- Oihartzun handia izan dute Ertzaintza barruko hauteskunde sindikalek: ELA (23 ordezkari) nagusitu zaio Erneri (21 ordezkari). Orain arte, 57 ordezkarietatik Ernek 30 zituen. Ertzaintzari buruzko beste datu esanguratsu bat Javier Elzo soziologoak aurkeztu duen inkestan dator: populazioaren %10ak ez ditu ertzainak bizilaguntzat nahi».
- Jone Goirizelaia, Sozialista Abertzaleak taldeko parlamentaria Eusko Legebiltzarrean: «Gure talde parlamentarioaren ilegalizazioaren eta kriminalizazioaren laguntzaile bihurtzen ari dira EAJ, EA eta Ezker Batua».
- Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (Covite) bozeramaile Consuelo Ordońezen hitzetan, elkarte honek jadanik galdu du Maixabel Lasak zuzentzen duen ETAren Biktimen Zuzendaritzarenganako konfiantza; bere ustez, «Jaurlaritzak ETAren biktimak gutxiesten eta baztertzen jarraitzen du».
- Mariano Ferrer kazetariak ćEl MundoĆn: «Plazan txerria erakutsi ezin den Donostia honetan urtero dozenaka zezen ziztatu, banderilleatu eta ezpataz hiltzen dira».
Floren Aoiz HBko Mahai Nazionaleko kide eta bozeramaile izan zenak ćLa vieja heridaĆ liburua argitaratu berri du Txalaparta argitaletxearen eskutik. Liburua 1512ko Nafarroako konkistan oinarritzen da, eta konkista horri buruz «historian esandako gezurrak» ukatzen ditu, nagusiki Nafarroa eta Gaztelako erresumen artean ez zela akordiorik izan eta bigarrenak lehena gerraz konkistatu zuela.
Alvaro Amman Jaurlaritzako Garraio sailburuak baieztatu egin du abiadura handiko trenari buruzko prospekzio lanak egiten ari diren enpresen aurkako sabotajeak izaten ari direla.
Ruth Alonso Bilboko Espetxe Zaintzarako epailea Arartekoa izateko proposatu zutela jakin izan da. Proposamena EAk egin zuen uztailean, EAJk onartu eta gero PSE-EEri jakinarazi zitzaion. Duela hilabete, Ruth Alonsok oso kritika gogorrak jaso zituen, duela bi aste bere buruaz beste egin zuen Ramon Gil Ostoaga presoari hirugarren gradua emateagatik.
Jakoba Errekondo
Aisia nagusitzen ari den geurea bezalako gizarte ekonomikoki garatuetan berrikuntzen eskaintza etengabea da. Gehienak, hala ere, zaharrak berri. Loreak jatea azken puntako nobedade gisa aurkezten duen artikulu bat irakurri berria dut. Milaka urtetan gastronomoek ederki ustiatu dituzte landareen azal, zuztar, erreserba, hosto eta, nola ez, loreak. Adibide gisa bi: azafraia (Crocus sativus), lorearen estigma ńimińo lehorrak, eta arrosa (Rosa sp.), zeinaren petaloen ura mediterraneo ekialdeko kulturatan izugarri preziatua den.
Sukaldezalea bazara loreak erabiltzearen arte zahar hau gaurkotzen saiatzeko asmorik baduzu kontuan har itzazu ondorengo hauek: landareak ezagutu -adibidez pozoitsuak diren loreak ere badira-, loradendetako loreak ez erabili -zein produktu kimikorekin tratatuak izan diren nork daki?-, goizeko ihintzetan bildutako loreak dira onenak, apopilo izan ditzakeen intsektuak uxatzeko astindu, zaporea eta usainari eusteko toki fresko eta ilunean mantendu eta azken mementoan gehitu jakiei. Trikimailutxo bat: lore askok duten mikatz-punttua kentzeko segundo batzuez ur gazitan eduki
Jabier Agirre
Hamabost urtetik hamazazpira bitarteko euskal gazteen erdia ia ohizko edale bezala hartzeko modua ematen digu Eusko Jaurlaritzaren Droga Menpetasuneko Idazkaritzak egindako azterketak. Eta aurreko datua kezkagarria bada, beste bat ere ezin ahantz dezakegu: gazte horietako %15ak haxixa edo marihuana hartzen du nahiko maiz.
Azterketak dioenez, euskal gazteen %70 baino gehiagok alkohola kontsumitzen du, %39ak tabakoa eta %29ak cannabisaren eratorriak, gainerako substantzien kontsumoa dezente jaisten den bitartean (% 7ak speed eta anfetaminak, %4k kokaina, %3k estasia eta %1ek LSD).
Tabakismoaren inguruko datuak bereziki larriak dira adin horretan. Horrela, EAEn tabakoa kontsumitzen dutenak %30 diren arren biztanle guztien artean, tasa hori %39ra igotzen da gazteetan, eta %50eraino 19-22 urtekoen artean. Eta okerrena ez da hori, ohituraren joera erabat aldatu baita azken urteotan: gaur egun inoiz baino gehiago dira erretzen duten gazteak, eta gainera gehiago erretzen dute. Eta zergatik eman da aldaketa hori? Gazteek badakite tabakoa kaltegarria dela, baina hala ere kontsumoari ekiten diote, beren "oinarrizko identitate ezaugarritzat" hartzen dutelako.
Badira, hala ere, batere alkoholik edaten ez duten gazteak edo oso gutxi edaten dutenak (3tik 2). Lan egunetan, berriz, proportzio hori %93raino igotzen da. Jai egunetan, gazteen %10 gehiegizko edale bilakatzen da, eta ia %7 neurriz kanpoko edaletzat hartu beharrekoa da. Zifra beldurgarriak benetan!
ETA EPAILEEK DEBEKUA BERRETSI IZAN BALUTE?
DONOSTIAN azaroaren 30ean manifestazioa egiteko ezker abertzale inguruko pertsona ugarik egindako deialdia debekatu zuen Herrizaingo Sailak, eta EAEko Auzitegi Gorenak baimendu gero. Herrizaingo Sailak denboraz debekatu izana, epaileei baimentzeko denbora emateko estrategia gisa ere interpretatu dute batzuek eta, beraz, Javier Balza pozarren dagoela epaileen ebazpenarekin. Beste batzuek, aldiz, hori horrela izatekotan Balzak edo Herrizaingo Saileko norbaitek, ebazpen judizialaren aurretik euren asmoaren pistaren bat-edo emango zutela pentsatzen dute. Edozein eratan, zer gerta zitekeen -gerta liteke hurrengo kapitulu batzuetan- EAEko Auzitegi Gorenak Herrizaingo Sailaren debekua baietsi izan balu?
PRESTIGE-REN BITXIKERIAK
GALIZIAKO kostaldean -oraingoz han- bizi den hondamendia eta honen aurrean Espainiako Gobernuak agertu duen axolagabekeria ez dira txantxetan aritzekoak. Horrenbeste kritika eta azterketa artean, dena den, bitxikeria esanguratsuak ere ageri dira. Esate baterako, Espainiako Gobernuko Ingurugiro Ministerioaren web orrialdeetan ez da hondamendiaren aipamenik ere egon, gutxienez azaroaren 27ra arte, ustezko istripua azaroaren 13an gertatu zenean. Berdin Itsas Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiaren web orrian, Prestigek eragindako hondamendiaren arrastorik ez.
ISABEL SAN SEBASTIAN ETA CAYETANO GONZALEZ
ISABEL San Sebastian Antena 3ko ćEl primer caféĆ saioko zuzendaria kaleratu berri du telebista kate espainiarrak. Harekin batera kanporatua izan da Cayetano Gonzalez telebista kateko harreman instituzionaletarako zuzendaria. Aurretik, Euskal Herrian ezagun egin zen Jaime Mayor Oreja barne ministroaren komunikazio arduraduna izan zelako. Antza denez, leherkaria Pedro J. Ramirez ćEl MundoĆko zuzendaria izan da, San Sebastianek bere saioko tertulian parte hartzea defendatzen zuelako eta Telefonicako -Antena 3ko jabea- lehendakari Cesar Aliertak nahi ez zuelako. «Aurrerantzean saioa aurkezten duena lankide errepresaliatu baten gorpuaren gainean arituko da» esan du San Sebastianek. Bada, ordezkapenerako izenen artean lehena Carmen Gurruchaga da, San Sebastianekin batera ćEl Arbol y las nuecesĆ liburu ezagunaren egilea.
SOMPORTEKO TUNELA IREKIKO DA URTARRILEAN
CANDANCHUKO eski estaziora joan denak, urtea joan eta urte etorri han ikusi izan ditu behin eta berriro Somporteko tunelaren eraikuntza lanak. Berdin Frantzia aldetik Aspe bailaratik gora jo duenak. Hainbeste urte ondoren, azkenean urtarrilaren 17an irekiko da. Espainiako agintariak, hala ere, kexu dira: Espainia aldetik autobia bat egingo da, eta Aspe bailara ederrean, aldiz, Frantziak ez du autobiarik egiteko asmorik.
SEBASTIAN ARTZAPEZPIKUA, BOTOA ETA MORAL KRISTAUA
ESPAINIAKO Apezpikuen Batzarrak nazionalismoei buruz bere azken agirian esandakoak alferrikakoak ez direla hasten da frogatzen apurka. Euskal Herriko hiru gotzainek aurkako botoa eman zuten. Iruńeko artzapezpiku Fernando Sebastianek zer egin zuen ez dakigu, baina bere aburuz, botoa ematerakoan kristauak kontuan hartu behar du gotzainek esandakoa, eta bere ustez, euskal independentismoari botoa ematea gotzainek azpimarratutako moralaren aurkakoa da.
MAKILKADA JUDIZIALAK
2001eko otsailean Nafarroako Gobernuak hizkuntzak lanpostuetan baloratzeko dekretua (euskararen balorazioa, alemana, frantsesa eta ingelesaren azpitik geratzen zen) atzera bota zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak joan den astean. Halaber, beste ebazpen batean, auzitegi berberak herritarrari zuzenduriko informazioa euskaraz ere izan behar duela gogorarazi dio Iruńeko Udalari, udal ordenantzek dioten bezala. Maria Jesus Aranda Nafarroako Arartekoak, bestalde, Iruńeko Udalak hala eskatzen duten herritarrei harrera euskaraz ez egitea salatu berri du. Hala ere, UPNk muzin egiten dio guztiari eta bere estrategiarekin tinko jarraitzen du.