Astekaria

 Erreportajea 

EUSKALTZAINDIA HIL DA, ANTZEZLAN BATEAN

Irudia

Katixa Garate


1880. alea
2002-12-15
alde 0    kontra 0

Euskaldun berria izatea betierekoa al da? Zein kalte eragiten ditu euskara ikasteak? Zertarako ikasi zenuen euskara? Euskaldun berria kamufla al daiteke? Galdera horiexek ditu ardatz Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktore bilbotarrek oraintsu aurkeztu duten «Euskera Sencilloaren Manifiestoa» lan berriak. BIKOTEatroa izenpean agertu zaizkigu oraingoan urte luzez elkarrekin aritu diren antzezleak. Izen berri horri buruz zera esan digu Mikel Martinezek: «Izen hori gure aurkezpen txartela dela esan daiteke. Askotan egin dugu lan elkarrekin, Maskaradarekin æMonstruo SakratuakÆ egin genuen, hainbat sketch egin izan ditugu ekitaldiak aurkezteko, «Komeriaka» bera... Bi pertsonaiekin dialogo ugari egin ditugu, ondo ulertzen dugu elkar eta oso gustura aritzen gara».

Formatu txikiko antzezlan honek Korrika 12ren baitan sortutako «Komeriaka» lana du abiapuntu. Orduan euskaldun berririk zaharrenak ziren pertsonaiak sortu zituzten bi aktoreek. Gaia gustuko zutenez, gai berari heldu diote Patxo Telleriak idatzi duen parodia kutsuko ikuskizunean.

Agertoki biluzian, 45 minutuz, edozein euskaldun berrik bizi izandako arazoak, anekdotak, haserreak... gorpuzten dituzte bi aktoreek; baita hainbat aldarrikapen egin ere. Hori bai, jokalariak taulara igo eta berehala, jakinaren gainean jartzen dituzte ikusleak: «Euskaltzaindiak jakinarazten dizu ikuskizun honen kontsumoa kaltegarria izan daitekeela zure euskararen osasunerako». «Edalontzi bat ur» inork erabiltzen ez duela konturatzen den zortzigarren mailako ikaslearen arrangura, euskal abestien letren zentzugabekeria ( zer demonio ote da ikimilikiliklip edota tirikitrauki?), euskara ikasteak eragiten duen memoria galera, subjuntiboak sortzen duen menpekotasuna... Euskaldun berriaren buruhauste anitz arrapaladan agertzen dira eszenatokian. Euskaldun jator izendatuko dituzten lizentziatura zeremoniaraino iritsiko dira bi pertsonaiak, baina ez dute lortuko, azken mementoan akats bana egingo dutelako. Horrek ezinegona sorraraziko die eta aldarrikapenerako grina piztuko die. Hala, sortuko dute ikuskizunari izena ematen dion «Euskera Sencilloaren Manifiestoa». Behin baino gehiagotan euskaldun berriari nahiz zaharrari otuko zitzaizkion burutazioak jasotzen ditu manifestuak, antzezleek dioten bezala, euskalduntzea luzea baina ikaslearen bizitza laburra baita. Hortaz, AEKn hainbat neurri ezartzea eskatuko dute. Hala nola, edozein hizkuntzetako hitzak erabili ahal izatea; tx, ts eta tz berdin ahoskatzeko eskubidea; edota aditz laguntzailea abolitzea. «Euskaltzaindia hil da» oihukatu ahal izatea izango da euren lanaren saria.

EUSKALDUN BERRIENTZAKO KATARSIA.

Hasieratik bukaeraraino umorez zipriztindutako antzezlana da, psikoterapeutaren kontsultara bisita egitea aurreztuko dio euskara ikasle hainbati. «Aspaldi ekin genion gauzak puzteari eta halako umore absurdo eta surrealista egiteari», adierazi digu Mikel Martinezek. «Monstruo Sakratuak» lanarekin hasi ziren parodiari leku egiten eta iturri horretatik edan dute oraingoan ere: «Oso barregarria da, katarsia da euskaldun berrientzat». Aktoreak beraiek ere euskaldun berriak direla jakinarazi digu Martinezek: «Euskaldun berriok oso hurbiletik ezagutzen dugunaz egiten dugu barre». Haren aburuz, euskaldun berriek gozatuko dute batez ere ikuskizun honekin, baina baita euskaldun zaharrek ere. Izan ere, hizkuntzaren arau berri eta aldaketek denoi erasaten digute.

Formatu txikiko lana izaki, ez da antzoki handien zirkuituan sartuko. Ikuskaria taberna, herri areto eta antzeko guneetara eramateko asmoa dute BIKOteatroko kideek. Egin dituzten emanaldietan harrera ona izan dute eta agendan emanaldi mordoxka dituztela iragarri digute. Dagoeneko Agurainen, Berrizen, Ondarroan eta Burlatan izan dira. Euskaldun berrien iraultzan parte hartu nahi baduzu, abenduaren 17an Bilboko Kalderapekon egingo dute hurrengo errebolta. Bataila ez da hor amaituko, besteak beste, Ordizia eta Abadiñotik igaroko da bataloia. Bataloia ala batalloia ote?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1879
 
azala1878

1880 zenbakia.
2002ko abenduaren 15a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza