Euskalki bitxien artean deigarrienetarikoak dira zaraitzuera eta erronkariera. Nahikoa da «hau-hori-hura» entzun beharrean, «kau-kori-kura» entzutea horretaz jabetzeko. Baina bitxi izateak ez die hilezkortasunik eman eta, gaur egun, arnasik gabe ari dira geratzen euskalkiok. Erronkarierak, dagoeneko, ez du hiztunik eta zaraitzueraz dakiten bizpahiru lagun baino ez dira geratzen. Hala ere, itzaltzear dauden euskalki horien garra indartzeko ahaleginetan dabilenik bada; besteak beste, Aitor Arana idazlea buru-belarri dabil hiztegiak eta euskalki horiek ikasteko liburuak osatzen, Hiria argitaletxearen ekimenaren baitan.
Gaur egun, Euartako Mari Kruz Esarte andrea eta Otsagiko Zoko eta Eseberze jaunak (bi gizon) dira zaraitzueraz dakiten azken hiztunak. Zaraitzu haran piriniarra da; iparraldean Behe Nafarroa eta Zuberoa ditu, ekialdean Erronkari osoa, hegoaldean Romanzado ibarra dauka, eta mendebaldean Aezkoako bailara eta Urraul Goiti. Bailara horretan ibili da Arana denbora luzean bertako euskalkiaren azken hatsa arnasten. "Behin egunkari batean irakurri nuen zaraitzueraz zekiten bi hiztun bakarrik geratzen zirela, gizonezko bat eta emakumezko bat. Ni, orduan, zaraitzuera hiztegia egiteko asmoz nenbilen, eta, batez ere, zaraitzueraz idatzita dauden testuetan oinarrituta egin behar nuen. Baina noski, hiztunik baldin bazen nik lekukotza bizia jaso nahi nuen, eta jasota neuzkan hitz haiek guztiak galdetu nahi nizkien", azaldu digu idazleak. Bila ibili ostean, Espartzako Antonia Gartzia zena ezagutu zuen, eta berekin hasi zen lanean. "Hiztegia egiteko, idatzita neuzkan hitz guztiak banan-banan galdetu nizkion. Egundoko pazientzia izan zuen, bost mila eta berrehun hitz galdetu bainizkion. Hortik bi mila eta zazpiehun bat ezagutzen zituen berak, eta nik ez nekizkien bostehun bat ere eman zizkidan".
Antonia Gartzia 2001eko otsailean hil zen, baina handik pixka batera ezagutu zuen Aranak Eaurtako Mari Kruz Esarte, 84 urteko zaraitzuarra, eta bi emakumeon testigantzari esker osatu zituen hiztegia eta zaraitzuera ikasteko metodoa. Bertan agertzen den gramatika lantzeko, testu liburuetan oinarritu da gehienbat, baina esamoldeak lantzeko laguntza handia eman zioten Mari Kruz Esartek eta Antonia Gartziak.
Ezaugarri deigarriak.
Aitor Aranak dioenez, sinkopa da zaraitzueraren ezaugarri nagusia. Hau da, bokalak erori egiten dira euskalki horretan. «Ibili» aditzaren antzinako forma, adibidez, «ebili» da, baina zaraitzueraz, nagusiki, «ebli» esaten da; erdiko bokala erori egiten da. Gauza bera gertatzen da aditzekin ere; «haiek dira» esateko «kurak dra» esaten dute. Edo «maite zaitut» esateko «maite ztut» esaten dute. "Antzinako euskara japoniera bezalakoa omen zen, hau da, kontsonantea-bokala-kontsonantea-bokala; hizkuntza silabikoa. Pirineotan, ordea, kontrako joera eman zen; azentuak eraginda gogortu egiten ziren hitzak sinkoparen bidez; kontsonante-bokal sisteman bokalak erori egiten dira", azaldu digu.
Horrez gain, berezko hitzak ere baditu zaraitzuerak. «Ekarri» adibidez, «eraugi» esaten da. Hala ere, denetan aipagarriena erakusleetako «k» protetikoa dela dio Aranak. Horren eraginez, «hau-hori-hura» erakusleak gisa honetan esaten dira: «kau-kori-kura»; eta «hemen-hor-han»: «kemen-kor-kan» eta abar.
Bestalde, hizkuntza tratamenduek beste ezaugarri berezi bat eman diote zaraitzuerari. Nafarroa Beherean eta Erronkarin ere oso erabilia den xuketazko tratamendua du zaraitzuerak. "Xuketako ćni nixuĆ, ćkura xuĆ, ćgu gitxuĆ, ćkurak txuĆ adizkiak (ni naiz, hura da, gu gara, haiek dira) benetan oso zaraitzuarrak dira", esan digu Aranak. "Antonia Gartziak esan zidanez, xuketa gurasoekin egiten zuen, anai-arrebekin hika eta apaizarekin zuka".
Erlatibozko esaldiak ere oso modu bitxian egituratzen dituzte Zaraitzun eta Aranak ikasgai osoa eskaini dio liburuan. Gehienok «oso usain txarra zegoen etxe batean egon nintzen» egitura ohikoa erabiltzen dugu. Zaraitzun, berriz, subjektua hartu eta mugatu gabe hasieran ipintzen dute, eta bukaeran erlatibizatzen dute. Horrela, «Usain txarra duen zakurra hona etorri da» esaldia «Txakur urrin gaixto duena kona xin da» izango litzateke.
Guztira 30 ikasgaiz osatu du Aranak «Zaraitzuko Uskara» liburua, eta lehendik eginda zuen «Zaraitzuko Hiztegia»rekin, ondo jasota geratu da euskalki hori. Baina, orain, berpizte lana da geratzen dena, baldin eta XIX. mendean Nafarroako euskarak zuen aniztasuna berreskuratu nahi bada
![]() |
|
||||
1882 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa