Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-09 16:02:24
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-02-09 -- 1886.zenb

16 IPUIN AMODIOZKO

X. Mendiguren Elizegi
SUSA

232 orrialde
13 euro

MAITASUNAREN ARGI-ITZALAK IRONIAZ IKUSIAK

Xabier Mendiguren Elizegik Susa argitaletxearen eskutik eskaintzen dizkigun hamasei ipuin zahar eta berriago hauetan maitasunaren hamaika aurpegi agertzen dira (mutilazioa, voyeurismoa, fetitxismoa, intzestu orokorra, bikote trukatzea baserrian, porno ahalegina, masokismoa...), beti ere ironia apur batekin kontatuak. Denetarik zaharrena -eta apika krudelena baita ere- «22 ebaki» izenburua duen ipuina da, 1983an idatzi baitzuen Xabier Mendiguren Elizegik, urte hartantxe kaleratu zelarik lehen aldiz. «Sei Ipuin Amodiozko» deitu atalean aurki daiteke orain, 1986an aurrenekoz plazaratu ziren «Udak dakarrena udak daroa», «Nenufare zuria», «Perla beltza», «Un petit cadeau por madame» eta «Amoña Margarita» kontakizunak lagun dituela. «Beste Sei Perbertsio» deitu atala doa jarraian, «Sudurraren dardara», «Melodrama», «Demagun sexua komunikatzeko beste era bat dela», «Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta», «Txinoen esperoan» eta «Ene dama maite horri azken gutuna» ipuinez osatua. Ondoren «Pastitxe bat» eta «Hiru Voyeur Istorio» datoz, hau da, «Orense bar», «Informazio sexuala» eta «Porroia».

GASPAR ETA ZUHAITZAK

Patxi Zubizarreta/ Belén Lucas
AIZKORRI

57 orrialde
5,5 euro


HAZIAK JAN ETA GERO, KOMERIAK

Zortzi urteko mutiko bat da Patxi Zubizarretak idatzi eta Belén Lucasek eginiko marrazkiz horniturik Aizkorri argitaletxeak kaleratu duen «Gaspar eta zuhaitzak» kontakizuneko protagonista. Mila bihotz ditu mutiko horrek bere ustez, baina ez da ikasgelan hori azaltzera ausartzen, bere ikaskideek barre egiten diotelako horrelakoak esaten dituenean. Orain, gainera, arazo larri bat dauka, urtebetetze egunean osaba Joakinek baso bat oparitu ziolako, hau da, poxpolo kaxa baten barnean gordeta zeuden zuhaitz askoren haziak, noizbait baserriko lurrean sartu eta Gasparren basoko zuhaitz bihur zitezkeenak. Baina Gasparrek jan egin zituen hazi horiek, eta gero, egarri zenez, ura edan zuen eta nahi gabe haziak ureztatu. Zuhaitz bihurtuko ote da?

DEMOKRAZIA EUSKAL HERRIARENTZAT

«Demo»ak
GATUZAIN

330 orrialde
17 euro


«DEMO»EN EKINTZA GUZTIEN BILDUMA

Demokrazia Euskal Herriarentzat mugimenduak, 2000ko urtarrilean sortu zenetik 2002ko uztaila arte burutu dituen ekintza guztien bilduma eskaintzen duen liburu honen izenburu zehatza, «Demokrazia Euskal Herriarentzat. Démocratie por le Pays Basque» da. Argazkiekin eta parte hartzaileen kontakizunekin, ekintza bakoitzean «Demo»ek bizi izan dutena helarazi nahi diete irakurleari, beraien aldarrikapenak eta argudioak, ekintza bakoitzaren prestaketa, gauzapena, tentsio uneak, atxiloketak eta beste batzuk. «Demo»en filosofia nolakoa den ezagutzeko aukera ona ematen du euskaraz eta frantsesez idatzia dagoen liburu honek.

KUKUBILTXO.
25 URTEKO HISTORIA EUSKAL HERRIAN

Batzuen artean
BILBOKO TXOTXONGILO DOKUMENTAZIO ZENTROA

48 orrialde


KUKUBILTXO TALDEARI EGINIKO OMENALDIA

Kukubiltxo taldeak 25 urteko historia bete duenean, omenaldia eskaini nahi izan diote Txirlora Elkarteak, Bilboko Txotxongilo Dokumentazio Zentroak eta beste hainbatek. 1977. urteko abuztuan, Larrabetzuko jaietan, eman zen ezagutzera Kukubiltxo taldea. Toti Martinez de Lezeak eta Alberto Albaizarrek trapu batzuekin txotxongiloak sortu zituzten hartarako, eta Lurdes Iriondoren kasete batean grabatuta zegoen «Txanogorritxu» ipuina oinarri hartuz eskaini zuten beraien emanaldia. Berehala hurbildu zitzaizkien herriko gazteak lanean aritzeko prest. Horrela sortu zen Kukubiltxo, dagoeneko 25 urte luzeko historia duen taldea. Eta urte horietan hartutako bideak, ilusioak, erabakiak eta kezkak daude liburuxka honetan bilduak.

IMPERIALISMO, DEMOCRACIA Y NUEVAS FORMAS DE RESISTENCIA

Batzuen artean
BASANDERE

328 orrialde
18 euro


MUNDUKO ORDENA BERRIARI AURRE EGINEZ

James Petras, Roberto Delgado, Ana María Ruiz, Michael T. Klare, Henry Veltmeyer, Néstor Kohan, Josefina Martínez, Natxo Narbona, Osvaldo Bayer, George Kape eta Justo de la Cueva dira «Imperialismo, democracia y nuevas formas de resistencia» liburuan jasotzen diren artikuluen egileak. Ameriketako Estatu Batuetatik azken garaiotan ezarri nahi den Munduko Ordena Berria delakoa daukate hizpide, eta baita horri aurre egin nahian Argentinan, Venezuelan, Palestinan eta, oro har, munduan zehar burutzen ari diren borrokak ere. Inperialismoak -bere interes geoestrategikoak babesteko- borrokatu behar dela dioen «terrorismoa» ere aztertzen da liburuan, eta baita kapitalismoaren eraso honek Euskal Herrian duen eragina ere.

EUSKAL HERRIKO LEIENDA HAUTATUAK

Batzuen artean
HIRIA

213 orrialde
14,5 euro


EUSKAL LEIENDEN ARTEKO HAUTAKETA

Karmelo Etxegaraik, Resurrección Maria Azkuek, J. F. Cerquandek, Jean Barbierek eta W. Webster-ek bere garaian asmatuak edota ahoz aho jasotakoak dira X. Hiriarten edizioan biltzen diren euskal leiendak. Besteak beste, hauexek, hain zuzen ere: Euskal Herria, Aitorren etorrera, Andeka, Gurasoen zigorra, Malko bedeinkatuak, Alarguntsa, Andere usoa eta bere orrazia, Arrantzalearen semeak, Arreba eta zazpi anaiak, Marmiton, Erregearen gaztetzea, Fidel, Hamalau, Munstroa eta printzesa, Maria Kirikitun, Neskatxa soldadua, Tabakontzia, Bizar gorri, Senarraren bila, Laustaneko jauregia, Alostorrea, Urtsuako ermitan, Beso gabeko erregina, Erret zorria, Guarin, Ikazkina eta heriotza, Herensugea eta Goñiko zalduna, eta Maistrua.

HAMLET

William Shakespeare
IBAIZABAL

244 orrialde
9,07 euro


SHAKESPEAREREN «HAMLET» ETA KITO

Juan Garzia Garmendiak itzuli du oraingoan euskarara William Shakespeareren «Hamlet Danimarkako Printzea», eta honakoxea utzi nahi izan du garbi berak eginiko lana aurkezterakoan: «Hau Hamlet da, Shakespearerena: ægainerakoz, isiltasunÆ». Antzerkian eta bizitzan, pertsonaia interesgarria ez delako pieza batekoa, eta Hamlet ere ez, pieza askoren «puzzlea» baizik, alegia aldakortasun atzemangaitza duen pertsonaia. Eta besteak beste, eta aldaketak aldaketa, ez omen da erraza bereizten noiz Hamlet hala den, izan, eta noiz itxura egiten ari den soilik. Kontzientziaren zalantza da haren drama, kontzientzia hitza bietara harturik: oharmena, batetik (objektiboaren eta subjektiboaren arteko lotura); eta zentzu morala, bestetik.

EDURNE ETA STELLAREN HIP-HOP ETA RAP-A


ADOS
GOR

12 kanta
14,10 euro

Hemendik At! taldeko partaide bezala ezagunak egin ziren Edurne Arizu eta Stella Berzalen elkarlana da «Ados», hip-hop eta rap doinuak oinarri harturik osatutako hamabi kantutako CDa. Neoliberalismoak eragindako globalizazioaren aurkako lana da beraiena. Kantu gehienen musika eta hitzak egin dituzte -egia esan, Marino Goñiren «Aro» eta Iker Sádabaren «Maéva» ez beste guztiak-, eta euskara baldin bada ere diskoan entzuten den hizkuntza nagusia, besteak beste, katalaneraz, ingelesez eta portugesez ere entzuteko parada eskaintzen du Adosek. Kanten izenak? «Nire bizitza», «Je! Mou-te», «Ados nago», «Horiya», «Ilegala», «Ezbai», «So Far Away From Me», «Egunabarrean», «Ez ixildu ez», «Aro», «Maéva» eta «Tamata».

hemeroteka

1885. zenbakia | 2003-02-02
1884. zenbakia | 2003-01-26
1883. zenbakia | 2003-01-19
1882. zenbakia | 2003-01-12
1881. zenbakia | 2003-01-05

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan