Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-12-01 -- 1878.zenb


EUSKARA UNIBERTSITATEAN LARRI

Euskal Adarrak aurtengo ikasturtean EHU eta NUPeko euskararen egoera inoiz baino larriagoa dela adierazi du. Batetik, NUPen Irakasle Eskolan euskaraz zeuden lerroak desagerrarazteko Gobernuaren nahia eta bestetik, EHUn funtzionarioak kontratatzerakoan euskara meritu huts izatera pasatzea argudiatu du. Hori dela eta hainbat mobilizazio egingo dituzte aurrerantzean, tartean Gasteizen abenduaren 12an egingo duten protesta ekitaldia.


ABENDUAK 3, EUSKARAREN EGUNA

Abenduaren 3a, Nafarroako Eguna izateaz gain Euskararen Eguna dugu. 1949an ospatu zen lehen aldiz eta hainbat ekitaldi egin zen Iparraldean eta Amerikako hainbat lekutan. Aurtengoan ere ospakizunak izango dira Euskal Herriko hainbat lekutan. Horren lekuko Getxoko IV. Euskararen Jardunaldiak.



EUSKARAZKO KOMUNIKABIDEAK NAFARROAN

Euskarazko komunikabideek diru laguntza gutxiago jasoko dituzte Nafarroan. Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak %30-40 jaitsi nahi ditu euskarazko komunikabideentzako laguntzak eta tarteren bat euskarari eskaintzen dioten gaztelaniazko hedabideei subentzioa hirukoiztu nahi die. Azaroaren 20an argitaratu zen horixe Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Iaz gaztelaniazko komunikabide horiek laguntza osoaren %8 izatetik %18 izatera igaro ziren eta aurten %30-40 izango dute. Gainera, aurten Euskalerria Irratiak ezin izango du diru laguntzetara aurkeztu, ez baitu emisio konzesiorik eta hori ezartzen dute oinarriek.



HIZKUNTZAREN INGURUKO SAIAKERA

Pello Salaburuk idatzitako «Euskararen etxea» saiakera liburua argitaratu du Alberdaniak. Euskararen egoera du hizpide bertan eta euskaltzaleei gure hizkuntzaren egoeraz gogoeta egitea eskatzeko asmoz idatzi duela aipatu du idazleak. Liburua gazte bati idatzia da, baina adin guztietako irakurleei zuzendu die.


SORMEN TEKNOLOGIKOA

Arteak eta teknologiak gero eta harreman handiagoa dutela begibistan da. Teknologia berriek bide berriak ireki dizkiote arteari. Arteak teknologia berriei bezalaxe. XIX. mendetik hona gertatzen ari den prozesu bat da hori. Errealitate horri erreparatuz Gasteizen bost urte daramatzate Arte Elektronikoari buruzko Mintegia antolatzen. Hain zuzen ere teknologiaren eta sormenaren arteko harreman hori arakatzeko. Aurtengoan, abenduaren 9a eta 12a bitartean egingo da Gasteizko Montehermoso Jauregian. «Arte elektronikoaren lurralde berriak» izenburupean 15 orduko egitaraua eskainiko dute. Bertan izango dira Será Manel Clot eta Agustín Pérez Rubio arte kritikariak eta baita Joan Morey artista katalana ere.


TALDE TXIKIEN ZAILTASUNAK

JOAN den urtarrilean sortu zen arren, lehengo astean kaleratu zuen lehen lana Anorack Record izeneko labelak. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lau taldetako kideek sortu zuten labela. Euren asmoa talde txikiek euren diskoak ekoizteko dituzten eragozpenei aurre egitea da. Izan ere, talde hauek sarri duten aukera bakarra euren lanak ekoiztea da. Mota guztietako musikaz osatutako lanak plazaratzeko asmoa dute. Lehenengoa, «Cosmonaute» izeneko talde ezberdinen musika lanen bilduma da.


KOLDO MITXELENAREN OBRA

KOLDO Mitxelena filologo, hizkuntzalari eta idazlearen obra argitaratuak, argitaragabeak edota atzerrian kaleratutako lanak emango ditu argitara Gipuzkoako Foru Aldundiak Julio Urkixo Euskal Filologiako Mintegiaren laguntzaz. Guztira, 12 liburu osatuko ditu, Iñigo Ruiz eta Joseba Andoni Lakarrak koordinatuko duen lan taldeak. Bilduma osoa 2005. urtean amaitzea da asmoa. Eta horretarako, Julio Urkixo Euskal Filologiako Mintegia unibertsitatearen zati izatera igaroko da. Foru Aldundiak bestalde, 270.000 eurotako diru laguntza emango du lan honetarako.


GAIAK JARTZEKO ESKULIBURUA

BERTSOZALE Elkarteak Gai-jartzailearen eskuliburua plazaratu berri du, gai-jartzaileen batzordearen eskutik. Bertan, gai-jartzaileek azken urteetan eginiko hausnarketak bildu dituzte gai jartzen aritzen direnei laguntzeko xedez. Xabino San Sebastianek, Nikolas Zeberiok eta Inazio Usarraldek burutu dute lana.


GAZTEEN LANAK ERAKUSGAI

IDAZLE gazteak ditu protagonista Euskal Idazleen Elkarteak martxan jarri berri duen egitasmoak. Hain zuzen ere, «XXI. mendeko idazle berriak» izeneko erakusketa zabaldu dute aste honetan Bilboko Deustuko Liburutegian. Ondoren, datorren urte osoan zehar, erakusketa Bizkaiko herrietan zehar ibiliko da. Egitasmo honen xedea idazle gazteak eta hauen lanak ezagutaraztea da.


PERU ABARKAK 200 URTE

«PERU Abarka» idatzi zela 200 urte betetzen direla-eta, bereziak ari dira izaten aurtengo Euskaltzaindiaren Herri Literaturako jardunaldiak. Lan hau euskaraz argitaratutako fikziozko lehenengo liburua da. Bi urtean behin egiten ditu Euskaltzaindiak jardunaldiok, eta oraingoan Eibarren egin dituzte, izan ere, «Peru Abarka»ko sortzaile Antonio Mogel bertakoa zen. 27ko sarrera ekitaldiaz gain, Txomin Peillen, Jose Maria Satrustegi, Juan Mari Lekuona edota Juan Antonio Urbeltz izango dira, besteak beste, 28 eta 29an eskainiko diren hitzaldien partaideak.


PIRATERIAREN AURKA

MUSIKAREN pirateria gelditzeko xedez, Espainiako Justizia Ministerioak jakinarazi duenez, Kode Penalean erreformak sustatuko ditu. Horien ondorioz, pirateriaren aurkako ekintza polizialak eta judizialak erraztu egingo lirateke. Orain arte poliziak kalean disko piratak saltzen zituztenen aurka joaterik ez zuen partikular batek salaketa aurkeztu ezean. Orain, Justizia Ministerioak baldintza hori ezabatu nahi du. Otsailetik aurrera aurkeztuko ditu Kode Penalaren aldaketa proposamen hauek Ministerioak Espainiako Kongresuan.

- Pello Salaburuk adierazpenok egin zituen «Euskararen etxea» liburua aurkezterakoan: «(...) Euskararen etxea zabala da eta ezin da inor baztertu ideologiarengatik. (...) Euskararen etxean bizi garenok kritika egin behar dugu, baina kritika egiteko gogoa lausotua ez ote dagoen iruditzen zait. (...) Gizarte elebiduna aldarrikatzen dut; tokia izatekotan, gaztelaniaren eta frantsesaren ondoan izango du tokia euskarak».
- Joan Mari Beltranek honakoa zioen «Bertsozalea» aldizkarian: «Gaur egunean ez dago garai batean herrian musikarako zegoen gaitasunik. Herri musikaz ari naiz, ez partitura bat irakurri eta jotzeko gaitasunaz. Edozein doinurekin jolastu eta interpretatzerakoan bere ukitua emateko gaitasunaz baizik. Bertsolarien kasuan berdin gertatzen da».
- Antton Irusta ipuin kontalariaren ustez, «ona da liburuek amaiera zoriontsua izatea, horrek lasaitasuna ematen baitie». Hitzok «Gara»n esan zituen.
- Concha de la Casa, Bilboko Txotxongilo Jaialdiko zuzendariak «Euskaldunon Egunkaria»n: «Administrazioari ekitaldi berriak sortzea bakarrik interesatzen zaio».

«Más+estatuto» goiburu duen eskuorria banatu du PSE-EEk etxez etxe, estatutuaren baliogarritasuna azpimarratzeko. Lana, ekonomia, gizartean aurrerapenak ekarri dituela adierazi dute. Bitxia da bertan euskarari buruzko erreferentziarik ez agertzea eta euskaraz pare bat esaldi besterik ez agertzea.

Tentazioak Produkzioak «Historias terraterrestres» lana taularatu berri du. Bertan parte hartzen dute Aitor Gabilondok, Lierni Fresnedok, Getari Etxegaraik, Aitziber Garmendiak, Patxi Perezek, Angel Alkainek eta Patxo Telleriak.
Agustin Otxoak itzuli du «Eraztunen jauna» izenburupean Txalapartak plazaratuko duen «Lord of the Rings» eleberri ospetsuaren euskarazko bertsioa.
Patxi Barcok «El final de la noche» thriller psikologikoa zuzenduko du. Berak zuzentzen duen lehen film luzea da, eta Angel Amigok ekoiztuko du. Abenduan hasiko dira grabazio lanak Donostian.
Joxeantonio Ormazabalek «Antonio Bolas» izeneko lana plazaratu du. Bertan, Antonio Irigoras Agirre zegamarraren ateraldiak eta pasadizoak kontatzen ditu Ormazabalek.

Anjel Lertxundik Haur poesiari buruz eskainitako hitzaldian eginiko adierazpenak bildu zituen «Euskaldunon Egunkaria»k. Hona hemen altxor tradizionalaren transmisioaz esandako batzuk:
«Tradizioa ez da oinordekotzan ematen zaigun zerbait. Inoiz ezin dugu esan: æjaso genuen, eta jabe garaÆ. Ez. Lan eta neke askoren ondoren irabazten hasten garen eta inoiz osorik lortzen ez dugun altxor bat da tradizioa. (...) Tradizioa inoiz erabat atzematerik ez dagoen errealitate bizi eta iheskorra da. Hots bakoitza esperientzia askoren enkontrua da, eta ez du berdin eragiten edo oihartzun bera sortzen ingurune guztietan. (...) Aurretik oihartzunik jaso ez duen jardun literario batek nekez transmiti dezake oihartzunik. Haur poesiak, eta ez naiz euskal haur poesiaz bakarrik ari, non aurki ditzake bere oihartzun berezkoenak, ez bada tradiziozko, ahozko jardunean? (...) Gure altxor tradizionalean nonnahi dauzkagu mundu aberats baten zantzuak, albadak, deitore-kantuak, xaribariak, kukurrukuak, eztei eta eske kantak, fantasiak, itzal-antzerkiak, hatz-jokoak, ixipuak, marijesiak, soldadu kantuak, olerki dekoratiboak, jolasak... Euskal kulturaren munduan, ordea, etnografiaren arloan lan egindako jendea izan da material horri erreparatu dion ia bakarra. Poeta batzuk kenduta -Lizardi, Gandiaga, Lekuona- gutxi begiratu zaio talaia poetikotik (...)».

Euskara Ikaslearen Txartela ekimena abiatu du Donostiako Udaleko Euskararen Udal Patronatuak. Txartel horren bitartez, hiriko euskaltegietako 3.000 ikaslek deskontuak izango dituzte euskarazko materiala eta hedabideak eskuratzeko eta euskarazko ikuskizun eta ikastaroen sarreretan.

hemeroteka

1877. zenbakia | 2002-11-24
1876. zenbakia | 2002-11-17

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan