Onintza Enbeita
Lauki zurian hasi eta sei koloreko fitxen bila abiatu ziren Badakit lehiaketako parte hartzaileek. Horretarako, kolore bakoitzari dagokion galderari ondo erantzun beharra zegoen. Franco hil zen egunean egin zen lehiaketa, baina ez zen hari buruzko galderarik izan Bilboko Kafe Antzokian.
Galderarik gehien asmatu zutenek ere, ez zuten asmatu trukoa zein den esaten; txiripa edo euskaltegian entrenatzen emandako orduak. Badakitek beti ematen ditu 3 erantzun posible; ondorioz, ez da hain zaila txiripaz asmatzea.
Kanporaketa fasea hotz samar hasi zen. Galderak egin ahala, giroa majo berotu zen ordea. Galderak ez ziren hain zailak, baina nafar bati «txarrantxa» zer den galdetuz gero... Eskerrak bere mahaian bizkaitar bat zegoen, delako tresna hori zer den azaltzeko. Gero baina, bizkaitarrak ez zuen asmatu «galanki ibiltzea» zer den.
Eta hala, Zenbat Gara euskaltegiko ikasle talde bat «Hiru, hiru, hiru...» esan ondoren zer kantatzen den asmatu ezinik zebilela, Susana Gardeazabalek bere mahaiko guztiak atzean utzi zituen. Bazegoen beraz, finalerdietarako lehenengo sailkatua. Bigarren sailkatua berriz, «galanki» zer ote zen asmatu ez zuen irakasle bizkaitarra: Karlos Gorrindo. Eskerrak, «txarrantxa» zer zen asmatu ez zuen nafarra ere sailkatu zen.
Zortzigarren mahaikoek amaitu zuten lehenengo kanporaketa fasea. Semifinaletako lehenengo mahaia osatuz zihoan. Antolatzaileek kalkulatu denbora betetzen ari ziren lehiakideak: ordubete gehienez fase bakoitzeko, eta hala kunplitu zuten.
19:15erako martxan zeuden finalerdietako 6 mahaiak. Aukeratuak kanporaketetako mahaietako lehen biak izan ziren. Aurrerantza, galbahea estutzen zihoan.
Eta azkenean 20:15 inguruan hasita, finala. Irabazlea eta txapeldunordea ez ziren fin hasi. Karlos Gorrindo, Beńat Urbeltz eta Jonan Urisabel aurreratu ziren. Ez zuten baina, irabazterik merezi izan. Izan ere, pentsatu nahi dut Jonan Urisabelek ez diela bere ikasleei esango sardina zaharrak emakume bizardunak direnik.
Dena den, galdera-erantzun guztien artean bat, erantzunik gabe geratu zen: Oihanean dabilenak hiru hauetako zein arriskutatik pasatu beharko du: a) hortz zorrotzeko krokodiloen artetik, b) goseak akabatutako lehoien artetik edo d) hiena amorratuen ondotik. Nik badakit, baina erantzuna ikusi nuen
Pilar Iparragirre
Aranzadi Elkarteak plazaratutako «Munibe 1972» aldizkaria zeukan hizpide Marzelino Aizpurua aranzaditarrak ordukoan, eta hura ebaluatzerakoan, zalantza izpirik ez zuen agertzen gizonak: huraxe zen «azkeneko bi urtetan, Penintsulan egin den lanik onena». Hala ere, Marzelino Aizpuruak bazuen nola heldu aldarrikapen hori azaltzerakoan, berak goraipatzen zuen lan hark aurreko urtean Ibańez Martin saria eskuratua zuelako, eta lehiaketa hartako epaimahaikoek horrelaxe kontsideratu zutelako. Zertaz ari zen? Bada, Jesus Altuna paleontologoak hamabi urtez landutako lan batetaz, hara!
MUNIBE 1972
Hasiera-hasieratik, garbi adierazten zuen Marzelino Aizpuruak bere idazlanaren xedea: «Aranzadi Elkartekoek duela guti hartu dugu berak argitaratzen duen Munibe aldizkariaren azken alea. Bostehun orrialdeko alea gaia bati lotua. Izen-buruak garbi adierazten digu gaia: ęFauna de mamķferos de los yacimientos prehistóricos de GuipuzkoaĘ. Egilea, Jesus Altuna, Paleontologoa».
Aurkezpen honen ondoren, lan hark Marzelino Aizpurua berari sortu zion zirrara agertzea geratzen zitzaion: «Esan ohi da sarritan euskaldunon artean argitaratzen diren liburuetaz kritika guti egiten dela, txalo gehiegi jotzen. Ez dut ezezkorik esanen, baina hemen aurkezten dutan liburu honen kritikarik egiteko gai denik ba ote den badut kezkarik asko. Ni ez behintzat.
Hamabi urte luzeetan egindako lana dugu Jesus Altunak eskaintzen digun hau; hamabi urte, ez gaude hortara jarriak».
Paleontologoak bere lan honi eskainitako denbora luzeaz kanpo, ordea, bazegoen beste zer edo zer jakitea komeni zena. Hauxe: «Lan hau egiteko ez da bere kolkoan bildu, Europa zabalekoekin har-eman herstuak ditu; azken aldean agertzen dizkigun berak erabilitako liburuak lekuko, bostehun inguru eta Europa guzikoak».
Liburu gomendagarri baten aurrean zeudela, beraz. Tipografia eta neurriak oso txukunak izateaz gainera, «bukaeran 28 orrialde eder dituzu, hezur garrantzitsuen argazkiekin». Eta hori guztia gutxi balitz, prezioa ere oso kontuan hartzekoa izaki: «Honelako liburuak 200 peztan hartzen ez gaude ohituak», aditzera ematen zuen Marzelino Aizpuruak.
JESUS ALTUNAREN LANA
Altuna paleontologoak landutako gai hori agertzeko orduan, argitalpenean bertan eskaintzen zuten laburpenaz baliatzen zen artikulu haren egilea. Eta elebiduna behar zuen aipatu liburua, zeren, antza denez, hauxe baitzioen hartan Jesus Altunak: «Lan honetan Gipuzkoako lehen gizonen aztarnategietan, harpeetan alegia, azaldutako ugazdun-abereak aztertu ditut. Gipuzkoa alde batetik gaia honetan bere inguruko lurraldeak baino gutiago aztertua zegoen, bestetik azken izoztean (Würm izoztean) Frantziako SW-tik Iber Peninsula bide zijoazen gizon eta abereen nahitaezko bidea zen. Beste arrazoien artean bi hauek nahiko dira bere garrantziaz jabetzeko. Aztertutako hezurrak alde batetik Aranzaditar T. eta Barandiaran J.M.-ek 1924-tik 1936 arte Ermittia eta Urtiagan aurkitutakoak dira (5.285 zati). Bestetik Barandiaran berak eta biok 1958-tik 1968 arte Aitzbitarte, Lezetxiki, ta Marizulon aurkitu ditugunak (8.928 zati)».
Sei atal nagusitan banatu zuen bere lan hori Jesus Altunak. Eta paleontologo berak adierazten zuenaren arabera, lehenengoan, «Gipuzkoan egin diren azterketa guzien berri ematen dut», eta bigarrengoan, «Geografia aldetik aztertzen dut, batez ere Hidrografia eta Orografia aldetik. Lurralde ttikia izanik aldaketa sakonak ditu bere barrenean. Europako zenbait lurraldeetan bide luzeak igaro beharko lirake honelako aldaketak aurkitzeko. Azken izoztean, Würm aldian, itsasoak eta betiereko elurrak kilometro batzuk bakarrik zituzten tartean; Aralar eta Aitzkorriko gailurretan betiereko elurrak bai bait ziren».
Hirugarren atalean, berriz, «Gipuzkoa inguruko herrialdeetan azaldutako ugazdun guztien berri katalogo eran ematen dut. Herrialde hauetan Euskalerri guzia eta Santander ta Asturias sartzen dira». Eta laugarrengoan, «Gipuzkoan aztertu ditugun lehen gizonen aztarnategiak banan banan zehazki azaltzen ditut».
Bosgarren atala zen, agi denean, zabalena, eta bertan «aztarnategi hoietan azaldu diren 59 mueten azterketa egiten dut». Jakina, atal horren xehetasunetan luzatzen zen Jesus Altuna bera ere, baina lekurik ezak bultzata, Marzelino Aizpuruak hari buruz zioena baino ez dugu jaso. Hau da, honakoa: «Paleontologia aldetik hemen datza liburuaren muina eta bertan Jesus-en urte hauetako lana. Goi-mailakoa dugu eta gizon bereiztu edo espezialistentzat edo hauen arterako baliotsua». Azkenik, seigarren atalean, «Paleontologia, Kronologia, Egurastia, Ekologia eta Arkeologiari buruz» atera zituen ondorioak azaltzen zituen Jesus Altunak «Munibe 72»n.
ERRAZTASUNA -ZAILTASUNA -SAKONTASUNA
Adituei bakarrik zuzendutako lan baten aurrean ote zeuden, bada? Ez erabat, Marzelino Aizpuruaren aburuz. «Eskuan hartzean ez dugu ahaztu behar zein eratako libururen aurrean gauden, goi-mailako liburu baten aurrean alegia», baina «berak egiten duen azterketa ulertzerik ahal ez badugu ere, azterketa hortatik ateratako ondorenak uler genitzake, bere sakontasun guztian ez bada ere. Gai honen zaleek, bostgarrenik ez bada ere, beste guzietatik gauza jakingarri asko aterako dutelakoan nago»
Daniel Udalaitz
LAB lehenengo aldiz aurkeztuko da Iparraldeko hauteskundeetara. Gaurkoz, bera da zazpi euskal lurraldeetan militanteak dituena eta lan sindikal errebindikatiboa egiten duena, eta, aurten modu horretantxe ispilatuko du izate eta jardun nazional hori. Datorren abenduaren 11n izango da. Egun horretan gauzatuko dituzte Iparraldean han "Prud'hommes" deritzen hauteskundeak, sektorekako eta lurraldekako ordezkariak hautatzeko eratzen dituztenak, esparru horietako ganberetan ebazten baitituzte enplegatuen eta enpresaburuen arteko diferentziak eta liskarrak. LAB sindikatuak bezalaxe, CGT eta Force Ouvriere sindikatuek eta enpresaburuen hainbat taldek aurkeztu dituzte hautagaiak, besteak beste.
Hauteskunde horietan, abagune ezin hobea dute enpresaburuekin aurrez aurre dabiltzan langileek. "Prud'hommes" organismoan aurkituko dituzte lan mundua ondo ezagutzen duten eta beren hizkuntzan komunikatzen dakiten pertsonak. Izan ere, erakunde horretako epaileak langileen lan sektore berekoak izaten dira, eta enplegatuek berek hautatutakoak. Halaber, enpresaburuen ordezkariak ere enpresaburuek berek aukeratutakoak izaten dira organismo horretan.
Gatazketan, maiz aski izan ohi da bi aldeen arteko dialogoa onera ekartzea, hala elkarri ulertzen hasteko, nola aterabide bat aurkitzeko. Horregatik, "Prud“homales" deritzen epaileek bi aldeena entzuten dute auzietan, eta batzuen eta besteen arrazoiei kasu eginez konpontzen dituzte gorabeherak. Kontuak horrela, hurbileko instituzio horren alde ageri dira sindikatuak, justiziaren jurisdikzio profesional urrunagoa baino hobea delakoan, eta, ondorioz, sindikatu guztiek gogoz dei egiten diete langileei, boza eman dezaten.
FRANTZIAN ERE EUSKALDUNAK BEREIZITA.
Datorren abenduaren 11ren ondoren osatuko den "Prud“hommes" organismoak 1997an baino zortzi lagun gutxiago izango ditu (58 zituen 1997an; 50 izango ditu hurrenak). Erakunde erregulatzaile horretarako, langileek hautatuko dituzte 25 epaile edo aholkulari eta enpresaburuek beste 25 (ordezkaritza bera dute bi aldeek). Iparraldeko ia enpresa eta langile guztiak Baionako "Prud'hommes" organismoaren jurisdikziokoak dira. Alabaina, Hegoaldean bezalaxe, Iparraldeko lurraldeak ere bereizirik daude: Frantziako legediak dauzka banaturik. Ondorioz, Iparraldeko hainbat langile eta enpresaburu euskaldunek ezingo dute Baionan bozkatu. Zuberoako biztanle gehienek, Oloronen eman beharko dute boza. Nafarroa Beheretik hurbilen dauden zazpi udalerrietako auzoek bakarrik eman ahalko dute botoa Baionan.
LAB sindikatuaren Ipar Euskal Herriko arduraduna den Jeronimo Prietok adierazi duenez, langileen interesak defendatzeko tresna ona dira datozen hauteskundeak, eta, sindikatu gisa estreinakoz aurkeztu arren, "Prud'hommes" organismoan ordezkaritza lortzeko itxaropen handia dute. Bestalde, Frantziako Gobernuaren inposizioa salatu du. Bere esanetan, erakunde horren ezarpena tarteko, Iparraldeko euskaldunak beharturik daude bereizita bozkatzera.
HAUTESKUNDEETAKO ERROLDA ETA HAUTAGAIAK.
Baionari dagokionez, 67.198 pertsona daude inskribaturik hauteskundeetan parte hartzeko erroldan. Lagun horietan, 64.035 dira enplegatuak (1997ko hauteskundeetan baino 7.503 pertsona gehiago) eta 3.163 enpresaburuak. Taulan ikusten den moduan, ekonomiako sektoreen arabera sailkatzen dituzte langileak. Era berean, hautatuko dituzten 50 epaile edo aholkulariak ere sektorekako hautagaiak edo ordezkariak izango dira: 18 merkataritzakoak, 10 industriakoak, 8 beste jarduera batzuetakoak, 8 tarteko koadroetakoak eta 6 laborantzakoak. Behin hautaeguna igarota, 50 aholkulari horietako 12 hautatuko dituzte taldeek, oraingo gatazkez edo auziez berehala ardura daitezen.
"PRUD'HOMMES" ORGANISMOAREN JARDUEREN GAINEKO ZIFRAK.
Iaz, 2001. urtean, 734 auzi erregistratu ziren erakunde horretan, 2000n baino %16 gehiago. Auzi konponduei edo ebatziei dagokienez, ordea, alderantziz gertatu zen: 644 erabaki zituzten 2000n; 534 2001ean. Hala, 614 auzi geratu ziren ebatzi gabe 2001eko urtearen hondarrean (2000n baino %50 gehiago). Bestalde, iaz luzatu egin ziren prozedurak aski nabarmen: 2000ren amaieran, 9,2 hilabeteko iraupena zen batez bestekoa; 2001ean, aldiz, 11 hilabetekoa. Horrez gainera, beste datu hau ere kontuan hartzekoa da: 2001ean, auzien %17 helarazi zioten goragoko epaileren bati; 2000an, aldiz, %14 soilik.
Azkeneko hauteskundeez geroztik, hots, 1997aren ondoren, organismo horrek, oro har, honako gai hauek izan ditu ebazgai: 35 orduko lanaldia, laneko bortxakeria, lanaldi partzialeko langileen arazoak, ordu gehigarrien eta osagarrien kalifikazioa eta garraiolarien alorreko beste zenbait
Luparekin
Mattin Irigoien
Azken hamar urteetako aldaketetan da hautetsi frantximant saldo orokorra euskararen alde mintzo dela. Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen dute orain, euskalgintzako militanteen pare, kultur ekile edo hautetsi abertzaleek baino ozenago eta naturalagoą
Arraileriak aparte, politikan gertatzen ahal diren zorionezko karten barreiatze horietarik bat dela deritzot. Ez du nehondik ere euskararen aldeko diskurtsoak batzuen edo besteen jabetza izan beharrik. Ageri da bestalde, azkenik konbertituen eleek ez digutela helmugaren gainditzearen ametsa gauzatu denik pentsarazi beharą
Ontsalaz, konbertitu berriak, lehenago ez konbentziturik izana barkarazteko, oraino erradikalago izatera behartuak dira. Horrela uler daiteke Brisson, Lamassoure, Lasserre eta abarren donkixotekeria euskalgintzaren eredu paperean. Nola izan euskalgintza baino erradikalago, horra asunaharritu duketen galdera. Ofizialtasuna aldarrikatuz? Ez luke aski izan behar. Bere izena gordetzen ez duen euskalgintza batek baino gehiago edo hobeki egin nahi duenak ez du aski ofizialtasuna aldarrikatzearekin, bereziki boterea eskuetan duenean, obratzetik hasiko da, eta lehen lehenik berak pertsonalki eta publikoki euskarazko kurtsoak hartuko. Boną ez gira hortan.
Nola esplika daiteke beraz, konbertitu berrien gehiegikeriaren seinale, hautetsi profesional horiek pentsatzea aldarrikapena egitea aski dela? Ikusten duzuenez, arazoa ez da erraten dutenean sinesten duten ala ez jakitea. Arazoa, guretzat, da ohartzea jende horrek gauzak ongi egiten dituela, politika beren ofizioa dela, eta anitz pentsaketa erabiltzen dutela edozein gisaz beren zangoen gainen erortzeko, multzoaren gainetik, boterean. Berek sinesgarriak izan nahi dute, eta dakidala, nehork ez die sudurrera irri egin. Arazoa ez da haiengan, lehendanik euskararen alde zirenen saldoan baizik. Zer egiten dute jaun horien hitzean hartzeko egiten dieten desafioan, solasa ozka batez goratzeko, eta karta aldaketa itxurakeria bat dela erakusteko hala izanez geroz, edo bestela konbertitu berriak pauso bat gehiago egitera behartzeko euskararen defendatzaileak baino gibelago ez gelditzekoą
Trufak, irriak, haiek faltsuak direla eta gu egiazkoak, "sanoak"ą horiek guziak entzunen dira leku abisatuetan. Baina gorago niona, solasa ozka batez goratzeko, denbora kotsia igurikatu beharko. Hori errateko, adibide batzu gogoan itzulika dabilzkit. Han eta hemen elkarrizketa batzuen harira sumatu gauzak dira, pairatzen dugun pentsamendu kontzentzualaren eta arrazoitu gabe inposatzen ari zaigunaren adibide. Ipar ekialdeko euskararen aldeko mugimenduan, ez dakit besteetan, euskalgintza neo-modernismo batean dabilą eta debil.
Euskararen militanteek hetsi eta hertsien fama hartua dute, praktikan hizkuntza harremanean trebes ezartzen dute, kasik fisikoki trebes eta traba, noizbait aniztasuna edo batzu eta besteen errespetuaren isla zatekeelarik. Idokia, unibertsala, ongi pentsatua, frantsesez mintzo da gure artean, euskara denean ere solasgaia, elekariak euskara defendatzean ere. Bestea, euskaraz ari den hori, edo gibelkoi, edo ostrazista, edo libidoa ezin konponduz ari dena izanen da (saloiko iruzkingile ere). Kultur munduan, politika munduan, ikastolen asanbladetan, euskararen habia izan behar luketen mugimendu horietan bertan ezagun da hizkuntza nagusiaren aldeko argumentuen mozorrotzeko doia beztitzen diren berba guziz euskaltzale batzu azalean, frantseszaleak haatik lerro arteko mezuaną Zein guti landu/tzen den hemen berreuskalduntzea, berriz euskalduntzearen sentsuan, hizkuntza arra-bereganatzeko funtzio edo espazio galduetan. Euskara tradizioz zen guneetan mantentzea obra heroikotzat jo da, ohartu gabe fosiltzea eta abandonoa zela lauzkatzen. Bestalde mesfidatu behar genukeen ikastolen historia sortzen ari zenetik, klan politikoen guda zelai bilakatu zenean, ghetto ttipi gisa finitzeko, zeinetan burrasoen solasetarik ulertzen baita helburua haurreri bi hizkuntzen ahala ematea zela, eta euskararen lantzea eta baliatzea bigarren planora igana dela azkenean, indarrak, diruak eta osagarria gerlatxoetan galdu ondoan.
Kultur langileen mundu zabalean berean, efikaziaren izenean, hizkuntzatik kanpoko euskaltasunaren espresiobideak baloratzen dira. Euskara printzipioz onartzen da, baina praktikan, soinu edo edergailu izatetik ez luke sobera aldendu beharą
Azkenik, Seaskako lehendakari ohi baten elkarrizketa irakurri dut. Hemengo politikagintzan abertzale hautetsi bezala, geroan, paper bat beteko duen gizona da, eta horrentzat zuten elkarrizketatzen «Enbata» astekari politikoan: zer diozu ikastolen egoeraz, eta orokorki irakaskuntza elebidunaz? Erantzuna: "jendeek hautatzeko ahala izan dezatela etxetik hurbil publikoko edo elizatiar eredu elebiduna edo ikastolen artean, ez dut uste murgiltze ereduaren hedatzerik behar den eredu publikoan, ikastolek lana ongi egiten dute eta"ą Jada horretan gira gaur eta haurren % 80ak ez du euskararik badenez ere entzuten! Ofizialtasun galdotik urrun girela.
Eguberri hurbil baita, Xamarren "Orekan" liburua hautetsi abertzale guzieri oparitzeko mementoa izanen da, hizkuntzen galtze eta berreskuratze prozesuetaz jabe diten.
Anartean, eskerrak eskuin progresista dugun!
Pello Zubiria
Moruroa e tatou (Moruroa eta gu) elkarteko lehendakari Roland Oldham-en hitzak garratz entzun ziren telebistan: «30 urtetan 193 esperimentu nuklear egin dituzte Polinesia frantsesean, bertako herritarroi iritzirik galdetu gabe. Eta ez dut ulertzen nolaz Frantzia bezalako demokrazia handi batek halako mespretxuz tratatzen gaituen polinesiarrok».
France 2 telebistan eman zuten iraileko gau batez «Paradisuko sekretuan» izeneko erreportajea, euskal herritar gehienek Espainiako Famoso-ene ugarietako edozein tontakeria ikusten zuten orduan. Hunkigarria izan zen han azaldutakoa.
Parisen bilduak ziren Polinesian leherketa nuklearren garaian ibilitako militar beteranoak, nuklear gune haietako langile ohiak eta Moruroa eta Tureia atoloietako biztanleak. Eta beren bilkuretan, han ikusi genituen urrundik etorritako herritar duinak buruzagi zientifiko zaharren eta gaurko politikarien arrapostu txar eta kasik irainezkoak entzuten. Ez zuten gauza handirik eskatzen: lau sosetan konpontzeko moduko arazo batzuk ikustea eta egia jakitea. Zer egin zuen Frantziako armadak 193 leherketa haietan? Zer espero behar dute afektatu gaixoek etorkizunari begira? Sobera, antza, Parisko funtzionario harroputzentzako.
HIROSHIMA X 400, KOLPE BAKARREAN.
210 leherketa nuklear egin zituen Frantziak 1960 eta 1996 artean, eta horietatik gehienak Moruroa atoloian egin zituen, Polinesia frantsesean, Tahiti inguruan; gainerakoak Saharan. Geroztik, leherketa haiek inguruko gizakien osasunean eduki behar zuten eragina ezkutupean gordeta egon da luzaz, baina ondorioak azaldu ahala hasi dira afektatuak mugitzen ere.
Moruroa eta Fangataufatik hurbilen dagoen Tureia uhartetxoan 200era ez dira iristen biztanleak, eta 1999tik 7 pertsona hil dira minbiziak jota. Bertako eta inguruko irletako biztanleak mugitzen hasita -Eliza Ebanjelikoak hor paper garrantzizkoa jokatu du- gai berak ukitutako beste aldeekin egin dute topo. Batetik, Saharan ere ondorioak nozitzen dituzten beste herritarrekin. Baina nagusiki militar ohiekin. Herritar txiroen aurrean harro ageri ziren leherketen garaian militarrak, halako teknologiaren jabe. Gaur, estatuak hankapean erabilita, dakitena kontatu diete herritarrei, oraindik ez dakitena aurkitu nahi dutelako.
Lekukotasunak asko dira. Eta denak latzak. Leherketa guneetan lan egin zuten militarretako asko bretoiak dira, itsas armada zegoelako tartean. Horietako batek, erretretan den Jean-Henry Bouffard militarrak bere egia kontatu die kazetariei. «Bonbetako txarrena ęCanopusĘ izenekoa izan zen eta Fangataufako atoloian lehertu zuten 1968an. Hiroshimakoaren 400 halako. Arrain eta kokotero, dena erre zen. Hegazkinen pista urtu egin zen. Eta nik, 10 kilometrotara filmatu nuen onddoa, galtza motzetan. Leherketa unean 10 segundoz bizkar ematen genion eta kito, hori zen gure babesa».
Ordurako Hiroshimakoaz esperientzia handia zegoen, amerikarrek Bikinin-eta lehertutakoen ondorioak ezagutzen zituzten zientifikoek... baina Moruroa eta Fangataufa ingurukoei ez zien inork ezer esan. «Animalia eta landareak aztertzera leherketa pasa eta ordubete barru joaten ginen. Hidroabioia batzuetan lainoaren azpitik pasatzen zen. Ene lagun pilotu bat min ikaragarrien artean hil zen: hamar urte beranduago, sabel behealdean 3. graduko erredurak atera zitzaizkion!».
Bouffarden kontaketa, aurrera egin ahala, beldurgarriago bihurtzen da. «Pilotu batzuk lainoaren erditik pasatzera bidaltzen zituzten, laginak hartzeko. Mikrouhin bat bezala zen. Lurreratzen zirenean, ilea erortzen zitzaien eskukadaka. Pentsa, edaten genuen urak litroko 100.000 bekerel zituen, geroago Txernobilen aurkitu zen maila bera. Bitartean, haurrak kontent hondartzan jolasean... Gu babesteko hiru metro lodierako beruna eta bost metroko hormigoia beharko ziren!».
Oraindik minbizirik ez duelako kontent zegoen Bouffard militar zaharra. Baina gogoan du bost urtetan haurrik ez izateko aholkua eman ziotela. Geroztik, bere emazteak hamar abortu izan zituen, beste bat hilik erditu eta azkenik alaba normal bat egin eta haztea lortu zuten... hamabigarrenean!
FRANTZIAREN «GRANDEUR»-AREN BIKTIMAK.
Itsasontzietatik begira zeuden militarrek irradiazioen kontrako babes bakarra... eguzkitarako betaurrekoak zituzten! Inguruetako uhartetxoetan bizi ziren herritarrek ezta hori ere: leherketako unean hormigoizko etxola batean sartzen zituzten, eta handik laster denak kalera.
Herrixkako etxola handi batean bilduta ikusi zuten TF2eko erreportajearen zati bat Tureia atoloiko biztanleek. Hartan, salan zeuden zaharrenek askotan kontatutakoa agertzen zitzaien orain frantses guztiei. Adibide bat: 1971ko ekainaren 12an leherketa bat egin eta ustekabean haizea aldatu egin zen, eta ohi ez bezala laino erradiaktiboa beren gainera etorri zen. Han ez zen ez babes eta ez deus. Gero, urte triste haiek nola bizi izan zituzten kontatu zuten telebista kameren aurrean han batzartutako herritarrek. Leherketen urteak... eta zalantzaz betetako hurrengoak.
Azkenean, 80.000 herritar ari dira leherketa nuklear horien guztien ondorioak nozitzen, Aljeriako Saharan eta Polinesian. Horien ordezkariak eta Hiroshimako biktimen elkartekoak joan den abuztuan bildu ziren Japoniako hiri martiri horretan. Eta han aurkeztu zioten munduari, justiziarik oinarrizkoenak kaltetuentzako eskatzen duena: leherketen gunetatik kutsadura desagerrarazi, osasun ikerketa zabal bat egin, artxibo militarrak ireki, militar eta langile ohiei beren dosier medikuak osorik entregatu eta kalte-ordainak erabaki ditzatela.
«Moruroa» bertako hizkuntzan «Sekretuen uhartea» omen da. Horra zein sekretu pozoitua
http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.