MOBBINGA EZ DA DELITUA ORAINDIK
Daniel Udalaitz
Azkenaldi honetan, maiz aipatu dute ikus-entzunezko eta idatzizko hedabideetan mobbinga edo laneko eraso moral eta psikologikoa. Bestalde, iaz, martxoan, Espainiako Diputatuen Kongresuan ere eztabaidagai izan zuten gorabehera hori. Orduan, atzera bota zuten PSOE eta IU alderdien eskaria, zeinek delitu gisa izendatzea eta erregulatzea nahi baitzuten. PP alderdiak, CIU lagun duela (abstenitu egin zen martxoan), nahiago izan du kontu horri buruzko Europako gomendioren baten zain geratu. Esan gabe doa, Espainiako Diputatuen Kongresuan zerbait arautzeak erraztu egingo zuen abokatuen eta epaileen zuzenbidezko lana, zeren egunez egun gero eta langile gehiagok nozitzen duen kaltea baita. EAEko Legebiltzarrean, oraintxe ari dira gorabehera horren gaineko ponentzia bat eztabaidatzen, eta, dirudienez, datorren ekainerako landua izango dute mobbingari aurre egiteko txostena.
Iñaki Piñuel Alcalá de Henares Unibertsitateko irakasleak azterlan bat egin berri du: "El Barómetro Cisneros" du izenburu, eta oraingoz ikerlan publiko bakarra da. Azterlanak Espainiako Estatu osoa hartzen du. Jasotako datuen arabera, langile aktiboetako hirutik batek aitortu du lan urteetan inoiz edo behin nozitu duela eraso morala eta 2,4 milioi lagun baino gehixeago ziur daude pairatzen ari direla. Lehenagoko beste txosten batean, Nazioarteko Laneko Erakundeak landutakoan hain zuzen, 750.000 lagun ageri dira egoera horretan. Euskal Herriari dagokionez, dakigula bederen, ez dago ikerlan zehatzik. Dena dela, bai enpresaburuak, bai sindikatuak, arazoa existitzen dela ohartuta daude. Are gehiago, sindikatuen iritziz, ona da gorabehera hori hizpide izatea, jendea arazoaz jabe dadin.
Hegoaldean, Hirigoyen elkarteak 2001az geroztik dihardu arazo berri honi aurre egiteko ahaleginean. Erakundeko arduradunek diotenez, litekeena da eremu geografiko horretan 160.000 lagun inguru izatea laneko eraso morala pairatzen dutenak. Europa osora itzulita, han ere badira afera horren gaineko azterlanak, eta, txostenetako batean, honako datu hau ageri da: laneko eraso morala omen da Suediako suizidioen %10 edo %15aren kausa nagusia. Nolanahi ere, lehenbizi eta aurrera egin baino lehen, argi dezagun zer den laneko eraso morala eta zer ondorio ezagun dituzten mobbinga pairatzen duten pertsonek.
ZER DA MOBBINGA EDO LANEKO ERASO MORALA?
Honela definitzen dute mobbinga edo laneko eraso morala: lagun batek edo batzuek, nagusiak nahiz lankideak izan daitezkeenak, etengabe eta sistematikoki bortxa psikologikoa praktikatzen dute langileren batekin, hots, hitzezko edo formazko tratu txarra ematen diote, eta ondorioz langileak ezbehar psikologikoa eta pertsonala nozitzen ditu, hau da, pixkanaka bere buruarekiko konfiantza eta estimua galtzen ditu. Egoera hori dela kausa, langileari lermatu egiten zaizkio, hala errendimendua, nola osasun fisikoa eta psikikoa, eta, hainbat kasutan, baja hartzea edo enpresa uztea izaten ditu aterabide bakar. Gorago aipatu dugun azterlanaren arabera, besteak beste honako jokabide hauexek ezaugarritzen dute langileen eraso morala: berez egiteko gai den baino askoz zeregin apalagoak edota baliogabeak izendatzea, komunikatzeko bideak murriztea edota ez balitz bezala jokatzea, desmoralizatzen ahalegintzea, lan karga jasanezina ematea, lehertzeko zoriraino emozionalki desestabilizatzea eta publikoan umiliatzea.
Gorabehera honetan espezialistak direnek diotenez, bi eratakoa izan daiteke eraso morala. Gradu hierarkikoan gorago daudenak badira jazarle, erasoa bertikala da; ordea, gradu bereko lankideak badira, erasoa horizontala da. Moralki erasotzeko modu honetan ere enpresaburuak eta zuzendariak dira erantzule, zeren haiei baitagokie lankideek beren arteko bat mendean har ez dezaten ziurtatzea.
ERASOAREN ONDORIOAK.
Oro har, zer-nolako osasun gorabeherak izaten dituzte laneko eraso morala pairatzen duten pertsonek? Aipatu azterlanean, ondoko egonezin edo ezbehar hauek ageri dira izendatuta: bizkarreko edo giharretako mina, suminkortasun larria, negarra eta depresioa biz behin; insomnioa eta amesgaiztoak tarteko, neke fisikoa eta profesionala, apatia eta segurtasun eza, jangura eza, digestio txarra, buruko mina, neke kronikoa eta abar.
Eta, zer-nolako langileei erasotzen zaie errazen? Adituek diotenez, 30 urtez azpiko langileak, 50 urtetik gorakoak, etorkinak, administrazioko langileak eta zerbitzu enpresetakoak dira aise eraso dakiekeenak. Bestalde, ez dirudi prestakuntzak edo graduak inor babesten duenik, hau da, berdin erasotzen zaie eskulangileei eta lizentziatuei.
Laneko eraso moralak, jakina, biktimari erasaten dio lehenik eta behin, baina, horrez gainera, enpresen produktibitatean eta gizartean ere badu eragina. Hirigoyen elkarteko arduradunen iritziz, lermatu egiten dira produktibitatea eta efikazia. Bestalde, giro liskartsua eta tentsioa direla kausa, ugaldu egiten dira bajak eta nabarmen hazten dira enpresetan haien ondoriozko gastuak. Gizartean nola igartzen den ikusteko, hona hemen datu esanguratsu bat: langile erasoen %10ari behin betiko baliaezintasuna aitortzen omen diote azkenean. Laneko ezintasunen arloan, Hirigoyen elkarteak duela urte batzuk argitara eman zen Suediako txosten bat aipatzen du. Lan horretan datorrenez, urteko eta fabrikako 4.500 milioi eurotik gora igotzen dira arazo horren ondoriozko epaien gastuak.
Lehen aipatu "Barómetro de Cisneros" azterlanean baieztatzen denez, laneko eraso moralaren pairatzaileetan, hiru pertsonatatik bat bakarra ohartzen da jazarpenaz. Bestalde, langileen %45ak ikusi izan omen ditu erasoak, hirutik bitan nagusiek mendekoei eginak izaten omen dira eta erasoen lekuko gehienek ez omen dute ezer egiten biktimei laguntzeko.
HEMENGO ELKARTEAK.
Geuk dakigula, Hegoaldean badira dagoeneko arlo honetan diharduten bi elkarte: Hirigoyen EAEn eta Laneko Eraso Psikologikoaren Aurkako Elkarte Nafarra. Hirigoyen 2001eko azaroaz geroztik ari da lanean: Bizkaian jaio zen, lurralde hartan gertatzen baitzen laneko eraso moral gehien. Helburuei gagozkiela, informatzea eta salatzea eta pairatzaileei laguntza pertsonala, psikologikoa eta aholkularitza juridikoa ematea lehenesten ditu erakunde horrek. Horrez gainera, sindikatuekin, alderdi politikoekin eta erakunde sozialekin ere lan egin nahi du, zeren, azken buruan, legeak ematea lortu nahi baitu, pertsona erasotzaileari, hala badagokio bederen, espetxeratzeko zigorra eman diezaioten, jada Europako zenbait herrialdetan egiten den gisan. Nafarroako elkartea, berriz, iazko maiatzean jarri zen abian, eta lanpostuan eraso morala nozitu izan duten lagunak izan dira sortzaile
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.