artikulu nagusira itzuli
Arroiletako zaindari handiak
Badaude harrapari handien kideen artean ehiza hain gustuko ez dutenak, sai sarraskijaleak alegia, askotan putre bezala ezagutzen ditugunak gure artean. Beti aipatzen da heriotzaren iragarleak direla, inguruan gorpuzkinik bada, han ikus ahal izango dira hegaztitzar hauen hegalaldi salatariak. Euskal Herrian topa ditzakegun sai espezieak hauek dira: sai arrea, sai zuria eta baita ugatza ere, azken honek habia Nafar Piriniotan egiten du, nahiz noiz edo noiz gure inguruotan bikoteren bat ikusi.
Sai arrea. Sekulako populazio gehikuntza nabarmendu da sai arreen kasuan. Berau izango da hegazti harraparien artean gehikuntza adierazgarria jasan duen bakarra. Sai populazioak suspertzeko hartu ziren neurriak guztiz eraginkorrak izan dira. Saitegi guneak babesgune bihurtu ziren eta saien janlekuak agertu ziren. 90eko hamarkadan sai aleak Euskal Herritik kanpora eramaten hasi ziren, beste guneetako sai populazioak suspertzeko asmoz. Frantzia, Italia eta Espainiako zenbait eskualdetara heldu ziren sai arre euskaldunak.
Sai zuria. Ezin dugu gauza bera esan sai zuriari buruz, alderantziz, sai zuri populazioek beherakada esanguratsuak jasan dituzte. Eta hauek, sai arreak ez bezala, migratzaileak dira, negua Afrika aldean igarotzen baitute. Sai zuriek badute bitxikeriarik beren ohituretan: ardi gorotzak irensten dituzte, nahiz eta osasunarentzat arriskutsua izan, infekzioak sortzeko arriskua dela-eta. Azken ikerketen arabera, ekintza hau aurpegiko kolore horiarekin erlazionatu dezakegu, gorotzetatik lortzen baititu pigmentu hau lortzeko osagaiak.
Ugatza. Zoritxarrez, bikote bakan batzuk baino ez dira geratzen gaur egun, desagertze arrisku bizian daude. Lumaje ederra du hegaztitzar honek eta bere sabelalde gorrizta oso nabarmena izaten da. Ugatza oso berezia da bere dieta espezializatua dela-eta. Sarraskijaleek gorpuzkinen hezurrak garbitzen dituzten arte itxaroten du, ondoren hezurra aukeratu eta airetik harkaiztegiko leku zehatz batera botatzen du hezurra puska dadin. Hezurra puskatu arte errepikatzen du operazioa. Ondoren, hezur muinak irensten ditu gogo handiz. Hezurrak txikiak badira, osorik barneratzen dituzte.
Ugatza lurraldekoia da eta habia puska leku hauetatik gertu izaten dute, ondo aukeratua, fermuki babesten dutelarik arrotzik gerturatzen bada
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.