Jolasari uko egin gabe
Hotz dator Igor Estankonaren liburu berriaren izenetik. Hotz, haren anaia Borjaren azaleko iruditik. Eta, egiatan, barruan ere ez da epeltasun handirik. Ez gozo, ez ezti da Estankonaren poesia berria, lehen lanekoa ez bezalakoa. "Anemometroa"n, adibidez, jolas egiteko gogo handiagoa ageri da, edertasunaren bila itsu-itsuan ibiltzeko gura: edertasuna, hotsa, irudia... "Tundra"n, aldiz, horiek denak mezu baten zerbitzura jarri nahi izan ditut. Teknika mezuaren mende jarri dut eta, ondorioz, poesiak ezin izan horren jolasti eta ludiko. Ostera, mekanikoago eta hotzago behar, nahitaez. Igarriko dela uste dut. Jakina, ez diot jolasaren bideari uko egin erabat. Edertasunaren bideari eta jolasari aterik itxi barik jardun dut". Zuzen ari dela esan besterik ez dago. Badira zenbait ale horren erakusgarri. Adibide dira "Ulises" izenburu daramana, "Argi txikia", "Bigarren forma" izenekoa... "Askok esan dit halako poema gustatu zaiola, beste halako... nik, neure kautan, bateren batek "Begi bik"... aipatzea nahi nuen. Lan gehiago du poema horrek. Kontuz, hala ere, zeren lanak ez du beti emaitza hoberik ematen poesian. Batzuetan, emaitzarik batere ez, lanak. Besteetan, berez atera zaizun zer edo zer, horixe gustatu jendeari!».
BIGARREN FORMA
Begi bik bihotz bati esan zioten
hain zirela euren artean lotura bakoak
isurtzen zituzten malkoak,
non sorginorratz berdeak hurbildu
eta edaten zituzten.
Eta begi bik bihotz bati esan zioten
hain zirela euren artean lotura bakoak
isurtzen zituzten malkoak,
non malkoak baino
tantakada hutsak irizten zieten,
euria ari duela konturatu ez den
orri batetik behera
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.