Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-12-08 -- 1879.zenb

«EAJ-K KARTA NAGUSIA JOKATZEN DU BURUJABETZAREN PROZESUAN»

Mikel Asurmendi

Duela urte bat eratu zen AB alderdi politiko gisa. Batasuna alderdia ere orduan sortu zen. Iparraldeko ezker abertzalean zatiketa eman zen hartara. ABk harrezkero urraturiko bideaz hasi gara solasean Andde Sainte-Marierekin: «Euskal Herriko ezker abertzalea oso anitza da, inork ez du bere ćlabelaĆren jabetza eskubiderik. Zatiketa hura gogorra izan zen, alta, estrategiak eta metodoak argitzeko biziki baliagarria izan da. ABk bide egokia hartu zuela erakutsi du urte honetan; aurtengo Aberri Eguna eta hauteskundeak lekuko. Iparraldeko abertzaletasunaren erreferente nagusia izateko xede irmoak eta berezko ahalmenak erakutsi ditu ABk».

Iparraldeko Batasuneko kideek ABkoak izaten segitzen dute?
Ez, baina Batasuneko zazpi edo zortzi kide ezagunek ABn kidetasun bikoitza atxikiz segitzen dutela aitortu behar dut. ABren azken biltzar nagusiak ez baitu izate hori deuseztatu. Alta, militante horiek ez dira biltzar nagusira etorri eta praktikan kanpoan daude.

Burujabetza prozesuan Euskal Herri osoko errealitate sozialak kontuan hartu behar direla dio ABk. Azken biltzar honetan kontzeptu berri bat gehitu diozue prozesu hitzari: «asimetrikoa».
Kontzeptu berri bat da askorentzat, ABren prozesuari begiratzen badiogu, aldiz, ez da hain berria. Kontzeptu hau iazko Aberri Egunaz geroztik aztertzen eta lantzen hasi ginen. Asimetriko hitzaren bitartez eraikuntza nazionala burutzeko asimetrikotasuna kontuan hartu behar dela adierazi nahi dugu. Hots, burujabetza prozesua errealitate politiko ezagun batetatik abiatu behar dugu. Euskal Herri osoko errealitatean hiru egoera soziopolitiko ezberdin daude: EAE, Nafarroa eta Iparraldea. Burujabetza prozesuan aitzina egiteko hiru eremu hauetako parametro politiko ezberdinak kontuan hartu behar ditugu. Egiaztapen horretatik, prozesua koordinatzeko unean, hiru eremu juridiko-politiko hauetako tokian tokiko abertzaleek erabakiak hartu behar dituztela uste du ABk.

n Konfederazioaren ideia gero eta indar gehiago hartzen ari da ABren inguruan. Hegoaldean ere ideiak oihartzuna izan du.
Lizarra-Garaziko Akordioa eman zelarik konfederazioaren printzipioak ez ziren aski sakonduak izan ABren ustez. Konfederazioaren aukera ez da aski aztertua izan eta AB, xumetasun osoz, konfederazioaren printzipioa sakontzen ari da. Ideia ez dugu bururaino eraman oraino; EA, Aralar, Batzarre eta Zutik alderdiarekin sakontze lanetan ari gara. Baina, bistan da, gainerako alderdi abertzaleekin batera sakondu beharreko printzipioa da.

Batasuna eta EAJ zeregin horretan biltzeko prest ikusten al dituzu?
Bost alderdi hauek zabaldutako bidea ekimen irekia da, Batasuna eta EAJ ere sar litezke, baina alderdi horiekiko harremanak blokeatuta daude, denok dakigunez, burujabetza prozesuaren gakoa abertzaleok mahai-inguruan biltzean datza.

Ibarretxeren proposamenak eta AB lantzen ari den konfederazioaren ideiak bat egin lezakete bidea urratu ahala?
Ibarretxeren planak landu eta sakondu daitezkeen alde onak eta interesgarriak ditu. Ibarretxek zilegitasun osoa du proposamen hori aurkeztu eta bideratzeko, baina proposamenari -iragana ezagutzen baitugu- Ibarretxeren eta EAJren sinesgarritasuna falta zaio. Denok dakigunez, burujabetza prozesu batean urrats ausartak eta erabaki politiko finkoak hartu behar dira, eta EAJ orain arte ez da ausarta izan. Alderantziz, zenbaitetan gibelerako urratsak ere eman ditu. Alabaina, EAJren baitan eztabaida bizi-bizi bat dago une honetan. EAJk Euskal Herriko politikagintzan jokatzen duen rola, rol nagusia da. Nahitaez, bere esku du karta erabakiorrena. Nihaurek, EAJk iraganaren azterketa sendoa egitea nahi nuke eta egungo mapa politikoa kontuan harturik, EAJk eman behar dituen urratsak -ausartak eta neurtuak aldi berean- eman ditzan burujabetza prozesuan. Burujabetzaren prozesua abian jartzeko, berak jokatzen du karta nagusia.

Bestalde, boterea hartu ondoren, UMP alderdiak deszentralizazio politika lantzeko asmoa agertu du. Arrabots ugari baina ororen buru hutsaren hurrengoa.
Azken hamar urteetan Ipar Euskal Herria Frantziako Estatuaren laborategi bat bilakatu da, aldian aldiko gobernuek -eskuinekoak nahiz ezkerrekoak izan- gauzatu nahi duten erreforma eta deszentralizazio politikaren karietara birmoldaketa berriak izanen direla entzutera ohitu gaituzte. Horretarako, ersatz edo suzedaneoak deitzen ditugun sasi-instituzioak sortu dituzte. Ordezko instituzio hauek sasierakunde batzuk dira, ez dute aurrekonturik ez erabakitzeko botererik: Hautetsien Biltzarra, Hautetsien Kontseilua edota Hizkuntza Kontseilua, adibidez. Funtzionatzen dute, gogoeta sakonak eginak dituzte deszentralizazioari buruz, batzuetan kudeatze mailaraino heldu dira, baina Frantziako Estatuak sasi-instituzio horien izaera benetako instituzioak ukatzeko baliatzen du, besterik ez.

Zer egin daiteke, ez atzera ez aurrerako egoera honetan?
Sasi-instituzio horien gaineko gogoeta sakona egiteko unea da. Hasteko, abertzale guztiek jarrera berri bat hartu beharko genuke, ABko hautetsiek barne, instituzio horietan baitaude. Parisko gobernuari aski dela esateko mementoa heldu da, hots, sei hilabeteren barne sasi-instituzio horietan segitzeko edo ez segitzeko erabakia aztertu beharko dugu. Guk parte hartzeri uko egingo diogun edo sasi-instituzio horiek epe jakin batean boikoteatuko ditugun eztabaidatzen ari gara.

n Abertzale ez diren hautetsien aldetik sostengua izan lezakete hautetsi abertzaleek?
Bai. Hautetsien Kontseiluak eta Alain Lamassoure lehendakariak bereziki hartu duen jarrera gakoa izan daiteke. Hautetsien Kontseiluak lan berezi bat hartu du deszentralizazioaren politikari buruzko erabaki bat hartu izan dadin datozen sei hilabeteetan. ABko hautetsiek kontseilu horretan eraman duten lana funtsezkoa da eta Lamassouren erantzun ausart bat espero dezakegu.

n Erreferenduma burutzeko aukera ikusten al duzue ABtik?
Hautetsien Kontseiluan argi eta garbi idatzi izan da horri buruz, hots, instituzionalizatze bat gauzateko herri kontsulta edo erreferenduma egin daitekeela. ABtik Alain Lamassoureri esan diogu jadanik: «erreferenduma irtenbidea bada gu ez gara beldur, herri kontsulta onartzen dugu edozein dela ere ondorioa».
Izan ere, puntu horretaraino heltzen baldin bagara, herriaren aitzinean eta Jean-Pierre Raffarin lehen ministroaren aitzinean herri kontsulta edo erreferenduma ekimen legezko gisa aldarrikatzea erdiesten badugu, lorpen handia izanen da. Nahiz eta Raffarinek ezetza eman, ezetza bera erdiespen politiko bat izanen da. Erreferenduma herri mobilizazio eta kanpainen bitartez aldarrikatzea aurrerapauso garrantzitsua izanen da burujabetasun bidean.

n Errefenduma baina zer trenkatzeko?
Hautetsien Kontseiluak bere gain hartu duen betebehar hau bideratzeko hiru eskakizun edota planteamendu jarri ditu mahai gainean. Lehena, orain arteko sasi-instituzio horien iraupena atxikitzea eta azkartzea da. Bigarrena, Euskal Herriaren departamendua eskatzea, eta hirugarrena, guk ABtik bultzatzen duguna, Euskal Departamenduaz haratago doan euskal instituzioa gauzatzea da. Hitz batean esateko, Autonomia Estatutua gauzatzea. Funtsean eta ororen buru, Ipar Euskal Herriaren ezagutza eskatzen ari gara eta Hautetsien Kontseiluak hautu bat egin behar du. Hautu hori egitearekin batera, guk ABtik herria eta gizartea karrikara atera nahi dugu Euskal Herriaren ezagutza aldarrikatzeko. Estatuaren aldetiko erantzuna edozein delarik ere, ezezkoa izanik ere, abertzaletasunak urrats finkoak emanen ditu ezagutza instituzional berri bat eman dadin

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan