Izenez ezagunak ez izan arren, ziurrenik guztiok izan dugu inoiz flyer bat esku artean. Flyerra publizitatea egiteko bide bat da. Jatorri ingeleseko hitza da, eta hegalari esan nahi du. Hegalari zergatik? Antzina publizitatea egin asmoz, airetik banatzen zelako.
PUBLIZITATEA EGITEKO MODU BERRIA.
Euskal Herrian, baina, izan zen publizitatea egiteko antzinako metodo hura berpizten saiatu zen enpresa bat. Duela lau bat urte Flying Company izeneko enpresa sortu zuten Portugaleten. Bi urte eta erdiz lanean aritu ostean, Euskal Herrian hain espezializatuta zegoen enpresa batentzat lekurik ez zegoela ikusita, bertako partaideek beste proiektu eta helburu profesional batzuei ekin zieten. Jende gaztea izanik, batzuek formazio bide berrietara jo zuten, beste batzuk ordea, publizitate agentzietan dabiltza lanean. Eider Corral algortarra, Flying Company proiektuan aritutakoa, publizitate agentzia batetan dabil lanean; flyerrak egiteko beta ere izaten du, ordea. Honen ustez, "eguneroko publizitatean ikusten ditugun konposizio eta ideietatik aldendu eta espresio modu desberdinak bilatzen dituzten euskarriak dira flyerrak". Egun, arte eta kultur ekintzen inguruko informazioa zabaltzeko erabiltzen dira, batez ere. "Hastapenean musika elektronikoari lotuta sortu baziren ere, muga horiek gainditu eta publizitatea egiteko modu 'berria' bilakatu dira: arropa dendak, ile-apaindegiak, tabernak eta oro har, gaur egun hiri handietako kulturan sortu diren interes eta adierazpen moduen erakusle eta bermatzaile bihurtu dira", gaineratu du Corralek.
Flyerren kontua Euskal Herrian beranduxeago hasi bazen ere, diseinugile ugari dabil aspalditik diseinatzeko modu berri eta ezberdinetan sakontzen. Flyer egileak, beraz, uste baino gehiago dira, baina bakoitza bere bakartasunean aritzen denez, euren irudia oso ezezaguna izan ohi da.
"Flyerrak egiteko estudio txiki batzuk ere badaude. Hauetan, sormenari balio gehiago ematen zaiola esan daiteke, baina, hala ere, diseinugilea ez da artista oso bat, beti nagusi batentzako lan egin beharko duelako. Hemen batez ere, lagunartean egiten dira flyer gehienak. Euskal Herrian oso gutxi dira flyer moduko publizitatearengatik dirua ordaintzeko prest dauden klub edo diskotekak. Dena den, lan hauengatik diru gehiegi ez irabazi arren, sarritan beharrezkoa izaten dugu gure ideiei bidea emateko modua aurkitzea, horrek lanetik kanpo ordu mordoa sartzea badakarkigu ere", azaldu du Corralek.
Euskal Herrian, beste leku gehientsuetan bezalaxe, flyerrak kultura zehatz baten erakusle izan dira; kultura horren ideia eta bizimoduen isla. Muga horien barruan, flyerrek gure artean garapen txikiagoa izan dute, Euskal Herriko hirietako beharrizan eta azpiegiturak ezin daitezkeelako Bartzelona, Londres edo Paris bezalakoekin alderatu.
Flyerren ezaugarriei dagokienez, askatasun handiko euskarritzat daukate egileek. "Diseinuaren munduan askotan modari gehiegi jarraitzeko arriskua egon da baina, orokorrean, diseinugile gazte askok sormena garatzeko euskarri ezin hobea izan dugu, askatasun handia izaten baita flyer bat diseinatzerako orduan", azpimarratu du Corralek.
HIRI HANDIETAKO BEHARRAK ASETZEKO.
Flyerrak publizitatea egiteko euskarri izanik, euren eragina nahiz errentagarritasuna neurtzea ez da batere erraza izaten. "Flyerrek negozio bati balore batzuk ematen dizkiote, irudi bat garatzen dute eta hori denboran zehar landu behar denez, emaitzak epe luzera ikusten dira. Taberna askok hilabete batetako programazioa antolatu, flyerrak egin eta segituan ikusi nahi dituzte emaitzak. Hori ordea, oso gutxitan gertatzen da. Nire ustez, Euskal Herrian komunikazio modu honetara hurbildu diren ostalariek oso pazientzia gutxi izan dute", azpimarratu du Corralek.
MODAK.
Egun egiten diren flyerren ezaugarriak definitzerakoan, «formatua guztiz komertziala» dela adierazi dute Andrekale 35eko lagunek. Izan ere, flyerraren bizitza oso laburra da; egun edo ordu gutxi batzuk baino ez ditu irauten, eta oso azkar kontsumitzen den produktua da.
Flyer egileen ustetan, flyerrak diseinatzeko orduan, modak beti ere eragin handia izan du. Baina modaz gain, iragartzen den emanaldia ere baldintza bilakatzen da, flyer bat egiteko euskarri eta iturri grafikoak aukeratzerako garaian.
Urteetan zehar itxura æretroaÆ edo oso robotikoa erabili izan da. Elementu urritasuna eta garbitasuna ere oso modan egon da. Egun konposizio beteagoak osatzeko joera dagoela dio Eider Corralek: «Sarritan, estilo eta irudi zahar nahiz berriak nahastu izan dira flyerretan. Horrek ez du esan nahi garbitasuna modan zegoenean izaera barrokoagoa zeukaten flyerrak egiten ez zirenik, eta alderantziz. Diseinugile bakoitzaren estilo pertsonalak eragin handia izaten du flyerretan, eta hori modaz haratagoko kontua da"
Euskal Herriko flyer egile gehienak ezezagunak edota anonimoak izan ohi dira. Badira ordea, guztien artetik bereizten diren ale batzuk. Horien artean Blami margolari lasartearra dugu. Euskal Herriko hainbat tabernetako flyerren egilea izateaz gain, Bartzelonako flyer egile garrantzitsuenekin lan ugari egin baitu
![]() |
|
||||
1886 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa