![]() | Onintza Irureta2003-02-09 |
Ibilbidea hasi orduko aldapari helduko diogu gogor, baina gorputza abian jartzeko besterik ez dela segituan ohartuko gara, gaina azkar harrapatuko baitugu. Gainera heldu baino metro batzuk lehenago ordea, gelditzeko bi aitzakia topatu ditugu: Zarauzko herriaren eta hondartzaren ikuspegi ederra eta 1705eko Santa Barbara ermita. Bideari jarraitu eta zertxobait igo ondoren itsasoa agertuko zaigu gure eskuinaldean. Itsasoaz gain hainbat baserri eskuineko maldan eta beste hainbat txakolin ekoizle. Bizilekuen itxura eta ataria ikusi besterik ez dago ohiko baserriak ez direla konturatzeko. Konparazioa eskasa bada ere, ikuspegi honek garai batean telebistaz ematen zuten «Falcon Crest» telesaila dakarkigu gogora. Getaria arteko bidea jarraitu behar dugu eta ordura arte nahikoa entretenimendu izango dugu, batez ere eskuinaldera dugun paisajeaz gozatzen. Bideaz ez dugu inolako aitzakiarik, maldarik ez dago eta haur kotxea ere bultza daiteke bide honetan. Akordatzerako bidea bukatu egingo zaigu eta Garate tontorrera eramaten duen errepidearekin bat egingo dugu. Getariatik oso hurbil gaude eta bertara jaitsiko ez bagara ere, beherantz hartuko dugu. Kontuz bide honetan, mahastiei eta itsasoari lasai begira aritu baikara orain arte eta orain, trafikoa handia ez bada ere kotxeak nagusi diren errepidean goaz, bazterbiderik gabeko bidean. Askizu begi bistan daukagu eta baita mahasti bikainak eta Akarregi Txiki txakolindegia ere. Eraikinaren aurretik pasa eta eskuinaldean Getariara jaisteko bidea dagoela ikusiko dugu. Ez goaz baina, Getariara. Jo ezkerrera, Askizuko galtzadara. Metro gutxitan bada ere galtzada erromatarra zapalduko dugu. Bide hau ez zuten erromatarrek eraiki ezta erabili ere, baina Santiagora kostaz abiatzen ziren erromesek erabiltzen zuten. Galtzada errepide azpian ezkutatuta geratu da. Maldan gora metro batzuk egin eta Askizura garamatzan asfaltozko errepidera aterako gara. Eskuinaldera jotzen badugu San Prudentzio ermita ezagutuko dugu eta baita han dagoen jatetxea ere. Eskuinaldeko bideari kasurik egiten ez badiogu eta ezkerrera joz gero, asfaltozko bideari segika mahasti ederrak ikusiko ditugu, baita baserritarra ere hosto artetik guri begira. Askizu ikusi dugu eta baita Azti baserria ere. Maldan gora egin behar dugu bide zartatuan eta zakurrak alde eginak ez badira behintzat, diosala egingo digute. Ez izan ordea beldurrik, ikusi genituen bi zakurtxoek gu baino beldur gehiago zuten-eta. Beldurgarri egin ziguten zaunka, baina baserriko lehen solairuko leihotik!
Zarauztik Zumaiarako bidea egin ondoren, aukera bat baino gehiago dugu.
Bidea motza eta erraza iruditu bazaizu, beste hainbeste egin bide beretik itzuliz.
Kostako errepideari heldu eta Zarautzera itzul gaitezke. Paisajea pribilegiatua da, bide guztian itsasoa ikusten baita, baina ez ahaztu trafiko handiko errepidea (N-634) dela. Zumaiarrak, getariarrak eta zarauztarrak ohituta daude oinez ibiltzen, baina zenbaitentzat estresatzeko modu egokia izan daiteke. Egin kontu itsasoari. Marea goian denean eta itsasoa haserre dagoenean, olatuak errepidera heltzen dira.
Zumaiatik Zarautzera bitartean aipatutako errepidetik autobusak ibiltzen dira. Autobusa tren geltokian duzu. Tren geltokia Zumaiarantz doan errepidea jarraitu eta laster dago Urola zeharkatzen duen zubia igaro eta 300 bat metrotara. Noski, trenez ere itzul gaitezke Zarautzera. Astegunetan ordu erdiro izaten dira eta asteburuetan orduero
Zarauzko parrokiatik Meagas errepiderantz abiatu eta 100 bat metrora sartu eskuinaldera, eta heldu aldapa gogorrari gogoz.
Segi bideari eta itsasoa ikusiko dugu. Garate gainera doan GI-3391 errepidera helduko gara.
Behera hasi, Getaria aldera. Hilerri parean ezkerraldera hartu eta Akarregi Txikiraino joan. Ezkerrera hartu eta Askizuko galtzadan behera egin.
Askizura garamatzan errepidera aterako gara.
Askizu bistan da eta ezkerrera egin. Azti baserria ondoan izango dugu.
Biderari jarraitu eta Zumaia bistan dugula kostako N-634 errepide ondora iritsiko gara