Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-01-26 -- 1884.zenb

HAURREN NAZIOAK
Jokin Apalategi
UTRIUSQUE VASCONIAE
154 orrialde

16 euro


EUSKAL HAURREN NAZIO KONTZEPTUAK

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako mila bat haurrei galdetu zien Jokin Apalategik zeukaten nazio ideiaren inguruan. Adin ezberdinekoak zirenez, galderak ere adinari egokituak zeuden, Jean Piagetek, Anne-Marie Weilen laguntzaz, 1951n egindako «Le développement chez lÆenfant, de lÆidée de la patrie et des relations avec lÆétranger» ikerketaren eta beste aditu batzuen beranduagoko lanen ildoari jarraituz. Gainera, Euskal Herriak bizi duen nazio gatazkak ikastolen mugimendu sozialaren eraginez hezkuntza sistema hiru eredutan bereiztera eraman duela kontuan izan zuen Jokin Apalategik, ea bakoitzak nazio interpretazio ezberdina islatzen duen haurrengan aztertzeko garaian. Eta A, B, eta D ereduko haurren erantzunak urteen arabera konparatu zituenean, ondorio kezkagarri bati egin behar izan zion aurre: 9-11 urtekoen artean, D eredukoak garbi nabarmentzen ziren bere euskaltasunean; baina 12-14 urtekoei ea euskalduna eta espainiarra batera izan zitekeen galdetu zienean, D eredukoen artean ere erdibitu egiten zen erantzuna, euskal gizartean orohar dagoen nazio kontzeptuaren erdibitzea agertuz.

VAN GOGH, BIHOTZEAN EGUZKIA
Xabier Gantzarain
TXALAPARTA
62 orrialde
10 euro




BIHOTZAREKIN MARGOTZEN ZUEN ARTISTA

Txalaparta argitaletxeak 10 urtetik aurrerakoei zuzendurik duen «Axuri Beltza» bilduman plazaratu du Xabier Gantzarainek «Van Gogh, bihotzean eguzkia» biografia. Egileak dioenez, Herbehereetako margolari handi hau bere belarria mozteagatik egin da ezaguna bestearen bizitza ahotan erabiltzea asko maite duen gizarte honetan. Edo bere koadroen prezioagatik. Eroa zela esaten dute, baina eroa ala ez, harrigarria da zenbat koadro margotu zituen, batik bat arteari bere bizitzako hamar urte baino ez zizkiola eskaini kontuan izanda. Van Goghek bihotzarekin margotu zuen ikusten zuen guztia, eta errealitatea gure sentimenduen arabera aldatzen dela erakutsi zigun. Margotzeari bere bizitza eskaini zion ero bat izan zen, baina pertsona bat oroz gain.

JOSIF STALIN
Joseba Arruti

ELKAR
140 orrialde
8,05 euro




JOSIF STALINEN ITZAL-ARGIAK

Josif Visarionovitx Stalinen euskarazko lehen biografia honetan, masa-askatzaile izatetik masa-hiltzaile bihurtu zen lider iraultzaile eta agintari ankerraren bizitzaren itzal-argiak eskaintzen dizkigu Joseba Arrutik. Mundu osoko milioika gizon-emakumeren askatasun eta elkartasun ametsak langileen Estatu indartsu batean gauzatu zituen Stalinek, jende askoren ikuspegiz; baina baita bere herritarrak ezin esan ahalako sakrifiziotara behartu ere. Eta milioika lagun bidali zituen espetxera, erbestera eta heriotzara, proletarioen aitzindari moduan gurtzen zutenetakoak izan zirelarik biktima hauetatik asko eta asko, alderdi komunistaren barruan egin baitzituen garbiketarik gogorrenetakoak.

JOSU ETA KOKOA

Geertje Gort eta Ceseli Josephus Jitla
IBAIZABAL
32 orrialde
12 euro



HAUR BATI JATEN IRAKATSI ZION KOKOA

Bost urtetik aurrerako haurrentzat kaleratu den «Josu eta Kokoa» kontakizunean, batere jatun ona ez den mutikotxo bat ezagutzeko aukera dugu. Izeba bat du mutiko horrek, ordea, eta izeba hori beheko pisuan bizi da. Mota guztietako janak gustatzen zaizkio, eta katilukada pure edo dilistarekin heltzen da Josurengana, eta esaten dio: «Jaten ez baduzu, Kokoa etorriko da eta berarekin eramango zaitu». Baina Josuri ez zaizkio ez dilistak eta ez purea gustatzen, sandwichak bakarrik ditu gogoko, urdaiazpikoz egindakoak badira gehiago, eta nahiz ez duen izeba Matilderen Kokoan asko sinesten, badaezpada ere, eskutitz bat idazten dio Koko horri, galdetuz, ea txirrindulari ona izateko zer jan behar den. Eta hara non, Kokoak erantzun egiten dio.

NESKA ADOLESZENTEA NAIZ!
Núria Roca/
Meritxell Ribes
HIRIA
47 orrialde
9,50 euro



ADOLESZENTZIAKO ZALANTZA HORIEK

Hamaika aldaketa gertatzen zaizkio neskatila bati adoleszentziara iritsi ahala: hilekoa hasten zaio, aurpegia granotxoz bete, titiak hazi, besapeetan, hanketan eta pubisean ilea agertu eta gainera, asko loditu dela eta oso itsusi dagoela iruditzen zaio... Horrez gain, zergatik garbi ez dakiela, egun batean oso umore onez dago, eta hurrengoan, berriz, zeharo triste, dena izugarria dela pentsatuz. Bada, aldaketa horietaz guztietaz dihardu, hain zuzen ere, Nerea Mujikak euskaratu duen Núria Rocaren «Neska adoleszentea naiz!», Meritxell Ribesen irudien bitartez nerabezaroan dauden gaztetxoei lagungarri gerta dakiekeen idazlana. Pubertaroa ere oso garai eder eta zoriontsua izan daitekeelako, behin zalantza garrantzitsuenak argituz gero.

MAKURMENDI-REN MAGALEAN
Joseba Aurkenerena
GERO-MENSAJERO
141 orrialde
11 euro



MAGIAZ BETERIKO IPUIN BILDUMA

Biziaren magia erakutsi zioten lehen maisu-maistrei, alegia bere gurasoei, eskaini die Joseba Aurkenerenak «Makurmendiren magalean» ipuin bilduma. Izan ere, magiaz beterik daude bertan agertzen diren hamazazpi kontakizunak, piratak, baleazaleak, sorginak, artzainak, errotariak, soldadu karlistak, egungo ikasleak eta beste protagonistatzat dituztenak. Liburu hau, «Harribeltzetako ipuinak» izenburua duen baten ondoren dator, eta hartan gertatzen zen bezalaxe, Harribeltzeta ezizenaz gordetzen den herrian daude kokaturik «Askatasunaren lauburua», «Balea gorriak», «Allerruko amonak sua piztu du!», «Itsasoak dakarrena itsasoak darama» eta beste hainbat ipuin, hor nonbait, Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdi nahasten diren bailara zabalean.

EUSKAL HERRIA
Batzuen artean
SUA
125 orrialde
5 euro




MENDIAK, KULTURA, NATURA ETA BIDAIAK

Hona hemen ibilaldiak proposatzea eta paisaiak agertzea hainbeste maite duen Sua argitaletxearen aldizkari berria. «Euskal Herria» du izena eta gazteleraz dago, baina orain euskarazkoa egin nahi dute, hau da, bihilabetero kaleratuko den aldizkarian Euskal Herriko natura, kultura, mendiak eta bidaiak eskaini -erdarazkoan bezalatsu-, baina euskaraz. Dena den, gaztelerazko «Euskal Herria»ren lehen zenbakian, besteak beste, honako proposamenak aurkituko dituzue, beti ere argazki ederrez horniturik: Nerbioi, Bidasoa eta Arga ibai nagusien iturburuetara eginiko ibilaldia; Baiona, Iruñea, Donostia, Gasteiz eta Bilboko alde zaharretara eginiko historia-bidaiak; Iruñean dagoen Planetariuma, Tillac akitaniarraren margolanak eta gastronomia saila.

TXAPELPUNK-EN BIGARREN DISKOA


BLA BLA BLA BLA BLA. STOP
Txapelpunk
OIHUKA
13 kanta
13,90 euro


Punkaren ezaugarri nagusiak ditu Txapelpunk-en bigarren disko honek. Izan ere, Txapelpunk-ek punka egiten du! Eta Iñigito Txapelen ahotsak eta gitarrak, Atrofiren baxuak eta koroak, Unairen gitarrak eta koroak eta Txikiren bateriak osatu dute «Bla bla bla bla bla.stop», Nako zuzeneko teknikariaren laguntzaz. Eta «Bla bla bla bla bla.stop»en egin dutena, hamairu kanten bidez entzuleen eta beraien arteko komunikazioa bilatzea izan da, eta hori, hitza eta boterea bata bestearen konkistarekin datozelako. Hauexek dira aipatu kantak: «Los findes», «.com», «El reloj del abuelo», «Más solo que la una», «Bi eguzki dauzka Gasteizek», «Kreo en mí», «Odio», «Imagínate», «Kalian part!», «Por la puerta de atrás», «Widow», «Munduari begiratzeko» eta «Ultima guerra».

hemeroteka

1883. zenbakia | 2003-01-19
1882. zenbakia | 2003-01-12
1881. zenbakia | 2003-01-05
1880. zenbakia | 2002-12-15
1879. zenbakia | 2002-12-08

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan