Historia bizitzarako irakasle
Pello Apezetxea
Aspaldiko errana dugu, lehenak orainari argi egiten diola. Gertatutakoa, alegia, ikusitakoa, bizitutakoa ikasbide zaigula, orain egin behar dugunerako. Nork ukatzen ahal du, gaur den egunean jendeak duen jakitate eta ahalmena, neurri haundi batean aitzinekoei zor diela? Gaur egun jasotzen diren ehun solairuko eraikuntzak edo nahitaezko tresna bihurtu den ordenagailuak anitz urtetako ibilbidearen ondotik gauzatu dira. Ondotik eta ondorioz. Eta gauza bera erraten ahal dugu gizartearen antolamenduaz edo gizaseme eta emakumeen arteko harremanez, gai hauetan bertzelako eragilek jokatu arren. Hala ere, ezin erran lehenak erakutsi digun guztia gureganatu dugunik. Gertatutakoaz eta bizitutakoaz zenbaitetan baliatu gara, anitzetan ere bai, behar bada; bertze zenbaitetan, ordea, anitzetan ere bai, ikasgaiak ikasgai gelditu dira. Ikasi gabe.
Pentsatzen hasiz gero ez genuke gehiegi harritu beharko. Ez dugu erran zaharra bertze hau ere, jendearena dela toki berean bi bider behaztopa egitea? Bi bider bakarrik balitz! Eman dezagun urrunegi joan gabeko begirada, oraindik bizi den aunitz jendek bere buruan daukana: 1936ko altxamendu militarra eta honek eragindako hondamendia. Legezko agintarien aurka arma-indarrez jo, herritarren arteko borroka hilgarria biztu, milioi bat jende galdu, gerrateaz aparteko hainbat eta hainbat hilketa eta asasinatze. «Garbitasun» negargarria burututakoa, estatu espainoleko komunismoa eta separatismoa sustraitik ezabatuko omen zuena.
ARGUDIO hau behin eta berriz erabili baitzuten altxamendu nazionalekoek, gaiztakeriak menperatutako gizarte batetik ongiaren erreinura joanen ginela, etsai horiek errotik ezabatuz gero. Baina, zer eta aro argitsu berri baten izenean, eskubide arruntenak ere ukatzen zituen diktadura bortitz eta luzea inposatu ziguten. Bada, urte haiek joan eta bertze hainbat urteren ondotik, gero eta ordukoaren antzekoago bilakatzen ari zaigu egungo egoera sozio-politikoa. Armada berme duen konstituzioa oinarritzat hartuta, demokratikoa deitzen zaiona, giza eskubideen zanpatze eta neurrigabeko errepresioa haunditzen ari da, egunetik egunera. Ikasi dugu gerrate eta gerrate ondoko urte ilun haietatik?
1937an eliza katolikoko apezpikuek izkribu deitoragarria aditzera eman zuten, altxamendu militarra babestu eta honen eraginen erantzunkide bihurtu zituena. Azkenaldi honetan idazki hori frankotan gogoratua izan da, hain zuzen. Zerk eragin duen gogoratze hori, 65 urteren ondoren? Batik bat berriki apezpikuek terrorismoaz argitara eman duten dokumentuak, non agintari eta boteretsuen jarrera defenditzen baitute. Apezpikuek ere ez dute aitzinekotik ikasi? Badira, bai, ikasi eta arabera jokatu dutenak ere. Eta eskerrak. Nahiz eta ez izan gehiegi hamabortz horiek.
Gure Euskal Herriaren historia hurbileko une berezi batez ere egiten ahal dugu gogoeta, Lizarra-Garazi deitutako akordioaren denboraldiaz. Argi berria ekarri zuelako ustea aski zabaldu zen, eta argi horrekin esperantza.
Jende gehienak bozkatzen zituen alderdi politikoek bide berria ireki zutela iduritu zitzaigun, abertzaleak beren sesioak utzita elkarrekin lan egiteko gauza izaten ahal zirela, ekintza armaturik gabe ere Madrili kezka sortzen ziola abertzalegoak, eta, behar bada, sakonagoa, gainera. Inork ez du ukatuko orduko hauteskundeak, desberdinak izateaz gain, Espainiako agintarien nahigabea sortu zutela.
AMETS huts izan ote zen? Eguberrietako egunetan karrikak eta erakustokiak koloreztatzen dituen argiak bezala? Orain kantuak eta argiak itzali eta urtarrileko eguraldi ilun eta hotza da nagusi. Lizarra-Garaziko argiak eta esperantzak ere joanak bide dira, eta egoera ilun eta gogorrean sartuta gaude. Lizarra-Garazitik zerbait gelditu da? Zerbait ikasi dugu? Zeren eta zer ikasi bazela eta badela erranen nuke nik.
Zer ikasiaz ari naizenean, aitzinera eta hobera egiteko ikasteaz ari naiz, noski. Gertatu bailiteke zenbaitek uste izatea Lizarra-Garazikoren zer ikasiaz jabetu dela, baina ez aitzinera jotzeko, bere lehengora itzultzeko baizik, bere lehengo jokaera eta lehengo egoerara. Eta berdin gertatzen ahal da, gertatzen ari da, diktadurako egunetara itzuli, edota Vatikanoko Kontzilioa ahantzi nahi dutenekin .
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.