Komikiak irakurtzeko ohiturarik ez duen lagun bati, argitaratu berri zuen komiki interesgarri bat eman zion Fernando Taranconek, «Trama» komikiari buruzko aldizkariko zuzendariak. Honi, antza denez, gustatu egin zitzaion istorioa eta hala erantzun zion Taranconi: "Ikaragarria da! Nobela bat izan zitekeen..."
Frantzia eredu.
Komikiaren inguruan mugitzen den jenderik gehienak, Frantzia hartzen du eredu moduan. Gizartean erabat barneratuta dago komikia. Era desberdinetako argitalpen ugari eta joera berrientzako ateak zabalik. Agintarien aldetik jasotzen duen arreta ere itxurazkoa omen da.
Hori Iparraldean ere nabari da. Napartheideko Iñigo Martinezek dioenez, "Baionara joan eta harrituta geratzen zara zer nolako komiki eskaintza dagoen bertako dendetan". Bertan egindako argitalpenak asko ez diren arren, mugimendua nabari da. Horren erakusle, Nafarroa Behereko Izura herrian egiten den Marrazkirri jaialdia. Izenak berak dioen bezala, marrazkia eta umorea batzen dituzten konposaketak biltzen dira bertan. Azkenengo 12 urteetan egiten da topaketa hau eta urtero, euskarazko komiki ale berriak aurkezten dira, gai anitzen inguruan.
Hego Euskal Herrian, merkatua berez zail badago, are gehiago euskarazko produktuentzat. «Napartheid»ek argitaratzeari utzi zionetik, «Ipurbeltz» da euskarazko aldizkari nagusi bakarra. Haurrei zuzendua dago «Ipurbeltz», eta ondorioz, zail dute helduek eurentzako moduko argitalpenak euskaraz aurkitzeko.
Atarian aipatu dugun Fernando Tarancon, Astiberri argitaletxeko arduraduna da. Argitaletxe honek, atzerrian egiten diren komikiak argitaratzen ditu hemen. Gazteleraz argitaratzera mugatzen da, ordea. Berez minoritarioa den genero bat kaleratzeak arrisku handiak dituela dio eta dirua galtzen omen du argitalpen horietako askorekin. "Nahiko nuke nik euskarara ere kanpoko produkzioak moldatzea, baina hori ia diru gehiegitxo galtzea litzateke", dio Taranconek.
Fernando Tarancon, argitaratzailea izateaz gain, «Trama» aldizkariko zuzendaria ere bada. Orain ia bi urtetik, Bilboko lagun talde batek argitaratzen du «Trama», komikiaren inguruan aritzen den aldizkaria. Merkatuan dauden berrikuntzak izaten dituzte hizpide eta komikiaren inguruko elkarrizketa, kritika zein erreportaiak biltzen dituzte. Noski, umore tirak ere badaude aldizkariak dituen 64 orrialdeetan. Doan banatzen dute aldizkaria, denda espezializatuetan. Honen helburua, berez komikia erosten duenari mugak zabaltzea da eta komiki era berriak probatzeko gonbitea egitea.
Nolakoa da komikizalea?
Heldutan komikia irakurtzen duenak, txikitatik datorkion ohiturari jarraituz egiten du. Gaur egun, 15 bat urteko gazteek, super heroien komikiak eta Ekialdetik datozen Mangak irakurtzen dituzte gehienbat.
Helduei dagokienez, Fernando Taranconek Bilboko Joker komiki dendan ikusten duenaren arabera, "jende jantzia da komiki irakurlea. Unibertsitate mailako ikasketak dituena, zinema, literatura eta antzerkia atsegin zaiona...". Gainera muga zabalak omen dituzte eta irekita ei daude komikiaren barruan datozen joera berriei ateak zabaltzera: AEB-etako produkzio independenteak, Europako joera berriak...
Baina bistakoa da gaztaroan komikiak irakurri arren, ohitura horrekin jarraitzen dutenak ez direla asko. Eta ez komikia gustatzen ez zaielako, bidean, telebistarekin, kontsolaren batekin edo Internetekin topo egin dutelako baizik
Merkatua zail egon arren, ez dago egile eskasiarik. Erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun guztiak, bat datoz Euskal Herrian marrazkilari on ugari dagoela esaterakoan.
Ipurbeltz aldizkariko Jon San Sebastianek dioenez, "kalitatezko egile mordoa daukagu. Ikusi besterik ez dugu, haietako zenbaitek lan egin behar izaten duten Frantziako, AEBetako edota beste tokietako argitaletxeetarako".
Egile hauen lana, ordea, ez da behar hainbat aintzat hartzen. Merkatua txikia izanda eta argitalpenek oihartzun eskasa lortuta, ez dago lana behar bezala baloratzerik. Gainera, gutxi dira hortik bizitzea lortzen dutenak. Fernando Tarancon «Trama»ko zuzendariak, Luis Duran marrazkilari oñatiarraren kasua ekarri du gogora. Orain gutxi, Bartzelonako Nazioarteko Komiki Saló-an, egile gazte onenaren saria jaso du. "Duranek egunean 10 edo 12 ordu igarotzen ditu marrazten. Baina bizimodua aurrera ateratzeko, asteburuetan publizitatean lan egin behar izaten du".
Marrazkilariek hemen ez dute formatzeko aukera eta azpiegitura handiegirik aurkitzen. Horregatik, agian, euren kasa ikasten dute gehienbat. Irakurtzen dituzten autoreen eraginak jasoaz, beste marrazkilari batzurekin harremanak garatuaz...
Hortik bizitzea zail izan arren, komikirako zaletasunak bineta erakargarriak osatzen jarraitzera bultzatzen ditu
Gaur egun euskaraz eta aldizkotasun finkoarekin argitaratzen den komiki aldizkari bakarra da. Hilabetero argitaratzen da, 7 eta 14 urte bitarteko haurrei denborapasa eskaini nahian. Mende laurdena bete berritan, osasuntsu ageri da aldizkaria eta aurrera begirako erronka berriekin.
Urteen joanak, aldaketak ere ekarri ditu. Gaur egun argitalpena zuzentzen duen Jon San Sebastianen arabera, "batetik, komikien edukiak, teknologiarekin edota aktualitatearekin lotu egiten dira askotan. Eta bestetik, marrazkiak ere desberdinak dira, hobeak nire ustez, teknologia aldatu delako. Ordenadorez margotzen dira marrazkiak gaur egun eta marrazkilariak kanpoko tendentziak eta teknika berriak ikasten ditu".
Hilean 6.000 aleko tirada du "Ipurbeltz"ek eta gehienbat, harpidetza bidez banatzen da.
Hasieratik argi izan zuen "Ipurbeltz"ek, ez zuela erreminta didaktikoa izan nahi, denborapasarako tresna baizik. Ezinbestean, ordea jostailuak badauka osagai hezitzailea ere. Dena den, Jon San Sebastianen iritziz, "gaur egun txikiagoa da eduki dezakeen eragina, gaztetxo baten inguruan, lehen baino gauza gehiago daudelako".
Eragina izan ala ez, argi dago "Ipurbeltz"ek 25 urteotan lortu duela Euskal Herriko gaztetxoen artean txoko bat egitea. Are gehiago, badira nerabezaroa aspaldi atzean utzi arren, oraindik ere hilabetero "Ipurbeltz" etxean jaso eta irakurtzen dutenak.
Bide luze hori egiteak lanak eman ditu eta aldizkariko arduradunak saiatu izan dira, aldizkariaz gain, beste hainbat ekimen ere gauzatzen. Orain begibistan dutena, komiki lehiaketa bat da. Komikiari bultzada bat eman nahian, 14 urte arteko gazteei orri bateko komikia osatzeko proposamena egin diete
![]() |
|
||||
1885 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa