Quo vadis zirku...?
Negua iristearekin batera, gure inguruko ikuskizunen eskaintza asko ugaritzen da. Jai arratsalde euritsuak nolabait pasatu behar eta, guraso askok eramaten dituzte euren umeak gure herrietan antolatzen diren ekintzetara, besteen artean, zirkura. Azken aukera hau, zoritxarrez, nahikoa astuna da gure poltsikoarentzako, eta batzutan ez du espero genuen etekinik ekartzen.
Zirkua benetan maite dugunontzat ez da erraza arte mota hau defendatzea, herriz herri dabilen eskaintza eskasa ikusita. 60ko hamarkadako ereduei jarraitzen diete, gehiago dute "feria" itxura "ikuskizun osoa"rena baino. Gainera gaur egun zirkuari "are zailagoa!" egiteaz gain, gehiago ere eskatzen zaio. Alegia, entretenitu eta aldi berean ilusioak eta sentsazioak transmititzea, eta jendearekin konektatzea. Modu honetara gaindituko du edozein ikuskizun eszenikok ikusentzuteko medioek zuzeneko ikuskizunei egiten dieten konpetentzia.
Kalitateko zirkua egon badago. Baina bilatu egin behar da, eta askotan gure muga txikietatik kanpo, gainera. Eredu ezberdinetakoak daude, esaterako, XIX. mendeko zirkua berreskuratzen saiatzen dena, karpa edo "chapiteau"aren kanpoko zein barruko itxura zainduz. Antzinako zirkuko gurdiak erabiltzen dituzte, kafetegia tresna zaharrez eta garai bateko izarren argazkiz janzten duteà Gisa horretakoak dira Roncalli zirku alemaniarra, Kataluniako Raluy zirkua, edo jada ez dabilen Madrilgo Arte Zirkua.
Beste zirku mota bat zuzenean garatu da zirku tradizionaletik. Ikuskizuna hobetu dute baliabide tekniko aurreratuekin, erritmoa bizitu dute eta eszena zuzendaria gehitu diote lan taldeari. Horrela lortu dute numeroen artean koherentzia eta zentzu bat lortzea. Horrelakoak dira Suitzako Knie zirkua, Arlette Gruss zirkua, edo orain eskaintzen ari den Cirque d'hiver de Paris muntaia.
Estatu Batuetako eredu nagusia Ringlin Bros da, eta nire ikuspuntutik, planteamendu horrek ez du balio gure pentsamoldearentzako. Ikusteko hainbeste gai eskaintzen dira pistan edo pistetan, ez baitigu uzten saio bakoitza preziatzen.
Eta nola ez! Zirkuaren iraultza ekarri duen Le Cirque du Soleil! Entretenimenduaren multinazionala da. Ikuskizunak banatuta ditu planeta osoan, hasi Las Vegastik, eta Europaraino, Bilbotik pasatuta, noskià zirkua, antzerkia, dantza eta musikaren nahasketa perfektua da. Askok maite dute eta beste askok kritikatzen (neronek, besteren artean. Tristura sortzen baitit), baina aitortu behar zaio ikuskizun osoa dela, ia perfektua. Modan dago! Gaur egun zirku batek beste gertakizun internazionalen maila berean edo gorago egotea lortzea, bada zerbait! Eta behingoagatik, ez da umeentzat bakarrik. Zirkua ez baita umeentzat bakarrik !
Bukatzeko, komunikabideetan kritika espezializatu bat edukitzea, ezinbesteko baldintza da irizpideak kontrastatzeko eta publikoari bere aukeraketan laguntzeko
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.