Pizti usaina da zirkua gertu dela salatzen diguna. Umetako ilusioa, magia zapuzteko beldurrez hurreratu gara karpara. Eta Donostian orain bi aste egon den «Circo Americano» honetan behintzat, animalia asko eta abildade gutxi ikusi dugu. Jirafa paseatzera atera eta kito! konponduta dute saio bat. Baina merezi izan du, zirkuko giza abereak ikusteagatik bakarrik. Azala eta eskuak zailduta dauzkate, baina bere arropek lentejuelen distira erakusten dute oraindik.
Saltzen artistak dira. Aurkezlearengandik hasita, azentuak nabarmenduz hiru segundoro infartu batek emateko moduan hitz egiten digu. Krokodilo batek ez duela behar beste indarrik, ez dela oldarkorra? Bada, besoetan hartu, eta hezitzailea bera mugitzen da batera eta bestera, krokodiloak astinduko balu bezala. Bukaeran, «Voilà»! Magia ikuskizunik harrigarrienaz jabetu gara. Esku hutsik sartu diren umeak banderatxoz, palomitaz eta beste hamaika tramankuluz beteta atera direla, alegia.
ARRISKUAREN ERTZEAN. Tarrapata da zirkuan oilo ipurdia jartzen diguna. Elefante baldarrak neskarik hauskorrena zapalduko duelako, edo aizto jaurtitzaileak behar baino gehiagotan huts egiteko beldur garelako estutzen zaigu bihotza. Eta benetan une larriak ere bizitzen dira zirkuan. Lehoi hezitzailea, «Gladiador» izen artistikoz (aurreko saioan indio buruzagia izan dena eta hurrengoan «Faraoia») hor atera da bere hiru «katutxoekin». Harro hasi da, baina gero eta gehiago astintzen du zartailua. Tigre batek ahoa gehiegi zabaltzen dio, aukeran. Gladiadorea kaiolaren kontra-kontra jartzen da, naturaltasun osoz. Bitartean, aurkezle hitzontziak «Gladiador»en nagusitasuna zabaltzen du lau haizeetara, baina kaiola zabaltzean hezitzailea da lehendabizi ateratzen dena, korrika txikian. «Batman»ek ere ederra lasaitasuna eman diguna trapeziotik jaitsi denean! Ez egin dituen txirtxilkeri konplexuengatik, berrogeita hamar urteko gizon lodikote bat sumatu daitekeelako pijama beltz estu horren barruan. Kulunkatzen pasatu du denbora gehiena, jendea urduritzeraino. Gure aurreko umeek malezia osoz eta txaloz lagunduta buila egiten zioten: «Hegan egin! hegan egin!». Aise bota du bere burua atzerantz agureak, belaunen atzealdearekin gorputza eutsiz. Baina igotzeko a ze lanak! Herniak jota zirudien!
Bala gizona bai. Hori bai benetako ikuskizuna. Henry Muñoz azkarra emanaldi osoan zehar ikusi dugu kanoira joan-etorrian, makinariaren orratz denak errebisatzen. Bere ordua iritsi denean, airbag ikaragarri bat zabaldu dute pistan. Henry kanoira sartu da, eta sekulako danbateko hotsaz, ziztuan atera da pista erdira. 200 kilometro orduko abiadan joaten omen da. Ez dela txantxetako kontua aitortzen du: «Airbagera erortzeko heriotz jauzi erdia egiten dut. Goizegi biratuz gero, hankak hausten ditut. Beranduegi eginez gero, lepoa».
Erromantikoentzat heriotza borobila da, toreroa zezen plazan eta zirkuko artista pista erdian hiltzea. Bai, plaza bete jende, eta txalo zaparrada ari badu. Baina aulkiak erdi hutsik daudenetan, horrela, edozein egunetan, alegia, egunero, bi aldiz bizitza arriskuan jartzeak apenas duen xarmarik.
BIZITZAREN ESKOLA
. Herri batetik bestera ibiltzea egun ez da ikasteko arazo. Zirkuek Espainiako Hezkuntza Ministerioarekin hitzartuta dutenez, sei ume baino gehiago bizi diren zirkuek bere maisua dute. Zirkua arduratzen da irakaslea mantentzeaz, baita ikasgela izango den karabana txukuntzeaz ere. Irakaslea zirkuan bizi da, eta umeek egunero dituzte eskola orduak. Sei ume osatzen ez direnetan, postaz egiten dute ikasturtea. Hala ere, zirkuan egunero ikasiko dute bizitzaren berri eskolan baino gehiago. Oinez dakitenerako hasten dira batzuk bizikletan eta besteak trapezioan jolasean. Guk txakurrak bezalaxe, eurek errinozeronteak dituzte etxeko animaliatxo. Denborarekin aukeratuko dute unibertsitatera joan edo zirkuan gelditu. Baina kasta, behintzat, ziurtatuta dute.
DATOZEN IKUSKIZUNAK.
Euskal Herrian ere bada zirkuko artistarik. Azaro bukaeran, Gari, Montxo eta Jose Lontxo pailazoak Cornellara (Bartzelona) joateko gonbidatu dituzte, mundu mailako pailazoen topaketara. Eta Otsailean, berriz, Cirque du Soleil ikuskizuna etorriko da Bilbora. Poltsikoak negar egiten badu ere, barruak joateko eskatzen du
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.