Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-12-08 -- 1879.zenb


ARARTEKOAREN ESANAK

Iruñeko herritarrek euskaraz hartatuak izateko eskubidea dutela adierazi du Maria Jesus Aranda Nafarroako arartekoak eta udal ordenantzetan agertzen diren hizkuntza zerbitzuak egokitzeko beharrezko neurriak hartzeko gomendioa egin du. Gai honi buruz arartekoak eginiko lehen gomendioa da hau.


KONSTITUZIOA ALDATZEKO ESKAERA

Azaroaren 21ean, ukatu egin zuten Frantziako diputatuek bretainiar, korsikar eta euskal diputatuek Konstituzioko lehen artikulua aldatzeko egindako emendakina. Hizkuntza gutxituen ezagutza ofiziala zuen helburu emendakinak. Euskal Konfederazioaren barneko elkarteek (Seaska, AEK eta Euskal Irratiak) bigarren artikulua aldatzearen alde agertzeko eskatu diete diputatuei; izan ere, Frantziako hizkuntza frantsesa dela dio artikuluak eta horren interpretazioak hizkuntza gutxituen aurka erabiltzen direla diote elkarteek.


HIZKUNTZ ESKUBIDEAK ERRESPETATZEA XEDE

Euskararen ofizialtasuna eta hizkuntz normalizazioa helburu, dinamika iraunkorra jarriko du abian Kontseiluak. Gizarteko sektore guztietara zabaldu nahi du dinamika. Hasieran administrazioetan, kulturgintzan eta kirolean arituko dira. OEErekin bat topaketak egingo ditu pediatria eta larrialdi zerbitzuetako hizkuntz eskubideen egoera aztertzeko. Kirolariek sinatzeko manifestu bat prestatu du eta datorren urteko martxoan, hizkuntz eskubideei buruzko jardunaldiak antolatzeko asmoa du.



FARMAZIA ETA DROGA HIZTEGIAK

Bi hiztegi berri dira kalean: drogei buruzkoa bata (www.drogomedia.com helbidean ere jarri dute) eta farmaziari buruzkoa bestea. Biak ere euskara-gaztelania hiztegiak dira. Lehena Droga Gaietarako Zuzendaritzak eta Drogomendekotasunei buruzko Dokumentazio Zentroak plazaratu du eta Farmazialari Euskaldunen Elkarteak (Feuse) bigarrena.


SHAKESPEARE EUSKARAZ

Duela 50 urte, azaroaren 25 batean argitaratu zen lehen aldiz euskaraz Shakespeareren «Hamlet» lana Buenos Airesen. Bingen Ametzagak itzuli zuen. Liburua Montevideon sinatua dago, 1951ko abenduaren 3an, Euskararen egunean. Hain zuzen, 50 urte beranduago, Juan Gartziak, 2002ko abenduaren 3an aurkeztu du Ibaizabal argitaletxearen eskutik «Hamlet»en itzulpen berria. Eta hori izango da «Literatura Unibertsala» bildumako 100. liburua. Autore ingelesaren hainbat lan euskaratu dira Ametzagaren hartatik. Susa argitaletxeak obra horiek osorik argitaratu ditu Interneten, www.susa-literatura.com/emailuak/shakespeare helbidean. Bertan dira, Bedita Larrakoetxearen «Macbeth», «Lear Errege» eta «Ekatxa»; eta baita 50 eta 60ko hamarkadetan euskaratuak izan ziren hainbat soneto ere.


KANTU TXAPELKETA

HILAREN 7an ekingo zaio Nafarroako Euskal Kantu Txapelketari. Lehen saio hori Leitzan egingo da; bigarrena, berriz, Antsoaingo antzoki berrian jokatuko da hilaren 14an. Eta finala Doneztebeko Bordatxo dantzalekuan egingo da hilaren 21ean. Hamabost urtetik goitiko abeslari amateurrek hartuko dute parte lehian, bakarka edo taldeka. Eta honen xedea euskal kantagintza zabaltzea eta kantuarekin gozatzea izango da.


JAZZAREN ZIGILUA

ERRABAL izena du Gaztelupeko Hotsaken babespean sortu berri den jazz musikan espezializatutako musika zigiluak. Hutsune bat betetzera dator zigilu berria, izan ere, jazz musikaren arloan gurean dagoen argitarapen falta sumatu dute honen sustatzaileek. Batez ere, konposizio berriak plazaratuko dituzte. Bildumako lehen diskoa plazaratu dute dagoeneko. Miren Aranburu bakarlariak eta Jean Louis Hargous saxofoijoleak osatutako «Gorri isila» izeneko lana. Hurrengoa Jon Urrutia pianojolearena izango da.


GERRA ZIBILAREN KRONIKA

JOSE Antonio Urgoitia Badiolak zuzendu du Sendoa argitaletxeak lehengo astean aurkeztu zuen «Crónica de la Guerra Civil de 1936-1937 en la Euzkadi Peninsular» izeneko liburu bilduma. Guztira sei liburuk osatzen dute obra, eta oraingoz, lau izan dira aurkeztuak. Horietan, Gipuzkoaren galera, lehen euskal gobernuaren sorrera edota Mola jeneralaren Bilboko ofentsiba aztertzen dira. Bilduma argazkiz, sinboloez, mapez, marrazkiez... osaturik dago. Eta bertan hainbat autorek hartu du parte, besteak beste, Iñaki Egañak, Josu Chuecak edota Javier Díaz Nocik.


ARTEAREN SUPERMERKATUAK

HEMERETZIGARREN aldiz antolatzen da aurten Bilbon Artearen Supermerkatua. Izan ere, urte horietan guztietan zehar, artista ezagunen arte obra originalak eta baita artista berrienak ere salgai jarri izan dira salneurri eskuragarrian. Orain hogei urte sortu zen ekimen hau Jean Pierre Guillemot eta Jorge Alcolearen eskutik, artea jendearengana hurbiltzeko xedez. Hori dela eta Estatuko hainbat hiritan burutzen da. Aurten, urtero moduan, Mercedes Benzeko Aguinaga kontzesionarioan dago Bilbon. Eta Gasteizen ere paratuko dute, abenduaren 4tik aurrera. Biak ere urtarrila arte izango dira ikusgai.


IRUÑEKO ZINEMA JAIALDIA

HIL honen 9an hasi eta 13a arte burutuko da Iruñeko Zinema Jaialdiaren hirugarren ekitaldia. Guztira, sekzio ofizialera 100 zinta aurkeztu dira, eta horietatik 20 hautatu dira. Sekzio ofizialaz gain, orain hiru urte Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek antolatu zuten Jaialdi honek bi ziklo berezi izango ditu aurten. «Zinema Solidarioa» deitutakoan film konprometituak eskainiko dituzte. Eta «Nafar zinemaren atzerabegirakoa»n bertako zinegileak bultzatu nahi ditu jaialdiak.


MAGO IZATEN IKASTEKO

MAGIA egin nahi duenarentzat, magia egiten ikasteko aukera eskainiko du hemendik aurrera Txan Magoak plazaratu berri duen bideoak. Bertan, magiako oinarrizko jokoak nola egin behar diren erakusten du. Eta horrekin batera, kaxa magikoa, makila magikoa eta kamiseta ere plazaratu ditu Truk enpresak. Hamaika urte bitarteko haurrentzat egina badago ere, edonork eros ditzake, 36 euroren truk. Hala ere, Txan Magoak esan duenez, bideoa eta beste materiala plazaratzeko arrazoi nagusia ez da komertziala izan. Horren gainetik, euskal magoek informazioa euskaraz jasotzeko aukera izatearen arrazoia omen dago.

- Javier Agirre zinema zuzendariak «Euskaldunon Egunkaria»n: «Film luzeen aldean, laburrak badu abantaila bat: askatasun handiagoa du».
- Ygor Yebra dantzariak honakoa esan zuen «Deia»n: «Bilbon dantza klasikoko eskola ofizial bat sortzeagatik guztia emateko prest nago. Hiri honek kulturaren abanguardian egon nahi badu, dantza klasikoa urte osoan zehar programatzen duten Europako beste hiri batzuk imitatu beharko ditu».
Felipe Juaristi idazleak adierazpenok egin zituen euskal kulturaren egoerari buruz «Zuhaitzpean» aldizkariak Donostian antolatutako eztabaidan: «Gaur egun euskaraz idazten duten zenbait autore euskal kulturaren benetako garraiatzaileak diren zalantzan jartzeko fintasun ideologikora iristen da. (...) Zergatik dago euskalduna dena mugatzeko interes hori kultur errealitateak mugarik ez duenean? (...) Guztiaren gainetik idazlea naiz, eta euskaldunarena gero dator. Ez daukat irakurri dudan gaztelaniazko literatura osoa irakurri ez banu ezer ez nintzakeela izango onartzeko batere eragozpenik».

Gabonak gertu daude eta hori dela eta, iragarkiz gainezka daude gure postontziak. Erdara nagusi da eskuorri eta iragarkietan. Horren adibide da Super BM supermekatuak banatu duen iragarki eskuorria. Goiburuak daude soilik euskaraz, beste guztia gaztelaniaz dago.

Luis de Pablok SGAEk, Espainiako Autoreen Elkarteak ematen duen Daniel Montorio saria eskuratu du «La señorita Cristina» operagatik.
Eneko Bidegainek «Anbroxio» izeneko bere lehen eleberria kaleratu du Elkar argitaletxearekin.
12 idazleren ipuinak bildu ditu Alberdaniak «Gorroto haut» izeneko liburuan. Gorrotoaren inguruan idatzi dute bertan, besteak beste, Unai Elorriagak, Aingeru Epaltzak, Hasier Etxeberriak, Arantxa Iturbek, Kirmen Uribek edota Iban Zalduak.
Hemendik At! taldeko Edurne Arizuk eta Stella Berzalek Ados taldea sortu eta izen bereko lehen diskoa plazaratu dute, Gorren eskutik. Taldeak musika elektronikoa jorratuko du.
Arantxa Urretabizkaiaren «Kuaderno Gorria»ren itzulpena, «El Cuaderno Rojo» plazaratu berri du Ttarttalok.

Koldo Tapia honela mintzo zen herri kulturaren adierazpideez, lehengo astean «Gara»k jasotakoaren arabera:
«Azken hogeita bost urteotan ikusten ari gara herri kulturaren hainbat adierazpen nola galtzen ari diren, bai musikan bai kantuan bai dantzan. Sekulako atzerapausoak ematen ari gara euskal kulturgintzan. Gure herriaren adierazpide izan diren zenbait mekanismo gure belaunaldian galdu dira edo agertokian bakar-bakarrik funtzionatzen dutela gelditu dira. Hogeita hamar urteotan egin da deskalabroa. Arazo pila bat dauzkagu. Ezin gara lotan egon eta ahaleginak elkarlanera bideratu behar ditugu. (...) Euskal kulturaren ezaugarri diren osagarri horien guztien inguruan lobby indartsu bat osatzeko gaitasunik ez badugu, æbazen eta izan zenÆ hitz egingo dugu. (...) Herri kulturaren adierazpide asko bilakaerarik gabe geratu dira edo agertokira eraman ditugu. Musikaren arloan amerikar musika bakarrik sartzen zaigu. Bertsolaritzak mantendu ditu bere ikuskizunetik kanpoko lekuak. Urtean jaialdi eta plazak adina lagunarteko afari egiten direlako, herritarrek jolas egiteko erabiltzen delako. Dantzari profesionalen edo abesbatzen emanaldiak ondo daude, baina kantua desagertu da. Kantu tradizionala desagertzen bada, abesbatzek hamabost urteko bizia dute, ez dute gehiago. Gero profesionalek bakarrik kantatuko dute (...)».

«Euskalingua» aldizkari elektronikoa sortu du Mendebalde Kultura Alkarteak. Urtean birritan aterako da eta euskarari buruzko eduki akademikoak bilduko ditu. Euskararen gainean egiten diren ikerketak zabaltzea eta eztabaida akademikoa erraztea du helburu aldizkariak.

hemeroteka

1878. zenbakia | 2002-12-01
1877. zenbakia | 2002-11-24

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan