Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-09 16:02:24
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-02-02 -- 1885.zenb

Daniel Udalaitz

Datozen negua eta udaberria gerta daitezke ohi baino "beroagoak", baldin, ematen duen bezala, orain bezain kontrakoak badira enpresaburuek eta sindikatuek 2003. urteko negoziazio kolektiboaz dituzten tesiak. Halaxe da. Eskura ditugun datu guztiek erakusten dutenez, aurten, Euskal Herrian, enpresetako arduradunak eta langileak ez dira berehala bat etorriko hitzarmenen negoziazioan. Aurten, gainera, euskal sindikatu guztiek, hots, abertzaleek eta besteek (ELAk, LABek, ESK-k, CCOOk eta UGTk), bota dituzte atzera aho batez Confebask Patronalak EAErako egin dituen planteamendu orokorrak, zeinen antzekoak izango baitira ziur aski Nafarroako Patronalak egiten dituenak.

Patronalak bi eskakizun hauek egin ditu, azken batean: moderazioa soldatetan eta malgutasuna enpleguan. Sindikatuek aho batez baztertu dituzte bata nahiz bestea, eta ondoko hau eskatu dute: gutxienez %6ko igoera soldatetan eta kalitatezko enplegua, edota, bestela esanda, enpresa gehienetako prekariotasun laboralaren bukaera. Bistan denez, antagonikoak dira tesiak. Sindikatu batzuen iritziz, patronalak probokatu egin nahi izan du, eta erantzunak gogorra izan behar du. Dena dela, ikuskizun dago sindikatuek patronalaren tesiak baztertzeko kontuan erakutsi duten bat etortzeari edo jarrera bateratuari eutsiko dioten ala ez, benetan langileen erosteko boterea eta kalitatezko enplegua lortzeko garaia iristen denean. Datozen asteetan argituko dira inkognita horiek.


MODERAZIOA SOLDATETAN ETA MALGUTASUNA.

Behin behar eta, EAEko Confebask patronalak ondoko diskurtso eta katastrofismo honi heldu dio: soldatak mugatzea komeni da, enpresen irabaziak mantentzea edo handitzea eta enplegua egunez egun prekarizatzea, zeren, bestela, enpresa batzuek ezingo dute iraun. Bai, halaxe da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalak honako hau eskatu die sindikatuei: "Negoziazio kolektiboan, oraingo egoera ekonomiko gogorra kontuan duten eskakizunak egin behar dituzte sindikatuek, zeren, 2003an ere handiak izango dira zailtasunak, eta ezin dira arriskuan jarri enplegua mantentzea edo sortzea eta zenbaitetan enpresen beren iraupena". Horrelaxe mintzatu da EAEko patronala, eta esan behar da Nafarroakoak ere oso antzeko planteamendua duela.
Alabaina, zertan datza zehazki patronalaren eskakizun hori? Bada, erakundeko ordezkariek berek definitu dute erantzuna. Roman Knörr jaunak dioenez, zein, patronalaren buru izateaz gainera, BBVA banketxeko kontseilaria baita, "konkurrentziari eta enpleguari eusteko, beharrezkoa da soldatetan moderazio efektiboa lortzea eta enpleguan gradu handiko malgutasuna erdiestea". Testuinguru hori indartzeko, 2002ko ekitaldi ekonomikoko datuak eman dituzte. Adierazi dutenez, urte horretan %1,9 bakarrik hazi da ekonomia, zeren motelaldia izan baitzuen mundu guztian, eta, ondorioz, gutxitu egin ziren jarduera industriala, esportazioak eta inbertsioak. Guztiarekin ere, 17.000 lanpostu sortzeko adinako hazkundea izan omen da 2002koa; 2ko igoera, ehunekoetan adierazita. Baina, hori bai, ez dute zehaztu enpleguaren nolakotasuna. Ordea, artikulu honen bigarren partean azalduko dugun moduan, prekarioa eta tenporala izan da oso.
Aurtengoari dagokionez, Patronalak uste du lehen partea behintzat 2002koaren antzekoa izango dela, hau da, motel samarra, baina bigarren partean ekonomiak onera egingo duen itxaropena badute, izan. Hala ere, esportazioak ia urte osoan behar den mailara iritsi ezinik ibiliko ote diren diote, eta horren funtsa honako aldagai honetan ikusten dute: Hego Euskal Herriko produktuak Alemaniara, Italiara, Portugalera eta Frantziara igortzen dituzte batik bat, eta, hain zuzen ere, estatu horietako ekonomiak aski ahul omen daude. Kontuak horrela, enpresei ere egin dizkiete beren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak optimizatzeko eskaerak. Patronalaren iritziz, "Batetik, produktibitatea hobetzeko estrategiak ezarri behar dituzte; bestetik, berriz, malgutu egin behar dituzte antolamenduko eta produkzioko egiturak, bestela ezingo baitiote aurre egin irabazi gutxiko eta errentagarritasun eskaseko beste urte bati".


SINDIKATUAK KONTRA, AHO BATEZ.

Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek egin diete aurre patronalen adierazpenei. ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek atzera bota dituzte patronalen proposamenak, eta ñabardurak ñabardura, oro har ondoko eskaera hauek hartu dituzte ardatz, hurrengo negoziazio kolektiboetarako: langileen erosteko boterea defendatzea, lanpostu duin eta finkoen alde egitea eta laneko baldintzak hobetzea, laneko zoritxar gutxiago gerta dadin (iaz ere gehitu egin ziren ezbeharrak). Bestalde, hitzarmenetan soldatak bermatzeko klausulak gaineratzen ahaleginduko dira, inflazioak langileen diru sarrerari horrenbeste erasan ez dakion.
Sindikatuak argi eta garbi mintzatu dira patronalaren proposamenen kontra. Erakunde horiek uste dute ez dagoela ekonomiaren benetako krisirik, baizik eta moteltze edo hozte hutsa dela, eta horren adierazgarri omen da enpresek irabaziak izaten segitzea. Horregatik, gogor egiteko asmoa dute guztiek, baina are gogorrago batzuek, zeren Patronalak langileak probokatu eta iraindu egin dituela uste baitute. Orain, ikusi egin beharko da Patronalaren proposamenen kontrako iritzi sindikal bateratu hori ekintza sindikal bateratu konkreturen batean gorpuzten den, hau da, sindikatu abertzaleak eta besteak elkarrekin jardun zehatzen bat gauzatzen duten. Alde horretatik, ELAk adierazi du dagoeneko prest dagoela ekintza sindikal bateratuari heltzeko, baina horretarako helburuak eta laneko sistema finkatzea omen da ezinbesteko, eta berak baztertu egingo omen ditu itxurazko aliantzak. Erakunde politikoetan, artikulu hau bukatu baino lehen bederen Batasunak bakarrik egin ditu adierazpenak: sindikatuei eta sektore herrikoei egin die dei, "enpresaburu eskuindarren politika antisozialei aurre egin diezaieten eta lan munduko ezbeharrak gutxitzen ahalegin daitezen".
Gaur gaurkoz, sindikatuak eskariak aztertzen dihardute. Alde horretatik, ELAk, ordezkari gehien duen euskal sindikatuak, aurreratu du aurtengo negoziazio kolektiboan %6ko soldata igoerak eskatuko dituela. Hau da, 2002an %4an geratu zen inflazioa, eta zifra hori baino 2 puntu gehiago.


LANEKO EZBEHARRAK KEZKA NAGUSI.

Euskal Herriko enpresetan, etengabe ari dira ugaltzen laneko zoritxarrak, eta egitate horrek benetan kezkatu ditu sindikatuak. ARGIA aldizkarian azaldu genuen moduan (ikusi 2003ko urtarrilaren 5eko zenbakia), behin behar eta, 2002. urtean ere gehitu egin ziren laneko heriotzak (140 gehiago edo) eta laneko istripu larriak. Nahiz eta egoeraz ongi jabeturik egon, Patronala garrantzia kentzen ahalegindu da. Arduradunen hitzetan, istripuen %60 enpresetatik kanpo gertatu ziren, hots, "in itinere" deritzan egoeran (laneko joan-etorrietan) edota arazo kardiobaskularren ondorioz. Aurten, bada, laneko hainbeste ezbehar eragozte aldera, sindikatuek eskari zehatzak egingo dituzte negoziazioetan, bai laneko baldintzak hobetzeko, bai prebentzioko eta segurtasuneko planak aplikarazteko

Erramun Osa

Batzuk jabetu ez badira ere, euskararen batasuna lortzeko bideak ez du bere hutsez eta baitatik sendatuko eta indarberrituko gure hizkuntza soil-soilik, hots, kontutan edo kontuan, batean edo batetan, e.a. behar duen ebaztea lagungarri egokia eta, batzuen aburuz, garrantzi handikoa izan daiteke euskararen bilakaerarentzat, alabaina, euskararen normalizazioaren giltzarri nagusia, erabakigarria, status-plangintzan dago ezbairik gabe. Hartarako, baina, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) euskararen ofizialtasuna erdietsi ez ezik, horren baitarik, 1982ko azaroaren 24an, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea (10/1982) eta, urte batzuk geroago, administrazioen hizkuntza politikari koherentzia eta ibilbide komuna emateko asmoz Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) onartu behar izango ziren. Bada, hogei urte igaro dira, nahiko modu bitxian pasa ere, ezen Lege honek ireki zituen bideak urratzen uzkur eta behin baino gehiagotan oztopo-jartzaile izan ziren eta diren sozialisten -salbuespenak salbuespen- eremuan, besteak beste, Fernando Buesa Fundazioaren bitartez, sortu den gogoeta saioak albo batera utzita, orain artekoaz eta aurrera begirakoaz Jaurlaritzak ez baitu aparteko gogoeta-saiorik edota bestelako ekimen zabal eta komunik burutu. Hori ere, azken aldian hizkuntza politikan oro har, Jaurlaritzaren aldetik, sumatzen den aitzindaritza ezaren beste zantzu bat izan daiteke, beharbada.

Hogei urte hizkuntza baten bilakaeran ezereza da, baina, nahikoak, botila erdi hutsik erdi betea dagoen eztabaida antzuan sartu gabe, aurreratu genezakeen beste aurreratzeko ez-gauza izan ote garen zalantza mahai gainean jarri ez ezik eskuartean izan ditugun askotariko bitartekoei behar beste zuku ez diegula atera egiaztatzeko. Izan ere, euskararen bilakaeran kontrako joera daukaten administrazio eta alderdiak albo batera lagata, urte hauetan guztietan denetarik ikusi dugu. Besteak beste, laurogeiko hamarkadan zehar, alderdi euskaltzaleen aldetik, administrazioen egitekoa gehiegi azpimarratzeko eta gizarte zibilaren esku hartzea murrizteko, gutxiesteko, alboratzeko edo/eta ordezteko joera nozitu dugu. Aldi berean, sortu berriak ziren instituzioak hankaz gora jartzeko estrategiaren altzora, euskara borrokarako eremutzat hartuta, ustez gizarte zibilaren kide izanik ere badira alderdi batzuen posizioetara irristatu ez ezik alderdi horien unean uneko xede eta estrategia politikoen zerbitzura eta arabera jokatu duenik eta, hala diharduenik ere, euskalgintzan eragiteko transmisio katea eran jokatuz.
Ez hori bakarrik, laurogeita hamarreko hamarkadan, administrazioaren eta gizarte zibilaren arteko etena gainditze bidean urratsak hurreratu ahala, ezker abertzaleko sektore esanguratsu bat, ezker abertzalekoak diren beste pertsona askoren lan isil eta saiatua lardaskatuz, haren estrategia politikoa elikatzen zuen garrantzi handiko gatazka eremua galtzeko arriskuaz jabetuta, gizarte erakundeen barne bizitza ahalik gehien bortxatuz eta tenkatuz, prozesu horietan zein ondorengoetan galga jartzaile, arazo sortzaile eta zatiketa eragile bilakatuko zen. Bide beretik segituz, batzuei hala dela sinestaraztea interesatzen zaien arren, euskalgintzako zenbait erakundek alderdi eta Madrilen aski ezagunak diren epaile batzuen aldetik jasan dituzten erasoaldiak azaltzeko unean euskarari eta herri honi dieten herra bezalako argudioak ezin erabili daitezke soili-soilik, izan ere, egiari ere zerbait zor zaionez, bidenabar, sektore politiko batek gizarte ekimenak nahierara, bere zerbitzura eta bestelako zereginetarako erabiliz aitzakiarik behar ez duenari bidea erraztu diola esan beharko genuke. Alabaina, erantzukizunak gure bizkar hartzeko gauza izan beharko genuke eta ez gaude herri honetan, tamalez, horretara batere ohituta. Denak balio du eta, horren ondorioz lardaskeria noizbait agerian geratzen bada, ez-ikusiarena egin, beste batzuei leporatu eta aurrera mutilak!
Administrazioen hizkuntza politikari koherentzia ez ezik haren eta gizarte eragileen arteko lankidetza marko gisa plan estrategikoa ere aldarrikatzen lehena izan zen euskalgintza. Administrazioak euskara ez normalizatzeko -ustez- zuen borondate ezaren testuinguruan kokatu zuen gainera halako plangintza zehazteko prozesua abian jarri ez izana. Alta, 1996an, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzorde (EAB) eraberrituaren egitekoetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) egitea eta Jaurlaritzari proposatzea aurreikusita zeudelarik sortu zen ezinegona.
Izan ere, ordurako, prozesua abiatzeko lehenbiziko urratsak eginda zituen EKBren kide batzuen aldetik "lasai, hauek borondaterik ez dutenez iruzurra izango den plangintza proposatuko dute, bada, guk segi geurearekin eta geure estrategiarekin" zen inguruan hedatzen ahalegindu ziren kontsigna eta hala, 1998an elkarte eta pertsona askoren ekarpenak tarteko, EABn EBPN aho batez onartu zenean, egoera berrira egokitu beharrean, orrialdea igaro eta lankidetzarako aukera baliatu beharrean, arrazoi askorengatik EKBk suposatu izan zuen porrotetik aldenduz, diskurtso berritzaile eta adostasun berrien sortzaile bilakatu behar zuen Kontseilua antzeko plan bat egiteko bidean endredatzea bilatu eta lortu zuten. Gaur da eguna non bi planen arteko jendaurreko erkaketak, besteak beste, euskara lanbide duten zenbait enpresek eta erakundek horren bizkar lortu zituzten baliabide gehigarriak -etekinak- gorabehera, herritarrek emandako horrenbeste baliabide xahutzea, erakunde sortu berriaren -Kontseiluaren- bilakaera erabat baldintzatzea eta bide batez, Jaurlaritzarekin ekarri duen etena justifikatzen duen gutxieneko azterketa gaindituko ez lukeen. Jende saiatuaren garai bateko kemen eta ilusioak, bada, janzki berria ere behar zuen erakunde berri bati garai bateko zarpailak jartzeagatik, ezerezean berriro ere.
Batzuen aburuz, gure hizkuntza-eskubideak ukatzen omen dituen euskararen legea aldatzea da lehentasuna. Itxura guztien arabera, Aldundi eta Jaurlaritzak egin ohi dituzten dirulaguntza deialdietan, oztoporik egon ez arren, euskararentzat erabilera eremu berriak irabazteari begira ez ezik hiztunentzat aukera berriak zabaltzeari begira ere, lehentasunezkotzat hartutako ildo estrategiko garrantzitsuetan egitasmo berri bakar bat ere ez aurkezteak ez dauka garrantzirik. Euskara dakitenen kopurua gehitu arren euskarazko produktuen kontsumoak nabarmen gora ez egiteak ez daukan bezala. Alabaina, lehenak, burua nekatzea eskatzen du eta, bigarrenak, egun, eskaintzen den euskarazko produkzioa erakargarri suertatzen ote den konplexurik gabe hausnartzea. Euskararen odol-isuria erabat eteteko ez-gauza izateaz gainera, euskararen legeak eraiki urtegia betetzeko ezinean gabiltzanean, urtegiaren hormaren altuera handituz ez dut uste aiseago betetzeko gauza izango garenik, zinez.
Bukatzeko, biztanleriarekin alderatuta, hedadura ekonomikoa zein bestelako irizpideak kontuan hartuta euskalgintza ez da, besterik adierazi den arren, oro har, mugimendu ahula eta eremu urria, alabaina, azken aldian geldiune batean dago bai diskurtso, estrategia nola norabide aldetik. Testuinguru horretan badukegu biktimaren diskurtsoa gaindituz, norabide berrian urratsak eginez eta alderdikeriak albo batera utziz, elkarte zein erakunde bakoitzaren zeregina, ikuspegia, balioak-eta xedeetara iristeko egin beharreko pausoak argi edukiz, bakarka garatu ezin ditugun egitasmoen ingurumarian, lankidetzarako marko berriak eraikitzeko beharra. Iragan hurbilari ez diogu nahikoa atarramentu atera, baina, ondoriorik ateratzeko gauza izango ote gara?

Iñaki Guridi


Komikiak irakurtzeko ohiturarik ez duen lagun bati, argitaratu berri zuen komiki interesgarri bat eman zion Fernando Taranconek, «Trama» komikiari buruzko aldizkariko zuzendariak. Honi, antza denez, gustatu egin zitzaion istorioa eta hala erantzun zion Taranconi: "Ikaragarria da! Nobela bat izan zitekeen..."

Gizartea ez dago komikiak irakurtzera ohituta. Are gehiago, askori artearen beste espresio batzuk, literatura, zinema edota antzerkia esaterako, komikia baino osoagoak iruditzen zaizkio.
Komikia kontsumitzeko ohitura falta horrek, merkatua era nabarmenean mugatzen du eta gutxi dira ondorioz, Euskal Herrian argia ikusten duten komiki argitalpenak.
Apur horien artean indartsuen ageri dena, «Tmeo» aldizkaria da. Gasteizen sortu zen orain dela ia 16 urte, eta orduz gero, bi hilean behin kioskoetan egotea lortu du. Gaurkotasuna aitzakia hartuta, marrazki eta letra zorrotzek, ironia eta kritika hedatzen dituzte. Fanzineko arduradunak eurak, merkatua nola dagoen ikusita, gustura daude daukaten egoerarekin. 5.000 ale banatzen dituzte Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan.
Jarrera kritiko hori, nabaria zen «Napartheid» fanzinean ere. Orain urtebete inguru, ordea, argitaratzeari utzi zioten. Nafarroako Gobernuak euskararen aurrean zuen jarrera makurra salatzeko asmoarekin sortu zen kultur mugimendua 1988an, eta komiki aldizkaria mugimendu horren espresio bat zen. Fanzineak, ordea, indar handia hartu zuen eta bertako partehartzaileentzat, beti borondatez jardun dutenak, gehiegizko lana bihurtu zen aldizkotasun finkoz kalera ateratzea. Salmentek eta lan bolumenak gora egin zuten, baina profesionalizatzeko adina baliabide ez zuten. Horren atzean, betiko arrazoi bera, komikiak irakurtzeko ohitura eza. «Napartheid»eko kide Iñigo Martinezen esanetan, "komikiaren kulturarik ez dago Hego Euskal Herrian. Hemen 40 urteko gizaseme bat autobusean ikusten duzu komiki bat irakurtzen, eta harrituta geratzen zara. Europa mailan, hori ohikoagoa da. Jendeak liburuak eta diskoak erosteaz gain, bere komikiak ere erosten ditu".

Frantzia eredu.

Komikiaren inguruan mugitzen den jenderik gehienak, Frantzia hartzen du eredu moduan. Gizartean erabat barneratuta dago komikia. Era desberdinetako argitalpen ugari eta joera berrientzako ateak zabalik. Agintarien aldetik jasotzen duen arreta ere itxurazkoa omen da.
Hori Iparraldean ere nabari da. Napartheideko Iñigo Martinezek dioenez, "Baionara joan eta harrituta geratzen zara zer nolako komiki eskaintza dagoen bertako dendetan". Bertan egindako argitalpenak asko ez diren arren, mugimendua nabari da. Horren erakusle, Nafarroa Behereko Izura herrian egiten den Marrazkirri jaialdia. Izenak berak dioen bezala, marrazkia eta umorea batzen dituzten konposaketak biltzen dira bertan. Azkenengo 12 urteetan egiten da topaketa hau eta urtero, euskarazko komiki ale berriak aurkezten dira, gai anitzen inguruan.
Hego Euskal Herrian, merkatua berez zail badago, are gehiago euskarazko produktuentzat. «Napartheid»ek argitaratzeari utzi zionetik, «Ipurbeltz» da euskarazko aldizkari nagusi bakarra. Haurrei zuzendua dago «Ipurbeltz», eta ondorioz, zail dute helduek eurentzako moduko argitalpenak euskaraz aurkitzeko.
Atarian aipatu dugun Fernando Tarancon, Astiberri argitaletxeko arduraduna da. Argitaletxe honek, atzerrian egiten diren komikiak argitaratzen ditu hemen. Gazteleraz argitaratzera mugatzen da, ordea. Berez minoritarioa den genero bat kaleratzeak arrisku handiak dituela dio eta dirua galtzen omen du argitalpen horietako askorekin. "Nahiko nuke nik euskarara ere kanpoko produkzioak moldatzea, baina hori ia diru gehiegitxo galtzea litzateke", dio Taranconek.
Fernando Tarancon, argitaratzailea izateaz gain, «Trama» aldizkariko zuzendaria ere bada. Orain ia bi urtetik, Bilboko lagun talde batek argitaratzen du «Trama», komikiaren inguruan aritzen den aldizkaria. Merkatuan dauden berrikuntzak izaten dituzte hizpide eta komikiaren inguruko elkarrizketa, kritika zein erreportaiak biltzen dituzte. Noski, umore tirak ere badaude aldizkariak dituen 64 orrialdeetan. Doan banatzen dute aldizkaria, denda espezializatuetan. Honen helburua, berez komikia erosten duenari mugak zabaltzea da eta komiki era berriak probatzeko gonbitea egitea.

Nolakoa da komikizalea?

Heldutan komikia irakurtzen duenak, txikitatik datorkion ohiturari jarraituz egiten du. Gaur egun, 15 bat urteko gazteek, super heroien komikiak eta Ekialdetik datozen Mangak irakurtzen dituzte gehienbat.
Helduei dagokienez, Fernando Taranconek Bilboko Joker komiki dendan ikusten duenaren arabera, "jende jantzia da komiki irakurlea. Unibertsitate mailako ikasketak dituena, zinema, literatura eta antzerkia atsegin zaiona...". Gainera muga zabalak omen dituzte eta irekita ei daude komikiaren barruan datozen joera berriei ateak zabaltzera: AEB-etako produkzio independenteak, Europako joera berriak...
Baina bistakoa da gaztaroan komikiak irakurri arren, ohitura horrekin jarraitzen dutenak ez direla asko. Eta ez komikia gustatzen ez zaielako, bidean, telebistarekin, kontsolaren batekin edo Internetekin topo egin dutelako baizik

Pilar Iparragirre

Tokian tokiko mikrohistoria lantzen ahalegintzen da Eusko Ikaskuntzaren Historia-Geografia saila, prozesu orokorra aztertzeko garaian garrantzi handia duelako jakiteak jende xumearen eguneroko bizitzan zer gertatzen zen. Horretarako, aldian aldiko jardunaldiak antolatu ohi dituzte. Duela gutxi, Portugaleten, «Soziabilitate guneak Euskal Herrian» gaia izan zuten hizpide. Soziabilitatea zer den eta gure artean zenbateraino dagoen ikertua jakitea zeukaten helburu. Eusko Ikaskuntzaren Historia-Geografia saileko partaide den Enriqueta Sesmerok Euskal Herriko mikrohistoria horren zati txiki bat gerturatu digu.

TABERNAN, ELIZAN...

Soziabilitatea, pertsona bakoitzak besteekin dituen harremanen multzoa litzateke. Harremanak gauzatzen direneko lekuetako batzuk, taberna, eliza, kalea, merkatua, batzokiak edota Ameriketako Euskal Etxeak izan daitezke. Taberna omen da adierazgarrienetakoa. "Taberna beti izan da Euskal Herrian, eta oraindik ere bada, ez ardoa edateko leku bat bakarrik -hori izan daiteke alderik arbuiagarriena-, soziabilitate gune garrantzitsu bat baizik", dio historialariak, azpimarratuz haietara beti joan izan dela jendea batez ere elkarrekin edatera eta elkarri gauzak adieraztera.
Eta hain zuzen ere, horregatik gonbidatzen omen da: han dago koadrila bat, sartzen da beste lagun bat, eta orduan koadrila horretakoren batek gonbidatu egiten du lagun berria. Ekintza horrekin, batez ere ohorearen parekatzea adierazten omen da; hau da, besteari aditzera ematen zaio, gonbidatzen bazaitut, eta zuk nire gonbita onartzen baduzu, ohoreari dagokionez, maila berdinean geratzen garela biok. "Eta badakigu ohoreak euskaldunontzako zernolako garrantzia izan duen beti! Bada, halako harremanen bidez indartzen da komunitatearen lotura", adierazi du Enriqueta Sesmerok.
Tabernan, gainera, tratuak ere egin izan dira -ekonomikoak eta bestelakoak, ezkontza tratuak, kasu-, edota bateren batek besteren batekin zeuzkan arazoak konpondu. Eta amaitzeko, tratua egina zutenaren seinale, elkarrekin hartuko zuten tragoren bat. Tabernak, bestalde, solasaldiak izateko eta ondo pasatzeko lekuak ere baziren, jakina. "Antzinako Erregimenean eta XIX. mendera arte, ez zegoen hainbesterainoko ezberdintasunik publiko eta pribatuaren artean -dio adituak-. Bizitza orokorragoa zen: zuk bazeneukan zure kultura, zure nortasuna eta jatorrizko bizimoldea, eta horixe zinen zu: izan, bazinen euskalduna; izan, bazinen arrantzalea, nekazaria edo nahi duzunaà Eta aldaezina zen kualitate hori, komunitatearen barruan gune berezia zeneukalako, horrek ematen zizkizun eskubideekin. Aberatsa bazinen edota xumea. Baita emaztea, zaharra edo umea bazinen ere".
Horregatik izan omen dira hain garrantzitsuak soziabilitaterako elizak eta hilerriak. Leku horietan adierazi izan da, nahiz hilik egon, pertsona batek komunitateko partaide izaten jarraitzen duela. Komunitate horrek bizirik dirau mendez mende.
Dantzalekuak, prozesioak, elizak, tabernakà komunitatearen lotura indartzeko gune aproposak izan omen dira beti. Baina ez horretarako antolatuak egoteagatik soilik, gizakien arteko harremanetan katalizatzaile bezala funtzionatu izan dutelako baizik. Haietara joatea erabakitzen zuenak, besteekin egotea bilatzen zuen. Han elkartzen ziren. Batzuetan gatazkak ere izaten omen zituzten, noski. "Baina hala da, gatazka eta kidetzaren artean osatzen da komunitatea», ondorioztatzen du Enriqueta Sesmerok.
XIX. mendean zehar, gizarte klaseak azaldu zirenean, beste mota bateko gizarte harremanak sortu ziren. Baina, orduan ere, nahiz eta aldaketa handia izan, gutxi gorabehera jokaera berbera izan zelakoan dago aditu hau, batez ere herri txikietan. Hirietan eta Barakaldo bezalako herri handietan, ordea, bestelakoak izan omen ziren kontuak, beste kultura batean hazitako jende multzoa azaldu zelako.
HARREMAN MOTEN UGARITASUNA.

Edozein dela ere aztertutako gune fisikoa, han eman daitekeen soziabilitatea inoiz ez omen da harreman mota bakarrera mugatzen. Prozesioetan, adibidez, normaltzat jo daitekeen harreman erlijiosoa eman zitekeen bezala, harreman politikoa ere ematen zen batzuetan. Eta batzokietara, edota Hego Ameriketako Euskal Etxeetara zihoan jendeak, kultur harremanak izatea nahiko zuen, baina baita harreman politikoak ere. "Guneak, helburu zehatz bat izan dezake, baina gero, horren inguruan, beste mota bateko harremanak sortu ohi dira beti. Eta horien guztien artean bizitzen du batek norbait bat izatearena: jeltzale izatea, edota Hego Ameriketan euskalduna izatea. Edo prozesio batean anaidi batekoa izatea. Izate horrek, batetik, besteekiko desberdintasuna azpimarratzen du eta, bestalde, lotura bat zu bezalakoak direnekin", zehazten du historialariak.
KENDU DIGUTEN KALEA.

Kalea omen da soziabilitatea bizitzeko galdu dugun lekurik inportanteena. Orain kotxeena dela dio Enriqueta Sesmerok. Prozesua ulergarriagoa egiteko, hainbat datu mahaigaineratzen dizkigu. Adibidez, antzinako baserrietan atari handiak eduki ohi zituzten, familiakoak eta auzokoak biltzeko, artazuriketan egiteko, kontu-kontari aritzeko eta abar. Baina, XIX. mendetik aurrera, hori guztia aldatu bide zen, burgesiaren eraginagatik. Geroztik baserriek ate txikiak baino ez zituzten eta bi familia bizi baziren bertan, kaleko etxean bizi balira bezala, bakoitzak bere atea zuen. Artazuriketa bezalako lanak egiteko ganbara edo beste lekuren bat izango zuten, baina beti barrukoa eta itxia. "Zergatik? Jendea kontaktuan jar ez zedin!" ziurtatzen du Sesmerok.
Burgesiak ezarritako eredua ez zen baserrietara mugatu, baina. Oro har, jende xehearen etxe guztietan eman zen, hauentzako etxeak askoz txikiagoak eta deserosoagoak egiten hasi zirelako. Gauzak horrela, duela berrogeita hamar urte inguru, etxeetan ezin omen zen bizi. "Jaio, maitasuna egin eta hil etxe barruan egin ohi ziren, baina ohikoa zen kanpoan bazkaltzea eta gosaltzea ere bai; afaldu besterik ez zen haietan egiten", dio adituak, zehaztuz eskulangintzan ari zirenek bertan egingo zutela lan, baina normalean etxeak txikiak eta estuak zirenez, ez zutela jendearekin eroso egoteko inongo aukerarik ematen. "Aberatsenek bazuten aukera hori, baina zenbat ziren horiek?", galdetzen du Sesmerok.
Halako egoeran, zeintzuk ziren jendearen soziabilitate guneak? Bada, batez ere lantokiak eta kalea.
Kotxerik gabeko kaleak zeuzkaten orduan, eta jendea lasai asko ibil zitekeen bertatik. Baita bizitzaren erritmoa askoz motelagoa zelako ere. Eta era guztietako harremanak ematen omen ziren kalean. Adibidez, batzuetan ezkontzak, kalean tratatzen omen zituzten. Eta norbaitek bere auzokoarekin arazoren bat baldin bazeukan, amorru biziz kalera irten eta hantxe "konpontzen" zuen zeratxoa, batzuetan errieta bizian, auzo horrekin egundoko sesioa izanik; besteetan, era oldarkorragoan, labankadaka, kasu.
Nolanahi ere, garai hartatik aurrera bukatutzat eman ei ziren XVIII. mendean guztiz ohikoak izan ziren etxebizitzen arteko eskailera ederrak eta jendearen arteko harremana ahalbideratzen zuten patio zabalak. Eta horrela iritsi gara gaur egunera, auzokoarekin hitzasperturen bat egin ahal izateko ia ataririk ez duten etxeetan bizitzera, eskailera zulorik ere ez duten etxe horietan bizitzera. "Igogailuak baino ez dituzte, jendea arin-arin joan dadin gorantz eta beherantz, aldamenekoarekin apenas harremanik edukita", nabarmentzen du Enriqueta Sesmerok.
Francoren garaian berriz, atari eta eskailera txikiko etxe multzoetan ez zegoen lonjarik. Horren arrazoia? Hauxe baino ez omen da: "Emazteak etxeetatik irten eta ez dakit noraino erosketak egitera joan daitezen. Horretarako denbora asko behar dutenez, ezinezkoa zaie beste lan bat edukitzea eta egiten duten lana etxe barruan egin beharko dute. Aukerarik ezean, bakoitza bere habian gerarazteko egina dago hori. Badirudi ezetz, baina horrelako neurriak politikoak dira. Soziabilitatearen aldeko edo aurkako neurri politikoak", dio historialariak.
MERKATU ZABAL HAIEK.

Horren adibide izan omen daiteke gaur egun merkatuekin gertatzen ari dena. Orain arte ezagutu ditugun merkatu zabal horiek, erosketak egin bitartean harekin edo honekin hizketan egoteko aukera ezinhobea ematen ziguten horiexek desagertzen ari dira eta trukean supermerkatuak eskaintzen zaizkigu. Azken hauek pasilo estuak dituzte, doi-doi orgarekin pasatzeko aukera ematen dutenak, eta musika ozen dago, erosleak lehenbailehen gauzak erosi eta bertatik alde egin dezan

Pello Zubiria

Frantziako armada ("gure bi armadetako bat" esan beharko luke euskaldunak ironiaz) gatazka konplexu batean dago sartuta. Aspaldiko partez, frantses telebistak erakutsi dizkigu "gure" militarrak frontean, tiroka, blindatu ttikiekin erasotzen, tiroak jasaten, soldadu zaurituak... Mendebaldeko Afrikan gertatzen da guzti hori, Boli Kostan. Eta bertatik iritsita, helburu humanitarioetatik haratago doazen operazioen eta benetako batailen irudiak erakutsi dizkigute.

Operazio horiekin Paris Vietnam berri batean erortzeko arriskutan sartzen ari dela igarri du zenbait kazetari eta ikertzailek. Arrisku hori bere gain hartu beharrekoa zela iritzi dio ordea Raffarin-en gobernuak, Frantzia aspalditik baitago leporaino sartuta Mendebaldeko Afrikako arazoetan. Hori ere telebistak erakutsi digu argi aski: kazetariek galdetuta, batailetatik ihesi doazen herritarrek frantses garbian erantzuten dute, ez itzulpen eta ez azpititulu beharrik gabe.


MENDEBALDEKO AFRIKA FRANTSESEKO «MIRARI» HURA.

"Licorne" operazioaren barruan bidalitako 2.500 militar frantses horiek helburu bat baino gehiago dituzte beren lanean. Hasteko, jatorri frantseseko herritarrak zaindu behar dituzte Afrikako lurralde ez hain urrun horietan. 25.000 inguru omen dira, gehienak Abijan hiriburuan eta San Pedron bizi direnak. Bestetik, Gbagbo lehendakariaren eta errebeldeen artean sinatutako su etena zaindu behar dute. Baina militarrek badute kezka -pribatuan hala aitortu diete kazetariei- Gbagbo lehendakaria errebeldeen kontrako gerra frantsesek egitea nahi ote duen.
Ororen buru, hala ere, Frantziak Boli Kostan dituen interesen itzalak eraman ditu bertara 2.500 militar horiek. Mendebaldeko Afrikako Ekonomi eta Moneta Batasunaren (UEMOA) kidea da Boli Kosta, CFA Frankoa da bere moneta, eta Frantzia du bazkide komertzial nagusia. Hizkuntza ofiziala frantsesa duela ahaztu gabe.
Telekomunikazioak, energia, ura, garraioak, bankuak, eraikuntza, obra publikoak, agro-industria... France Télécom, Bouygues, Société Générale, Crédit Lyonnais, BNP, Air France eta TotalFinaElf dira hemen kokatutako enpresa frantses nagusietako batzuk. 60.000 langilez goiti da 210 filial frantsesen enplegatu, eta horietatik landa beste 40.000 ari omen dira frantsesek kontrolatutako enpresa ttiki eta ertainetan.
Urte luzez -1990a arte- estabilitate ispilu izan da Mendebaldeko Afrikan Boli Kosta: munduko kakao produktore nagusia da, turismoarentzako erakargarria zen, inbertsioetarako leku lasaia bermatu zuen 30 urtetan etenik gabe aginduz Houphuët-Boigny diktadoreak... eta Abijanen kokatu ziren bai Garapenerako Afrikako Bankua (BAD) eta bai Mendebaldeko Afrikako Ekonomi eta Moneta Batasunaren (UEMOA) Banku Zentrala. Herrialde honek dituen 15 milioi biztanleren artean 4 milioi ondoko herrialdeetatik bizimodu hobe bila etorritako etorkinak ditu.
Geroztik, ordea, paradisua purgatorio bilakatua dirudi. Kakaoaren prezioak hondoratu egin ziren, CFA Frankoa baliogabetzen hasi zen, Houphouët-Boigny nola ordezkatu ez zuten asmatzen bertako eliteek, ondoko herrialdeetan gerra eta odol isurtze ikaragarriak hasi ziren gertatzen... eta 1999tik aurrera, Boli Kostan aspaldi ezagutu ez ziren pustch militarrak hasi ziren gertatzen, bata bestearen ondotik.


PAISAJEK, ERLIJIOAK ETA DIAMANTEAK NAHASTUTA

Urte luzez kontrolpean -indarrez estalita, alegia- edukitako arazo etnikoak lehertu dira Boli Kostan ere orain. Bapatean, "mirari ekonomikoaren" garaian harrotasunez erakusten ziren Ghana, Burkina Faso, Mali edo Liberiako etorkinak soberan egoten hasi ziren. Baina are larriagoa izan da Boli Kostaren batasunaren porlan gisa eraiki nahi izan den "ivoirité" delakoa (herritartasuna: Côte dÆIvoire da herrialdearen izen ofiziala) funtsik gabea gertatu dela.
Mendebaldeko Afrikako estatuak etnia ugariz osatutako mosaikoak dira, baina bada aniztasun horren barruan gauzak sinpleagotzen dituen marra bat: marraz behetik bizi dira kristau eta animistak, itsasotik gertu dauden oihanetan eta kaietan. Marraz goiti, musulmandarrak dira eta horiek sabana eta Saheleko eskualde idorragoetan bizi dira. Boli Kostaren kasuan, bere populazioaren %40 horren integrazioa ezinezkoa egiten zuen naziotasun artifizial bat landu da urtetan, eta estabilitatearen oinarrian zegoen "ivoirité" hori bera bihurtu da orain arazoa kasik konponezin bihurtzen duena. Hona punttu bat: Parisko bake prozesuan arazoetako bat da lider musulman bat lehendakari izan ote daitekeen ala ez, behar bezain "bolikostatarra" ez delako.
Boli Kostan -horra Frantziaren interesaren sustraietako bat- Mendebaldeko Afrikako geopolitika ere jokatzen da. Mali eta Mauritaniak tuareg gerrilarekin dituzte arazoak. Nigerian bortizkeria leherketak izan dira. Liberia, Guinea eta Sierra Leonan gertatu diren (eta gertatzen segitzen duten) basakeriak famatuak dira. Koadroa erabat desestabilizatzeko, Boli Kosta hankaz gora jartzea bakarrik falta zen... eta hala gertatu da.
Aipatu dugun etnien arteko lerro nagusi hori bakean edukitzea zail izanen da, beste gauza askoren artean munduko merkataritzan hain garrantzia handia daukaten diamante eta harri bitxien komertzioan eskualde honek zeresan handia daukalako.
Diamanteen salerosketa ilegalari enbargoa ezarri diote Nazio Batuek, baina eskualde honetan horiek eta horien ordainetan erosten diren armak kontrolatuko dituenik ez dagoela dirudi. Bertako gobernu eta gerrilla buruak daude sartuta alde batetik, eta munduko mafia guztiak (Odessakoa aipatzen dute batez ere ikerlariek) bestetik.
Mendebaldeko Afrikako ekaitzen erdian 2.500 militarrek bermatu nahi dute Frantziaren posizio geoestrategikoa. Jacques Chirac pertsonalki ari da krisia eta negoziaketak kontrolatzen, berak bidali du Defentsa Ministroa Boli Kosta bertaraino. Arrisku guztien gainetik, Parisek puntu hau baloratu duela dirudi: ezin zaio berriro gertatu Rwandan pasatakoa.
Baina nahi izatea bat da eta ahal izatea oso beste bat

http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Onintza Irureta / Elisabeth Pombo

Ordubiak alderako ehundik gora lagun elkartu ziren Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxearen aurrean. Eguraldi freskoak, baina eguzkitsuak, mokadutxoa hartuz, aspaldian agurtu gabekoekin berriketaldia egiteko aukera eman zuen.

Bazkaltzeko ordua helduta, ARGIA Sariak lehen aldiz aurkeztu zituen Xabier Letona astekariko zuzendari berriak. 2003. ekitaldi honetan Joxemi Zumalabe ARGIAko lankide ohiari egin zitzaion aipamen berezia, hamar urte baitira hil zela. Hitzak hitz, bazkaria berehalakoan hasi zen eta horrekin batera 2003ko ARGIA saridunak zein ziren jakiteko gogoa. Postreak ekarri zituen sei sariak: «Lauretan Babel», Euskadi Irratiko saioa (Irratia saria), «Euskal Herria lau haizetara» programa (Telebista saria), «Nabarra» aldizkaria (Prentsa idatzia), «Zabal zabalik» kanpainaren saria jaso zuen Publis agentziak (Publizitate saria), Sareko ARGIA saria berriz, Sustatu.com web logarentzat izan zen eta Merezimenduzko Saria, dagoeneko 40 urte baino gehiago uhinak zabaltzen diharduen Donostiako eta Loiolako Herri Irratiak jaso zuen. Sarituek urtero Antton Mendizabal eskultoreak egin ohi dituen oroigarriak jaso zituzten.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan