Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-09 16:02:24
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-02-09 -- 1886.zenb

Onintza Irureta

Ibilbidea hasi orduko aldapari helduko diogu gogor, baina gorputza abian jartzeko besterik ez dela segituan ohartuko gara, gaina azkar harrapatuko baitugu. Gainera heldu baino metro batzuk lehenago ordea, gelditzeko bi aitzakia topatu ditugu: Zarauzko herriaren eta hondartzaren ikuspegi ederra eta 1705eko Santa Barbara ermita. Bideari jarraitu eta zertxobait igo ondoren itsasoa agertuko zaigu gure eskuinaldean. Itsasoaz gain hainbat baserri eskuineko maldan eta beste hainbat txakolin ekoizle. Bizilekuen itxura eta ataria ikusi besterik ez dago ohiko baserriak ez direla konturatzeko. Konparazioa eskasa bada ere, ikuspegi honek garai batean telebistaz ematen zuten «Falcon Crest» telesaila dakarkigu gogora. Getaria arteko bidea jarraitu behar dugu eta ordura arte nahikoa entretenimendu izango dugu, batez ere eskuinaldera dugun paisajeaz gozatzen. Bideaz ez dugu inolako aitzakiarik, maldarik ez dago eta haur kotxea ere bultza daiteke bide honetan. Akordatzerako bidea bukatu egingo zaigu eta Garate tontorrera eramaten duen errepidearekin bat egingo dugu. Getariatik oso hurbil gaude eta bertara jaitsiko ez bagara ere, beherantz hartuko dugu. Kontuz bide honetan, mahastiei eta itsasoari lasai begira aritu baikara orain arte eta orain, trafikoa handia ez bada ere kotxeak nagusi diren errepidean goaz, bazterbiderik gabeko bidean. Askizu begi bistan daukagu eta baita mahasti bikainak eta Akarregi Txiki txakolindegia ere. Eraikinaren aurretik pasa eta eskuinaldean Getariara jaisteko bidea dagoela ikusiko dugu. Ez goaz baina, Getariara. Jo ezkerrera, Askizuko galtzadara. Metro gutxitan bada ere galtzada erromatarra zapalduko dugu. Bide hau ez zuten erromatarrek eraiki ezta erabili ere, baina Santiagora kostaz abiatzen ziren erromesek erabiltzen zuten. Galtzada errepide azpian ezkutatuta geratu da. Maldan gora metro batzuk egin eta Askizura garamatzan asfaltozko errepidera aterako gara. Eskuinaldera jotzen badugu San Prudentzio ermita ezagutuko dugu eta baita han dagoen jatetxea ere. Eskuinaldeko bideari kasurik egiten ez badiogu eta ezkerrera joz gero, asfaltozko bideari segika mahasti ederrak ikusiko ditugu, baita baserritarra ere hosto artetik guri begira. Askizu ikusi dugu eta baita Azti baserria ere. Maldan gora egin behar dugu bide zartatuan eta zakurrak alde eginak ez badira behintzat, diosala egingo digute. Ez izan ordea beldurrik, ikusi genituen bi zakurtxoek gu baino beldur gehiago zuten-eta. Beldurgarri egin ziguten zaunka, baina baserriko lehen solairuko leihotik!

Zaunka orkestraren ondoren, Askizu eta han San Martin eliza. Parean beste eraikin bat aurkituko dugu "Serorategia" izkribu handia etxeko horman idatzia duela. Orain ez dakigu, baina garai batean ziur elizako giltzak hemen aurkituko genituela. Atsedenalditxo bat egin eta mokadutxo bat jateko irrikitan gara, baina tabernara heldu aurretik iturrira egin dugu itzulia eta Askizuko aterpetxea eta frontoia bisitatu ditugu. Itsasoari begiradatxo bat ematea ere ez legoke gaizki. Orain bai, orain tabernako egonalditxoa irabazi dugu. Egonalditxoa egonaldi luze bihur dezakegu bidearen ezkerraldean topatu dugun taberna honetan eta ez diogu hori zerbitzatzen makal aritu direlako. Salda beroa, haragi eta txorizo egosia eskatu ditugu. Salda hartutakoan eta tabernako hormara begiratu dugunean ohartu gara, ia bekatu galanta egin dugula; ez dugu txakolinik eskatu. Ia bekatua egin dugula esan dut. Getariako itsasertza erakusten duen koadro handia hormatik zintzilik dago. Koadroko itsasertza berezia da ordea: zonaldeko txakolin marka ugari agertzen dira. Eskatutako txakolin botila hustutzen ari garela segalaria ere ikusi dugu. Erasun segalariaren apustuak ikusgai dira argazkietan eta baita egindako saioetako egunkari zatiak ere txukun asko kristalez babestuta. Benetako sega ere ez dago urruti. Uste baino denbora gehiago egin dugu jan-edanean eta altxatzeko ordua da. Berandu samar gabiltzala ohartuta, baina hala ere, presarik gabe Askizu zeharkatu dugu ezkerrean ganadutegia dugula eta eskuinean etxeak. Bideak eskuinaldera egiten du eta txakolina eta segalaria hitzetik hortzera ditugula, akordatzerako Zumaia ikusi dugu. Aldapa jaitsi aurretik merezi du paisajeari begiratzea. Hor behean dago Zarautz eta Getariatik datorren kostako errepide ondoko hondartza: Santiago hondartza. Hondartzatik herri aldera bidean Ignacio Zuloaga pintorearen museoa eta baita Santiago ermita ere. Urrunago ikusten da aldeko eta kontrakoak izan dituen kirol portu berria. Begirada altxatuz gero berriz, itsas gainean itsasargia eta herri aldera joz gero, San Telmo eliza galantak hormatzarrak erakutsiko dizkigu.
Eguerdia heldu zaigunez, herriraino joan eta lasai ederrean bazkaldu dugu. Bazkalondoan tren geltokira hurbildu gara eta Zumaiatik Zarautzerako bidea egin dugu, oraingoan itsasorik ikusi gabe, baina beste txoko eder batzuk leihotik begiztatuz

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan