Atzean utzi dugun 2002ko abenduaren 11n Buber Sariak banatu ziren Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen «03 Datorrena» ekitaldiaren baitan. Irungo Udalak eskuratu zuen euskal web gune onenaren saria. Sari banaketaren aurretik zenbait adituk 2003. urteak teknologia berrien munduari zer ekarriko zion aurreikusi zuen. Guztira hamaika izan ziren «azti» lanetan aritu zirenak: Roberto Agirrezabala, Adclick egitasmoaren sortzailea; Imanol Alberdi, Internauten Elkarteko kide sortzailea; Joaquin Almunia, Espainiako Diputatuen Kongresuko Aurrekontu Batzordeko burua; Iñigo Atxutegi, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapenerako zuzendaria; Javier Etxebeste, Yahoo! Europako zuzendaria; Maria Goti, «El Correo Digital»eko zuzendari kudeatzailea; Enrique Martin, Filetopiaren sortzailea; Jose Antonio del Moral, Euskadi buletinaren editorea; Mikel Murga, Massachusetts Institute of Technology erakundeko irakaslea eta ikertzailea; Pello Salaburu, EHUko errektore ohia eta Euskaltzaindiako kidea eta Mikel Urizarbarrena, Panda Software enpresako lehendakaria.
Hainbat eta hainbat iragarpen, desio eta premia entzun eta atsedenalditxo bat egin ondoren, guztiek espero zuten unea heldu zen. Buber Sarien banaketaren unea. Duela hiru urte sortu zen sariketa hau, eta denbora igaro ahala gero eta ospe gehiago du.
Buber izena Idaho-tik (AEB) dator. Buber bezala ezaguna zen Blas Pedro Uberuagak, euskal artzain batzuen semeak 1994an Euskal Herriari buruzko informazioa eskaintzen zuen lehen web gunea sortu zuen. Zenbait urtetan Buberren orria izan zen euskal kulturaren erreferentzia bakarra Interneten.
Gaur egun Uberuagaren orriak Euskal Herriari buruzko informazio eskaerak jasotzen jarraitzen duen arren, ziur Buber izena, Euskal Herrian behintzat, sariengatik dela ezagunago. Baina zer dira? Nork antolatzen ditu?
SARIen atzean dagoena.
Euskadi buletin elektronikoak bideratu izan du sariketa hau hasiera hasieratik. Lehenengo bi urtetan Gipuzkoako Merkataritza Ganbarak antolatutako «Euskadi Internet» ekitaldiaren baitan banatu ziren. Aurten ordea, ekitaldi hori ez da egin eta ekimenaren antolatzaile eta babesle honako hauek izan dira: Bizkaiko Foru Aldundia, El Correo taldea, SPRI, Euskaltel eta EITB. Buberrekin Euskal Herriko web guneak saritu nahi dira atal desberdinetan. Beraz, atal bakoitzeko irabazle bat dago eta horretaz gain irabazle nagusiaren saria ere badago. Urtetik urtera finalistak eta irabazleak aukeratzeko modua zertxobait aldatu egin da. 2002ko Buber Sarietarako jarraitutako metodologia honako hau izan zen: Jendeak urte osoan zehar bere proposamenak luzatu zituen. Proposamen horiek aurrean izanik epaimahaiko kideek atal bakoitzeko bi finalistak aukeratu zituzten eta azkeneko erabakia berriro ere gizartearen eskutan geratu zen, jendearen botoen arabera aukeratu baitziren irabazleak. Prozesu horretan ganbaran geratu ziren euskal web gune horietako batzuk ezagutu nahi izan ditugu eta horretarako epaimahaiko kide batengana jo dugu, Valentin Garcia Bizkaiko Foru Aldundiko Lantik-eko Berrikuntza buruarengana hain zuzen ere. Guztira 80 inguru izan dira bidean geratutako web guneak. Batzuk aipatzearren, eustat.es, putalocura.com, realsociedad.com, osasuna.es, irusoin.com, mcc.es, koipe.es, begira.com, sustatu.com, gara.net, kafeantzokia.com, uztarria.com, guay.com... Guztiek merezi dute aipamena
Euskal Internauten Elkarte berria sortzea izan zen «03 Datorrena» ekitaldiak ekarri zuen beste gauzetako bat. «Internet&Euskadi»ren sustatzaileek diotenez -tartean Jose Antonio del Moral, Euskadi buletinaren editorea- elkarte honek izango duen helburu nagusia komunikazio eta informazio teknologi berriak eta euskararen erabilera bultzatzea izango da. Horretarako, besteak beste, konexio tresnak erraz eskuratzeko ekintzak sustatu nahi dituzte eta internautak elkarren artean komunikatu ahal daitezen foro bat ere sortu nahi dute. Mementoz ordea, web gunean sartuz gero, elkartearen inguruko informazioaz gain, izena emateko aukera baino ez dago
Euskal web gunerik onena,
Irungo Udala: www.irun.org
Irabazleak
Kultura
www.guggenheim-bilbao.es
Enpresak
www.cajalaboral.net
Komunikabideak
www.eitb.com
Kirolak
www.surfobsesion.com
Gastronomia
www.sanfermin.com
Erakundeak
www.bizkaimove.com
Web gune pertsonalak
www.zinema.com
Euskara hedatzaileak
www.egunkaria.com
On line negozioak
www.themovie.org
Atariak
bilbaoinformacion.com
Finalistak
Kultura
www.jazzvitoria.com
Enpresak
www.bbk.es
Komunikabideak
www.elcorreodigital.com
Kirolak
www.athletic-club.es
Gastronomia
www.karlosnet.com
Erakundeak
www.irun.org
Web gune pertsonalak
www.que-Mundo.com
Euskara hedatzaileak
www.argia.com
On line negozioak
www.aranzadi.es
Atariak
www.kaixo.com
Abenduaren 11ko hitzaldietan parte hartu zutenek zenbait aurreikuspen egin zuten. 2003. urtean teknologia berriek zer ekarriko diguten jakiteko jada ez dago aztia izan beharrik, hona hemen zenbait erantzun:
Net Art
Etorkizuneko artea on-line izango da. Hau da, artea bera aldatuko da eta baita berau saltzeko moduak ere. Roberto Agirrezabala, Adclick egitasmoaren sortzailea (www.adclick.es)
Erabiltzaileak
653 milioi internauta egongo dira konektatuta mundu osoan. Iñigo Atxutegi, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapenerako zuzendaria.
Belaunaldi berriekin gauza asko aldatuko dira. Adibidez, ideia berriak dituzten gazteek aplikazio berriak garatuko dituzte. Iñigo Atxutegi
Emakumezko gehiago egongo dira Internet munduari loturik. Jose Antonio del Moral, Euskadi buletinaren editorea.
Internet: erabilera, publizitatea, euskara, arriskuak...
Tramite asko Internet bidez egingo dira (bankuko operazioak adibidez). Iñigo Atxutegi
Interneten publizitateak diru iturri nagusia izaten jarraituko du. Maria Goti, «El Correo Digital»eko zuzendari kudeatzailea
Euskarak zailtasunak izaten jarraituko du. Jose Antonio del Moral
SGAEk trabak jartzen jarraituko du. Jose Antonio del Moral
Hauteskunde garairako udaletako web guneak berritu egingo dira eta ondoren hil. Jose Antonio del Moral
Arrisku berriak sortuko dira. Mikel Urizarbarrena, Panda Software-ko lehendakaria
Edukiak kobratzearen inguruko eztabaida
Gauza batzuk bakarrik kobratuko dira, merkatua ez baita oraindik horretarako prestatua egongo. Maria Goti
Euskal Herriko komunikabide batzuk edukiengatik kobratzen hasiko dira. Jose Antonio del Moral
Azpiegiturak, softwarea eta aparailuak
Internetera konektatu ahal izateko poltsikoko ordenagailuek (PDA), mugikorrek eta antzekoek gero eta garrantzi handiagoa izango dute. Iñigo Atxutegi
Komunikabideen ikuspuntutik begiratuta, hauek ez dute aparailu berriei (PDA, mugikorrak eta abar) dagokien teknologia gehiegi garatuko, gehiago zentratuko baitira produktuaren kalitatea hobetzen. Maria Goti
ADSLa izango da etorkizuna. Jose Antonio del Moral
P2P edo elkar trukaketa ahalbidetzen duen teknologiak arrakasta izango du. Jose Antonio del Moral
Software librearen (ordaindu behar ez denaren) modak jarraituko du eta enpresa handiek ere software librearekin egingo dute negozioa. Jose Antonio del Moral
![]() |
|
||||
1881 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa