Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-12-08 -- 1879.zenb

ASPALDI ESAN ZITZAIGUN, GERO ETA DIRU GUTXIAGO ERRETIRORAKO

Daniel Udalaitz

Espainiako Gobernuak indarrean jarri du, 2002ko urtarrilaren 1az geroztikoan eragina duela, abenduaren 27ko 16/2001 Lege dekretua, besteak beste, erretiro sistema mailakatu malgu berria eta aurretiko erretiroaren beste araudi bat ezartzen dituena. Oraingo arau hau, zeini globalki kaltegarri irizten baitiogu, izan daiteke onuragarri langile kolektibo txiki batzuentzat, hala nola, enpresen egoeren ondorioz 60 urte inguruan langabe gelditu eta berriro lanpostua nekez lor dezaketenentzat eta 52 urtetik gorako langabe aldi luzeko langileentzat, behin 61 urtera iritsi eta gero. Bestalde, aurretiko erretiro abusuzkoak arbuiatzeko neurriak ere ageri dira Lege dekretu horren letran.

Espainiako Gobernuaren Lege dekretuak Pentsioen gaineko Akordioa jasotzen du. Jakina denez, gazteen enplegu beharrak-eta alde batera utzita, pentsioen gastua murriztea beste helbururik ez duen politikaren barruan, erretiroko adina atzeratzea du xede abeniko horrek.
Lan munduaren eremu honetan ere, argi geratzen da Euskal Herria ez dela nazio burujabea, zeren Espainiako Gobernuak eta Frantziako Gobernuak soilik eman ditzakete horrelako eta antzeko dekretuak. Euskal Herriko langileen eta enpresen diru ekarpenen bidez ere finantzatzen dira pentsioak, erretiroak eta aurretiko erretiroak, baina Madrilek edo Parisek gestionatzen dituzte diru sarrerak, baita Gizarte Segurantza administratzen ere.


ERRETIRO MAILAKATUA ETA AURRERATUA.

Espainiako Gobernuak ezarritako arau berrien arabera, aldatu egin da erretiroaren erregulazioa, lanaldi partziala eta erretiroko pentsioa konpatible egiteko. Hala, lanaldia murrizten denaren proportzio inbertsoan murrizten da pentsioa. Esate baterako, lanaldia %60 gutxituz gero (%40ko lanaldia), pentsioa %40 gutxitzen da (%60 kobratzen da).

Erretiro aurreratuen kasuan, batetik indarrean dirau orain arteko araudiak. Hau da, 60 urte bete ondoren edonork lor dezake erretiroa, baldin 1967ko 1etik aurrera Gizarte Segurantzan kotizatu badu. Horrela, pentsioa murrizteko koefiziente bat aplikatzen da, langileari 65 urte bete arte falta zaion urte bakoitzeko. Egungo egunean, %6tik %8 artekoa da kenketa, kotizatutako urteen eta lanuztearen izaera borondatezkoaren edo bestelakoaren funtzioan.
Bestetik, ordea, bada berrikuntza bat oraingo araudian, berez ondo etorriko zaiena 1967ko urtarrilaren 1a baino lehenago kotizatu ez duten 60 urte inguruko langileei, baldin enpresan arazoak badituzte edo langabe aldi luzekoak badira. Eta, honetan datza berrikuntza: nahiz eta Gizarte Segurantzan 1967ko urtarrilaren 1az geroztik afiliatuak izan, erretiro aurreratua lortzeko modua izango dute 61 urtetik gorakoek, baldin beste eskakizun batzuk betetzen badituzte.
Hiru dira bete beharreko eskakizunak. Lehenik eta behin, enplegu eskatzaile moduan inskribaturik egon behar dute enplegu bulegoetan, gutxienez erretiro eskabidea egin baino sei hilabete lehenago. Bigarrenik, egiaztatu egin behar dute 30 urtez behintzat kotizatu dutela Gizarte Segurantzan. Hirugarrenik, ziurtatu behar dute lana uzteko erabakia ez dutela nahita edo beren borondatez hartu.
Horrelako erretiroetan, pentsioa murrizteko koefizientea %6tik %8ra bitartekoa da: langileak egiaztatzen dituen kotizazio urteetan oin harturik, dagokion koefizientea aplikatzen zaio pentsioan 65 urtera iritsi bitarteko urte bakoitzeko.


AURRETIKO ERRETIROAK ERREGULAZIOKO ESPEDIENTEETAN.

Beste arau batzuk lehiaketazko prozeduraz kanpoko enpresek (erreka jo ez duten edo ordainkizunen suspentsioa aitortu ez duten enpresek) aurkeztutako enplegu erregulazioko espedienteekin dute ikuskizun, baldin 1967ko urtarrilaren 1ean mutualistak ez ziren 55 urteko edo gehiagoko langileei eragiten badie. Horrelako interesdunei 65 urte bete arte Gizarte Segurantzaren hitzarmen berezia finantzatzeko kuotak pagatzeko obligazioa ezarri die Lege dekretuak.

Enpresek eta langileek ordaindu behar dute hitzarmen bereziaren kostua. Enpresek kotizatu behar dute, harik eta langilea 61 urtera iristen den arte. Adin horretatik aurrerakoa, berriz, langileek ordaindu behar dute. Orain, hileko 330 euro ingurukoa da langileek pagatu beharreko kuotaren zenbatekoa.


65 URTETIK AURRERA ERE LAN EGITEKO AUKERA.

Espainiako Gobernuaren Lege dekretu horrek, gazteen enpleguaren erasorako bada ere, baditu, izan, 65 urtetik aurrera lanean jarraitzera motibatzeko neurriak. Horrela, 65 urte bete ondoren lanean segitu eta kotizazioko 35 urte osatuz gero, oinarri erregulatzailearen %100eko gailurra gainditu ahalko da. %2ko gehikuntza izendatu dute, 65 urtez geroztik kotizatutako urte oso bakoitzeko.


ALARGUNTZAKO PENTSIOAK.

Lege dekretuan ageri dira, halaber, alarguntzako pentsioen gaineko arauak. Oinarri erregulatzailearen %45etik %46ra pasatzen da, oro har, alarguntzako pentsioen zenbatekoa, eta %70era ere iristen da familiako kargen eta sarreren funtzioan. 2002ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko pentsioei ere aplikatzen zaie Lege dekretu berriko ehunekoa: %46 automatikoki; gainerakoa, aldiz, interesdunaren eskariz, hala badagokio.

Beste berritasunen bat ere badakar aipatzen ari garen Lege dekretu honek. Esate baterako, orain ezkontzak ez du iraungitzen pentsioa, baldin kondizio hauek metatzen badira: pertsona heldua izatea (61 urtekoa edo gehiagokoa), elbarria izatea, alarguntzako pentsioa izatea diru iturri nagusia eta ezkontideen sarrera totalek indarrean dagoen Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren zenbateko bikoitza ez gainditzea. Espainiako Gobernuak 2002rako ezarritakoaren arabera, hilean 442,40 eurokoa da Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (%2ko igoera besterik ez du izan iaztik)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan