MALKOEN MINTZOA
Iratxe Gutierrez
UTRIUSQUE VASCONIAE
213 orrialde
17 euro ARANTXA URRETABIZKAIA AZTERGAI
Iratxe Gutierrez aztertzaileak Utriusque Vasconiae argitaletxearen «Kritika Literarioa» sailean plazaratutako lan honen izenburu zehatza «Malkoen mintzoa. Arantxa Urretabizkaia eta eleberrigintza» da, eta horixe du bere mamia: oro har eleberrigintzaren eta bereziki Arantxa Urretabizkaia idazlearen eleberrigintzaren inguruko azterketa. Izan ere, Iratxe Gutierrezek eleberrigintzak sortu ohi duen hainbat galdera bihurtu ditu hizpide, eta horretarako Arantxa Urretabizkaiaren eleberrigintza oso egokia iruditu omen zaio, galdera horien bilaketan akuilu izateko. Arantxa Urretabizkaiaren «Zergatik Panpox», «Saturno» eta «Koaderno gorria» eleberriak aztertzeko orduan, berriz, bi alderdi izan ditu gogoan Iratxe Gutierrez aztertzaileak: eleberriak banakako literatur sorkuntza gisa duen balizko autonomia, eta edozein eleberrik ezarritako kanon eta sistemarekiko duen dependentzia eta lotura nahiz independentzia eta lotura eza. Bestalde, Arantxa Urretabizkaiaren literatur sorkuntzaren inguruko azterketak badira ere, egokia iruditu zaio Iratxe Gutierrezi beste ikuspegi eta beste xehetasun batzuekin irakurketa berria iradokitzea.
KONTXU ODRIOZOLA
Pako Aristi
AZPEITIKO UDALA/ ANTZERKI TOPAKETAK
61 orrialde
6,01 euro
ANTZERKIA BIZITZAREN EDERGARRI
Azpeitiko Antzerki Topaketen XX. edizioan, omenaldi bat egin nahi izan dio Azpeitiko Udalak bertako alaba den Kontxu Odriozola antzezleari. Hori dela eta Pako Aristik «Kontxu Odriozola. Antzerkia bizitzaren edergarri» liburua idatzi du. ARGIA saria, Hotel Erzilla antzerki saria eta Euskal Aktoreen Batasunak telebistako aktore onenari emandako saria jadanik jasoak dituen Kontxu Odriozola, ezagunagoa izango da, ziur aski, ETBko «Goenkale» sailean egiten duen paperarengatik, hau da, Maria Luisa Galardi bezala, baina hamaikatxo lan eginak ditu emakume honek antzerkian (afizionatu, amateur eta profesional gisara), baita zinean eta telebistan ere. Bada, horren guztiaren eta gehiagoren berri ematen du Pako Aristiren liburu honek.
XX. MENDEKO POESIA KAIERAK
Juan Kruz Igerabide
SUSA
63 orrialde
4,21 euro
JUAN KRUZ IGERABIDEREN OLERKIGINTZA
Koldo Izagirrek apailatu eta Susa argitaletxeak plazaratu duen XX. mendeko «Poesia Kaierak» bildumaren azken hamaika olerkariren artean, Juan Kruz Igerabideren olerkigintza aurkezterakoan, zera gogoratzen digu Koldo Izagirrek: «Hasi berrian helduentzako eginiko poemetan ageri zituen ezaugarri estilistikoak geroztikako haur-lanetan garatu» dituela nabarmen, eta horrexek egin duela «berezi eta nortasuneko» Juan Kruz Igerabideren lana. Helduentzako poema liburuetan kezka moralak eta existentzialak lantzen dituen bezala, haur poesiak eskatzen duen maisutasun formal handiaren eta espiritu ernearen jabe da Juan Kruz Igerabide.
SENEZ
Batzuen artean
EIZIE
206 orrialde
6 euro
ITZULPEN ALDIZKARIAREN 24. ZENBAKIA
Guztiz berezia da «Senez» itzulpen aldizkariaren azken zenbaki hauxe; izan ere erdal hizkuntzetatik geurera itzulitako lanak agertu ohi ditu, baina oraingoan uzta zaharreko aleak bildu dituzte, hamar-hamabi urteotan «Senez»en orrialdeetan argitaratutakoak, eta frantsesera edo ingelesera itzulirik eskaini dituzte, euskararik ez dakienari, eta geure kultur esparrua hurbiletik ezagutzen ez duenari, euskal itzulpengintza zertan den aditzera eman nahian. Xabier Mendiguren Bereziartu, Jesus Mari Zabaleta, Gotzon Egia, Anjel Lertxundi, Juan Garzia, Koldo Biguri, Manu Lopez Gaseni, Lurdes Auzmendi Ayerbe, Josu Baranbones Zubiria eta Oscar Gonzalez Atxa dira frantsesera edota ingelesera itzuli dituzten lan horien egileak.
HURA ABENTURA!
Karlos Santisteban
DESCLÉE DE BROUWER
107 orrialde
7,50 euro
HAMAR URTETIK AURRERAKOENTZAT
Karlos Santistebanek hamar urtetik aurrerako irakurleentzat idatzi duen istorioa da «Hura abentura!», eta Enrique Morenteren marrazkiz horniturik dator. Irati eta Iker ditugu bertako protagonista nagusiak, elkar asko maite duten neska-mutiko biziak. Oso kezkatuta aurkituko ditugu, ikastolan hasi zirenetik gela berean elkarrekin egon den laguntaldea ikasturte berrian desegin beharko delako eta beste gela batzuetan banatu. Azken eskola-egunean, halere, ezusteko polita emango die maisuak, denak batera kanpamendura joango direla eta hamaika abentura biziko dituztela agintzen dienean. Harrigarriena, biltzeko jarri dien lekua da, ordea: Barrenkale Barreneko aireportuan espero omen ditu. Nola liteke kale ezin estuago horretan aireportu bat egotea?
KULTURA-ANIZTASUNA ETA GIZARTE-KOMUNIKAZIOA
Jose Inazio Basterretxea Polo
UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEA
334 orrialde
28 euro
KULTURA ANIZTASUNA ETA KOMUNIKAZIOA
Udako Euskal Unibertsitateak plazaratutako «Kultura-aniztasuna eta gizarte-komunikazioa» lanaren mamia Komunikazioaren eta Informazioaren Oinarriak deitutako irakasgaian eskola-liburu moduan erabilia izateko pentsatua izan da. EHUko Gizarte eta Komunikazio-zientzien fakultateko Kazetaritza sailean ari den Jose Inazio Basterretxea Polok burutu du, eta gizakia, gizartea, kultura, hedabideak eta boterea komunikazioaren ikuspuntutik aztertzea izan da bere helburu nagusia. Oraindik utopia bada ere, enporio transnazionalei desberdinak diren haienganako begirunea exijitu behar zaielako; kolektibitate txikiei euren hedabide propioak sortzeko aholkatu; eta kultura minorizatuei euren kulturaren eta hizkuntzaren ederra aldarrikatzera gonbidatu.
EUSKALTZAINDIAREN OROITIDAZKIA 2001
Batzuen artean
EUSKALTZAINDIA
294 orrialde
EUSKALTZAINDIAREN IAZKO EMAITZA
Urtero egin ohi duen bezala, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez plazaratzen du Euskaltzaindiak aurreko urtean zehar erakunde honek izan duen jarduna. Izan ere, «Euskaltzaindiaren Oroitidazkia 2001» honen aurkezpenean Xabier Kintanak adierazten duenez, Euskaltzaindia osatzen duten euskaltzainak, urgazle-laguntzaileak, kudeatzaile-teknikariak, informatikari, biblioteka eta bulegoko lankideak ere, ez omen dira behar bezala konturatzen beren lan isilean zer nolako eraikuntza mamitzen ari diren, batez ere lan horiek beren bana-banako izaeran maiz izaten duten itxura apalagatik. Eta horretarako dira urteroko Oroitidazkiak, maila guztietan Euskaltzaindiak egindakoa bai bertakoen eta baita beste guztion begien aurrean azaltzeko.
III
Asgarth
GOR
1O kanta
14 euro
ASGARTH-EKOEN HIRUGARRENA
Estiloa gogortuz eta beren heavy metal doinu eta oihuak areagotuz osatu dute Asgarth taldekoek «III», beren hirugarren diskoa. Bere lan berri honetan buru belarri aritu ahal izateko, urte hasierako kontzertuak emateari ere uko egin zion Asgarthek, eta ez da hori musika talde batek geurean arin har dezakeen erabakia, jakin badakielako zuzeneko ekitaldiei esker egin ohi duela aurrera. Baina azkenean borobildu zuen «III» Iban Fernandezen bateriak, Unai Zabalaren gitarrak, Joxi Perurenaren baxuak, Ander Cańasen gitarrak eta Asier Enbilen ahots nagusiak osatutako taldeak. Eta honako hamar kanta hauekin: «Goian bego», «Ito arte», «Gauean ihesi», «Begi bi», «Lur jota», «Pekatua», «Mugak», «Denboraren hautsa», «Uren artean» eta «Hitz gabe».