Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-09 16:02:24
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-02-02 -- 1885.zenb

Pilar Iparragirre

Zergatik zaude nazio txikien eskubideen alde?
Herri txikiek bere burua gobernatzeko daukaten zilegitasunaren alde nago, hizkuntza bat galtzea edota herri bat homogeneotasunean desagertzea guztion aberastasun kulturalarentzat hondamen izugarria delakoan nagoelako. Homogeneotasuna bizitzaren etsairik handiena da.

Ez dirudi egungo intelektual askok horrela uste duenik...
Ez. Kosmopolitismoaren aldeko jarrera agertzen dute, baina kosmopolitismoa aldarrikatzea herri txikien, nazioen eta hizkuntzen desagertzearen aldeko apustua egitea da, alegia heriotzaren aldeko apustua egitea.

Nola egin aurre neoliberalismoaren estrategiari?
Iritzi aurrerakoi «gorri» batek, nazioartekotasuna eta elkartasuna dauzka berezko armatzat, neoliberalismoaren estrategiako globalizazioari aurre egiteko eta herrien globalizazioa eraiki ahal izateko. Horrek nazio eta kultura ugari eta ezberdinen arteko harremana suposatuko luke (hau da, inter-nazionalismoa eta ez anazionalitatea), eta baita abertzale eta iraultzaile ikuspegi baten praktikari eska dakiokeen elkartasun soziala ere. Horrela ulertzen dut nik gauza behintzat.

Nor litzateke, egun, ezkerreko intelektuala zure ikuspegiz?
Bada, botereari men egiteari utzi eta honako baldintzatxoak jasoko lituzkeen agiri bat sinatzeko prest legokeena: sedizioa arteko desobedientzia zibilaren aldeko agiria; utopia iraultzaile, libertarioa eta sozialistaren aldekoa; eta egun batean bakoitzari bere ahalmenen arabera eskatu eta dauzkan beharren arabera eman hura -komunismoa, alegia- egia bilakatzea aldarrikatuko zuena.


Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre

Aita Joxe Ezkurra pilotaria zenuen. Eskuz Munduko Txapeldun izan zen banaka (1952an) eta binaka (1955ean). Pilota zaletasuna etxetik datorkizu beraz?
Guk beti izan dugu taberna etxean, Ezkurra taberna, eta pilotazaleen topalekua zen. Aita pilotaria zenez, gure etxean pilota izan da betiko jostailua. Ni txikitatik hasi nintzen palaz jokatzen, baita eskuz ere, eta gero hasi nintzen laxoan probatzen, eskularruarekin. Poliki moldatzen nintzen, eta aitak segituan erremontean jokatzeko esan zidan, berak ikusten baitzuen ni eskuz aritzeko nahiko motza nintzela.

Txikitan ba al zenuen beste zaletasunik?
Bai, denean jokatu dut. Txirringan aritu nintzen, Doneztebeko taldean. Sprinter peto-petoa nintzen! Eskubaloian ere aritu nintzen, bertako taldean, eta nahiko poliki gainera. Nafarroako selekzioan jokatzen nuen. Baina erremontean hasi nintzen, eta beste dena alde batera utzi nuen.

Oso goiz debutatu zenuen, 16 urterekin.
Ia hamabost urterekin hasi nintzen entrenatzen. Asko hobetu nuen, eta segituan esan zidaten debutatzeko. Entrenatzen urte bakarrarekin nahikoa izan nuen. Oso garai politak izan ziren. Mutil koskorra nintzen, eta ez nuen honetara iristerik imajinatzen. Niretzat oso dibertigarria zen, eta kito. Alde txar bakarra zuen, kotxerik izan gabe joan behar izaten nuela Iruńera, gero Donostiaraą Etxekoren batek eraman behar beti!

Garai hartan beste denak zaharragoak izango ziren.
Bai. Horrek ez ninduen kikiltzen, beti izan naiz nahiko ausarta. Berehala primeran integratu nintzen. Zorte handia izan nuen. Oso talde ona genuen, orain baino jende gehiago aritzen ginen entrenatzen. Gainera, ume mimatua nintzen. Jakina, on xamarren bat etortzen denean, beti izaten da denen begikoa.

Geroztik ibilbidea nolakoa izan da?
Hasieran dena da oso berria. Gogoratzen naiz lehenengo partidan paseoan bezala ibiltzen nintzela. Partida batzuk onak egin, beste batzuk ez hain onak, gero festa batzuk egin eta hurrengo egunean partida ezin zentratu nenbilen. Gainera oso gaztea nintzen, ikusten nuen diru pixka bat, eta eskolara joatean errege sentitzen nintzen.
Baina gero, hobetzen hasi eta ikusi nuen gauza jada nahiko serioa zela. Banekien zerbait egin behar banuen dena utzita horretara jarri behar nuela. Segituan atera nintzen txapeldun, eta orduan ikusi nuen erremontea izaten ahal zela nire bizitzeko modua. Eta gustura.
Hortik aurrera, 21 urterekin, serio-serio hasi nintzen. Geroztik denetik izan da. Nik uste nahiko erregularra izan naizela. 1998an urte txarra pasatu nuen. Anemia izan nuen. Oso gaztetatik egur ederra eman diot gorputzari, eta urte hartan behera egin nuen.
Pilota munduan memento denak onak izan ditut, ez dut oroimen txarrik. Niretzat hau amets bat bezalakoa izan da.

Gorputzari ez al diozue atsedenik ematen urte osoan?
Lehen ez zen oporrik hartzen. Gure enpresan bazirudien delitu zela. Baina bakoitzak antolatzen du bere urtea, eta nik 15 egun hartzen ditut jai uda pasa ondoren (txapelketa pasa ondoren), eta neguan (binakako txapelketaren ondoren) beste aste bat hartzen dut, pixka bat lasaitu eta deskonektatzeko. Bestela errutinan erortzen gara, eta hori da niretzat okerrena.

Zein dira zure armarik onenak?
Nik uste nahiko osoa naizela. Pilotari oso bizkorra naiz, teknika menperatzen dut, eta fisikoki ere sasoi onean nago. Baina nire gaitasun handiena burua da: oso hotza naiz, oso kalkulatzailea, eta konpromiso handien aurrean hazi egiten naiz. Eta presio hori jasateko gaitasuna izan behar da. Nik izaera hori dut. Oso seguru nago neure buruarekin, eta hori asko sumatzen da.

Nola entrenatzen duzu?
Nik normalean astean hiru partida jokatzen ditut: astearte, ostegun eta larunbatetan. Nire entrenamendua izaten da korrika eta gimnasia pixka bat egitea bakarrik. Gimnasioak ez ditut batere gogoko, herriko kaleetan eta parkean aritzen naiz, kaleko airea arnasteko. Igandean jai egiten dut. Frontoian ez dut entrenatzen, astean hiru partida jokatuta, segituan erreko baikinateke bestela.

2002ko abuztuan bular aldean min hartu eta hilabete egon zinen jokatu gabe. Zer gertatu zen?
Bi urte oso gogor neramatzan, emaztearen kontuarekin. Baina aurrera jarraitu nuen, 2 hilabetez oso ongi jokatzen. San Ferminetan eta abuztuan oso partida gogorrak jokatu nituen. Gainera buruz-burukoa entrenatzen ari nintzen... azkenean nekatu egin nintzen. Nik uste lesioa baino gehiago neure burua zela: presio handia nuen, eta leku batetik edo bestetik askatu egin behar zuen.

Etsitzen duzu hilabete batzuk jokatu gabe?
Jokatu gabeko bizimodua oso gogorra egiten zait. Gu azkenean errutina batean erortzen gara, eta jada gure planteamenduak eginak ditugu. Eta astearte edo ostegun batean ez badut partidarik, ni pixka bat galduta sentitzen naiz. Nire lagunik onenak frontoian daude. Orain niri frontoia kentzea, sekulako kolpea litzateke. Nik jokatzen ez dudan ostegunetan ere, frontoira joan egin behar dut, kafe bat hartu eta lagunekin partida ikustera. Gero batzuetan afaltzera joaten garaą Ez da kirola bakarrik. Gure bizitza da.
Beste erremontista batzuek bere partida jokatu eta alde egiten dute. Nik jokatzen dudanetan, beste guztien partidak ere ikusten ditut.

Eskumuturrean eskafoidearekin arazoa izan zenuen.
Ez nuen hautsi, baina nahiko arazo larria izan nuen. Euskal Jai Berrin (Iruńean) izan zen. Joan nintzen zabalera, pilota bat hartzera, eta kantxako eskuineko sarea takoetan trabatu zitzaidan. Eskumuturrarekin jokoa egitean, sekulako aberia egin nuen. Eskafoidea hautsiz gero ez nintzen hemen egonen! Oso kezkatua egon nintzen, eta behar ziren proba denak egin nituen. Medikuak esan zidan asko zaindu behar zela, bestela operatu beharra izango bainuen. Hilabete egon nintzen jokatu gabe, eta zorionez, azkenean ez zen pasa deus ere.

Zer arrisku ditu kirol honek?
Beti izaten dira arriskuak, pilotakada galantak ere jasotzen ditugu. Baina pilotari batentzat lesioa da arriskurik larriena. Kirol hau oso agresiboa da. Kanpotik ez dirudi horrela, baina mugimenduak oso azkarrak dira, indar handikoak... Ez badugu gorputza zailtzen eta kontrolatzen, erraza da lesionatzea.

Zazpi txapelketa irabazi dituzu, eta galdu duzun bakarra, lagun minenaren kontra. Zein izan da zuretzat finalik politena?
Final denak oso ezberdinak izan dira. Batzuetara oso lasai joan nintzen, beste batzuetara kezka batekin edo nire etxeko kontuekiną denetik izan dira, baina denak oso politak.
Baina bat gogoratzekotan, lehenengoa aukeratzen dut. Ni garai horretan burbuila batean bizi nintzen. Beste kiroletan aritzen nintzen, sartu nintzen erremonte txapelketan, hasi nintzen binakakoan jokatzen... Sekulako partidak egiten nituen eta buruz-burukoan dena ongi atera zen. Bat-batean sartu nintzen finalean eta faborito gainera. Finala erraz irabazi nuen eta ez nuen sinesten, ez nekien egia ala gezurra zen, ala kasualitate bat. Oso polita zen. Finala bukatuta afaltzera joaten ginen pilotariekin eta babesleekin Donostian. Aurten aldatu da, ez zegoen afaririk antolatuta. Herriko elkartean ospatu genuen, 50 lagun inguru bildu ginen, eta musika eta festa jarri genuen.

Galtzeko ere jenioa al duzu?
Bai, hala da. Galtzen dudan unean asko haserretzen naiz, eta neure ondorioak ateratzen ditut. Baina ez naiz egoskor horietakoa. Uste dut galtzen badakidala.

Aurrera begira zein dira zure helburuak?
Ez daukat ezer pentsatuta. Nik osasuna bakarrik eskatzen dut, jokatzen jarraitzeko. Eta hortik aurrera etorriko dira beste gauza batzuk. Beti txapela daukagu gogoan, baina nik maila honekin jarraitzen badut beste sei-zazpi urtean, txapelak irabazi edo ez, oso gustura geldituko naiz. Eta hamar urte badira, primeran.

Erremontistek zenbat urtez jokatzen dute normalean?
Orain zaharrenek 42 urte inguru dituzte, baina oso kasu bereziak dira. Elizalde eta Matxin izarrak izan dira, eta oraindik nahiko joko polita dute. Baina punturik gorena 30-37 urte ingururekin lortzen da.
Nik gogoratzen dut 24 urterekin beste nerbio bat nuela, beste txispa bat. Orain ez dut hainbestekoa, baina beste alde batzuetan irabazi dut. Indar gehiago daukat eta askoz hobeto mantentzen dut tonua.

Erremonteko saskia aldatu al da?
Bai, orain 5 urte aldatu zuten. Lehen ihizkoak ziren, eta orain plastikozkoak dira. Ihia oso zaila zen aurkitzeko, edo kalitate txarrekoa zen. Orain pixka bat zakarragoak dira jokatzeko, efektuak ez dira hain ondo egiten... Oraingo zestak ez dira hausten, baina niretzat lehengoak politagoak ziren jokatzeko.

Zer moduzko pilotekin jokatzen duzue?
Nik uste kirol honetan arazo handi bat badagoela. Saiatzen ari dira pilota mota bat aurkitzen, baina ez dute asmatzen. Beti ateratzen da edo bote gehiegikoa, edo oso okerra, edo oso motelaą Oso lan zaila dago pilota egokia aurkitzen. Nik ez ditut ezagutu oso pilota onak, baina gogoratzen naiz gure aurrekoek beste soinu bat zeukatela, beste bizitasun bat. Oraingoei txispa falta zaie. Oraingo jokoa tristeagoa da, eta uste dut horretan pilotak zerikusia baduela.

Telebistan gutxi botatzen da erremontea. Zergatik?
Nafarroan ikusten da, La 2n asteartero emititzen baitute. Baina ETB-k gutxi emititzen du. Hor ni ez naiz sartzen, ez dakit zer gertatzen den, baina nik uste dut barruko kontuak izango direla.

Zaletu asko mugitzen al du kirol honek?
Bai. Publiko oso leiala du, ez da eskuzkoan bezala. Erremonteak ez ditu partida batean mila pertsona biltzen, baina egunero egunero 300-400 pertsona bai.

Osasun onean al dago erremontea?
Bai, oso. Baina nik uste behetik datozen pilotariak falta direla. Ateratzen dira, baina oraindik erremonteak behar ditu beste izen batzuk. Eskolak-eta badaude, baina ez da hainbeste jende ibiltzen eskoletan, eta jakina, hain multzo txikitik izen handiko pilotariak ateratzea zaila da. Akaso hemendik bi urtera aterako dira pare bat pilotari oso politak eta horrek sekulako bizia emango dio erremonteari.

Erremontean enpresa bakarra dago, Galarreta Jai Alai. Jokalariak gustura al zaudete?
Denetik dago: badago jendea kontent, badago oso haserreą Nik nire kasu pertsonaletik hitz egiten dut, eta ni oso gustura nago.

Beste enpresarik sortzeko aukerarik badago?
Ez, gu bi frontoietan bakarrik ibiltzen baikara, eta bi horiek pribatuak dira: Iruńekoa eta Galarretakoa. Esku pilota jokatzen ahal da edozein frontoitan edo edozein herritan, baina gure kirola ez. Frontoi berezia behar da, luzera behar du, eta eskuineko sarea. Euskal Herrian ez dira hainbeste baldintza horiek betetzen dituzten frontoiak. Gainera beti leku berean jokatu izan denez, ez da oso kirol ezaguna, beraz, zailago da zaletasuna sortzen. Batzuetan ateratzen gara Bilbora, edo Azpeitira, eta polita izaten da, baina astero joatea ezinezkoa da.

Lizaso erremontista eta biak Doneztebekoak zarete. Kasualitatea al da?
Donezteben 1.400 biztanle inguru bizi bagara, 6 erremontista profesional gaude, eta beste bat debutatzear dago. Gu txikitatik egon gara frontoian sartuta. Beti egoten ziren eskularruak edonoren eskura eta haiekin jokatzen genuen laxoan. Gero hasi ziren erremontista batzuk ateratzen, eta atzetik gehiagok jarraitu diete. Oso zaila da herri txiki batetik hainbeste erremontista ateratzea, eta zerbait esan nahiko du. Nik uste denak laxotik gatozela.

Laxoa, gaur egun non jokatzen da?
Baztan eta Malerrekan bakarrik. Laxoa da pilota joko zaharrena. Oso berezia da. Gainera herri bakoitzak ditu bere arauak: «pilotak halako baratzean bote jo duelako ez da tanto...» Gu oso ohituta gaude ikusten, baina ezagutzen ez duena harrituta gelditzen da. Ez baduzu kontrolatzen, jokoa oso aspergarria da. Baina niri asko gustatzen zait.

Euskal Selekzioa nola ikusten duzu erremontean?
Oso ongi. Pilota leku denetan jokatzen da, baina batez ere hemen. Gustatuko litzaidake hemengo selekzioa ateratzea. Espainiakoa baino indartsuagoa izango litzateke. Baina beste kontuetan-eta ikusten da oso zaila dagoela. Hala ere borrokatu behar da, eta agian aterako da.

Publikoaren presioa sumatzen duzue? Zer entzuten da kantxatik?
Kantxatik dena entzuten da. Nik bereizi egiten dut iraina eta frontoiko istilua. Ikusle bat auskalo zenbat diru jokatzen ari bada, eta nik pilota txapapera botatzen badut, normala izaten da builan hastea "Kaka zaharra!" eta halakoak boteaz. Nik hori onartzen dut.
Orain, bateren bat iraintzen hasten bada, hori ez dut onartzen. Gainera, batzuetan jendeak pentsatzen du pilotariari edozer deitzeko eskubidea duela, eta denetik aditzen dugu: "Putakumea", "txorixo"ą
Baina ez dut gaizki ikusten frontoiko bizitasun hori, haserrealdi txiki horiek. Nire lagunekin hitz egiten dut eta haiek ez dute horrela ikusten. Bakoitzak ezberdin bizi du giroa. Izaera kontua da.
Batzuetan oso egoera gogorrak sortzen dira frontoian. Jakina, presio handia dago. Badakigu dirua jokatzen dela, eta markagailuak buelta hartzen badu, batzuetan tokiz kanpo sentitzen gara, dena datorkigu gainera. Azkenean horrek anitz markatzen du, zeren horrelako egoeretan, ez zaude oso indartsu edo oso seguru zure buruarekin, jende bat kikildu egiten daą Nik neuk ere hasieran, burua makurtzen nuen. Baina orain ez.
Badago jendea ohitzen ez dena. Hori izaera da: 39 tantotara berdinduta egon, sekulako istilua kantxan, eta hartzen duzu pilota bat lauan, eta jokalari batek bi paretakoa botako du, eta bestea ez da arriskatuko, besteren batek huts egin dezan utziko duą Ni oso hotza naiz, eta uste dut ez naizela kikiltzen. Plaza gizona zaren edo ez da kontua. Boladak ere izaten dira, konfiantza gehiagorekin bazaude, agian arriskatuko duzu, beste batzuetan ez zaude hain seguru zure buruarekin. Ez gara harrizkoak!

Pilota datorrenean, zenbat jokaldi izaten dituzu buruan?
Bakarra. Garbi ikusten dut. Hori sena da. Buruan bi jokaldi baditut, seinale txarra. Horrek esan nahi du ez duzula konfiantzarik. Jokaldi hau edo bestea egin erabakitzen hasi, eta txarra egiteko arrisku ederra izaten da!

Jokalaritan zein duzu eredu?
Elizalde. Elizalderi begira maiz egona naiz, niretzat aurrelaririk onena izan da. Teknika aldetik onena izan da. Orain pixka bat zahartuta dago eta pilota ez du hainbeste mugitzen, baina klase handia du.
Besteak ikusiz asko ikasten da. Gainera ikasteko ez naiz batere itxia. Etengabe hobetu behar da. Nik banakako txapelketa prestatzeko beti deitzen diot Elizalderi, eta berak esaten dit zer aldatu behar dudan, edo aholkuak ematen dizkit. Kanpotik hobe ikusten da barrutik baino. Kritika konstruktiboa asko gustatzen zait.

Zer nahiago duzu, banakako jokoa edo binakakoa?
Oso ezberdinak dira. Jokatzeko politagoa da binakakoa, eta ikusteko ere bai.
Ikusteko banakako txapelketa oso itsusia da. Bi pareta gutxi egiten dira, eta peloteoa ere bai. Frontoia hain luzea izan eta pilotak sekulako botea egiten duenez, oso zaila da. Baina badu beste zerbait. Azkenean buruz-burukoa da eta bakoitza bakarrik dago bestearen aurrean, hor egiatan neurtzen da bakoitza, eta horrek ematen dio pisua jokoari. Erremontistoi prestakuntza berezia eskatzen digu, batez ere aurrelarioi. Gu ez gaude sakatzen ohituta, eta sakea kontrolatu behar da

Pilar Iparragirre


Irakaslea da lanbidez, bere garaian punkaren "zuk zeuk egin" filosofia bere egin zuen gizon hau, baina hainbat idazlan plazaratuak ditu dagoeneko Paddy Rekalde bezala izenpetuz, "Rebel Mayo Colorao" nobela da azkena. Idazteko orduan, bere bizitza propioan oinarritzen da, Aturri eta Ebro arteko giza paisajea eta kultur dinamika osoa aldarrikatuz, eta berdin egiten du maite dituen Irlanda bezalako beste bazterrekin. Adibidez, taberna batean kokatzen badu narrazioa -eta bere lanetan maiz agertzen den lekua da-, oso argi daukalako da zeintzuk izan daitezkeen hango jendearen kezkak, abenturak eta desbenturak, eta Paddy Rekalde bere pertsonaiak ahalik eta humanoenak egiten saiatzen delako.

Noiz ekin zenion zuk idazteari?
AEK-ko "Aizu!" aldizkarirako hasi nintzen ni idazten, duela sei-zazpi urte. AEK Egun batean esan zidaten narrazio erotikoak nahi zituztela. Arratsaldeko seiak izango ziren ordurako, apur bat mozkortuta harrapatu ninduten jada, eta nik normalean gauza guztiei baietza ematen diedanez, halaxe erantzun nien. Ekin nion lanari eta hiru-lau narrazio erotiko idatzi nituen, baina orduan konturatu nintzen nik idazten ez nuenean besteek ez zutela idazten halakorik, eta hori utziz bestelako narrazioak idazten hasi nintzen. Eta "Aizu!"koen gustukoak izan ziren nonbait, zeren memento batean haiek liburu batean biltzea proposatu zidaten. Beste narrazio luzeago bat gehitu nien, eta horrela atera zen "Aizu! Paddy", 1997an. Denetarik dago hor: ipuin oso urbanoak, Irlandakoak, Nafarroako mendialdekoaką

Zer alde dago liburu horretatik "Whiskey koloreko gauak" deritzanera?
"Aizu! Paddy"koak samurragoak izan ziren -ez indar gutxikoak, eh! Nire narrazioetan ahalik eta indar gehiena biltzen saiatzen naiz beti-. Baina "Whiskey koloreko gauak" liburuko narrazioak landuagoak direlakoan nago. Denetarik ukitzen dut hor ere, mutur bikoa bainaiz ni: memento batean barre egiten diot neure buruari ere, eta bestean, erromantiko samar jartzen naiz hainbat gauzekin.

Edariarengatik delako, edota pertsonaiak ametsen munduan murgiltzen direlako, errealitatearen mugak askotan hausten dira zure lanetan.
Bai. Irakurle bihurtu nintzenean, gozatu handia lortu nuen Latinoamerikako errealismo magikoarekin, Rulfo, Garcķa Mįrquez eta horien lanekin, eta neure lanetan ukitu hori sartzen saiatu naiz, batetik, niretzako goxoa delako, eta bestetik, aukera ematen didalako irrealak diren beste munduak edo egoerak ere tartekatzeko narrazioetan. Adibidez, "Whiskey koloreko gauak" liburuan, badira dagoeneko hilda dauden hainbat pertsonaia, Brendan Behan idazlea edo Espainiako Gerra Zibilean faxistak borrokatzeko Irlandak antolatu zuen brigada internazionalistaren burua izan zen Frank Ryan, kasu. Eta "Rebel, Mayo Colorao"n XIX. mendeko idazle irlandar abertzale eta opiozale baten figura erabili dut, James Manganenaą

Omenaldi modura egiten al duzu hori?
Ez. Gehienez ere, ezagutzen ez dugun jende xume baina izugarri hori gurera ekartzeko era izan liteke, baina baita literaturan zehar sortuz bidaiatzeko aukera ematen didatelako. Brendan Behan orain dela gutxi arte ezezaguna zen gurean. Irlandako literaturan betiko izenak baino ez ziren ezagunak, James Joyce, edo Beckett bezalakoenak. Baina Brendan Behan oso interesgarria izan zen: literaturzalea, idazlea, IRAko kidea, borrokalaria, tabernazaleaą Eta nik Brendan Behan bezalako jendea maite dut.

Eta nor dugu James Mangan?
Horrek gutxi idatzi zuen. Poema liburu luze-luze bat dauka, baina, batez ere, XIX. mendeko errepublikar aldizkarietan agertu zituen bere kolaborazioak. Oso gazte hil zen, orduko gaixotasun baten eraginez, baina alkoholikoa ere bazen, eta laudanomanoa ere baią

Horrelako idazleak aipatzen dituzunez, Edgar Allan Poe ere maitea izango duzu?
Ez, bada! Niretzat Poe oso iluna da eta ez nau erakartzen. Badaude alkoholarekin halako mundu ilun batean sartzen diren idazleak, Poe edo Baudelaire bezalakoak, baina nik nahiago ditut Brendan Behanen tankerakoak. Autore ilun horiek ezin ditut irakurri. Badakit Kafka maisu bat dela askorentzat, baina niri depresioa eragiten dit.

Beste liburu bat ere kaleratua duzu, "Sex abaroa", alegiaą
Sexoaren inguruan osatutako poema liburu bat da. Argazkiak sartu nituen, eta batzuek esan didate pornografikoa dela, baina nik ez dut erotismoa eta pornografiaren arteko bereizketan sinesten, niretzat etika kontua baino ez baita hori: gaur egun erotismoa ondo ikusia dago, duela laurogei urte txartoą "Sex abaroa"n sexuak ematen digun babesa, plazerra eta ona den guztia aldarrikatzen dut, nire ustez. Poema bakoitzarekin narrazio bat egiteko posibilitatea neukan, baina nekatu egin nintzen, narrazio erotikoak nahiko errepikakorrak direlako: ezagutzen dira bi (neska-mutila, mutila-mutila edo neska-neska) eta elkar ezagutze prozesu labur baten ostean, txortan hasten dira. Nireak, ordea, sexua norabide guztietatik harturik, hari buruzko flash moduko poema batzuk dira. Sexuaren gai horri seriotasuna kentzen saiatu nintzen hor. Poema batzuk egoera horri barre egiteko dira, beste hainbat erromantikoak, badira nazkagarriak ere, eta baita sexuaren gaineko miseria salatzen dutenak ere. Batzuek irakurriko dituzte zenbait poema eta seguraski heuren burua islatuta ikusiko dute; beste batzuekin barre egingo dute, hurrengoekin "zein nazkagarria den tipo hau" ere esan dezakete, eta handik gutxira "zein goxoa den", edota, "begira zer egoera tristean bizi garen, eta hala ere, memento honetan, biok hemen egonda, zeinen gustura gaudeną!".

Zure azkena, "Rebel Mayo Colorao", nobela beltzatzat jo daiteke?
Hilketa bi daude bertan, ametsetan gauzatzen dena eta bestea, beraz nobela beltzaren ukitua duela esan daiteke. Egia esan, nobela horren bukaera hasieran dago, narratzailea Nafarroako herri txiki bateko tabernan sartzen denean eta leiho ondoan idazten ari den tipo bat ikusten duenean, hortik aurrera gertatzen dena tabernako idazle horrek idatzia baitu: nola protagonista joango den kanposantura, bere lagun minaren hilerria ikustera, eta gero, putetxera, hango nagusia hiltzera eta maite duen neska askatzera...

Nobela horren ia hiru laurdenak Irlandan gauzatzen dira. "Whiskey koloreko gauak"eko hainbat ipuin ere bai. Zer lotura duzu zuk Irlandarekin?
Beno, "Whiskey koloreko gauak"ek dituen bost narrazioetatik bi baino ez daude Irlandan kokatuak. Dena den, ezagutzen ditudan lekuetan kokatzen ditut nik normalean nire istorioak, lekuak usaindu egin behar ditudalako, eta horretarako haien usainak -jendeak eta ohiturak- ezagutu egin behar ditudalako. Zentzu horretan, Irlanda ezagutzen dut, eta aukera ematen dit hainbat istorio han kokatzeko. Gainera, berezko historia aberatsa eduki duen eta daukan irla bat da Irlanda. Eta "Rebel Mayo Colorao" han kokatu nuen, protagonista Euskal Herritik atera nahi nuelako eta beste inon ezin nuelako kokatu.

Euskal iheslari bat prezeski Irlandara joatea ez al da harrigarria?
Ni ez nabil iheslarien zuzendaritza taldean, baina ematen dira horrelakoak ere. Oraintxe gogoratzen naizenez Portugalen atxilotu zuten bat, Kanadan ere beste pare bat, Londresen ere izan zireną Irlanda ez da ohiko helmuga, baina jaso izan ditu iheslariak Gerra Zibiletik aurrera, eta horretaz baliatu nintzen "Rebel Mayo Colorao"n. Nire narrazioko protagonistari ematen zaion babesa Errepublikan da, Dublingo langile auzo batean. Ezagutzen dut, oso auzo errepublikarra da eta leku ona horrelako babesa emateko. Gero, protagonista horrek Mayora alde egiten du, konderri nahiko ezezagun batera, Mayo Extremadurako Las Hurdes bezain ezezaguna baita, leku ona ezkutatzeko. Iheslaria hara doa ferryan ezagutzen duen lagun baten etxera, eta hori ere oso egoera tipikoa da han, Irlandan, non hainbat egoeratan egiten dituzun lagunak eta jada badauzkazu etxeak.

Adiskidetasunari eginiko kantua al da zure nobela hau?
Erabat! Oso indartsua da Irlandan adiskidetasuna. Dublin batean gutxiago, hiriburuak hotzagoak izan ohi dira-eta, baina Mendebaldean herri oso txikiak daude, denak elkarren ezagunak dira, eta edozein mementotan eskaintzen dizute beren etxea han lo egiteko. Niri hainbat aldiz gertatu zait: nire andrearekin pub batera sartu, pinta pare bat eskatu, eta handik bost minutura beste pinta pare batekin aurkitu aurrean. Esan zerbitzariari: "Aizu, guk ez dugu hau eskatu" eta hark erantzun, "ez, baina hor dagoen horrek egin du"; beste harekin berbetan hasi, eta berdin amaitzen duzu afaltzen bere etxean. Eta adiskidetasun puntu bera aurkitu izan dut Nafarroa ezezagun horretan, bihotz zahar baina goxoak dauden lekuetan.

Tabernak, pubaką asko azaltzen dira. Eta baita bertako kantuak ere. Zuk itzuliak al dira guztiak?
Poema pare bat ez beste guztiak. Joseba Sarrionandiak itzulitako poema ederra, non irlandar abiadore batek bere heriotza igartzen duen esanez: ni hemen nago, ez ditut gorrotatzen borrokatzen ditudanak, ez ditut maite ere defendatzen ditudanak, baina hemen egotea da nire patua, eta hemen itxaroten dut nire heriotza. Beste poema Garcia Lorcak gailegoz idatzi zituen bost poemetako bat da, Arestik euskaratua. Nik itzulitakoak, berriz, Irlandan rebel songs deitzen dituztenak dira, abesti matxinatuak-edo. Irlandarrak britainiarren aurkako gerran bizi izandako pasarteak gogoratzen dituzte. Batzuk berriak dira -The Pogues taldearen kantak, kasu-, besteak zaharrak -XX. mende hasierakoak-. Eta badira IRA Probisionalaren garaikoak ere, gose greban hil-hurren dagoen pertsona batek idatzitako poema, adibidez, oroitaraziz bera irlandarra dela eta mesedez eskatuz bere hilotza Mayora eramateko. Niretzat poema izugarria da hori

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan