LEHENENGO BADAKIT TXAPELKETA
Onintza Enbeita
Lauki zurian hasi eta sei koloreko fitxen bila abiatu ziren Badakit lehiaketako parte hartzaileek. Horretarako, kolore bakoitzari dagokion galderari ondo erantzun beharra zegoen. Franco hil zen egunean egin zen lehiaketa, baina ez zen hari buruzko galderarik izan Bilboko Kafe Antzokian.
Galderarik gehien asmatu zutenek ere, ez zuten asmatu trukoa zein den esaten; txiripa edo euskaltegian entrenatzen emandako orduak. Badakitek beti ematen ditu 3 erantzun posible; ondorioz, ez da hain zaila txiripaz asmatzea.
Kanporaketa fasea hotz samar hasi zen. Galderak egin ahala, giroa majo berotu zen ordea. Galderak ez ziren hain zailak, baina nafar bati «txarrantxa» zer den galdetuz gero... Eskerrak bere mahaian bizkaitar bat zegoen, delako tresna hori zer den azaltzeko. Gero baina, bizkaitarrak ez zuen asmatu «galanki ibiltzea» zer den.
Eta hala, Zenbat Gara euskaltegiko ikasle talde bat «Hiru, hiru, hiru...» esan ondoren zer kantatzen den asmatu ezinik zebilela, Susana Gardeazabalek bere mahaiko guztiak atzean utzi zituen. Bazegoen beraz, finalerdietarako lehenengo sailkatua. Bigarren sailkatua berriz, «galanki» zer ote zen asmatu ez zuen irakasle bizkaitarra: Karlos Gorrindo. Eskerrak, «txarrantxa» zer zen asmatu ez zuen nafarra ere sailkatu zen.
Zortzigarren mahaikoek amaitu zuten lehenengo kanporaketa fasea. Semifinaletako lehenengo mahaia osatuz zihoan. Antolatzaileek kalkulatu denbora betetzen ari ziren lehiakideak: ordubete gehienez fase bakoitzeko, eta hala kunplitu zuten.
19:15erako martxan zeuden finalerdietako 6 mahaiak. Aukeratuak kanporaketetako mahaietako lehen biak izan ziren. Aurrerantza, galbahea estutzen zihoan.
Eta azkenean 20:15 inguruan hasita, finala. Irabazlea eta txapeldunordea ez ziren fin hasi. Karlos Gorrindo, Beñat Urbeltz eta Jonan Urisabel aurreratu ziren. Ez zuten baina, irabazterik merezi izan. Izan ere, pentsatu nahi dut Jonan Urisabelek ez diela bere ikasleei esango sardina zaharrak emakume bizardunak direnik.
Dena den, galdera-erantzun guztien artean bat, erantzunik gabe geratu zen: Oihanean dabilenak hiru hauetako zein arriskutatik pasatu beharko du: a) hortz zorrotzeko krokodiloen artetik, b) goseak akabatutako lehoien artetik edo d) hiena amorratuen ondotik. Nik badakit, baina erantzuna ikusi nuen
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.