Pilar Iparragirre
Honela zioen 1972ko abenduaren hastapenetako ZERUKO ARGIAk argitaratzen zuen editorial gogor haren izenburuak: «Zibillei esan diegu», eta letra ez hain larri, baina halere handi samarretan: «Negar egingo luke...». Auskalo zein zen, zehatz-mehatz, Iparragirreren kanta hori gogora ekarri zien auziaren gakoa. Ikastolaren batean gertatua zen -apika Arrasatekoan-, eta pentsamoldearekin zerikusia zuen, horretaz zalantzarik ez dago. Ezta haren ondorioz ikastola hartako irakasle mordoska kaleratua izan zenik ere, «herriak» hala erabakita. Irakasle horiek, ordea, ez bide zuten «herri» horren erabakia ontzat hartu, hori egin beharrean, magistraturara jo zutelarik...
AUZIAREN ATARIKOAK
«Eibarren ginen San Andres bezperan goizez -azaltzen zuen Z. ARGIAk-. Ez ginduen festa usainak eraman. Ez eta egiaren jakinminak. Ez zen arrazoia nork zukeen jakiteko leku egokia gure ustez. Gure egoera bihurriaren mina jasatera joan ginen. Arrasatetik eldu zen goiz hartako aize min eta bihurria».
Hara zergatik aipatu dudan Arrasate. Baina ez balitz, barka nazatela kontu honetan ni baino jantziago direnak, ez editorialean ez aldizkariko beste ezein lanetan ez baitut izan xehetasun gehiagorik aurkitzerik. Jakin, badakit, aurreko asteetako «Irakurleak mintzo» sailean agertzen ziren gutunengatik, Arrasate zein Zumaiako ikastoletan istiluak izan zirela, erlijioarekin zerikusia zukeen kontu bat edo besterengatik, ideologia beti tarteko. Baina zentsurarengatik-edo, gorabehera horiek guztiak oso argiak ez ziren hitzen bidez azaltzen eta apur bat enigmatiko gertatzen dira gaur egun eginiko irakurketan. Hobe, beraz, Z. ARGIAko editorialak agertzen zuena bere horretan eskaintzea: « ęPozik jakingo nuke zeinen alde zaudetenĘ galdatu zuen adiskide dugun legegizonak. ęBeti bezala zuzenaren alde, noskiĘ, erantzun zion berak bere galderari. Ez gaude inoren aurka. Bi alderdiek izango dituzte, noski, zer aztertua eta zertaz damutua. Bien alde gaude eta biek egin zezazketen okerren aurka. Urtearen buruan izango ziren bi aldeetatik ere amaikatxo gorabehera, amaikatxo zurrumurru, egiztatze eta gezurtatze, amaikatxo jauntxokeria», zehazten zuen editorialak, gauzak bere lekuan ipintzeko gogoz-edo.
Zoritxarrez, baina, aldizkarikoek ere ez bide zuten arazo hartaz argibide gehiegirik: «Ez dugu batak eta besteak, itsumen eta bero aldian, eman dizkiguten berri eta albisteekin iritzi jator bat ateratzeko ainbat argi. Baina badugu ari-matazaren azken muturrak burura jalkitzen dizkigun burutapenak ezartzeko eskubide».
HERRIA, EPAI NAGUSIA
Eta bidezkoa zitzaionaz baliaturik, honakoa oroitarazten zuen Z. ARGIAk: «Gogora bitza irakurleak Erriak igaro dituen zenbait gertaera eta une larri. Txanpanez ospatu izan ditu gure erriak, ondo atera zaizkion zenbait gauza. Maila eta era guztietako euskaldunek jaitu dituzte. Orain, berriz, erri horrek berak ez du errukirik izan, kalean utzitako zenbait irakaslek bere eskubideak auzitegian eskuratu nahi zituenean.
Izan zuen aurrez erri horrek batzar nagusia. Entzun zien batzuei eta besteei. Izan zuen erabakia artzeko aukera, izkutuko txartelez. Eta erabaki hori bete zedin, ehun langile eta gehiago, lan-orduak galduz, ikastolako ateak zaintzen.
Erriak epaitu ditu eta gogor epaitu ere. Erriak eta gogor, baina min duelarik, galera duelarik. Erriaren auzitegian galdu dute auzia. Jakina, erri hori lehen, orain eta gero eta beti itsu izanen da, lozorroan dagoena, jainko txikiek menperatua. Hori jakinik asi behar dugu demokrazia jokoetan. Hori jakinik jo behar dugu erriaren auzitegietara. Aundia da Erriaren sena eta beldurgarria haren erabakia».
«Herriaren» errukirik eza aipatua zuen lehenxeago, erabaki beldurgarria azken pasarte horretan. Zein ote saltsa? Agian egurra ere banatuko zuen... Nork daki. Han agertzen zena hauxe baino ez zen: «Nora jo hor galtzen duenak? Andereńoaren ordez ęprofesoraĘ eta Edurneren ordez ęBlancaĘ esanaraziko duen auzitegira? Lan arazoetarako dagoen auzitegiak, pentsaera arazoa erabaki dezan? Denena den ikastola beste norbaitena dela esatera? Legearen izkutuan dagoen nola-halako ikastetxeren bat den susmoa sortzera? Ikastola maite duten eta aurrera atera nahirik beren bizitzako urterik onenak ematen dituzten irakasleak, ogi-bide uts besterik ez dutela aitortzera? Zertara? Euskeraz ez dakiten amen umeak ere badabiltzala azaltzera?
Erriak gaitzetsi gaituenean ez dago beste biderik. Ez eta arrazoi gabe gaitzetsi gaituenean ere: sufritu. Merezi du erriarengatik sufritzeak nahiz eta erri horrek eskerrik ez eman, nahiz eta zirgotu. Erria lo dagoelako, indargabe eta ilzorian; erria esnatu, indartu eta bizitu behar delako daude hainbeste eta hainbeste arriskuan eta erasopean. Merezi du bere buruaren jabe ez den erri horrek, ezjakinean ere, zigortzen gaituenean beragatik sufritzea. Erria behar dugu irabazi. Erria salbatu.
Goraipatu izan ditugu erri honen auzitegian irabazitakoek salbatzera, beste auzitegietara joandako legegizonak. Gaur gaitzetsi egiten ditugu. Ez diteke erriaren erabakirik honelako auzitegietara eraman.
Beste zerbait da egin beharrekoa, norbaiten jauntxokeriaz gaizki epaitu ez dezan: Ondo baino obeto batzuen eta besteen eskubideak paperean aurrez erabakirik ezarri. Ez ditezke irakasleak ezeren babesik gabe geldi. Gertaera honek araudi bat egitera, eztabaidatzera eta onartzera bortxatzen gaitu. Ez gaitezen txinpartak ikusi zai egon, sua itzaltzeko»
Daniel Udalaitz
Espainiako Gobernuak indarrean jarri du, 2002ko urtarrilaren 1az geroztikoan eragina duela, abenduaren 27ko 16/2001 Lege dekretua, besteak beste, erretiro sistema mailakatu malgu berria eta aurretiko erretiroaren beste araudi bat ezartzen dituena. Oraingo arau hau, zeini globalki kaltegarri irizten baitiogu, izan daiteke onuragarri langile kolektibo txiki batzuentzat, hala nola, enpresen egoeren ondorioz 60 urte inguruan langabe gelditu eta berriro lanpostua nekez lor dezaketenentzat eta 52 urtetik gorako langabe aldi luzeko langileentzat, behin 61 urtera iritsi eta gero. Bestalde, aurretiko erretiro abusuzkoak arbuiatzeko neurriak ere ageri dira Lege dekretu horren letran.
Espainiako Gobernuaren Lege dekretuak Pentsioen gaineko Akordioa jasotzen du. Jakina denez, gazteen enplegu beharrak-eta alde batera utzita, pentsioen gastua murriztea beste helbururik ez duen politikaren barruan, erretiroko adina atzeratzea du xede abeniko horrek.
Lan munduaren eremu honetan ere, argi geratzen da Euskal Herria ez dela nazio burujabea, zeren Espainiako Gobernuak eta Frantziako Gobernuak soilik eman ditzakete horrelako eta antzeko dekretuak. Euskal Herriko langileen eta enpresen diru ekarpenen bidez ere finantzatzen dira pentsioak, erretiroak eta aurretiko erretiroak, baina Madrilek edo Parisek gestionatzen dituzte diru sarrerak, baita Gizarte Segurantza administratzen ere.
ERRETIRO MAILAKATUA ETA AURRERATUA.
Espainiako Gobernuak ezarritako arau berrien arabera, aldatu egin da erretiroaren erregulazioa, lanaldi partziala eta erretiroko pentsioa konpatible egiteko. Hala, lanaldia murrizten denaren proportzio inbertsoan murrizten da pentsioa. Esate baterako, lanaldia %60 gutxituz gero (%40ko lanaldia), pentsioa %40 gutxitzen da (%60 kobratzen da).
Erretiro aurreratuen kasuan, batetik indarrean dirau orain arteko araudiak. Hau da, 60 urte bete ondoren edonork lor dezake erretiroa, baldin 1967ko 1etik aurrera Gizarte Segurantzan kotizatu badu. Horrela, pentsioa murrizteko koefiziente bat aplikatzen da, langileari 65 urte bete arte falta zaion urte bakoitzeko. Egungo egunean, %6tik %8 artekoa da kenketa, kotizatutako urteen eta lanuztearen izaera borondatezkoaren edo bestelakoaren funtzioan.
Bestetik, ordea, bada berrikuntza bat oraingo araudian, berez ondo etorriko zaiena 1967ko urtarrilaren 1a baino lehenago kotizatu ez duten 60 urte inguruko langileei, baldin enpresan arazoak badituzte edo langabe aldi luzekoak badira. Eta, honetan datza berrikuntza: nahiz eta Gizarte Segurantzan 1967ko urtarrilaren 1az geroztik afiliatuak izan, erretiro aurreratua lortzeko modua izango dute 61 urtetik gorakoek, baldin beste eskakizun batzuk betetzen badituzte.
Hiru dira bete beharreko eskakizunak. Lehenik eta behin, enplegu eskatzaile moduan inskribaturik egon behar dute enplegu bulegoetan, gutxienez erretiro eskabidea egin baino sei hilabete lehenago. Bigarrenik, egiaztatu egin behar dute 30 urtez behintzat kotizatu dutela Gizarte Segurantzan. Hirugarrenik, ziurtatu behar dute lana uzteko erabakia ez dutela nahita edo beren borondatez hartu.
Horrelako erretiroetan, pentsioa murrizteko koefizientea %6tik %8ra bitartekoa da: langileak egiaztatzen dituen kotizazio urteetan oin harturik, dagokion koefizientea aplikatzen zaio pentsioan 65 urtera iritsi bitarteko urte bakoitzeko.
AURRETIKO ERRETIROAK ERREGULAZIOKO ESPEDIENTEETAN.
Beste arau batzuk lehiaketazko prozeduraz kanpoko enpresek (erreka jo ez duten edo ordainkizunen suspentsioa aitortu ez duten enpresek) aurkeztutako enplegu erregulazioko espedienteekin dute ikuskizun, baldin 1967ko urtarrilaren 1ean mutualistak ez ziren 55 urteko edo gehiagoko langileei eragiten badie. Horrelako interesdunei 65 urte bete arte Gizarte Segurantzaren hitzarmen berezia finantzatzeko kuotak pagatzeko obligazioa ezarri die Lege dekretuak.
Enpresek eta langileek ordaindu behar dute hitzarmen bereziaren kostua. Enpresek kotizatu behar dute, harik eta langilea 61 urtera iristen den arte. Adin horretatik aurrerakoa, berriz, langileek ordaindu behar dute. Orain, hileko 330 euro ingurukoa da langileek pagatu beharreko kuotaren zenbatekoa.
65 URTETIK AURRERA ERE LAN EGITEKO AUKERA.
Espainiako Gobernuaren Lege dekretu horrek, gazteen enpleguaren erasorako bada ere, baditu, izan, 65 urtetik aurrera lanean jarraitzera motibatzeko neurriak. Horrela, 65 urte bete ondoren lanean segitu eta kotizazioko 35 urte osatuz gero, oinarri erregulatzailearen %100eko gailurra gainditu ahalko da. %2ko gehikuntza izendatu dute, 65 urtez geroztik kotizatutako urte oso bakoitzeko.
ALARGUNTZAKO PENTSIOAK.
Lege dekretuan ageri dira, halaber, alarguntzako pentsioen gaineko arauak. Oinarri erregulatzailearen %45etik %46ra pasatzen da, oro har, alarguntzako pentsioen zenbatekoa, eta %70era ere iristen da familiako kargen eta sarreren funtzioan. 2002ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko pentsioei ere aplikatzen zaie Lege dekretu berriko ehunekoa: %46 automatikoki; gainerakoa, aldiz, interesdunaren eskariz, hala badagokio.
Beste berritasunen bat ere badakar aipatzen ari garen Lege dekretu honek. Esate baterako, orain ezkontzak ez du iraungitzen pentsioa, baldin kondizio hauek metatzen badira: pertsona heldua izatea (61 urtekoa edo gehiagokoa), elbarria izatea, alarguntzako pentsioa izatea diru iturri nagusia eta ezkontideen sarrera totalek indarrean dagoen Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren zenbateko bikoitza ez gainditzea. Espainiako Gobernuak 2002rako ezarritakoaren arabera, hilean 442,40 eurokoa da Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (%2ko igoera besterik ez du izan iaztik)
Aitziber Salaberria
Abian da jada Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroa. Urriak 21ean ekin zioten lehenengo magazinarekin. Oraindik baina, zabaltze prozesuan da. Hasiera batean bost bat irrati hasi dira Ekoizpen Zentroak bideratzen dituen saioak emititzen, besteak beste, magazina. Gainontzekoak, epe laburrean hasiko dira euren emisioekin, horretarako baliabideak egokitzen dituztenean. Bitartean, proiektuari nolabaiteko hasiera emateko, abenduaren 14an egingo da ekimenaren aurkezpen ofiziala, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean.
Arrosa Irrati Ekoizpenerako Zentroa sortzearen ideia 2001eko maiatzean jaio zen Barrian, Herria Mugi! ekimenaren baitan egin zen topaketa batean. Irratientzat Arrosan egin zen hurrengo topaketa batean eman zitzaion Ekoizpen Zentroa sortzearen ideiari garapena. Jarraian Arrosan egin ohi den Euskal Herria Zuzenean jaialdian ideiari indar berezia eman zitzaion, eta hortik datorkio beraz, zentroari bere izena. Egoitza Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean dago eta bertatik egiten da egunero magazina, baina irratietako sare lana Mińao ParkeTeknologikotik bideratuko da, bertan baitago zerbitzaria.
Guztira 29 irrati aritu dira Arrosako proiektuan lanean. Izaera desberdinetako irratiak: irrati libreak, tokian tokikoak, interes desberdinetakoak... Gehienak ere nahiko irrati txikiak dira eta batez ere hauek zituzten beharrei erantzunez sortu da ekimena. Beharrei dagokienez, oso baliabide urriak dituzte irrati txiki hauek. Eta hori dela medio, programazioko parrillak osatzeko nahiz Euskal Herri mailako informazioa jasotzeko zailtasunak zituzten. Irrati asko bai, baina ikuspegi orokorraren falta sumatzen zen.
HARREMANETAN SAKONDU.
Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroaren xedea, beraz, Euskal Herriko irratien arteko harremanak sakondu eta haien arteko elkarlana bultzatzea da. Beraren bidez Euskal Herriko komunikazioaren kohesioa bultzatu nahi da, giza baliabideak eta materialak trukatuz. Hori dela eta, zentroaren funtzio nagusia Euskal Herriko komunikazioaren inguruan gogoeta eragitea izango da. Hori lortzeko eginkizun nagusia berriz, Euskal Herriko euskal komunikazio esparrua sendotzea izango da, maila lokal eta ertaineko irratien elkarlanerako tresnak eskainiz.
Egoera honen aurrean Ekoizpen Zentroaren bidez hutsune hauei irtenbidea eman nahi diete. Zentroaren eskaintza nagusia irratien artean irratsaioen trukaketa egiteko aukera ematea izango da. Horretarako Ekoizpen Zentroak hiru eginkizun bideratuko ditu; emisio komunak, eguneroko magazina eta programen bankua. Hiru langile arduratuko dira ekoizpen zentroaren eginkizunak burutzeaz; Mińaoko Parke Teknologikotik egingo du lan teknikariak, bertan baitago zerbitzaria. Koordinatzailea eta kazetaria berriz, Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean arituko dira.
Emisio komunei dagokienez, azken urteetan egin dira emisio bateratu batzuk. Lehenengo saiakera azken AEK Korrikaren amaiera ekitaldian egin zen, horretarako 40 bat irrati batu ziren uhin bidezko emisioan. Ordutik, ikastolen festa batzuetan, Bertsolari Txapelketa Nagusian eta Sanferminak moduko ekitaldietan batu dira irratiok. Emisio komun hauetan irrati guztiak bat balira bezala emititzen dute. Hurrengo erronka Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan izango da, abenduaren 6an bertatik emitituko baitute magazina.
Magazina Zentroak egunero ekoizten duen ordu beteko irratsaioa da. Euskal Herriko ikuspegia du, beraz, Euskal Herrian egiten den irratigintzaren eta errealitate soziokulturalaren ispilua da. Edukiari dagokionez hiru atal nagusi ditu magazinak: efemerideen atala, eguneroko gaurkotasunezko gaia eta azkenik, agenda. Tartean, egunero kolaboratzaile desberdinen parte hartzea izango da, gai desberdinen inguruan hausnarketak egiteko. Magazina Zentroak ekoizten du, baina irrati bakoitzak bere programazioan egokien datorkion tartean sartu ahal izango du.
TRUKEAN.
Programen bankua Ekoizpen Zentroko bazkide diren irratien artean trukaketa zuzenak egiteko tresna da. Horri esker, irratien artean irratsaioak, elkarrizketak, korte laburrak, berriak eta beste hainbat audio ekoizpen elkartrukatu ahal izango dituzte, eta irrati bakoitzaren programazioa aberastu. Horretarako, irrati bakoitzak berak ekoizten dituen saioetatik interesgarri izan daitezkeenak jarriko ditu Zentroaren zerbitzura, ondoren gainontzekoentzat eskuragai izan daitezen. Irratien esfortzuari errentagarritasuna ateratzeko sortu dute programen bankua, irratiek zuzenean egingo baitute trukea.
Hala ere, baldintza batzuk bete beharko dituzte bankuan jartzen diren saioek: euskaraz izan beharko dute, kalitatezkoak eta Euskal Herri osoan entzungarriak. Programen bankua sortzeko, zerbitzaria osatzen ari dira momentu honetan, baina urtarrila hasierarako guztia prest edukitzea espero dute.
Emisio komuna, magazina eta programen bankuaz gain, beste atal batekin hasteko asmoa ere badute. Oraindik ezer zehaztuta eta hitzartuta ez badago ere, hainbat gizarte eragilek egingo lituzketen saioak emititzeko aukera aztertzen ari dira.
Arrosatik ekoiztuko den guztia euskara hutsean izango da. Proiektuan sartu diren irratiak, besteak beste, irratigintzan euskara sustatzeko helburua baitute. Ondorioz, ekimenak dakarren elkar trukeari esker, zenbait irratietako programazioa euskalduntzea lortuko da
Ainara Gurrutxaga
Demagun ARGIA zabaltzea erabaki duzula. Baliteke erreportaje honekin topo egitea ala ez. Tira, jo dezagun istant batez erreportaje honekin topo egiten duzula: kasu horretan irakurtzea ala ez irakurtzea erabaki dezakezu. Irakurtzea erabakitzen baduzu, bi gauza gerta daitezke: gustatzea ala ez gustatzea. Gustatzen bazaizu... Eta horrelaxe jarrai genezake hipotesi artean igerian, jolas infinitua izan daitekeen honetan.
Eta hitza jolas bihurtu zen. Horixe izan zen, hain zuzen ere, Georges Perec idazleak bere literatur lan guztian zehar defendatu zuena, hitzak eta hizkuntzak beren formetan sentsazioak eragiteko gaitasuna izan dezaketela, alegia. Era berean, Legaleon T konpainiak ere, sortu zenetik antzerkia modu ludikoan planteatu izan du, testua horretarako lanabes aproposa izan daitekeela erakutsiz. "Georges Perec Legaleonen mundutik oso gertu dagoen idazlea da", dio «El aumento»n zuzendari laguntzaile lanetan aritu den Ana Perezek, "mugimendu dadaista eta surrealistan kokatu izan da, eta gure lanerako oso interesgarria da".
Perecen «El aumento» egitearen ideia antzerki tailer batean sortu zen. Irungo konpainiaren azken proposamen honetan aktore diren Nahia Iparragirre, Paki Caballero, Ińaki Moral, Alfonso Carrillo, Mikel Agirregomezkorta eta Diego Consuegra bi urtez aritu ziren Legaleon taldearekin antzerki ikastaroa burutzen. Ikasketa amaierako lan gisa «El aumento»ren zati bat aurkeztu zuten Irungo Gazte Antzerki Topaketan. Legealeoneko kideei taldearen lana txukuna iruditu eta bertsio luzeagoan ekoiztea erabaki zuten. Espe Lopezek zuzendu duen lanak 50 minutuko iraupena du, ohiko antzezpenak baino laburragoa da, hortaz: "Errepikapenen labirinto honetan ikuslea ordubetetik gora edukitzea delikatua izatera irits daiteke. Nahiago izan dugu jendea gogoarekin uztea".
Aktore taldeak oraindik ere gogoan ditu lehen entsegu egun haiek: "Hasieran inongo zuzendaritzarik gabe hasi ginen lanean", dio testua itzultzeaz ere arduratu den Alfonso Carrillok, "eta, beraz, guk geuk hartu behar izan genituen erabaki guztiak. Lan kolektiboa izan zen".
Legaleonen lan ildoarekin bat datorren idazlea izaki, George Perecen literatur lanak aintzat hartuko dituzte aurrerantzean ere. Bere belaunaldiko idazle berritzaileenetakoa izan zenaren «El hombre que duerme» lanarekin muntaia berri bat egiteko aukera ez dute baztertzen gainera.
Ezohiko lengoaia.
Zer gerta daiteke zure enpresako nagusiari soldata igoera bat eskatzea erabakitzen duzun egunean? Lehen begiratuan funts handirik gabekoa irudi dakigukeen galdera honen aurrean Legaleonek errepikapena eta argumentu ezberdinen gainjartzearekin jolas egiteko gonbita luzatzen digu, "argumentuen gainjartze hau infinituraino (edo eroetxeraino) eraman gaitzakeen espirala dela" ohartaraziz. Ana Perezen ustez "antzezlan mota hauek ez dira oso ohikoak gurean. Beste herrietan antzez hizkuntza honek badu bere txokoa. Alde formala argumentu gisa erabiltzea, erritmoa elkar komunikatzeko tresna bilakatzea eta geldialdi zein mugimenduak eszenaratzearen elementu nagusi bezala ulertzea ez da gauza berria beste herrietan".
Perecen testua eta proposamena ahalik eta modu fidelenean eszenaratu nahian taldeak "hornidurarik" ez erabiltzea erabaki du. Hala, taula gaineko elementu bakarra eserleku luze bat da. Xede berarekin ikuskizun guztian ez dago musikarik eta argiztapenaren diseinua ere xumea da. Eszenatokiak pentsamenduaren materialtasunik eza iradokitzen du, hein handi batean.
Legaleonen ikuskizun gehienek bezala, honek ere, ezinegona sortzen dio ikusleari lehen minutuetan, erabilitako lengoaiak ohiko dramaturgiaren arau guztiak hausten baititu. Proposamen ludiko baten aurrean dagoela ohartuta hasten da ikuslea benetan ikuskizunarekin gozatzen.
Taula gainean agertzen diren sei aktoreak pertsonaia beraren parte dira: proposamena, alternatiba, hipotesi baikorra, hipotesi ezkorra, aukera eta ondorioa. Soldata igoera eskatzea erabakitzen duen langilearen sei alderdi, alegia. Aktore bakoitzak, beraz, ez du pertsonaia definiturik "pertsonaiarik ez duen eta ekintza dramatikorik ez duen ikuskizuna da". Aktoreen aldetik zehaztasun handia eskatzen du. Nahiz eta bata bestearengandik ezberdinak izan, guztiek batera osatzen duten pertsonaia horren susmoa hartzen laguntzen diote aktoreek ikusleari, lan sotila eginez.
Mezua eztenaz.
Laugarren horma apurtuz, oholtza gaineko sei sasi-pertsonaiek etengabe luzatzen dizkiote euren proposamenak publikoari, konplize eginaz: "Garrantzitsua da ikuslea identifikatua sentitzea", dio Ana Perezek. Eta batek baino gehiagok ezagutuko zuen bere burua taula gainean, nagusiaren alabak errubeola izan zezakeela-eta, soldata igoera datorren hilabetean eskatzea erabaki zuen egun hartan.
«El aumento»k bere proposamen formal eta erritmikoaren azpian, gainera, badu ironia handiko esanahi bat: "Gaia gaurkotasun handikoa da", dio zuzendari laguntzaileak, "enpresa handietan langilea jasaten ari den gizatasun galera ikaragarria baita oraindik ere. Indibiduoa zenbaki bat besterik ez da kasu askotan".
Orain, demagun erreportaje hau irakurri duzula. Behin irakurrita Legaleon T taldearen azken muntaia interesgarria iruditu zaizu edo ez zaizu interesgarria iruditu. Interesgarria iruditu zaizula hipotesitzat hartuta, bi aukera daude: ikusteko gogoa izatea edo ez izatea. Antzezlana ikusteko gogoa piztu bazaizu, hauxe interesatuko zaizu: 2003ko otsailean Bilboko La Fundicion aretoan eskainiko du Legaleonek «El aumento» antzezlana, taldearen beste bi ekoizpenekin batera: «Bancarrota» eta «Cerebro magullado 2»
Pello Zubiria
Poema honek «Utzi egingo ditut armak» du izenburu eta www.childsoldiers.org gunean ari den Rashid Peters ikasle gaztearena da: «Drogatua eta kokainaz injektatua nintzen garaian/ marrazkiotako gerrara behartua/ burmuina garbitua behin eta berriro,/ orduan esango nizun irabazteko asko neukala/ gerran neramatzan arma zamatsu haiekin/ eta uzteko esan bazenit, ęez adiskidea!Ę esango nizun./ Aita-amengandik urrun mobilizatua/ besteak kolpatu eta hiltzeko/ ezin naiz beste inora joan/ jo eta hiltze honek ez baitu mugarik./ Orain barka nazazu zure anaia zauritu badut./ Tiro egitera behartu ninduten/ nire haurtzaroa ihartu zidaten jende helduek».
Rashid Peters beste zenbait ikasle eta irakasle boluntarioekin batera haur soldaduak bergizarteratzeko elkarte batean ari da, Interneten gazte hezkuntza proiektuak sustatzen dituen Kanadako I*EARN erakundearen babesean.
Nazioarteko erakunde batek baino gehiagok eskaintzen ditu 18 urtez azpiko haurrak gerrarako erabiltzeaz dauden datuak eta analisiak. Baina Child Sordiers proiektuaren ekarpen zirraragarriena gazte eta gaztetxoen lekukotasunak dira. Horietako batzuek ezagutzen duten arazo batez idazten dute gune horretan. Beraiek haur soldaduen eskuetan nozitu duten bortxaz ari dira beste batzuek. Eta zenbait idatzi, hamar urtetatik (eta baita gazteagotik ere) gudari moduan ibili direnek beren esperientziez idatzitakoak dira.
«Nire bizitza haur soldadu moduan».
Hala du izenburua Ulric Quee izeneko mutikoaren idatzi laburrak. Bederatzi urte zituen gerrillariek bere herrixka eraso eta oihanera korrika ihesi atera zenean. Han aita eta ama galdu eta noraezean zebilela, erreka batean ura edaten ari zenean harrapatu zuten. «Batek ęzertan ari zara mutikoa, espioi bat zara eta hil egingo zaituguĘ esan zuen. ęZatoz gurekin edo hil egingo zaituguĘ, esan zuen eta nik ęNahi duzuen guztia egingo dutĘ, arrapostu egin nion».
Egun horretan bihurtu zen Ulric haur soldadu:«Kokaina injektatu zidaten eta AK47 fusil bat eman. Frontera joan eta jendea hil eta kolpatzen eta gauza txar horiek guztiak egiten hasi nintzen. Ez nintzen egiten nuenaren jabe, drogaz beteta nengoen-eta. Zortzi hilabeteren buruan kapitain egin nintzen eta nire talde propioa kontrolatzen nuen. Oso gogorra egin nintzen eta etsaiak hiltzea besterik ez nuen pentsatzen. Orduan agindu ziguten hiria erasotzea, eta ni gustura nengoen, han diru asko, etxe ederrak eta nahi genuen guztia zegoela genekielako. Hirian sartu eta bataila oso latza izan zen, baina nik ez nuen atxiki eta gobernuko soldaduek harrapatu ninduten».
Beste mutiko batek, 10 urterekin idazten duen Mohamed Sidibayk, gerran bost urterekin hasi zela kontatzen du. Bost urte! Zirrara sortzen du gerraz hitz egiteko erabiltzen duen tonuak: bere lehen komandante Ramboren aipamenak, Freetown erasotzeko erabili zituzten taktikak, gobernuko indarrekin eta hauei laguntzera Nigeriatik joandako tropekin izandako borrokak, bake prozesuaren ondorengo errendizioa... Seme-alaba gaztetxoak dituen irakurle mendebaldarrak une batean duda ere egingo du egiazko lekukotasunekin ari ote den. Baina tamalez, literatura gutxi erantsi diote egileek. Gaur erakunde humanitarioen babesean bergizarteratzen eta ikasketetan ari diren haur eta gaztetxoen marrazkiek osatzen dute koadro gogorra.
GERRILLARI edo AUTODEFENTSAKO EHIZTARI.
Erakunde humanitarioek uste dute mundu osoan 300.000 haur erabiltzen dela gerrarako, bai gerrilleroen taldeetan edo baita gobernuen milizietan. Sierra Leonan 1992 eta 1996 artean -Gobernuko indarren eta RUF (Revolutionary United Front) taldearen arteko borroka urte gogorrenetan- 4.500 haur erabili zituzten batzuek eta besteek.
1997an gerrilla desmobilizatu zenean, bergizarteratze planetan sartu ziren 1.000 gudarietatik %60a haurrak ziren. 1999ko urtarrilean gerrillak Freetown eraso zuenean, informe askoren arabera gudarietako gehienak 14 urtez azpikoak ziren, asko gainera 10 urtetara ere iristen ez zirenak.
Ordainetan, gobernuaren aldeko tropek ere gaztetxoak erabili dituzte, askotan kontraintsurgentzia eta autodefentsa taldeetan. Nazio Batuetako funtzionario bat kontuak eskatzera joanda, autodefentsako milizien buruzagi Zan-galaywah-k garbi aitortu omen zion: «Gaztetxo horiek oso ausartak dira frontean. Eta beste soldaduek baino hobeki betetzen dituzte diziplina arauak; alegia, ez sexu, ez droga eta ez lapurretarik gerran». Hobeto obeditzen dute, eta gainera, janariz bezala diru beharrez askoz merkeagoak dira. Dena da irabazia buruzagientzako gaztetxoak hiltzaile bihurtuta.
Gobernuak gerrillariei aurre egiteko taldeak osatzerakoan oihanean bizi diren tribu batzuetako ohitura zaharrak erabili ditu. Sierra Leonan, adibidez, Kamajor, Kapra, Donso eta Tamaboro taldeetan 8 urteko mutikoek iniziazio erritu eta probak gainditu behar izaten dituzte, beren gizarteetan integratzeko. Eta historiaurreko ohitura hori pittin bat «ukitu» baino ez dute egin, gobernuak fusil eta granada jaurtitzaile modernoak eskaini dizkienean.
Eta behin borrokan sartuta, nola atera haurrak gerraren zirkulu odoltsutik, bakea sinatu ondoren ere? Kamajor mutiko horietako batzuek honakoa deklaratu diete nazioarteko funtzionarioei: «Errebeldeak hiltzen dituen 14 urteko mutila naiz. Eta ez dut nahi desmobiliza nazaten, errebeldeek ongi ezagutzen nautelako: haiek ongi dakite gupida gabe hiltzen ditudala»
http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.