Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-09 16:02:24
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-02-02 -- 1885.zenb

Lan poltsa euskalduna abiatu du Euskalkidetza kooperatibak. Berau sarean topatuko duzue: www.lanbilanet.net. Lana euskaraz egin nahi dutenen eta langile euskaldunak behar dituztenen topaleku izateko jaio da. Bertan parte hartzeko tarifa bat ordaindu beharra dago.


GIDOIGILEEN LAN BALDINTZAK

Euskal gidoilarien %8a bakarrik bizi da egun gidoiak egiteaz. %55ak gidoiak idazteaz gain, bere lanbidearekin harremana duen beste lan bat burutzen du. Euskal gidoilarien %22 bakarrik da profesionala. Horrez gain, euskal gidoilari profesionalen heren batek soilik egiten du lan Euskal Herrian. Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak lanbidearen azterketa egin nahi izan du asteburu honetan burutu dituen VII. Jardunaldietan. Autore eskubideak, Jabetza Intelektualaren Legea, erakundeen laguntzak, zinema eta telebistarekiko harremanak... jorratu ditu. Jardunaldi hauen karira, Europako Gidoigileen Federakuntza sortu dute, langile hauen baldintzak hobetzeko.


BAZTANGO ETNOGRAFIA MUSEOA

ASTE Santuan inauguratuko da seguruenik Baztango Etnografia Museoko galeria Elizondon. Dagoeneko bildu dituzte Museoa osatuko duten 600 pieza. Bailarako familiek utzitakoak dira gehienak, eta bertako ohituren eta bizimoduaren adierazgarri dira. Museoaren egituraketa ere pentsatua dago: beheko solairuan aroztegi zahar bat jarriko dute; lehenengo solairuan, etxebizitza tradizionala ikusi ahal izango da; eta bigarrenean, garai bateko lanbideen erakusgarri diren piezak paratuko dituzte.


FONOTEKAREN PROIEKTUA

EUSKAL Kultur Erakundeak hurrengo urteetan martxan jarri nahi dituen proiektuen ildo nagusiak aurkeztu zituen lehengo astean. Lau urtez Kantuketan egitaraua burutu ondoren, eta honi jarraiki, egitasmo berriak landuko ditu. Besteak beste, Ipar Euskal Herrian fonoteka bat sortzeko asmoa agertu du. Horretarako Baionako Euskal Herriko ondare zentroan ikerketak jarri ditu martxan. Bertan euskal kantu eta musikari lotuta dauden argitaratu gabeko soinu ondarea biltzen ari da.


DANTZAN ETA ANTZERKIAN ESPEZIALIZATUA

AURREIKUSPENEN arabera, 2004ko udan amaituko dituzte Donostiako Victoria Eugenia antzokiko lanak. Berriztapen lanek 12 milioi eurotako aurrekontua dute. Factoría de Proyectos izeneko enpresari eman zion Udalak Victoria Eugeniaren berriztapenaren ikerketa. Dantza eta antzerkia izan beharko lukete Victoria Eugeniaren ekitaldi nagusiak txosten horrek ateratako ondorioen arabera. Honela, dimentsio handiko antzezlanak hartuko lituzke Victoria Eugeniak, eta horrez gain, dantzarako egokitutako areto bakarra izango litzateke hirian. Egingo diren lanen ondorioz, hainbat eserleku kenduko dira, agertokia berrituko da eta entsegurako gela bat, diskoteka bat eta kafetegi bat sortuko dira.


MUSIKA ETA ZINEMA

GUZTIRA 12 film eskainiko dituzte Gasteizko Azul zinema aretoetan asteazkenero hemendik aurrera. Zinema eta musikaren arteko harremana lantzeko asmoz, «Musika pantailan» izeneko zikloa antolatu dute. Lehenengo emanaldian «Amadeus» filma eskaini zuten. Besteak beste, datozen asteetan, «Amerikar bat Parisen», Francis Ford Coppolaren «Bihozkada», Fernando Truebaren «54 kalea» edota Ingmar Bergmanen «Txirula magikoa» ikusi ahal izango dira.


PIRATERIAREN ZENBAKIAK

ASKO entzunagatik ere, pirateriaren inguruko albisteek ez dute indarra galtzen. Azkeneko berrien arabera, Espainiako Industria Fonografiko eta Bideografikoen Elkarteak (Afyve) pirateriak merkatuaren %40a hartzen duela jakinarazi du. Espainiako Autoreen Batasunak (SGAE) ordea, %25ean finkatzen du pirateriaren eragina. Edozein modutan, 1999an zifra hori %5ekoa zela kontuan izanik, handiak dira bata zein bestea. Bestalde, Espainiako Segurtasun indarrek 2002an legez kanpoko 3.898.848 CD eta CDR konfiskatu zituzten.


AZKEN ERAKUSKETA

JEAN Vérane artista eta bildumagilearen lanen erakusketa izango da ikusgai Gasteizko Amarica aretoan otsailaren 12a arte. Guztira, Véraneren 80 lan ikusi ahal izango dira. Batetik, artistak basamortuko harkaitzei eginiko argazkiak eta lientzoak izango dira ikusgai. Eta bestetik, berak osatutako mundu guztiko mahai jokoen bilduma paratuko da. Erakusketa hau izango da Amarican egingo den azkenekoa. Izan ere, otsailaren 12tik aurrera Amarica aretoak hirugarren adinekoen gelak hartuko ditu bere baitan.


EUSKAL ARTEA ARCO-N

OTSAILAREN 13an hasi eta 18an amaituko den Madrileko Nazioarteko Arte Garaikideko Azokan, ARCOn, guztira, Euskal Herriko bederatzi arte galeria izango dira. Urterokoez gain, Bilkin galeria bertan izango da lehen aldiz. Euskal artistei dagokienez, berrogeita hamarretik gora izango dira Azokan euren lana erakusten.

- David Barberok nontzeberri.com-en: «Gaur egun antzerki produkzioaren kalitatearen gainbehera bat dagoela uste dut. Baliteke antzezlan oso onak egotea, baina gehienak ez dira taulara iristen (...) Eskenatokietara begiratuz gero, konturatuko gara testu gehienak egokitzapenak direla edo talde batek sortutako testuak».
- Iban Zalduak honakoa zioen «Gara»n: «Gurean dugun aje bat da kritika negatiborik ez dela ikusten, ez da mailarik desberdintzen».
- Unai Elorriagaren hitzak dira hauek «... eta kitto!»n jasoak: «Saria ez irabazteko ezaugarri guztiak betetzen nituen».
- Gorka Salmeronen ustez, «emozio edo sentsaziorik ez badago, ez dago argazkirik». Hitzok «Kaixo» aldizkarian esan zituen.
- Ane Muñozek eginiko adierazpena da hau «Kimuak» proiektuaren inguruan «Irunero»n: «Ez da horrelakorik beste inon ezagutzen. Euskaditik kanpo ere interes handia sortu du. Dena dela, mugatua ere iruditzen zait. Sei laburmetraia besterik ez dituzte aukeratzen (...)».

Gasteizen, Zabalgana deitzen den eremuan, etxebizitzak egin behar dituzte. Bertan azken mendeetan nekazariek erabili izan dituzten toponimoak erabiltzea baino «Avenida de la Ilustración» eta «Avenida de los Derechos Humanos» modukoak erabiltzea aurreikusi du Gasteizko Udalak.

Anjel Alkainek gidatzen duen Gorringo antzerki talde sortuberriak Joxean Sagastizabalen «Kutxidazu bidea, Ixabel» liburuan oinarritutako antzerki lana taularatuko du martxoaren 15ean Tafallan.
Patxi Salaberri Muñoak «Iraupena eta lekukotasuna. Euskal Literatura idatzia 1900 arte» izeneko liburua plazaratu berri du Elkar argitaletxearen eskutik. Bertan, euskal literatura klasikoaren azterketa egin du egileak.
David Barberok testu dramatikoei buruzko idazketa tailerra eskainiko du Bilboko Udalaren eta Bilboeszenaren eskutik otsailetik aurrera hiriburuko kultura etxeetan.
Agerre Teatroak «Los niños no pueden hacer nada por los muertos» lana estreinatuko du otsailaren hasieran Donostiako Antzoki Zaharrean.
Su Ta Gar taldeak disko berria kaleratuko du udaberrirako Gor diskoetxearen eskutik.

Miguel Zugazak, egun El Prado museoko zuzendari denak, honakoa zioen «Administrazioa Euskaraz» aldizkarian:
«(...) Nik uste dut Euskal Herrian artea erakusteko gero eta areto gehiago daudela, bai esparru pribatuan, bai publikoan; hortaz, baldintzak egon badaude, nahiz eta artistek nahi izango lituzketen guztiak ez izan. Euskal Herria artearen agertoki garrantzitsua bihurtu da (...).
Museo mota asko daude: museo historikoak, arte garaikidekoak, eta abar; baina nik uste dut museo guztiek dituztela ikasgai garrantzitsu batzuk. Horietako bat da berezko bildumekin eta artea interpretatzeko era desberdinekin harreman bat izatea. Ikusle berriak bilatzea da beste betebehar bat. Une berezi eta egokia da, oraingo konbentzionalismo jakin batzuei aurre egiteko eta akademizismo batzuk bertan behera uzteko. Nire ustez, iraganaren eta orainaren arteko muga hertsiak apurtu egin behar ditugu, eta bi mundu horien arteko harremana erakutsi ikuslegoari.(...) Ikuslearen begien aurrean uztartu egin behar ditugu arte tradizionala eta egunez egun egiten ari diren beste arte mota horiek. Hori da museoak duen xede handienetako bat, hain zuzen ere esperientzia hori martxan jartzea eta artea konbentziorik gabe erakustea (...)».


ESPAINIAKO HIZKUNTZAK HIZPIDE

«La diversidad de lenguas en España» liburua kaleratu berri du EHUko Hizkuntzalaritza katedradun Maitena Etxebarriak. Bertan Espainiako hizkuntzen egoera eta haien normalizazioa du hizpide. Egileak adierazi duenez, 15 eta hogeitapiko urteko gazte euskaldunen belaunaldiak etorkizunean euren seme-alabei euskaraz komunikatzeko desira eta asebetetzea transmititzen ez badie, euskara desager liteke.


KIROLEAN ERE BAI

«Kirola euskaraz» egitasmoa jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, euskararen normalizazioa kirolean bultzatzeko xedez. Egitasmoaren baitan lau liburu argitaratu ditu: «Kirol errendimenduak: ikasketak bikaintzeko giltzarriak», «Gaitasun motorra: eskolako heziketa fisikoaren idazketa motorra ulertzeko elementuak», «Pilota: entrenatze fisikoa eta teknikoa» eta «Pilota: trinketak eraikitzeko teknika eta kirol irizpideak». Aipatu egitasmoak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia du iturburu eta argitalpenekin batera, beste hainbat ekimen abiatuko dituzte euskara kirolean sustatzeko.



KORRIKA 13 GERO ETA GERTUAGO

Apirilaren 4an Maulen hasi eta Iruñean bukatuko da 13an aurtengo Korrika. Aurten euskararen ofizialtasun erreala aldarrikatzeaz gain, itxaropena aldarrikatuko du jai herrikoiak. Ildo horretatik, 60ko hamarkada bukaeran eta 70eko hasieran euskal kulturaren berpizkunde mugimenduan jardundakoak omenduko dituzte.

hemeroteka

1884. zenbakia | 2003-01-26
1883. zenbakia | 2003-01-19

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan