Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-09 16:02:24
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-02-02 -- 1885.zenb

- Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak Deian: «Eusko Jaurlaritzako bozeramaile baten esanetan, aurrekontuei buruz Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren helburua ezegonkortasuna sortzea zen. Ni ere horretan nago. Baina berdin gertatzen da indar politiko bat legez kanpo jartzen denean edo manifestaziorik egiten uzten ez zaionean. Eta koherentea izan behar da. Polizi indarrak ezin dira halako erabakien zerbitzura jarri, EAEko administrazioak egiten duen bezala. Ezegonkortasunaren estrategia ez da bakarrik Eusko Jaurlaritzaren aurkakoa, baita herri honetako beste agente sozial eta politiko batzuei eragiten dienean ere».
- Xabier Arzalluzek torturari buruz hitz egin du: «Edozein modutan, zapalkuntza demokratikoa ez da bakarrik alderdi bat ilegalizatzearena, zapalkuntza hori etengabekoa da. Gaur egun oso gaitza da ukatzea polizia espainiarrak ukatzen dionik».
- Arnaldo Otegi, Sozialista Abertzaleak taldeko parlamentarioa lotsagarritzat jotzen ditu EAJ eta EA, «Legez kanpoko Batasunaren uretan arrantzatzen saiatzen ari direlako».




Joxe Joan Gonzalez de Txabarri izango da datozen maiatzaren 25eko hauteskundeetara EAJk Gipuzkoan aurkeztuko duen diputatu nagusirako hautagaia.

Josu Ormaetxea urbinarra libre geratu zen urtarrilaren 25ean Espainiako espetxeetan 20 urte igaro ondoren. Urbinan ongi etorri beroa egin zioten eta joan den igandean Tolosan izandako «Noizko?» ekitaldian parte hartu zuen.

Joseba Garmendia Urretxuko EHko zinegotzi eta Udalbiltzako kideak irakasle funtzionario plaza atera du EHUn. Gaur egun, Garmendia Espainiako espetxeetan da ETAren finantza sarean aritzearen akusaziopean. Hori dela eta, komunikabide espainiarrek eskandalu gisa tratatu dute halako akusazioekin funtzionario plaza lortu ahal izatea.
Manuel Jimenez de Parga Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko lehendakariaren ustez, lurralde historikoen izendapena ez da egokia egungo Espainian, horrek autonomi erkidego desberdinen artean desberdintasunak sortzen dituelako. Askok kritikatu dituzte bere hitzak eta EB-IUk bere dimisioa eskatuko du Legebiltzarrean.

Jakoba Errekondo

Parke edo lorategietako belazeei bere onenean eustea ez da akerraren kuluska ondorengo putza. Baserri inguru edo larreetan urrutitik dotore ikusten ditugun belazeak zatar azaltzen zaizkigu hiritar sena dutenen bizilekuen ondoko lorategietan. Eraikuntza garaian lurrari ematen zaion egurra eta geroko mantenimendu lanen eskasak belaze hiritarren piura ziztrina dakarte uztarrian.

Zakurren eta txakurren zanpatua jasaten duen belazeari dotore eusteko lanen artean oinarrizkoenak ureztaketa, ongarriketa, garai eta garaiera egokian moztea, gaitz eta izurriteei aurre egitea, tarteka hazia berritzea eta oreatzea dira. Utziena izaki azken honi lotuko natzaio. Zanpatzearen eta belar kondar iharrak lur gainean pilatzearen ondorio nabarmenena belarraren azpiko lurra trinkotu eta pixkanaka landare hauek itotzea da; horra oreatu beharra. Lurra harrotzeko harea eta karea ematea da onena, baina aurretik belardia arretzea komeni da. Lan honekin urte osoko belar kondarrak bildu eta lurrazala ebakiz belar landareek hazteko aukera dute, berri, berde berriz agertuz. Urtean behin, udaberriaren hasieran egin eta erreparatu piura aldaketari...

Jabier Agirre

Duela hilabete batzuk Panayiotis Zavos medikuak eta Brigitte Boisselier kimikariak aitortu zutenez, giza klonazioaren inguruan egiten ari ziren esperimentuak oso fase aurreratuan zeuden eta aurreneko haurtxo klonikoa 2003an jaioko zela baieztatu zuten Pazifikoko Unibertsitatean egindako prentsaurrekoan. "Ez naiz Frankestein bat, eta ez noa munstroak sortzera", esan zuen Zavos doktoreak. "Aurrerapausoa ematen dugunean, garantia guztiekin egingo dugu. Izan ere, nire taldean klonazioaren inguruan lanean diharduten ćMichael JordanĆ-ak baitauzkat".

Aipatu bi ikertzaile horiez gain, Severino Antinori ginekologo italiar ospetsuak ere giza klonazio asmoekin jarraitzen zuen, Italiako bere klinikan, eta nahiz eta hiru ikertzaileek harremanak dituzten elkarren artean (ikus hirurak argazkian), bakoitza bere kasa aritu da esperimentuak egiten, eta sekreturik handienean gainera.
Azken egunotan, raeldarren sektakoek bi ume kloniko jaio direla iragarri dute: 2002ko abenduaren 27an etorri omen zen mundura aurrenekoa (Eva izeneko neskatila bat), eta geroztik beste neskato bat ere jaio omen da, 2003an bigarren hau, Europako iparraldeko herrialderen batean. Baina teknikoki bideragarria izan daitekeena (ume kloniko baten jaiotza alegia), ezin izan da inondik inora frogatu, Clonaid enpresak ez baitu inolako frogarik erakutsi, ama erdiberriaren eta haurtxoaren ahaidetasun genetikoa norainokoak diren jakiteko. Eta okerragoa dena, beraiek benetan gertatu dela diotena egiaztatzeko beste inori aukerarik ere eman ez diotenez, susmo txarrak eta mesfidantza handia zabaldu dira berehala raeldarrek esandakoaren aurrean. Ikusi egin beharko dugu, beraz, zertan bukatzen den ume klonikoen kontu hau, baina bien bitartean, nik Santo Tomas bezala esango dut: "Hori sinesteko neronek ikusi behar dut"


GERO ETA FUEL-OLIO GEHIAGO

Galizian garbiketa lanetan hainbestetan ikusi dugun argazkiko irudia gurean ere errepika dadin beldur handia dago. Fuel-olio gero eta gehiago ari da agertzen euskal kostan eta uste izandakoa baino gehiago lehorreratu daitekeela pentsatzeko zantzu asko ei daude, arrantzale eta agintarien esanak aintzat hartuz gero. Itsasoan tona ugari jaso arren, dirudienez kopuru handiegia da eta epe motzean zaila izango da egoera horri aurre egitea. Areago Prestigek oraindik fuel-olioa isurtzen jarraitzen duenean. Berriz ere, hondamendia areagotzea edo ez, haizea eta itsasoaren menpe dago, neurri handi batean behintzat.


EAJ-EA, AZKEN AUKERAREN ZAIN

ORAINDIK bada pentsatzen duenik EAJ eta EAren arteko azken saioa ez dela iritsi eta koalizio akordioa gauzatu egingo dela. Gauzatzekotan, dena den, negoziazio eta kanale ez ohikoetatik egin beharko dela dirudi, eta hori aipatzean EAtik behintzat Ibarretxe lehendakariari begiratzen zaio bitartekari lana egin dezan. EAJk bere nagusitasuna mahai gainean jarri duela dirudi eta presioa bere gorenera eraman duela, EAk soka gehiegi tenkatu ondoren. EAk bere izaera numerikoa eta ideologikoa etengabe mantendu beharrak EAJrekiko egoera gaitzetara eramaten du, itxuraz behintzat, ezin baita ahaztu biek gobernatzen dituztela elkarrekin EAEko erakunde garrantzitsuenak.


NAZIONALISMOAREN DEFINIZIOA

ARABAKO Foru Aldundiak Ciudadania y Libertad fundazioari «Hiztegi demokratikoa» izeneko liburua argitaratu dio. Liburua sinatu gabe dago baina hitzaurrea Mario Onandiak egindako da. Honakoa da nazionalismoari buruz egiten duen definizioa: «Euskaldunok besteak bezalakoak garela pentsatu ere ezin dutenak dira, mestizajea eta garapena garela, alegia. Beraiek aurrez ezarri eta definitutako euskal herriaren esentziak gordetzen dituzte eta beraz beraiek bakarrik defenda dezakete Euskadi. Arabako biltzarkide nazionalista batek behin esan zuen ćEuskadin Konstituzionalistek gobernatuko balute azeriak oiloak zaintzen jartzea bezala izango litzatekeelaĆ, baina Araban jada gobernatzen dute eta gainerako probintzietan baino askoz askatasun gehiago dago». Jakina, euskal nazionalismoaz ari da.


PP BILBON, ESTATURA BEGIRA

MAIATZAREN 25eko hauteskundeak direla eta, PP hasi da euskal lurretan egingo duen lehorreratzeari begira. Jose Maria Aznar Bilboko zerrendaren azken hautagaia izatea izan zen lehenbiziko urratsa. Bigarren aukera, joan den asteburuan Aski da! plataformak Bilbon egin zuen ekitaldia izan zen, eta bertan izan ziren Angel Acebes barne ministroa eta Jose Maria Michavilla justizia ministroa. Hauteskunde hauetan ere, iazko maiatzeko autonomikoetan bezala, euskal lurretan apustu gogorra egingo duten adierazle dira gertakizun horiek. PPk badaki euskal lurretan gogor egiteak, eragin biderkatzailea duela Espainiako gainerako lurraldeetan. Aski da! plataformak, halaber, PPri eta PSOEri hauteskundeetan elkarri eraso egin ez diezaioten eskatu die. Dena den, aurrekoetan baino gogorrago arituko bide dira.


CESIDEKO BURUZAGI OHIEN AURKAKO EPAIKETA

CESIDEK HBri Gasteizko egoitzan egindako legez kanpoko telefono entzuketen epaiketa martxoaren 10etik 13ra egingo da Arabako Lurralde Auzitegian. Bertan izango dira, besteak beste, Emilio Alonso Manglano eta Javier Calderon Cesideko buruzagi ohiak. Bakoitzarentzat lau urteko kartzela zigor eskaera dago. Entzuketak 98ko martxoan aurkitu ziren eta, antza, luzaro iraun zuten. Batasunaren ilegalizazio epaiketak, bestalde, bere martxa darama eta dirudienez martxoaren bukaerarako edo apirilaren hasierarako izango da epaia.


GIPUZKOAKO AURREKONTUAK ETA PSE-REN SOSTENGUA

DUELA bi aste Patxi Lopezek adierazpen publikoetan jakinarazi zion Roman Sudupe Gipuzkoako diputatu nagusiari: ez zezala pentsatu ere egin aurrekontuetarako PSE-EEren sostengua izango zuenik. Aldez aurretik, Sudupek aditzera emana zuen aurrekontuak sozialistekin adostuko zituela. Orain ikusten ari denez, Sudupek bazekien nondik nora ari zen eta Lopezek ez, edo bai eta beste itxura bat eman behar zuen.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan