JOXEMI ZUMALABE. IPURTARGIAREN ITZAL LUZEA
Lorea Agirre
EGUNKARIA
100 orrialde
JOXEMI ZUMALABEREN BIZIERA GOGOAN
Orain dela hamar urte, 1993ko urtarrilaren 12an joan zen betirako Joxemi Zumalabe, besteak beste ARGIA aldizkariaren eragile eta «Euskaldunon Egunkaria»ren sortzaile izandako pertsona, 42 urte baino ez zituenean. Hori dela-eta osatutako lana da Lorea Agirreren «Joxemi Zumalabe: Ipurtargiaren itzal luzea», euskararen, euskal kulturaren, euskal prentsaren eta oro har herrigintzaren alde hainbeste ahalegindu zen gizonaren bizitzaren inguruko mosaiko moduko liburu hau. Joxemi Zumalabe gertu-gertutik ezagutu zutenen lekukotasunak biltzen dira bertan, hau da, gogaide, lagun, konplize, burkide, lankide, adiskide, buruzagi, maitale, aita, maketatzaile, txofer, marrazkilari, diseinatzaile, kudeatzaile edota enpresari bezala ezagutu zuten haienak.
AMONA BLASI ETA HERENSUGE-KUMEA
Txiliku/ Tesa González
ELKAR
29 orrialde
4,95 euro
LEHEN IRAKURLE HORIENTZAT
Irakurtzen hasi berriak ditu gogoan Elkar argitaletxearen «Batela» sailak, eta , hain zuzen, horiexei dago zuzendurik Tesa Gonzálezen marrazki politez horniturik agertzen den Txilikuren istorio hau, «Amona Blasi eta herensuge-kumea». Katua zelakoan jaso zuen etxean amona Blasik telebista antenako habiatik bere balkoira erori zen herensuge-kumea. Amona Blasi zahar samarra zen eta ez zuen oso ondo ikusten, baina belarriak erne zituen oraindik, eta arraroa iruditu zitzaizkion katuaren miau-miauaren ordez herensuge-kumeak egiten zituen soinuak. Hala ere, zera pentsatu zuen, bere lagun berria kanpotarra izango zela, seguru asko, eta oraindik ez zuela hemengo hizkera ikasiko.
OKELAR BERTSOPAPER SARIKETA 2002
Batzuen artean
MUTRIKUKO BERTSO ESKOLA
259 orrialde
5 euro
«OKELAR» BERTSOPAPER SARIKETAZ
Mutrikuko Bertso Eskolak aurten ere kaleratu du «Okelar» Bertsopaper sariketaren 2002ko edizioan garaile suertatutako bertsolarien lanak - hau da, Ekaitz Goikoetxea, Julian Albistur, Xabier Astigarraga, Hodei Iruretagoiena, Imanol Lekunberri eta Markel Rodriguezen lanak- jasotzen dituen liburuxka. Nolanahi ere, ez da horrekin amaitzen «Okelar Bertsopaper Sariketa 2002»ren mamia, urtean zehar Mutrikuko bertsolariek, bertsopaperetan zein bat bateko bertsoetan, izan duten emana jaso nahi izan baitute bertan, eta baita «Okelar» lehiaketa burutu den hemezortzi urteetan leihakide nekaezin izan duten Patxi Lizardi «Kaialde» herriko bertsopapergilearen bizitza eta bertsoetarako etorriari begirada bat eman ere.
ELKARRI 1992-2002. HAMAR URTE
Elkarri
ELKARRI
175 orrialde
14,98 euro
ELKARRIK HAMAR URTE JADANIK
Elkarrik, bakea lortzea helburu duen gizarte mugimenduak, hamar urte bete zituen 2002ko abenduan, eta bere kideei une egokia iruditu zitzaien huraxe geldiune bat egiteko eta, atzera eta aurrera begiratuta, gogoeta egiteko. Eta hain zuzen ere, gogoeta horren ondorio da «Elkarri 1992-2002. Hamar urte. Irudi bidezko kronika» izenburua duen argitalpen hau, non Elkarriren bost aldi dauden jasorik: hutsetik hasiz oinarriak finkatu eta antolatu zenekoa, elkarrizketaren eta indarkeriarik ezaren aldeko proiektua baliozkoa den probatzea egokitu zitzaionekoa, elkarrizketa bidezko irtenbideak izan ditzakeen oztopoak gainditzeko alternatibak bilatzen saiatu zenekoa, Eraiki proiektuaren garaia, Bake Konferentzia eta Bake-bidea proposamena.
TXAKUR BERDE BATEN ISTORIOA
Seve Calleja
AIZKORRI
45 orrialde
5,50 euro
SEKULA HASERRETZEN EZ ZEN NESKATOA
Seve Callejak, Juan Carlos Eguillorren marrazkiak lagun, zortzi urtetik aurrerakoentzat idatzi duen «Txakur berde baten istorioa» kontakizuneko protagonista oso bitxia da, bere ikaskideek diotenez, ez baita besteak bezalakoa. Hasteko, sekula ez da haserretzen, nahiz eta arrazoiak badituen horretarako. Izan ere, duela gutxi arte pozik bizi zen neskato hori bere gurasoekin eta Max txakurtxoarekin, ama lanera egunero joaten zenean hirira eta aita etxean gelditzen zenean, tronpeta jotzen. Baina halako batean bere gurasoak haserretu egin ziren, eta gero banandu, eta neskatoa bi etxetan bizi beharrean aurkitu zen. Txakurra, berriz, amarekin joan zelakoan dago, Guggenheim museoaren aurrealdean ikusten baitu, pixka bat itxura aldaturik badago ere.
EL MUNDO DE LOS PIRINEOS
Batzuen artean
SUA
130 orrialde
5 euro
PIRINIOETAKO BIHILABETEKARIAK, BOST NEGU
Pirinioak maite dituztenei eskainia dagoen «El mundo de los Pirineos» aldizkariak bost negu bete ditu jada, bi hilabetean behin zintzo-zintzo kioskoan agertuz. Bitarte horretan, bostehunen bat balizko ibilaldi -beren mapak eta guzti-, eta hainbat bazterretako historia eta ohiturari buruzko lanak azaldu ditu, eta milaka izan dira bere orrialdeetan eskaini dizkigun argazki ederrak. Bere azkenengo zenbaki honetan, Gavarnie, Serra dÆEnsina, Huescako Mallos-ak eta Boltaña haraneko herriei buruzko zehaztasunez gain, Pasai Donibaneko Ontziolakoek duela hiru mende erabilitako teknika berberekin eta Izurako basoetatik lortutako haritzekin egiten dituzten batelak agertzen dira, Xabier Agotek eginiko erreportajean, Jean Leonarden argazkiekin.
AINGERU
Naia
AGORILA
15 kanta
14 euro
NAIAREN TESTU BERRI ETA AIRE ZAHARRAK
Hauxe duzue Naiak, Robles familiako azken kantariak, bakarka plazaratzen duen lehen CDa. Testu berriak eta aire zaharrak nahastu ditu Naiak, Mohena Delacre, Maialen Errotabehere, Aritzak, Patrik Calvet eta beste askoren laguntzarekin «Bizi berria», diskoari izenburua ematen dion «Aingeru», «Pequeña», «Ameslaria», «La Fontaine», «Erresinola erlas», «Matia gogoan», «Amodioa dantzan», «Nere iguzkia», «Muga», «Ezberdina», «La cigarra», «Bailarinaren soa», «Natura» eta «Zorion bizia» grabatzeko orduan. Emaitza, hemengo eta hango musika maite dutenei, ezberdintasuna maite dutenei, haurren irria maite dutenei, biziaren koloreak maite dituztenei, bizia bera maite dutenei eta maite dituen guztiei, bereziki bere izeba Estitxuri eskaini die.