hainbat txiripak gertatu behar du: obrak ona izan behar du, taldeak ezagutu egin behar du, ondo egokitu behar zaio taldeak duen estetikara, taldeak dituen interesetara. Sintomatikoa da azkenaldian gertatu dena, taldeek antzezlan ez diren testu batzuk aukeratu izana: æMetxaÆ, æAi Ama!Æ, æKutsidazu bidea, IxabelÆ... (...)».