Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-12-08 -- 1879.zenb

HAMAIKA EKIMEN SISTEMA PROPIOAREN BILA

Pilar Iparragirre / Mikel Asurmendi

Euskal Unibertsitate propioa hitzetik hortzera dabilen egitasmoa da. Propioak «geure» unibertsitatea esan nahi du. Gurea izatekotan euskarazkoa izan behar du, eta Euskal Herriko lurralde guztietan zabaldua izanen bada: nazionala. Zein dira egitasmo hori gauzatu ahal izateko dauden bitartekoak? Batetik, Espainiako Estatuaren legeen menpe kudeatutako unibertsitateak daude. Hegoaldeko kasuan, tokian tokiko autonomia erkidegoen bidez kudeatuak. Bestetik, nagusiki, UEU dago, baita, modu berezi batez, azken hamar urteetan lurralde historikoetako unibertsitate ezberdinetan (EHU, NUP, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, eta abar) sorturiko ekimenak: EIRE, Uniekimena, EHUko Barrutiaren Aldeko Mugimendua, besteak beste. Euskal Unibertsitate propioaren asmoa zertan den agertu nahi dugu jarraian.


SORTZEN LAGUNTZETIK SORTZERA.

UEUren II. Kongresua erabaki gune estrategiko bat bezala iragarri da. UEUren helburu nagusietako bat Euskal Unibertsitate propioa sortzen laguntzea izan bada orain arte, uneon sortzeko une aproposa iritsi dela antzematen da bere kideen artean. Estrategia sendo bat finkatzeko ordua iritsi dela dirudi. UEUko II. Kongresuan estrategia argi eta zehatz bat ebaztea espero da arlo juridikoan dauden oztopoak gainditzeko. Izan ere, Euskal Unibertsitate propioa gauzatzeko bidean helburu bakarra izanik ere, bide asko eta ezberdinak urratu daitezke.
UEUren II. Kongresua mugarri gisa aurkeztu da. UEUrekin batera, edo bere inguruan, EIRE, Euskal Adarra, Euskal Herriko Unibertsitate Barrutiaren aldeko ekimenen bultzatzaileek dihardute. Barrutia aipatzean, 1977an Nafarroan eta EAEn finkatu ziren unibertsitate barrutien eskemak gogoan hartu behar dira; barruti bereziak. Barrutia kontzeptuak esanahi berezia du Euskal Unibertsitate propioa gauzatzeko bidean. Hasieran, Hegoaldeko bi barrutiak eta geroago Iparraldeko unibertsitate barrutia bilduko lituzkeen Barruti bakarra sortzeko lanean dihardute ekimen hauek, Euskal Herri osoarentzako Barruti bakarra sortzeko helburuz lurraldearen kontzeptua ardatz dutelarik.


UNIEKIMENA eta unibiltza.

Uniekimena unibertsitateen gune eta ekimen ezberdinak koordinatzeko helburuz sortu zen. PP Espainiako Gobernura iritsi zenean estatu osoko unibertsitateetarako egindako legearen erreformak hainbat sektoreren kontzientzia berpiztu zuen nolabait. Espainiako Parlamentuak unibertsitatea arautzeko lege berria onartu zuen, LOU deritzana. Lege hori onartu ondoren, zentralizazio prozesua areagotu eta azkartu da. Arazo asko sortu da hartara, euskarazko euskal unibertsitatea edo unibertsitate propioa sortzeko aukera zaila bazen, harrezkero, legearen aldetik behintzat, are etorkizun zailagoa aurreikusi dute euskal unibertsitate propioa gauzatzeko lanean ari direnek. Une zailetan ekimen berriak eta bateratuagoak eratu ohi dira, eta halaxe sortu zen ere Uniekimena taldea.
Halaber, ekimen hauen inguruan ere Udalbiltza unibertsitario moduko bat bultzatu nahi izan dute sektore hauek: Unibiltza. Unibertsitateko errealitatea gizarteko errealitate soziopolitikoaren alboan doa. Une honetan, garai oparoagoak etorriko diren itxaropenez ekimen bateratu eta sendo bat lantzen ari da hainbat sektore. Unibiltza Barrutiaren planteamenduaren ildoan bultzatu nahi den ekimena da, tokian tokiko unibertsitateen arazoak lantzeko eta koordinatzeko asmoz sortua. Unibertsitateetan, funtsean, arazo gehienek iturri berdinak dituzte, arazo estrukturalak. Arazo hauei aurre egiteko ikuspegi nazionala lantzeko xedea ere mamitzen ari da. Esaterako, tokian tokiko unibertsitateko hautetsiak bildu izan dituzte foro bat sortu aldera, nolabaiteko neurri batzuk adostu nahi dituzte lehenik, gero hautetsi bakoitzak bere unibertsitatean arazoak planteatu ahal izateko. Oraingoz, hala ere, Unibiltza proposamen eta ekimen birtual gisara ulertu beharra dago.

EUSKAL ADARRA. Unibertsitatean diharduen beste ekimen bat Euskal Adarra da. Orain zazpi urte inguru sortu zen, ikasle, irakasle eta langileen kolektiboak koordinatzeko ekimena da. Bere partaideek Suitzako Lovaineko Unibertsitatearen ereduari jarraitu nahi izan diote orain arte, hau da, euskal adarrak eta erdal adarrak ezberdinduz, Euskal Unibertsitate propioa gauzatu asmoari ekiten diote. Asier Etxenike Euskal Adarrako kidea da, honela ikusten du gaur egungo unibertsitatea: «Unibertsitatetako zuzendaritzetan euskararen aldeko adarrak indartzeko jarrerak izan arren, kanpoko aginduak eta legeak etortzen direnean haiei aurrera egiteko ahalmen edo borondate falta antzematen dugu».



BI PARADIGMAK: LINGUIsTIKOA ETA NAZIONALA.

EHUko kazetaritza saileko Jose Inazio Basterretxea irakasleak -EIRE eta UEUko kidea, halaber- honela azaldu digu Euskal Unibertsitate propioa sortzeko aukera: «Euskal Unibertsitate propioa sortzerakoan bi paradigma ikusten ditut: nazionala eta linguistikoa. Biak hurbilekoak dira, baina ez dira paraleloak, ez doaz abiadura berean, eta ez dut uste elkarrekin joateko aukera izango dutenik ere».
Unibertsitate propioa sortzeko bidean nazio paradigmak autodeterminazioaren paradigma darama bere baitan, nolabait. Lehen erronka Barruti ezberdinak biltzea litzateke lege baten bitartez, baina legerik izan ezean edo unibertsitateen arteko hitzarmen bereziak gauzatu ezean, ezinezkoa da oraingoz: «Horixe da Uniekimenak bultzatzen duena, nazio paradigmaren edo maratilaren askatze lana burutzen ari da», zehaztu digu irakasle honek.
Hizkuntzaren arazoa beste modu batez ere bidera daiteke. Hizkuntzaren afera hurbila da, diferentea da. Hizkuntzaren paradigma askatuko lukeen unibertsitate sistema batek paradigma nazionalari oso irakurketa aberasgarria eman diezaioke. Basterretxeak honela ikusten du bi esparruen garapena: «Nazio eta hizkuntzaren arazoak edo paradigmak ez dira zertan tren berean eraman behar». Areago, bere ustez, agian, taktikoki biak bereiziak eramatea komeniko litzateke. UEUk, esaterako, euskaraz biziko litzatekeen unibertsitatea du helburu eta ekinbide. Zentzu honetan, UEUk paradigma nazionala bere gain hartu du dagoeneko, erakunde nazional gisara azaltzen baita. UEUk ere bi paradigma hauen irakurketak hurbil samar ikusten ditu, baina modu ezberdinez.
EIREren nahiz UEUren ekitaldi ezberdinetan bere ikusmoldeak aukeztu dituen irakasle honek halaxe dio bestalde: «Hizkuntzaren paradigmari erantzun bat eman ahal izateko bide ezberdinak aurreikusten ditut. Batetik, euskaldunak dauden tokietan antolatzea, hau da, sail propioak eta ikerketa lerro propioak sortzea, curriculum propioak bultzatzea, eta bestetik, gune euskaldunak sortzea, euskaraz biziko liratekeen guneak sortzea. Hortik etor liteke geroan Campus euskaldunaren sorrera».
Basterretxeak oraingo unibertsitateen menpe egongo litzatekeen Campus bat sortzea ontzat ematen du lehen urrats gisara. Oraingo unibertsitateen menpe, baina euskaraz biziko litzatekeena. Hasieran horrek hizkuntzaren paradigmari erantzun liezaioke, ez paradigma nazionalari jakina, baina hasteko moduko bide bat izan liteke. Irakasle hau ez da bide kontrajarriak bilatzearen aldekoa, bide osagarriak urratzearen aldekoa baizik. Hots, hasieran, bakoitzak bere indarrak metatuz joan beharko luke bere gustukoen diren arloetan.
Egungo unibertsitatearen egoeraz duen iritzia eman digu azkenik: «Maila intelektualean nolabaiteko berpizkunde bat dago euskal unibertsitate propioaren gaiari erantzunak emateko gisan. Berpizkunde hau unibertsitateko organoetatik aparte ikusten dut ordea, bereziki ikasle eta irakasleen artean; errektoregoetan ez dut ardura bera ikusten».
Ikasle eta irakasleen egoera osasungarria da. UEUren II. Kongresuan Uniekimena eta EIREko kideen aldetik aurkeztuko diren txostenak pizgarriak izanen dira. Euskara oinarritzat edukiko lukeen unibertsitatea eraikitzeko konpromisoak hartzeko gogoa dago ekimen ezberdinetako partaideen aldetik. UEU akuilu lan bat burutzen ari da euskararen paradigma argitu ahal izateko eta Euskal Herri osoko gaineratiko unibertsitateetan euskarazko sistema bat sortzeko

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan