Otsaila eta apirila artean euskaraz ekoiztutako 6 film eta euskarara itzulitako beste 14 film eskainiko dituzte Azpeitiko Soreasu antzokian, Azpeitiko Udalaren ekimenez. Astebururo, Aste Santua bitartean, zinema euskaraz ikusteko aukera izango da, aisialdia euskaraz gozatzeko asmoz.
TREBIÑUKO HERRI IZENDEGIA
Trebiñuko eta Argantzongo udalen ekimenez, Euskaltzaindiako Onomastika Batzordeak Trebiñuko Herri Izendegia osatu du. Lanean herrien euskal izenak eta gaur egun ofizialak direnak biltzen ditu, baita kontzeju, auzo, baseliza eta kuadrillenak ere. Akademiako kide Henrike Knorrek adierazi duenez, barrendegiko toponimiak euskara berandu samar galdu zela erakusten du.
EUSKARA SUSTATZEAREN ALDE
IKASLEEN %82
Nafarroan, unibertsitate ikasleen %82k euskara sustatzeko neurriak eskatzen ditu, Carlos Vilches soziologoak eginiko tesiaren arabera. 1992an %75ekoa zen kopuru hau. Halaber, hamar urteko epea hartzen duen azterketan ageri denez, unibertsitate mailan euskararen presentzia txikia dela dio ikasleen %75,6ak.
EUSKARAZ EGITEAGATIK ATXILOTUA
Bittor Hidalgo hizkuntzalari eta irakasleak salatu duenez, pasa den urtarrilaren 18an Donostian korrika egiten ari zela atzean zuen autoari besoa luzatu zion derrigorrezko distantzia gorde zezan. Atzeko autoa Ertzaintzarena zen eta besoa zergatik luzatu zuen galdetu zioten erdaraz. Hidalgok azalpenari euskaraz ekin zion. Azalpena egin ondotik, ertzainak iraindu egin omen zuen. Ertzainei plaka zenbakia eskatu zien, baina ez zioten eman. Haiek NANa eskatu zioten, ez zuen gainean ordea. Azkenean, Hidalgo atxilotu zuten aginteari desobedientzia eta identifikazioari uko egiteaz akusatuta. Hidalgok salaketa jarri die bi agenteei. Azken egunetan Ertzaintzako hainbat ordezkari Hidalgorekin harremanetan jarri dira eta gertatutakoa argitzeko barne ikerketa abiatuko dutela jakinarazi diote.
EUSKARA PLANA OSATZEKO ARAZOAK
Urtarrilaren 27an Gasteizko Euskara Planak oposizioko taldeen alegazioak jaso zituen. Udal barnera begira egindako plana dela salatu zuten, besteak beste. Gainera, 2002ko erdialdetik elkarlanean zebiltzan euskalgintzako eragileek Plana ez dutela babestuko jakinarazi dute, gutxieneko baldintzak betetzen ez dituelako.
ORFEOIAK ETA ORFEOILARIAK
Donostiako Orfeoiak Grammy Sarietarako izendapena jaso berri du. Harritu ere egin gaitu deskubritzeak Grammyek rocka, popa eta doinu komertzial hainbat saritzeaz gain, Orfeoiak ere saritzen dituela. Aspalditik ezagutzen ditugun arren, gainbehera datozen taldeak dira orfeoiak. Izan ere kideek ez dute dirurik jasotzen euren aisialdi orduetan kantatzearen truk. Horregatik fitxaje berrien beharra aldarrikatzeko baliatzen dute edozein une. Iruñekoak Pablo Sarasate Orkestrarekin emanaldiak eskaintzeko akordioa sinatu du. Eta 100-115 kidetik 200era zabaltzeko premia agertu du. Donostiakoak, Grammyarekin edo gabe, jende berria hartzeko ateak zabalik dituela iragarri du.
PENTSAMENDUAREN BIDETIK
HIRU liburu plazaratu berri ditu «Jakin Irakurgaia»k sailak. Pentsamenduaren dibulgazioa da sail honen helburua eta beraz, xede horren barruan kokatu behar dira argitaratutako azken hiru liburu hauek. Lehena, Patxi Salaberrik itzulitako Rainer Maria Rilkeren «Poeta gazte bati idatziak» lana da. Bertan, autore horren poetika biltzen duen gutun sorta biltzen da. Bigarrena, UEUko Filosofia sailburu diren Iñaki Soto eta Ekai Txapartegik koordinatu dute eta Jeremy Bentham filosofoaren «Panoptikoa» liburuaren itzulpena da. Azkenekoa berriz, Agustin Arrieta irakasleak idatzitako «Zertaz dihardu filosofiak?» liburua da, non filosofiaren esanahi nagusia bildu nahi den.
JAZZ MUSIKARI ONENAK BILDUTA
HEGO Euskal Herriko eta Akitaniako jazz musikaririk hoberenek osatzen dute Pirineos Jazz Orchestra. Ia hilabete da, Iñaki Askunze saxo tenorrak, Iñaki Salvador pianistak eta Jacky Berekoetxea tronpetistak lehen entsegua zuzendu zutenetik. Orkestrak disko bat grabatzeko asmoa du, ezagutzera emateko asmoz. Eta ondoren, emanaldiekin hasiko dira. Dena den, euren helburu bakarra ez da musika jotzea. Jazz konposizio berriak eta moldaketak egitea eta jazz musika hedatzea ere nahiko lukete.
TRIKITIXAREN WEB GUNEA
TRIKITIXA Elkarteak web gune berri bat paratu du sarean. Bertan trikitixaren inguruko hainbat arlo jorratzen dira: trikitixaren inguruko berriak, taldeek ematen dituzten emanaldien agenda, disko berrien atala, trikitixaren inguruko eztabaidagunea eta azkenik, trikitixaren historiari buruzko atala.
LIBURU ZURIA UDABERRIRAKO
JOSE Antonio Arbelaitzek jakitera eman berri duenez, ikus-entzunezkoen Liburu Zuria udaberria baino lehen emango da ezagutzera. Jaurlaritzako Kultura eta Industria Sailek EITBrekin batera osatzen dute Liburu Zuria burutzeko lehen lantaldea. Liburuak ikus-entzunezkoen sektorea sustatu eta euskal zinema politika sektorearen eskariei erantzun nahi die. Ondoren, sektorearekin hitz egin beharko dute eta honela erabakiko da zein izango den aurrerantzean egin beharko diren aldaketak.
OTEIZAREN LANEKIN BUELTAKA
NUEVA Yorkeko Marlborough International galerian Oteizaren azken lanekin erakusketa bat paratzea zegoen aurreikusita apirilerako. Baina Juan Huarte Fundazioko presidenteak notario-errekerimendu bat igorri dio galeriari Oteizaren lanak erakutsi, programatu edo komertzializatzea galaraziz. 2001ean sinatu zuen Carlos Catalan Jorge Oteizaren ordezkari artistikoak kontratua Marlborough galeriarekin. Kontratuan artistaren lanak saltzeko hitzarmena jasotzen da. Jesus Laguna Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren aburuz, Oteizaren artelanak saltzeko Fundazioaren baimena behar da. Catalanen ustez ordea, artistak berak lanak saltzeko ahalmen guztia du.
EAMES BIKOTEAREN DISEINUAK
EAMES senar-emazte amerikarren hil osteko lehen atzerabegirakoa ikusi ahal izango da lehen aldiz Gasteizko arte garaikideko Artium museoan maiatza arte. Bikoteak diseinatutako altzariak, jostailuak, filmak, eraikinak... ageri dira erakusketan. Guztietan beren ingurunea erabilgarriagoa eta atseginagoa bihurtzeko helburua ageri da.
- Victor Morenok esanak dira hitz hauek hitzaldi batean kritika literarioari buruz: «Kritiko gehienak soldata batera lotuta daude eta horrek lanbide hau bideraezina egiten du».
- Eloy de la Iglesia zinema zuzendariaren ustez, «Badago bokazioa, eta ez bakarrik zineman, Euskal Herriko kultura propio bat egiteko, baina tamalez ez digute izaten uzten. Galdera horixe litzateke: Zer egin behar da kultura propio hori izaten utz diezaguten?». Hitzok «Gara»k jaso zituen, Gidoilarien Jardunaldien baitan.
- Paulo Agirrebaltzategik honakoa adierazi zuen «Bat» aldizkarian: «Erakunde sozialen eta erakunde publikoen arteko lankidetza ez da erraza gertatu. Batetik, erakunde publikoek mugimendu sozialarekiko (...) beldurrez edo jokatu izan dute sarritan; ez dute jakin izan mugimendu horren baliabideez baliatzen euskararen aldeko benetako dinamika politiko indartsua bultzatzeko. Bestalde, euskalgintzako hainbat jendek nolabaiteko uzkurtasunez ikusi izan du maiz erakunde publikoen eginkizuna eta politika euskararen normalkuntzan».
Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaian dauden seinale eta kartelak gaztelania hutsean daude. Harpidedun batek bidalitako argazkia dugu ondokoa, 7. eta 8. ateen artean dagoen seinalearena. Futbolaren eremuan ere, maizegi, gaztelania da jaun eta jabe.
Sagarroi taldeak bigarren diskoa plazaratuko du laster Metak etxearen eskutik.
Inma Erreak itzultzaile eta kazetariak «Literatura eta harrikoa» izeneko lana plazaratuko du Pamiela argitaletxearen eskutik. Izan ere, 2001eko Juan Zelaia sariketan finalista geratu ziren lanak plazaratzen ari da Pamiela, eta hau izan zen horietariko bat. Bertan, emakume eta gizonezkoen arteko diferentziaz mintzo da.
Kukubiltxok kale animazioko ikuskizun ibiltari berri bat prestatzen ari da udaberrirako. Lanak «Mamutxak» izena darama eta Euskal Herriko mitologiaren hainbat pertsonaia izango ditu protagonista.
«Vasconia» izena du Athanasios Tsaknakis teologo eta filologo greziarrak euskal historia, hizkuntza eta kulturari buruz idatzi duen liburuak. Lana Eusko Jaurlaritzak argitaratu du.
Xabier Montoiak «Denboraren izerdia» liburua kaleratuko du laster Elkarren eskutik.
Felipe Juaristi honela mintzo zen ipuin klasikoez «Behinola» aldizkarian:
«Beti pentsatu izan dut zerbait ezkutatzen dutela haurrentzako ipuin klasikoek. Izendapenetik beretik hasita, noski. Askotan haur literaturatzat jo izan den hori gutxitan izan da haurrek irakurtzeko edo entzuteko pentsatua. Eta gaitz erdi; izan ere, gaur egun nagusi dugun heziketa eta pedagogia erak kontuan harturik, haurrak gaur egun zaintzen ditugun modua ikusirik, nekez onartuko genituzke klasikotzat jotzen ditugun haur ipuinak. Klasikoak izateak libratu ditu, seguru asko, ahanzturarren esku lanbrotsutik hainbat eta hainbat ipuin.
Zerbait ezkutatzen dute, bai; antzinako gela haien modukoak dira: errezela batek erdibiturik; eta errezelaren beste aldean zer zegoen ezin jakin. Eta halaxe nahiago, gelatik irtendakoan pentsatzen hasten baikinen eta irudimenaren makina abian jartzen zitzaigun misterioa argitu nahian. Hildako bat ikusten genuen gordeta batzuetan; ezkondu ezin zitekeen neskatxa bestetan; altxor izugarri bat noiz edo noiz. Irudimena genuen, irudimen handia, ipuinek moldatu eta hornitutako irudimen indartsua. Begiz jotzen genuena, aurrean agertzen zitzaiguna, ez zen benetakoa guretzat, mozorro bat baizik, ongi ezagutzen genuen gelako errezelak bezala zerbait ezkutatzen ziguna. Benetako mundua ezkutukoa zen, bai (...)».