Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-09 16:02:24
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-02-09 -- 1886.zenb

Mikel Asurmendi

Espainiako Gobernuak Galizia Plana plazaratu aurretik elkarrizketatu genuen Anxo Manuel Quintana. BNG alderdiko koordinatzaileak plan hau «propaganda hutsa» dela esan du berriki, baita PPren jarrera «iraingarria» salatu ere. Denbora joan ahala hondamendiaren ondorioak gero eta larriagoak dira. Sentimenduzko hitzak jaso ditugu Anxorengandik hasiera beretik: «Galizian badago herri sentimendu errotu bat, izaera ezberdineko izatea eta kontzientzia dituena, baina horrek ez du gaurdaino galiziar nazionalistek politikan nahiko genukeen erreferente bat izan. æPrestigeÆren krisiak sentimendu horren izaera azaleratu du. Herritarren sektore zabal batek, honezkero Galiziak ezin duela trenaren azkeneko furgoia izan uste du, Galiziarentzat beste toki instituzional bat aldarrikatzen duena Espainiako Estatuaren barruan, baita Europaren baitan ere».

Bi hilabete luze joan dira Prestige ontzia hondoratu zenetik. Zer-nolako balorazioa egiten duzu gertatutakoaz?
Hasteko eta behin, galiziar herritarrek Prestigeren inguruan gertatu zena ezagutzeko eskubidea dute, hondamendia eragin zuenari buruz informatuak izan behar dute. Prestigeren inguruan eman ziren zirkunstantziak argitzeko eratu ziren hain zuzen Galiziako Parlamentuan ikerketarako batzordeak. Galiziako Parlamentuan Ikerketa Batzorde bat osatu zen, indar politiko galiziarrek aho batez osatua, eta indar berek, aho batez, gertatuari buruzko dokumentazio zehatz bat eskatu zioten Gobernuari. Hainbat pertsona deitua izan zen Batzordearen aurrean agertzeko, ez inola ere akusatu gisara, batzorde mota horretan ez baita akusaturik. Beren kolaborazioa ekar zezaten deitu genien, egia argitzeko. Izan ere, Ikerketa Batzorde batek termino horietan jardun dezake, besterik ez. Agertze horiek, berriz diot, Galiziako Parlamentuko hiru taldeen baiezpenarekin onartuak izan ziren.

Ikerketa Batzordea bertan behera geratu zen ordea.
Bai. Estatu mailan Autonomien Estatuan sinesten ez duen presidente bat dagoelako. Aznarrek ez du parlamentu autonomoetan sinesten, eta ez du batere erreparorik parlamentu autonomoen izaera aldatzen ahalegintzeko, berauen izaera zikintzeko, baita bere buruaren kontraesanetan aritzeko ere. Alegia, Galiziako Parlamentuko indar guztiek, aho batez, akordio bat lortu zuten Madrilgo Gobernuaren kargudunak ager zitezen, baita haiek zuten eta duten dokumentazioa azal zezaten. Aznar jaunak agerpen horiek ez egitea agindu zuen, dokumentazio hori ez zedin agertu ordenatu zuen. Agerpen horiek gabe ezinezkoa da batzorde batek aurrera egitea. PPk hil zuen Ikerketa Batzordea. Hartara, galiziar herritarrek ez dute egoera ezagutzeko eskubiderik izan, egia ezagutzeko aukera. Jarrera hau demokraziaren aurkakoa da. PPk, ministroak eta Gobernuaren ordezkariak Galizian agertzea edota Fraga Iribarne Ikerketa Batzordearen aurrean agertzea oztopatzean, katastrofe honen errudunak bere behatzez seinalatzen ditu.

Nor da erruduna zure ustez?
Nik ez nioke errua gobernu bati egotziko hondamendi bat euriteen ondorioz delarik, urakan-haizeek etxeak eramaten dituelarik edo lurrikara batek eraginda denean, baina hemen ez gaude katastrofe natural baten aurrean, hau zabarkeria politikoa da, zabarkeria onartua, behin eta berriz gertatua. Eta berriz gerta ez zedin behar ziren neurriak hartu ez zirenez gero, zoritxarrez, berriz ere gertatu da. Eta ez badira beharrezko neurriak hartzen, tamalez, berriz ere gertatuko da. Beraz, erantzukizun politikoak dituen gobernu ezgauza baten aurrean gaude, guztiz inkonpetentea, eta demokrazian erantzukizun politikoak ordaindu behar dira, dimisioa aurkeztuz, adibidez.

Xuntako Fraga presidenteak itsasoko legeak zaharkituak direla esan du eta haiei errua egotzi.
Espainiako Gobernuko hainbat kidek nazioarteko itsas legeei buruz hitz egiteak zinez harritzen nau. Lege hauek Moisesen mandamenduak balira bezala hitz egiten dute, lege hauek gizakiok eginak ez balira bezala, eta Espainiako Gobernuak ardura parte ez balu bezala, berak erantzukizun parterik ez balu bezala. Nork baimentzen du Europako Batasunak eta Itsasoko nazioarteko elkarteak Prestige bezalako ontziak Galiziako itsasbazterren paretik egunero pasatzen uztea? Alabaina, hori da jasan behar dugun errealitatea, eta errealitate hau lege batek babestuta dago eta Espainiako Gobernuak ez du ezer egin legea aldatzeko. Gobernu honek ez zuen inolako politikarik garatu lege hau aldatzeko, beraz, lege horren erantzulea da. Ez du zerura begiratzea balio, legeak santuek eginak balira bezala, legeak gizakiek eginak dira, eta gizaki horien artean Estatuko Aznar presidentea dago.

PPk Nunca Mais plataforma bere interesetarako erabili izana leporatu dio BNGri.
PPk hedabideetatik garatutako kanpainaren bidez biktimak errudunak bilakatu nahi ditu, PPk Prestigeren erantzuleak galiziarrak izatea bilatzen du. PPk menpekoen gizarte bat nahi du herritarren gizarte baten ordez. PPk ezin du Galizia kontserbadorearen topikoa faltsua dela onartu, gizarte apatikoa eta bere burua makurtzen duen gizarte bat nahi du, boterearekin pozik dagoena. PPk defenditzen dituen topikoak dira, faltsuak. Galiziak gizarte bizia eta heldua du, bere herriaren maitalea, eta ez dago burua makurtzeko prest. PPk ezin du hori barneratu eta herriko ekimenak krimen gisara azaldu nahi ditu. Nunca Mais plataforma eta bera bezalako ekimenek herri baten sumindura agertzen dute eta herriaren etorkizun onena nahi dute.

Orain arte dimisiorik ez izanak zer erakusten du?
Estatu demokratiko honen ahuldadea. Guk erantzukizunak eskatzen ditugunean ez ditugu bengantza bezala planteatzen, sistemak funtziona dezan beharrezko erantzukizunak baizik, besterik ez, herritarrek instituzioetan sinetsi dezaten hartu beharreko jarrerak dira. Galizian arrantzale flota amarratua dagoelarik, milaka pertsonek bere ekonomia arriskuan dutelarik, milaka herritar erasanak direlarik, egoera surrealista eta ezinezko honetan, izugarria da ontzigintzako enpresa bateko enplegatu zahar bat atxilotua egotea, eta txiste txar bat bota zuen zinegotzi sozialista bat bere kargutik at gelditzea. Estatu demokratiko batean hori gertatzea ez da serioa. BNG ez da isilduko horregatik, ez da kontentatuko hitz soilekin, borrokan segituko dugu, herritarrek ozenki exijitzen dutena eskatuko dugu, hots, egia ezagutzea eta erantzuleak ager daitezen.

Zein neurrian eragingo du hondamendiak Galiziaren etorkizunean? Emigrazio oste berri bat aipatu da.
Galiziatik kanpo ateratzen naizenean harrituta gelditzen naiz Galiziako errealitatea zein gutxi ezagutzen den gure herrialdetik kanpo. Azken hiru urte hauetan milaka gazte galiziarrek emigratu dute, beraz, Prestigeren hondamendirik gabe ere galiziar gaztedia erruz emigratzen ari zen. Costa da Morte bezalako tokietan emigrazio hori endemikoa da, ez da iraganaren kontu bat, egungo errealitatearen isla da, Galizian etengabe gertatzen dena.

Azkenik, galipota biltzen ari diren boluntarioak hizpide. Zer iritzi duzu beren laguntzari buruz esandakoaz?
PP boluntarioen aurka dago. Eta ez dago aurka kontu praktikoengatik edota boluntarioek eraginkortasunik ez dutelako, PPri konbentzimendu politiko batengatik ez zaio boluntarioen laguntza interesatzen. Boluntarioak beharrezkoak dira, eta estatuak eta administrazioak ez bezala, behar zen unean arazoaren buruan buru jarri ziren arazoari aurre egiteko. Edozein demokratak pozik izan behar luke herritarren lan eskaintzarekin, denon artean arazoa konpontzeko. Boluntarioek, hala ere, estatuaren eta administrazioaren osatze lana egin behar dute, eta ez hau ordezkatu, eta horrela gertatu izan da. PPk ez du begi onez ikusi boluntarioen laguntza ez duelako demokrazia partehartzailean sinesten, eta, gainera, bertara joaten diren boluntarioak arazoaren propagandistak eta PPren Gobernuaren politikaren kontrakoak bihurtzen direlako. Beraz, PPri ez zaizkio boluntarioak interesatzen

Elizegi

Pilar Iparragirre

Zer sentitzen da idazlan zaharrak berrirakurtzean?
Niri, behintzat, sentipen arraroa sortu zait hamasei ipuinok berrirakurtzean: aspaldiko testu horien egilea ni neu nintzen, baina arrotzak egiten zitzaizkidan aldi berean. Aspaldiko ezagun bat berriz ikustean bezalako errezeloarekin begiratu diet batzuetan; senide bati norberaren keinu bat antzematen diogunean bezalako harridurarekin besteetan. Eta ironiaren distantzia hori beti: agian izango da esperientzia erromantikoa barregarri suertatzen dela XXI. mendeko gizon-emakumeon begietan, edo agian izango da ironiaren makulua behar dugulako maitasunezko istorio zahar-berriak kontatzen segitzeko.

Inork aipatu al dizu zer iruditzen zaion «22 ebaki», adibidez?
Bai. Bere makabrotasun horretan badu, nonbait, erakarpenen bat, lagun askok azaldu izan baitit begiko duela. Seinale, eite biribilduaz gain, badela hor zoro-puntu bat jende franko harrapatzen duena. Hau da, idazlearentzat ez ezik, katartikoa izan dela irakurlearentzat ere.


Eta «Pastitxe bat»i buruz, zer diozu?

1988an idatzi nuen, baina inoiz ez nintzen argitaratzera animatu, nahasi antzekoa iruditzen zitzaidalako. Zergatik orain bai? Tira, bere txantxa giroan umore puntua baduela onartu behar, tarteka zakar eta matxista eman dezakeen arren; eta bestetik, neure buruarentzat besterik ez bada ere garrantzia duen kontu bat: hementxe ageri da lehenengo aldiz azken urteotako idazlanetan oparo erabili dudan teknika bat: idazleak berak (ez pertsonaiak) lehen pertsonan idaztea eta egiazki gertatzen zaizkionak kontatzea.


Miel Anjel Elustondo

Igor Estankonak Durango atarian argitaratu zuen "Tundra", bigarren poema liburu duena. Oraintxe dela lau urte kaleratu zuen "Anemometroa" bezala, Susa argitaletxearen eskutik nahi izan du plazaratu. Adinez gazte, paperak zipriztintzen ditu eta koadernoak betetzen. Poema sorta heldu denean, berriz, batu egiten du, atondu, eta argitaratu.

Hiruzpalau hilabete dira "Tundra" kalean denetik. Irakurleak liburuari egin dion harrerari buruz hasi gara hizketan, gidoian ez bazegoen ere.
Sentsazio onak ditut. Kalderapekoko errezitala izan nuen lehenengo termometroa. Inguruan dituzun lagunek ez dizute beti egia esaten, uste izaten duzu zer edo zer ezkutatu egiten dizutela, fio izaten zara, eta poztu ere bai gustatu zaielakoan, baina nahiago izaten duzu hurrekoak ez dituzunen harrera ezagutu. Hortaz, Kalderapekon egin nuen emanaldiaren ostean, gustura geratu nintzen. Bestalde, liburua argitaratu eta aste pare batean norbera izan ohi da protagonista, baina euskal literaturaren zurrunbiloan galtzen gara gero. Dena dela, hitz onak jaso ditut, eta horrixe eusten diot.

Andolin Eguzkitzak, Felipe Juaristik, Iñaki Mendizabalek eta bestek egin dizkizute "Tundra"ren iruzkinak. Ontzat eman dute zure lana...
Bai, nork bere aldetik. Andolinena ez dut kritikatzat hartu. "Euskaldunon Egunkaria"n idatzi zuen, horretarako ez zen iritzi zutabe batean, baina eskertzen diot poesiari leiho egitea munduari buruzko gogoeta edo egoera politikoaren gaineko oharrak egiteko tartean. Gutxitan sartu da literatura zutabe horietan. Bestalde, gainezka egin zidan apur bat, "Seiko urrea" izeneko tartean, Igor Estankonaren izena ikusteak...

Aitortu behar dizut Eguzkitzak egin zuen ariketa bera egin nuela nik. Alegia, "Tundra", definizio bila joan nintzaizun: eskualde polarretako estepa belardia da bere esanahia. Eremu latza etorri zitzaidan gogora. Azalean bertan, halakoxe irudia dugu.
Nik izenburu hotza nahi nuen. Ez nintzen abiatu geografia hotz baten bila, hala ere. Hotza, interpretazio tarte handirik utziko ez zuen izenburua, orri zuri baten sentsazioa eman zezan gura nuen: liburua irekitzeko irrika eragiten duen orri zuria, alegia, dena esaten dizuten titulurik gabe. Zirriborro txiki bat nahi nuen izenburuan, irakurlea galdezka hasteko jakin-minez: "Zer dago honen ostean?".

Nirekiko, lortu duzu, hein batean bederen. Beraz, esan duzunaren arabera, izenburua, azaleko ilustrazioa barne, eta barruan gorderik dagoen poesia ez datoz eskutik...
Ez, berez ez. Prozesu ezberdin bi izan dira, gainera: poemak alde batetik, eta titulua bestetik. Dena dela, behin titulua aukeratu eta justifikazioa dator, kointzidentzia denak eta abar. Baina bi bide ditut nik. Ohitura dut ene koadernoan, poemak idatziz batera, izan litezkeen tituluen zerrenda egiteko.

Beste titulurik izatekotan, zein?
Amilotza. "Txamilotzea" esaten dugu. Neguan zalaparta handia ateratzen digun txoria dugu. Arrazoia? Izenak dakarzkidan oihartzunak gogoan: amildu, hotza. Tundra, finean.

Liburua irakurtzean ez nizuke atalik bereiziko. Felipe Juaristik, hiru "leiho" aipatu zituen, hiru aparte egin baituzu liburuan.
Editorearen aholkua izan zen. Eta eskertzen diot esana. Jaka beka eskatu nuenean, erreka baten antzera joango ziren poemak nituen gogoan, bata bestearekin kateaturik, A-n hasi eta B-n bukatuko zirenak. Baina hori polita da proiektuan, nahiz eta gero ez bideragarri izan. Horretan, Gorka Arrese editoreak, hiru zedarri ezartzeko aholkua eman zidan; atalik bereizten ez bazuten ere, irakurleari pausalekua emango lioketenak, liburuan bere irakurraldia kokatzen lagunduko lioketenak. Halaxe egin nuen.

Inondik ere, ez zen "Anemometroa (bis)" egiteko garaia.
Ezta pentsatu ere. Ez niokeen neure buruari barkatuko. Areago, irakurleak ere ez zidan barkatuko. "Anemometroa" ez besterik egin nahi nuen. Uste dut irakurleak berak ere, "Anemometroa" kaleratu eta joan den lau urte honetan, nora edo nora aurrera egingo zuela. Orain dela lau urteko ikuspegia baino, egun egiten ari naizen poesia eskaini behar nuen. Eta irakurlea eta biok "Anemometroa"n bezala "Tundra"n berriro batzen bagara ondo, eta batzen ez bagara ere, aurrera.

Poesiaren bidean, beti ere...
Aginduz egindako narrazio batzuk ezik, beti poesia. Eta narrazio horiek berak ere, nahiko poetikoak egin izan ditut. Beharbada, etorriko da beste zer edo zer. Halako batean.

Zein bide egin nahiko zenuke literaturan.
Lehenengo aldiz egin didate galdera. Ibilian nabil. Literatura, meta dut, belar-meta. Hondo-hondotik hasi, eta gora jaso, urteen poderioz. Nik koadernoak betetzen ditut, idatzi eta idatzi, batzuetan inozentekeriak, besteetan lan duinak... eta, noizean behin, liburuan atontzen ditut. Nik ez diot literaturari besterik eskatzen: argitaratzeko aukera. Epe laburragoan bada hobe, baina konformatuko nintzateke lau urtetik behin argitaratuko banu. Liburu asko argitaratuko nuke bizitzan.

Titularra egin didazu: "Konformatzen naiz lau urterik behin argitaratuko banu".
Horrela esan dut? Ez gero besterik gabe ebaki! Ni konformatzen naiz lau urtetik behin argitaratzen uzten badidate, baina horrek esan nahi du lau urtetik behin lanak atontzeko aukera dudala, urteetan egindako lanaren balantzea egiteko, alegia.

Koadernoak betetzen dituzula diozu. Jaka beka lortu zenuen eta horren babesean lanari lotu zinen alai zu ere.
Bekarako proiektua aurkeztu nuenean, lagina ere erakutsi behar izan nuen. Ez nuen lan handirik hartu behar izan, zeren ordurako hainbat eta hainbat poema nuen idatzirik. Orain, dena dela, lotsa ematen dit lagina ikusteak berak. Hura erakutsi eta esaten dizutenean: "Ez, hori ez da lagina, bihar-etziko liburua baizik". Bazeneki hori entzun eta zelan beldurtzen zaren! Testuak ontzen, ordenatzen, orrazten, atontzen hasi nintzen, eta horixe kosta zitzaidan batez ere. Materiala banuen, berria ere idatzi nuen, baina "Anemometroa"n ez bezala, poemaren alderdi teknikoa, erritmoa, hizkuntza... hobetzen jardun dut batik bat.

Poetaren bakardadean jardun duzu, ala badituzu laguntzaileak.
Gorka Arresek laguntasun handia eman dit. Alternatibarik onenak eskaintzen dizkizu, esandakoa hobetzeko bidea, alegia. Gainerakoan, hurreko ditudanei ematen diet. Haietaz fio naiz. Muturra okertzen badute, zer edo zer ondo ez dabilen seinale. Eta ez dira ari edukiari buruz, formari buruz baino. Gehienbat. Irakurtzeko erosotasuna falta zaiolako testuari-edo.

"XXI. Mendeko Idazle Berriak" izeneko erakusketan, zuri eskainitako tartean diozu: "Bizipenek eta irakurraldiek gainezka egiten didatenean idazten dut". Zertan da idazle izatea?
Detaile txikietan gara idazle. Halako esaldi bat entzun, irudi bat piztu edo dena delakoa, eta paperaren bila doana da idazle. Ez, beraz, zera hori buruan gorde eta bihar-etzi, halako batean, zer edo zer egin uste duena. Paperaren bila behar du. Ni, berriz, idatzitakoa gehiegi aztertzen ez duen idazleetakoa naiz. Badira dena utzi eta gelan sartzen direnak. Nik, oraintxe, beste ardura batzuk ditut, baina, hala ere, hori ez da inoiz izan nire idazteko estiloa. Idazterakoan benetan eskertzen dira zipriztindu dituzun orri zatiak. Hori ere bai.

Idazle zaitugu, eta gazte, baina ez zarete bi izenok uztartzearen aldeko: idazle gazte.
Eta beste izen bat ere bada horiekin batera: belaunaldia. Beti ukatu dugu hori guk. Seguruenik, bata bestearen oso ezberdinak ikusten ditugulako geure buruak. Beste belaunaldi batzuk ez bezala, guk ez dugu izan katarsirik, zedarri historiko garrantzitsurik, jendea identifikarazten duen zer halako bat... Idazle gazteen egunak eta antolatu izan ditugu, baina "belaunaldi" asmo barik.

Liburu kritika egiten duzu "Deia" eta "Gara" egunkarietan. Liburu onak irakurtzeko aukerarik bai?
Bi egunkarietan ere, poesiak du lehentasuna nirekiko. Bestalde, poesia zail da sistematizatzen eta 3.500 karakterretan errenditzen. Baina horrixe eskaintzen diot tarterik gehiena, seguru, neu ere poesia idazle naizelako.

Kritikak egiterakoan kontuz ibili behar...
Kontuz ere ez. Nire izaeraren arabera jokatzen dut: ez zait gustatzen gatazkan ibiltzea. Esango dute kritikoak koldarrak garela. Baina ez, ni neu naiz koldarra, kritiko jardun edo ez. Pax vobis egiten dut. Irakurtzen ari naizen liburuan okerrak bilatu arren, edo idazlearekin bat ez etorri arren, ez nabil zaurian ekinean. Azaletik esango dut ez zaidala gustatzen, eta aurrera.

"Tundra" argitara zaharra ez, noiz izango duzu proiektu berriren bat abiarazteko sasoia?
Poesia gosea ez galtzea da kontua. Orriak zipriztintzen, koadernoak betetzen jarraitu nahi dut. Horrela, egun batean iritsiko da ordua paperak hartu eta atontzeko. Lau urte barru-edo...

Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre

Bere «amets», «apar urrun» eta «arratsalde finlandiar»ez jardun dugu. Hainbeste bizipen ditu kontatzeko, eta hainbeste bizi du kontatzen duenak! Emozionatuta atera gara, kontzertu batetik bezala. Eta bere hitzak buruan geratu zaizkigu bueltaka, ondo ulertzeko kantuak behin eta berriz entzun behar diren bezala.
guztia irakurri

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan