Apirilaren 28an hasi ziren Bizkaiko eskualdeetako Bertsolari Txapelketak. Alfontso Irigoienek antzina ezarritako bideari jarraiki, eskualdeko txapelketetan puntuaziorik onena lortu zutenak sailkatu ziren Bizkaiko Txapelketara. Busturialdea izan zen lehena, eta Bilbo, Lea Artibai, Arratia, Durangaldea eta Ipar Uriberi pasatu zien lekukoa. Txapelketa abian zegoen.
Bilera eta eztabaida guztien ostean, emaitza entzuleak ikusi du, eta baloratu ere, berak baloratu beharko luke. Barruan egon garenontzat, lan ona egin da. Gainera, barruan gustura gaudenean, kanpokoek ere hori igarri egiten dute. Barre eta negar egin du jendeak bertsoak entzuten, eta hori lekuan, gaietan, giroan sartuta eta kokatuta egon den seinalea da.
Zama lanak.
Bertso txapelketa batek lan intelektuala baino zer edo zer gehiago behar du: eszenatokia, kartzela non egin, aulkiak jarri... Finean, bertso saio bakoitza muntatu, eta okerragoa dena, desmuntatu egin behar da. Horretan, 10 bat laguneko taldea ibili da Bizkaian. Antolakuntza talde hori izan da beste taldeen lana koordinatu eta ordua heltzerakoan, dena prest izan duena.
Demagun Igorreko kanporaketan gaudela. Antolakuntza taldekoak eguerdirako bertaratzen dira, eszenatokia muntatu eta atontzen dute. Gero, kartzela non egin daitekeen pentsatu eta prestatu. Sarrerak saltzeko lekua bilatu eta bestelako hainbat lan egiten dituzte bazkaldu orduko. Haien esanetan, gurago dute dena aurretiaz lotu azken orduko sorpresek ezustean ez harrapatzeko.
Aste barruan ostera, udalekin harremanak zer moduz dauden, arazo ekonomikoak zertan diren edo txapelketarekin zerikusia izan dezaken edozein gai aztertzeko batzen izan dira. Besteoi disfrutaraziz disfrutatu dutenen artean ere, orain urte bitik hona, gazte jendea nagusitu da. Astero egiteko lan neketsua da egin dutena, baina emaitzarekin pozik daude haiek, eta pozik entzule eta bertsolariok.
Ez dute brometako beharra egin. Izan ere, Amoroton esate baterako, 250 bat lagun egon ziren frontoian ez dago aulkirik. Antolatzaileek jarri eta kendu zituzten aulki guztiak.
Kanporaketetan goraka joan da ikusle kopurua. Arrigorriagan egon zen lagun gutxien (120) eta Gernika-Lumon gehien (300). Finalaurreetan ostera, lehenengo saioan batu zen jende gehien. Igorren 700 lagun egon ziren. Getxon eta Bermeon ostera, 500 inguru. Getxoko aretoak hartu ere, ezin hartu zituen lagun gehiago. Udalak pantaila jarri zuen kanpoan, arkupe batean, baina eguraldiak lagundu ez zuenez, uste baino ikusle gutxiago izan zen.
Pantailaren kasuak modernitatea jarri zuen askoren ahoan. Jende gehiago batu ahal izateak eraman zuen baita ere Bizkaiko Txapelketa Euskaldunara. Askorentzat hura ere modernoegia omen da. Arriagak omen dauka xarma berezia. Hala izango den edo ez eztabaidatzea ez dagokigu hemen, baina Arriagan bertsolariak animatzeko pankartak jartzea libre zen. Euskaldunan ostera, modernitatearen izenean, Beñat Gaztelurrutiari lagunek egindako pankarta kendu zuten. Lastima.
Azkenik, ahaztu gabe aipatu behar dugu Bizkaiko Bertsozale Elkarteak txapelketarako web gunea prestatzeko egin duen ahalegina. Www.bertsozalea.com-en Bizkaiko Txapelketaren historia, aurtengoaren egitura, bertsolarien biografiak, argazkiak, lehengo eta oraingo dokumentuak, sarreren salmenta... aurkitu ahal izan ditu entzuleak. Saiorik saiora puntuen berri ere, web gunean jaso du askok.
Entzule askok eskertu egin du web gunea erreferente puntu moduan. Izan ere, aurtengo Bizkaiko Txapelketak oihartzun gutxi izan du komunikabidetan. Zaletu askok informazio falta sumatu du hainbat komunikabideetan, eta galdetzen ibili izan da. Horren aurrean, web gunean jarraitu du Txapelketa. Horixe izan da agian, Txapelketaren hutsunerik handiena. Ia guztia ondo atera da beraz, aurtengo Bizkaiko Txapelketan. Ea urte bi barru, guzti-guztia oso ondo ateratzen den
![]() |
|
||||
1881 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa