Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-09 16:02:24
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-02-09 -- 1886.zenb

Daniel Udalaitz

Azkenaldi honetan, maiz aipatu dute ikus-entzunezko eta idatzizko hedabideetan mobbinga edo laneko eraso moral eta psikologikoa. Bestalde, iaz, martxoan, Espainiako Diputatuen Kongresuan ere eztabaidagai izan zuten gorabehera hori. Orduan, atzera bota zuten PSOE eta IU alderdien eskaria, zeinek delitu gisa izendatzea eta erregulatzea nahi baitzuten. PP alderdiak, CIU lagun duela (abstenitu egin zen martxoan), nahiago izan du kontu horri buruzko Europako gomendioren baten zain geratu. Esan gabe doa, Espainiako Diputatuen Kongresuan zerbait arautzeak erraztu egingo zuen abokatuen eta epaileen zuzenbidezko lana, zeren egunez egun gero eta langile gehiagok nozitzen duen kaltea baita. EAEko Legebiltzarrean, oraintxe ari dira gorabehera horren gaineko ponentzia bat eztabaidatzen, eta, dirudienez, datorren ekainerako landua izango dute mobbingari aurre egiteko txostena.

Iñaki Piñuel Alcalá de Henares Unibertsitateko irakasleak azterlan bat egin berri du: "El Barómetro Cisneros" du izenburu, eta oraingoz ikerlan publiko bakarra da. Azterlanak Espainiako Estatu osoa hartzen du. Jasotako datuen arabera, langile aktiboetako hirutik batek aitortu du lan urteetan inoiz edo behin nozitu duela eraso morala eta 2,4 milioi lagun baino gehixeago ziur daude pairatzen ari direla. Lehenagoko beste txosten batean, Nazioarteko Laneko Erakundeak landutakoan hain zuzen, 750.000 lagun ageri dira egoera horretan. Euskal Herriari dagokionez, dakigula bederen, ez dago ikerlan zehatzik. Dena dela, bai enpresaburuak, bai sindikatuak, arazoa existitzen dela ohartuta daude. Are gehiago, sindikatuen iritziz, ona da gorabehera hori hizpide izatea, jendea arazoaz jabe dadin.
Hegoaldean, Hirigoyen elkarteak 2001az geroztik dihardu arazo berri honi aurre egiteko ahaleginean. Erakundeko arduradunek diotenez, litekeena da eremu geografiko horretan 160.000 lagun inguru izatea laneko eraso morala pairatzen dutenak. Europa osora itzulita, han ere badira afera horren gaineko azterlanak, eta, txostenetako batean, honako datu hau ageri da: laneko eraso morala omen da Suediako suizidioen %10 edo %15aren kausa nagusia. Nolanahi ere, lehenbizi eta aurrera egin baino lehen, argi dezagun zer den laneko eraso morala eta zer ondorio ezagun dituzten mobbinga pairatzen duten pertsonek.


ZER DA MOBBINGA EDO LANEKO ERASO MORALA?

Honela definitzen dute mobbinga edo laneko eraso morala: lagun batek edo batzuek, nagusiak nahiz lankideak izan daitezkeenak, etengabe eta sistematikoki bortxa psikologikoa praktikatzen dute langileren batekin, hots, hitzezko edo formazko tratu txarra ematen diote, eta ondorioz langileak ezbehar psikologikoa eta pertsonala nozitzen ditu, hau da, pixkanaka bere buruarekiko konfiantza eta estimua galtzen ditu. Egoera hori dela kausa, langileari lermatu egiten zaizkio, hala errendimendua, nola osasun fisikoa eta psikikoa, eta, hainbat kasutan, baja hartzea edo enpresa uztea izaten ditu aterabide bakar. Gorago aipatu dugun azterlanaren arabera, besteak beste honako jokabide hauexek ezaugarritzen dute langileen eraso morala: berez egiteko gai den baino askoz zeregin apalagoak edota baliogabeak izendatzea, komunikatzeko bideak murriztea edota ez balitz bezala jokatzea, desmoralizatzen ahalegintzea, lan karga jasanezina ematea, lehertzeko zoriraino emozionalki desestabilizatzea eta publikoan umiliatzea.
Gorabehera honetan espezialistak direnek diotenez, bi eratakoa izan daiteke eraso morala. Gradu hierarkikoan gorago daudenak badira jazarle, erasoa bertikala da; ordea, gradu bereko lankideak badira, erasoa horizontala da. Moralki erasotzeko modu honetan ere enpresaburuak eta zuzendariak dira erantzule, zeren haiei baitagokie lankideek beren arteko bat mendean har ez dezaten ziurtatzea.


ERASOAREN ONDORIOAK.

Oro har, zer-nolako osasun gorabeherak izaten dituzte laneko eraso morala pairatzen duten pertsonek? Aipatu azterlanean, ondoko egonezin edo ezbehar hauek ageri dira izendatuta: bizkarreko edo giharretako mina, suminkortasun larria, negarra eta depresioa biz behin; insomnioa eta amesgaiztoak tarteko, neke fisikoa eta profesionala, apatia eta segurtasun eza, jangura eza, digestio txarra, buruko mina, neke kronikoa eta abar.
Eta, zer-nolako langileei erasotzen zaie errazen? Adituek diotenez, 30 urtez azpiko langileak, 50 urtetik gorakoak, etorkinak, administrazioko langileak eta zerbitzu enpresetakoak dira aise eraso dakiekeenak. Bestalde, ez dirudi prestakuntzak edo graduak inor babesten duenik, hau da, berdin erasotzen zaie eskulangileei eta lizentziatuei.
Laneko eraso moralak, jakina, biktimari erasaten dio lehenik eta behin, baina, horrez gainera, enpresen produktibitatean eta gizartean ere badu eragina. Hirigoyen elkarteko arduradunen iritziz, lermatu egiten dira produktibitatea eta efikazia. Bestalde, giro liskartsua eta tentsioa direla kausa, ugaldu egiten dira bajak eta nabarmen hazten dira enpresetan haien ondoriozko gastuak. Gizartean nola igartzen den ikusteko, hona hemen datu esanguratsu bat: langile erasoen %10ari behin betiko baliaezintasuna aitortzen omen diote azkenean. Laneko ezintasunen arloan, Hirigoyen elkarteak duela urte batzuk argitara eman zen Suediako txosten bat aipatzen du. Lan horretan datorrenez, urteko eta fabrikako 4.500 milioi eurotik gora igotzen dira arazo horren ondoriozko epaien gastuak.
Lehen aipatu "Barómetro de Cisneros" azterlanean baieztatzen denez, laneko eraso moralaren pairatzaileetan, hiru pertsonatatik bat bakarra ohartzen da jazarpenaz. Bestalde, langileen %45ak ikusi izan omen ditu erasoak, hirutik bitan nagusiek mendekoei eginak izaten omen dira eta erasoen lekuko gehienek ez omen dute ezer egiten biktimei laguntzeko.

HEMENGO ELKARTEAK.

Geuk dakigula, Hegoaldean badira dagoeneko arlo honetan diharduten bi elkarte: Hirigoyen EAEn eta Laneko Eraso Psikologikoaren Aurkako Elkarte Nafarra. Hirigoyen 2001eko azaroaz geroztik ari da lanean: Bizkaian jaio zen, lurralde hartan gertatzen baitzen laneko eraso moral gehien. Helburuei gagozkiela, informatzea eta salatzea eta pairatzaileei laguntza pertsonala, psikologikoa eta aholkularitza juridikoa ematea lehenesten ditu erakunde horrek. Horrez gainera, sindikatuekin, alderdi politikoekin eta erakunde sozialekin ere lan egin nahi du, zeren, azken buruan, legeak ematea lortu nahi baitu, pertsona erasotzaileari, hala badagokio bederen, espetxeratzeko zigorra eman diezaioten, jada Europako zenbait herrialdetan egiten den gisan. Nafarroako elkartea, berriz, iazko maiatzean jarri zen abian, eta lanpostuan eraso morala nozitu izan duten lagunak izan dira sortzaile

Xabier Telletxea

Lanpostuak betetzeko eskakizunen artean euskararen jakintza beharrezko izateak polemika piztu ohi du gizartean. Izan ere, euskarak beste zenbait esparrutan aurrerapausoak eman dituen arren, lan munduan hizkuntzaren jakinduria ezinbesteko baldintza izateko prozesua astiro doa. Enpresa pribatu nahiz erakunde publikoek langileak eskatzerako orduan euskarari dagokionez teorian jarraitu ohi dituzten irizpideak praktikan betetzen ote dituzten jakin nahian, eta euskara lan egiterako orduan garrantzizkotzat hartzen ote den jakiteko xedez, geure ikerketatxoa egitea erabaki dugu.

Gai honen inguruan Círculo de Progreso delakoak eginiko "Infoempleo 2002" ikerketak zera atera zuen ondorio gisara: 2001eko apiriletik 2002ko apirilera bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan agerturiko lan eskaintzen %12ak bakarrik eskatzen zuen euskara menperatzea. Aitzitik, 2001 urteko datuekin alderatuz, euskara jakitea eskatzen zuten lan eskaintzak bikoiztu egin zirela ondorioztatzen du ikerketa honek, 2001ean lan eskaintza guztien %7,8a osatzen baitzuten euskarazkoek.
Ikerketa hori abiapuntutzat harturik, gure ikerketatxoari ekin diogu eta Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta erakunde publiko nahiz pribatuentzat langileak aukeratzeaz arduratzen diren zenbait enpresa pribaturekin jarri gara harremanetan. Enpresa pribatuen kasuan, denek zera erantzun dute: euskararen jakintza kontuan hartzen dela, baina ez dela ezinbesteko betekizun. Dena den, etorkizunean euskararen erabilera enpresetan sustatzeko asmo eta balizko proiektuekin babestu dute euren erantzuna. Ondorio garbiena zera izan da, lanpostuen arabera neurtzen dutela euskararen jakintza maila. Esaterako, estatu osoko erakundeei enpresa aholkularitzako zerbitzu integralak eskaintzen dituen Donostiako Oteic enpresan, komertzialek euskara jakitea beharrezkotzat jotzen dute, ingelesaren erabilera ere garrantzitsutzat jotzen dutelarik. Halaber, lan egiterako garaian euskararen jakintzak herrialdearen arabera garrantzi handiagoa edo gutxiagoa duela baieztatu digute, herritarrenganako hurbiltasuna ziurtatzeko xedez.
Besteak beste, komunikazio eta informazioen teknologia zerbitzuak eskaintzeaz eta enpresa pribatu nahiz erakunde publikoetarako langileak hautatzeaz arduratzen den LKS enpresak aldiz, profesionaltasunaren oreka maila mantentzeko adinako euskara jakintza eskatzen dutela adierazi digu. Era berean, etorkizunari begira enpresa barnean euskara bultzatzeko euskalduntze proiektu baten diseinua aurkeztu dutela ere jakinarazi digute. Hots, enpresa honek gainerakoen antzera euskararen jakintza curriculumean ez dela beharrezko ezaugarri ziurtatu digu.
Eusko Jaurlaritzak eskainiriko informazioan oinarrituz, lanpostuaren arabera exijitzen da euskararen jakintza maila. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan herritarrek Administrazio Publikoarekiko harremanetan zein hizkuntza ofizial erabili nahi duten aukeratzeko, hala nola hizkuntza horretan harrera izateko eskubidea dute. Beraz, administrazio arloan adibidez euskara ezinbesteko baldintza da. Horretan oinarrituz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 1997ko apirilaren 15ean argitaraturiko 86/1997 dekretuaren arabera, euskara eta gaztelania, biak dira hizkuntz ofizialak Euskal Autonomia Elkartean diharduten herri administrazioetan. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden herri administrazioekin euskaraz jarduteko eskubide osoa du herritarrak eta, beraz, eskubide hori bete dadin, herri aginteek, nork bere esparruan, euskara zerbitzu zein lan hizkuntz modura normaltasunez erabiltzeko hartu beharreko erabaki guztiak hartuko dituzte. Lege hau betetzen den frogatzeko, Eusko Jaurlaritzako zenbait departamenduera jo dugu. Bertan, zenbaitetan erdaraz hitz egiteko eskatu digute. Ondorioz, lege hau ez dela betetzen frogatu ahal izan dugu. Erdaraz hitz egiteko eskatu diguten langile hauei ea euren lanpostuetan euskaraz hitz egitea beharrezkoa den galdetu diegunean baiezkoa erantzun digute, bigarren perfila dutela beharrezko azalduaz.
Euskararen erabilera normalizatzeko 10/1982 Oinarrizko Legean eta Eusko Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legean ezarritakoa garatuz eta aplikatuz lanpostuen portzentaia jakin batean aritzeko beharrezkoa da euskaraz jakitea eta gainerako lanpostuak betetzeko euskara merezimendua da. Hala, administrazio baten plantillan euskara derrigorrezkoa duten lanpostuen portzentaia, administrazio horren eraginpeko esparruan dauden euskaldunen kopuruaren araberakoa da.
Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazio Publikoaren kasuan aldiz, eremuaren arabera euskararen erabilera modu ezberdin batean arautzen da: eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez euskalduna. Hiruetan aitortzen zaie herritarrei administrazio publikoekiko harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea, Foru Legean berean ezarritako eran, eta eskatzen zaie administrazio horiei eremu bakoitzean hainbat neurri har dezatela eskubide hori gauzatzeko, modu eta maila ezberdinetan. Eremu euskaldunean, euskara administrazioan erabiltzeko arauek euskararen ofizialtasun osoa ezartzen dute. Eremu mistoan, aldiz, herritarrek euskara zein gaztelania erabili ahal dute Nafarroako Administrazio Publikoekiko harremanetan. Administrazioak behartuta daude euskaraz hartutako dokumentuak eta haien ondorio guztiak onartzera. Eta azkenik, eremu ez euskaldunean, herritarrei Administrazio Publikoekiko harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea aitortzen bazaie ere, administrazioak gaztelaniazko itzulpena eskatu ahal die interesatuei edo Nafarroako Gobernuko itzulpen ofizialeko zerbitzuak erabili. Dena den, teorian hala izan arren, ohikoa da praktikan irizpide hauek ez betetzea.
Lege hau abiapuntutzat harturik, birritan hitz egin dugu Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazio Publiko bi administrarirekin, eta hauen erantzuna, arren erdaraz hitz egiteko izan da.
Orobat, bai Eusko Jaurlaritzaren kasuan eta baita Nafarroako Gobernuaren kasuan ere, euskara maila altuena administrazio, prentsa, kultur, zuzenbide eta hezkuntza arloetan eskatzen da. Kasu hauetan, mintzamenean hirugarren edota laugarren hizkuntz eskakizuna eskatzen dira. Hau da, euskara gaitasun ertaina edo altua erakutsi behar dute. Aldiz, euskara maila txikiena osasun, industri, gizarte eta zientzi arloetan eskatzen dute. Lanpostu hauetarako, oinarri-oinarrizko euskara gaitasuna erakutsi behar dute zenbait kasutan, bai hizkuntz erabilerari berari dagokionez, bai berariaz lanerako behar den gaitasunari dagokionez ere.
Hizkuntz eskakizun hauei buruz informazio landu bat eduki xedez, lanpostu hauek betetzeko azterketak egiteaz, giza baliabideez eta administrazio ikerlanez arduratzen den Eusko Jaurlaritzaren Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin harremanetan jarri gara. Halere, ez digute inolako informaziorik eskaini nahi izan, euren erantzun bakarra beste departamendu batzuetara bideratzea izan delarik.
Bestalde, azken hilabeteotan komunikabideetan salatu den beste egoera bat aintzat harturik, hau da, osasun arloan lan egiteko orduan euskararen jakintza meritu hutsa dela hizpide harturik, informazio hori kontrastatu xedez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin jarri gara kontaktuan behin baino gehiagotan. Harreman honen ondorioa beti izan da berbera, hots, inork ez du gai horri buruzko informaziorik eskaini gura izan.
Alabaina, azterketatxo honetan ezin aipatzeke utzi enpresen barnean euskara sustatzeko antolatu ohi diren euskara planak. Enpresak dituen langileen artean euskaraz hitz egitea eta kontsumitzaileari arreta euskaraz eskaintzea xede duten plan hauek ugarituz joan dira azken urteotan. Hala ere, euskarak aspektu honetan zein beste batzuetan aurrerakada nabarmenak egin dituen arren, ikerketa txiki honekin oraindik ere Euskal Herrian lan egiteko orduan euskara merezimendu gisa kontsideratzen dela eta curriculumean beharrezko betekizun ez dela ondorioztatu dugu

Aitziber Salaberria


Izenez ezagunak ez izan arren, ziurrenik guztiok izan dugu inoiz flyer bat esku artean. Flyerra publizitatea egiteko bide bat da. Jatorri ingeleseko hitza da, eta hegalari esan nahi du. Hegalari zergatik? Antzina publizitatea egin asmoz, airetik banatzen zelako.

Flyerra, beraz, publizitatea egiteko euskarri bat da. Berria ez baina berreskuratua, kalitatezkoa eta era berean zaindua. Eskuorri formatua izan ohi du eta edozein gertakari mota iragartzeko erabiltzen da. Oro har komunikatzeko eta iragartzeko funtzioa badute ere, euskarrietan erabiltzen diren irudi, kolore, forma eta orokorrean diseinuek izaten dute garrantzirik handiena. Hasiera-hasieratik, irudia izan baita flyerrek transmisiorako erabili duten bide nagusia.
Historian atzera eginda, II. Mundu Gerran aurki daiteke egun ezagutzen ditugun flyerren sorrera. Ekitaldi eta erabaki politikoen berri eman asmoz, hegazkinetatik botatzen ziren propaganda politikoa ziren. Flyer hitzak hegalari esan nahi badu ere, Ingalaterran 70eko hamarkada inguruan, klub kulturaren eraginez gonbidapen zentzua hartu zuen. Hura izan zen flyerren garairik oparoena. Turismoaren gorakada, Ibiza moduko irletan ematen hasi ziren eskaintza berriak: diskoteka berrien sorrera, kaleko festa alternatiboak... testuinguru horretan gertatu zen flyerren gorakada.
Diskoteka eta festa giro horretan, orduko artista gazteek grafismo minimalista bat sortzeari ekin zioten, garai hartan agertu berri zen fotokopiagailuari esker. Logotipo eta argazki erakargarriez osaturiko konposizioak egiten hasi ziren, eta testu informatiboa bigarren maila batean geratzen zen. Jendea ez baitzegoen ohituta, flyerra bezalako euskarri txiki batean izugarrizko informazio pila ikustera. Irudi eta argazkien jokoan, guztiak balio zuen. Eta testuingurutik ateratako irudiez osatutako gonbidapenek, jendea erakartzea lortu zuten.


PUBLIZITATEA EGITEKO MODU BERRIA.


Egun egiten diren flyerrek ere gonbidapen edota emanaldi zehatz bat ezagutzera emateko funtzioa betetzen dute. Testuinguruak ahalbidetuta-edo, flyerrek, Bartzelona, Paris, Londres eta Ibiza bezalako hirietan izugarrizko garapena eta eragina lortu dute. Euskal Herrian ordea, flyerrak giro eta kultura jakin bati loturik ezagutzen dira. Tartean-tartean, baina, adibide ederrak ikusteko aukera izaten da.
Espainiako Estatuan bereziki flyerrak egiteko enpresa jakinak dauden bitartean, Euskal Herrian oso bestelakoa da egoera. Publizitate agentzia, inprimategi, egunkari edota aldizkarietan lanean dabiltzan diseinugileak izan ohi dira gure artean flyer egileak. Flyerrak ordea, lanpostuetatik kanpo, euren etxeetan egiten dituzte. Hori dela eta, diseinugile hauek formatu honen bidez izaten dute aske sentitzeko aukera. Esperimentuak egiteko aukera, eta sarritan lanpostuetan inposatzen dizkieten agindu eta arau zurrunak hausteko aukera.
Euskal Herrian, baina, izan zen publizitatea egiteko antzinako metodo hura berpizten saiatu zen enpresa bat. Duela lau bat urte Flying Company izeneko enpresa sortu zuten Portugaleten. Bi urte eta erdiz lanean aritu ostean, Euskal Herrian hain espezializatuta zegoen enpresa batentzat lekurik ez zegoela ikusita, bertako partaideek beste proiektu eta helburu profesional batzuei ekin zieten. Jende gaztea izanik, batzuek formazio bide berrietara jo zuten, beste batzuk ordea, publizitate agentzietan dabiltza lanean. Eider Corral algortarra, Flying Company proiektuan aritutakoa, publizitate agentzia batetan dabil lanean; flyerrak egiteko beta ere izaten du, ordea. Honen ustez, "eguneroko publizitatean ikusten ditugun konposizio eta ideietatik aldendu eta espresio modu desberdinak bilatzen dituzten euskarriak dira flyerrak". Egun, arte eta kultur ekintzen inguruko informazioa zabaltzeko erabiltzen dira, batez ere. "Hastapenean musika elektronikoari lotuta sortu baziren ere, muga horiek gainditu eta publizitatea egiteko modu 'berria' bilakatu dira: arropa dendak, ile-apaindegiak, tabernak eta oro har, gaur egun hiri handietako kulturan sortu diren interes eta adierazpen moduen erakusle eta bermatzaile bihurtu dira", gaineratu du Corralek.
Flyerren kontua Euskal Herrian beranduxeago hasi bazen ere, diseinugile ugari dabil aspalditik diseinatzeko modu berri eta ezberdinetan sakontzen. Flyer egileak, beraz, uste baino gehiago dira, baina bakoitza bere bakartasunean aritzen denez, euren irudia oso ezezaguna izan ohi da.
"Flyerrak egiteko estudio txiki batzuk ere badaude. Hauetan, sormenari balio gehiago ematen zaiola esan daiteke, baina, hala ere, diseinugilea ez da artista oso bat, beti nagusi batentzako lan egin beharko duelako. Hemen batez ere, lagunartean egiten dira flyer gehienak. Euskal Herrian oso gutxi dira flyer moduko publizitatearengatik dirua ordaintzeko prest dauden klub edo diskotekak. Dena den, lan hauengatik diru gehiegi ez irabazi arren, sarritan beharrezkoa izaten dugu gure ideiei bidea emateko modua aurkitzea, horrek lanetik kanpo ordu mordoa sartzea badakarkigu ere", azaldu du Corralek.
Euskal Herrian, beste leku gehientsuetan bezalaxe, flyerrak kultura zehatz baten erakusle izan dira; kultura horren ideia eta bizimoduen isla. Muga horien barruan, flyerrek gure artean garapen txikiagoa izan dute, Euskal Herriko hirietako beharrizan eta azpiegiturak ezin daitezkeelako Bartzelona, Londres edo Paris bezalakoekin alderatu.
Flyerren ezaugarriei dagokienez, askatasun handiko euskarritzat daukate egileek. "Diseinuaren munduan askotan modari gehiegi jarraitzeko arriskua egon da baina, orokorrean, diseinugile gazte askok sormena garatzeko euskarri ezin hobea izan dugu, askatasun handia izaten baita flyer bat diseinatzerako orduan", azpimarratu du Corralek.


HIRI HANDIETAKO BEHARRAK ASETZEKO.


Hernaniko Kardaberaz kalean dagoen Andrekale 35 dendan diseinua, serigrafia, konposizioa... egiten dituz. Euren eguneroko jarduna horretara mugatzen ez bada ere, flyerrak ere egiten dituzte. Bertako langileen esanetan, "Egun egiten diren flyerren kontsumitzaileak mota guztietako publizitatea jasotzera ohituta daude. Beraz, flyer egileen erronka, jendearentzat euskarri erakargarri bat osatzea da. Erakargarritasuna lortu nahi horretan, testuko informazioak ez du garrantzirik, bigarren maila batean geratzen baita".
Flyerrak oro har, hiri handietako beharrak asetzeko sortu ziren. Esaterako, Bartzelona moduko hiri batean aste egun nahiz asteburuetan dauden emanaldiak ezagutzera eman nahi badira behintzat, ezinbestekoa da publizitatea egitea. Milioika biztanle dituen hiri batean ezinezkoa baita ahoz ahoko transmisioa.
Euskal Herrian, aldiz, hiriak askoz ere txikiagoak dira eta emanaldi eskaintza ere murritzagoa da. Horregatik flyerrek, beharrizanak eraginda baino gehiago, herentziak eraginda izan dute jaiotza eta garapena Euskal Herrian. «Hiri handietan flyerrek irudi bat sortu eta horren bitartez bereizketa bat lortzen dute, beste festa, klub edo tabernenganako bereizketa. Baina guztiaren atzean komunikazio behar bat dago. Euskal Herrian behar hori badagoen arren, beste bitarteko batzuen bidez osatzen da: egunkarietako agenda, argitalpen bereziak, ahoz aho...", adierazi du Corralek.
Publizitatea egiteko modu berria bada ere, egileen esanetan, geroz eta jende gehiagok daki flyer bat zer den. "Baina noski, kultura zehatz bat bizi dutenek askoz ere sakonago ezagutzen dituzte", Eider Corralen ustez. Izan ere, egun edozein musika mota izanda ere, emanaldiak iragartzeko ezinbesteko euskarri bilakatu dira Andrekale 35eko lagunen iritziz.
Orain arte flyerrak gizartearen gutxiengo batek sortu eta kontsumitzen bazituen ere, egoera ari da aldatzen. Hedabide eta enpresa erraldoiak flyerren estetika erabiltzen hasiak dira, publiko gazteari zuzenduriko produktuetan batez ere.
Flyerrak publizitatea egiteko euskarri izanik, euren eragina nahiz errentagarritasuna neurtzea ez da batere erraza izaten. "Flyerrek negozio bati balore batzuk ematen dizkiote, irudi bat garatzen dute eta hori denboran zehar landu behar denez, emaitzak epe luzera ikusten dira. Taberna askok hilabete batetako programazioa antolatu, flyerrak egin eta segituan ikusi nahi dituzte emaitzak. Hori ordea, oso gutxitan gertatzen da. Nire ustez, Euskal Herrian komunikazio modu honetara hurbildu diren ostalariek oso pazientzia gutxi izan dute", azpimarratu du Corralek.

MODAK.

Egun egiten diren flyerren ezaugarriak definitzerakoan, «formatua guztiz komertziala» dela adierazi dute Andrekale 35eko lagunek. Izan ere, flyerraren bizitza oso laburra da; egun edo ordu gutxi batzuk baino ez ditu irauten, eta oso azkar kontsumitzen den produktua da.
Flyer egileen ustetan, flyerrak diseinatzeko orduan, modak beti ere eragin handia izan du. Baina modaz gain, iragartzen den emanaldia ere baldintza bilakatzen da, flyer bat egiteko euskarri eta iturri grafikoak aukeratzerako garaian.
Urteetan zehar itxura æretroaÆ edo oso robotikoa erabili izan da. Elementu urritasuna eta garbitasuna ere oso modan egon da. Egun konposizio beteagoak osatzeko joera dagoela dio Eider Corralek: «Sarritan, estilo eta irudi zahar nahiz berriak nahastu izan dira flyerretan. Horrek ez du esan nahi garbitasuna modan zegoenean izaera barrokoagoa zeukaten flyerrak egiten ez zirenik, eta alderantziz. Diseinugile bakoitzaren estilo pertsonalak eragin handia izaten du flyerretan, eta hori modaz haratagoko kontua da"

Maider Zapirain


Hegazti harrapariak, harraparitza ogibide duten heinean, haragizale sutsuak dira. Espezie guztiek honako ezaugarri orokorrak betetzen dituzte: gakodun moko sendoa batetik, euren harrapakinen haragia urratzeko erabiltzen dutena. Begi borobil handiak, harrapakinak zehaztasun handiz antzemateko, eta nola ez, hankatzar luzeak erpe zorrotzekin, biktima sendo heltzeko. Hegaztitzar hauek ederki diseinatuta daude beren eginbeharretarako, alegia espezializazio maila gorena lortu dute, justu harrapakina ehizatu, hil eta labanarekin arituko balira bezala zatikatzeko. Ikusmena eta entzumena ere bikainak dituzte. Ehiztari sena barru-barruraino sartua daukate, nahiz badauden espezieak sarraskijale izatera ohitu direnak, gorpuzkinak aprobetxatzen dituztenak. Alferkeria ote da arrazoia? Talde honetan sailkatzen dira saiak.

Zenbait ezaugarri orokor aipa dezakegun arren, ezaugarri asko aldakorrak dira espezie bakoitzaren arabera. Hainbat faktorek eragiten du aldakortasun horretan: ehizatzen duten harrapakin mota, gaueko edo eguneko harraparia den, bizi ohiturak...
Esate baterako, eguneko harrapari askotan, dimorfismo sexuala ikusten da, hau da, emeak arrak baino dezente handiagoak dira, eta kasu askotan baita ehiztari trebeagoak ere. Saien kasuan ordea, ez da horrelakorik ikusten, kumeen zaintza eta elikadura, eme eta arrek hartzen duten erantzukizuna baita.
Espezializazio maila altuaren aipua egin dugu, eta hau, ehizatuko duten harrapakin motak baldintzatua egongo da. Erabiliko den ehiza-teknika ezberdina izango da. Adibidez, airean dabiltzan txoritxoak ehizatzen dituztenek, gabiraiek eta aztoreek esate baterako, puntako trebezia dute hegalaldi mugimenduetan. Aldiz, lur gainekoak ehizatzen dituztenen hanken diseinua izugarria da, sendotasun handikoa. Arranoa da adibide argigarria.
Eguneko harraparien taldean daude mirua, zapelatza, gabiraia eta mirotza ere, baina guztien gainetik erregea da arranoa. Sinbologiaz betetako hegaztia da antzina-antzinatik. Ehiztari trebea da, hegada zehatzek ez dute atzean harrapakinik uzteko aukerarik ematen. Arrano beltza adibidez, abiada itzelean lurreratzen da eta harrapakina ezustean harrapatzen du. Hegazti sedentarioa da berau, eta gainera, bere bikotekideari hil arterainoko fideltasuna adierazten dio. Bikotekidea hilez gero parekatuko litzateke beste batekin. Elikadurari dagokionez, hegazti zein narrastiak jaten dituzte, baita ugaztun txikiak ere. Arranoa eguneko harraparien artean errege dela esan dugu, baina gure lurraldean arrano espezieek atzerakada nabarmena jasan dute.


ILUNEKO HEGAZTI HARRAPARIAK.

Iluneko hegazti harrapari hauek gauaren iluntasunean ehizatzen espezializaturik daude. Horregatik daukate daukaten itxura berezia. Talde honetakoak dira hontz handia, urubia, mozoloa eta hontz zuria, adibidez. Itxuraz eguneko harraparietatik asko bereizten dira, gauez ehizatzeak moldapen asko eskatzen baititu gorputzean. Lumajeak kolore marroi eta grisekoak dira eta kamuflaje bikaina da, egunez, beraien irudiak zuhaitz enborretatik bereiztea zaila izanik. Oso adierazgarriak dira begiak, handiak eta borobilak, ikusmen ezin hobea dute, ia iluntasun betean ere ikusteko gai dira. Gainera, nahiz begiek mugikortasunik ez izan, izugarria eta sinesgaitza da lepoaren malgutasuna. Harrapari gautar batzuek burua 360 graduz biratzeko gaitasuna dute, beti ere gorputza tinko edukiz, noski. Entzumena ere oso garatua izaten dute, honetaz bakarrik baliaturik ere ehizatzeko gai izango lirateke. Zelatan egoten dira ibiltari gautar despistaturen bat azaltzen den arte eta harrapakin preziatua ustekabean bereganatzen dute, hegada isilak ia ez baitira nabarmentzen. Harrapari hauen dietaren barne intsektu, arrain, hegazti eta bestelako ugaztun txikiak sartzen dira. Hala ere, harrapakinak sarri askotan sagutxo gautarrak izaten dira. Harrapakin txikiak osorik barneratzen dituzte eta handiak zatikatuta. Liseri ezin dituzten atalak goitika eginda kanporatzen dituzte: lumak, hezurrak... Hauek egagropilak deitzen dira, biologook aztertzen ditugunak zer jan duten bereizteko.
Ohikoena isiltasunaren lagun izatea da, ehizan arrakasta lortu ahal izateko, baina araldian oihu beldurgarriak igortzen dituzte. Hil arteraino bikotekide bera izaten omen dute espezie harrapari askok. Kumeak hogeita hamar egun inguruko txitaldiaren ostean jaiotzen dira. Txita batzuk besteak baino handiagoak izaten dira, eta hauei ematen zaie janari gehien. Nahiz gizakiari krudelkeria iruditu, oso eraginkorra izaten da espezieen biziraupenerako. Gainera, ez dute inongo erreparorik izaten beraien bizitza arriskuan jartzeko, txitak babesteko bada behintzat. Oso temati eta erasokorrak izaten dira

Pello Zubiria

Ehun milaka kontatu beharko dira Iraken gerrak eragingo dituen heriotzak. Eta munduko petrolio erreserbarik handiena oinpean duen herrialde horretan guduek eragingo dituzten kalte ekonomikoek ere zenbakia izanen du laster. Denbora asko baino lehen, Estatu Batuek gerra abiarazteko erabakia aspaldi hartua dute-eta.

Gerrari ekiterakoan epe laburreko etekinak hartuko zituzten kontuan estratega militarrek, gehienetan bezala, eta ondorengo bi hamarkadari begira Estatu Batuen energia beharren kalkuluak ere erabakiorrak izan dira jauzi berri honetarako. Irak eta inguruko herrialdeetan gerrak eragingo dituen kalte ekologikoak ez dirudi inork asko baloratu dituenik, eta aldiz horiek oso ondo neurtuta daude duela hamaika urte burutu zen Golkoko Gerratik. Ordukoa errepika baitaiteke oraingoan... baina neurri askoz handiagoan.

«Exon valdez» bider 150.

Gerra haren atal ezezagun horiek aztertu dituen erakunde bat baino gehiago bada. Washingtongo American University-k dituen Mandala izeneko proiektuen barruan, bada bat gatazkek ingurumenean dituzten ondorioak aztertzen dituena: "Inventory of Conflict and Environment" (ICE) data baseak munduko 110 gerra eta gatazka ikertzen ditu ekologiaren ikuspegitik. Beste erakunde bat Mikhail Gorbatxovek sortutako Gurutze Berdea da. «Friends of the Earth» (Lurraren Lagunak) elkarteko bi kidek oso informe garrantzitsua argitaratu dute berrikitan "The Guardian" egunkarian. Eta gerra hartan hain ugari erabili zen uranio pobretuaren eraginei buruzko oso informe zehatza Amsterdameko «Laka» fundazioak eskaini du.
Ikertzaile guztiek azpimarratu dute kutsadura kimikoaren garrantzia. Hasteko, petrolioak Kuwaiten eragindako kutsadura izan zen ondorio oso nabarmena. Saddam Husseinen tropek Kuwaiteko putzuetako iturriak irekita utzi zituzten beren ihesean, eta horren eraginez historiako petrolio kutsadurarik handiena gertatu zen. 60 milioi upel petrolio isuri zen orduan, Alaskan "Exon Valdez" ontzi famatuari ihes egin zion kopuruaren 150 halako.
46 kilometro koadro hartuz, 246 aintzira beltz eta bizigabe sortu ziren isuri horiekin guztiekin. Petrolioa hein batean Golkoko uretaraino ere iritsi zen eta han isuri ziren 11 milioi upel, "Exon Valdez"en 20 halako. 1.500 kilometro baino gehiagoko kostaldea geratu zen luzarako zikinduta. 80 itsasontzi baino gehiago hondoratu zen gainera itsaso horretan, eta denetara hamarkadatan konponduko ez den hondamendia eragin zuten.
Putzu horietako askori, gainera, su eman zioten irakiarrek etxerantz ihes egiterakoan. 613 petrolio putzu sutu zituzten, eta horien kearen eraginez eskualde zabal bateko tenperaturak bederatzi hilabetetan 10 gradu hotzagoak izan ziren.
Eta hori gutxi balitz, Saddamen kontrako erasoa egin zuten aliatuen makineria militarrak ere bere mugimendu zamatsuan gogor kaltetu zituen ekosistema oso ahulak diren desertuko hareak. Gerra bukatuta, Kuwaiteko arduradunek aitortu dute duna higikorrek aurretik hartzen zuten zabaleraren bi halako dutela geroztik, eta harea eta hauts ekaitzak orain gogorragoak direla.
Irakiarrek isuritako petrolioaren heren bat lortuko zuten berriro biltzea kuwaitarrek. Gainerakoa hondarretan lurperatu zen, herrialde horretako ur edangarrien erreserben erdiak luzarako pozoituz. Ingurumenean petrolioaren atal honek bakarrik 40.000 milioi dolarretako kostea eragin zuela kalkulatu da. Irak askoz handiagoa izanik, hastear dagoen gerra are garestiago aterako zaio naturari. Eta hori, kontuan hartu gabe oraingoan beste eragin kimiko ezberdinak ere izanen direla: egia bada irakiarrek arma kimikoak badituztela, bai horiek erabiltzeak edo bai horiek erasoan leherrarazteak eragingo dituztenak.

Uranio urrituzko munizioak, modako herio tresnak.

Golkoko gerratik nahikoa nabarmendu ez den beste kaltea uranio urritu edo pobretuz egindako proiektilek eragindakoa da. Batzuen ustez 300 tona uranio erabili zen gerra hartan eta beste batzuen iritziz 800. Hainbat ikertzailek kalkulatu du 50 tonaren erabilerak milioi erdi bat pertsonaren minbiziak sorraraz ditzakeela ondorengo urteetan. Balkanetako gerretan ere erabili da munizio mota hau, eta gero eta garbiago dago Estatu Batuetako soldadu beteranoak berak ere ari direla horren ondorioak nozitzen.
Uranio oxido hautsa tankeak edo gotorlekuak zulatzeko munizioetan erabiltzen da, eta AEBetako armadaren "Abrams" tanke batek horietako "pepino" bat botatzen duen bakoitzean 900-3.400 gramo uranio barreiatzen du haizean. Hauts fin hori inguruan daudenek arnastuko dute, edo kilometrotaraino urrunduko du haizeak, urruti dauden pertsonen biriketaraino eramanez.
Erasoan doazen tropak ezin dira behar hainbeste babestu hauts horretatik, eta are gutxiago arerioak eta inguruan diren zibilak: hauen biriketara bezala edango duten uretara edo janarietara hedatuko dira hauts pozoitsu horiek.
Gero eta gehiago erabiltzen da munizio mota hau, bai tankeen eta helikoptero edo hegazkinen kanoietan, baina baita soldaduen proiektil ttikiagoetan ere. Horiek ukitutako lurrak deskontaminatzeko kosteak? Izugarriak: AEBetan egin zen saio bat froga gisa eta 69 tona jaurti ziren 200 hektarea uranio oxido hautsetik garbitzeko. 4.000-5.000 milioi dolar beharko zela kalkulatu zuten. Saudi Arabia, Kuwait eta Iraken gutxienez 300 tona erabili baziren...


LANDAREAK, ANIMALIAK... ETA GIZAKIAK.

Aipatu ditugun erakunde horiek gainean dugun gerra honen bestelako eraginak ere aztertu dituzte. Herrialdeko bioaniztasunak jasango du eraso gogorra. Nazioartean garrantzitsutzat katalogatuta daude 33 padura edo zingira Iraken. Hainbat animaliaren berezitasuna ere azpimarratu izan da, dortoka ugarirena adibidez. 1991ko Golkoko Gerrak erakutsi zuen zer nolako kalteak jasan zituzten itsasoko plankton eta animaliek pozoiketa zela medio. Hain famatuak diren hango ganbak ikaragarri urritu ziren hurrengo urteetan, adibidez, beste arrainak bezala.
Eta ororen buru, gerraren kalte ekologiko nagusia gizakien heriotz, zauri eta lekualdatzeek osatzen dute. Duela mende erditik hona, edozein gudutan hamar hildakotik zortzi baino gehiago dira zibilak. 1991ko gerrak, Saddam Husseinen errepresioak eta zigor ekonomikoek Iraken bost milioi gizaki ihes egitera kondenatu zituen, eta beste milioi bat herrialde barruan lekualdatzera. Orain Irak lurrez eraso eta inbaditzen badute, zenbaiten kalkulutan 300.000-400.000 herritar bihurtuko dituzte biktima.
Batzuek arma beldurgarriekin erasoz, besteek munduko taktikarik zaharrena erabiliz -"etsaiaren eskuetan utzi baino hobe dena kiskaltzea"- lurraren osasuna eta milioika gizakirena hondatuko dituzte erremediorik gabe, urtetarako

http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan