PERTSEO ETA MEDUSAREN BURUA
N. Hawthorne
ELKAR
93 orrialde
6,60 euro
GREZIAKO MITOLOGIAKO KONTAKIZUNAK
Jesus Mari Olaizola «Txiliku» dugu Elkar argitaletxeak plazaratu duen «Pertseo eta Medusaren burua» lanaren moldatzailea. Nathaniel Hawthorne idazle iparramerikarrak XIX. mendean izandako gogoeta bat izan du «Txiliku»k oinarri moldaketa hau egiteko orduan. Nathaniel Hawthorneren ustez, gazteentzat oso egokiak izan zitezkeen mito klasikoak irarkurgai gisa, behin moldatu eta egokituz gero. Nathaniel Hawthornek ez zuen mitoen itzulpena proposatzen, eta «A Wonder Book for Girl and Boys» liburua egiterakoan ere aldendu egin zuen bere lana bide horretatik. Ez zituen idazle greko eta erromatarren izkribuak oinarri hartu eta haien itzulpen soila egin, horrelako kontakizunak askatasun handiz egitekoak zirela pentsatzen zuelako, hau da, haien muina zela garrantzisua eta ez moldatzailearen irudimenak istorio horietan egin zitzakeen aldaketa xumeak. Beraz, bere erara egin zituen, eta bere garaira (XIX. mendera) egokituz. Eta irizpide berdina jarraitu du «Txiliku»k ere, «Pertseo eta Medusaren burua»n datorrena gehiago delarik Hawthorne iparramerikarrak idatzitakoaren moldaketa haren idazkiaren itzulpena baino.
HIZTEGI JOLASTIA
Joxan Ormazabal/ Elena Odriozola
ELKAR
40 orrialde
6,65 euro
JOLAS EGINEZ IRAKURTZEN TREBATZEKO
Enkarguzko lan baten emaitza da Joxan Ormazabalek burutu eta Elena Odriozolak marraztutako «Hiztegi jolastia». Oso iaioa dugu Joxan Ormazabal haurrentzako ipuinak, poemak, aho-korapiloak, hitzjokoak eta beste sortzen, eta horregatik eskatu zioten ikasmaterialgintzan aritzen diren irakasle batzuek alfabetoko letra bakoitzari horietakoren bat asmatzeko. Alfabetoa kontuan hartuta gehi euskarak dituen fonema berezi batzuk (ts, tz, tt...), hogeita hamalau ataltxoetan banatu du egileak «Hiztegi jolastia», haurrak jolas eginez irakurtzen treba daitezen burutu duen liburua. Elena Odriozolak, berriz, marrazki jostariz hornitu du hizki bakoitza. Josu Txapartegik hasieran dioen bezala, «hauxe da hizkien baleta, gure alfabetoa musikaz beteta».
XX. MENDEKO POESIA KAIERAK
Rafa Egiguren
SUSA
58 orrialde
4,21 euro
RAFA EGIGURENEN POETIKA UMORETSUA
Koldo Izagirrek apailatu eta Susa argitaletxeak plazaratu duen «XX. mendeko Poesia Kaierak» bildumaren azken hamaika olerkariren artean, Rafa Egigurenen poesia aurkezterakoan, haren umore ukitua azpimarratzen du Koldo Izagirrek. Abanguardia literario guztiek eduki ohi duten kulturaren ulertze festazalearen partaide izanik, mundua jostailuz betea dagoela ohartarazten digu Rafa Egigurenek, eta hauen bitartez aurreko belaunaldikoen elokuentziaren poesiatik detailearen poesiara egin ahal dugu jauzi. Izan ere, eguneroko bizitza eguneroko hitzetan eskaintzen baitigu Rafa Egigurenek, gauza arruntek daukaten ahalmen poetikoaz baliatuz.
QUEBEC. NEGOZIATZEKO BETEBEHAR KONSTITUZIONALA
Elkarri
ELKARRI
184 orrialde
ELKARRI, QUEBEC-EKO PROZESUARI BURUZ
Quebec-ek eta Euskal Herriak dituzten ezaugarri komunak zein desberdintasun nabarmenak kontuan harturik, aspalditik zeukan Elkarrik lan hau burutu eta argitaratzeko asmoa eta konpromisoa. Interesa duten pertsonei Quebec-eko auzira zehaztasunez eta era txukunean hurbiltzeko gakoak eskaini nahi zizkien. «Quebec. Negoziatzeko betebehar konstituzionala» deitu argitalpena euskaraz, frantsesez eta gazteleraz egina dago, eta bi atal nagusi ditu: Quebec-ek herrialde gisa dituen ezaugarri nagusiak aurkezten dituena, batetik, eta auzi politikoa eta konstituzionala jorratzen dituena, Quebec eta Kanadaren arteko hartu-emanen mugarrien berrikuspenaren bidez, bestetik. Horrez gain, eranskinetan zenbait testu esanguratsu eskaintzen du.
LIBRO DE COCINA DE EMAKUMES
Emakume Abertzale Batza
E. A. M./ SABINO ARANA KULTUR ELKARGOA
93 orrialde
15 euro
EMAKUMEEN SUKALDE LIBURUA
Betiko euskal sukaldaritza dastatu ahal izateko errezetak aurkituko dituzue Euskal Abertzaletasunaren Museoak eta Sabino Arana Kultur Elkargoak plazaratu duten liburu honetan. Errezetak, Emakume Abertzale Batzak antolatzen zituen ekitaldietako batean jaso ziren, 1932-1933 ikasturterako material didaktiko gisa. Errezeten bilketa egin, makinaz pasa eta berehala argitaratzea zen emakume haien asmoa, baina 1936ko Gerra ankerraren ondorioz ezin izan zuten beren helburua bete. Orain, ordea, guztion eskuragarri ditugu 200dik gora errezeta haiek, hirurogeita sei urte beranduago bada ere. Nolanahi ere, errezeta hauek egiteko orduan, presak alde batera utzi eta gure amonen lapikoak eta jakiak gogoratzea komeni da.
HABLANDO EN PLATA
Ramón Eder
EL HIBRIDO
79 orrialde
8 euro
RAMON EDER-EN ZUHUR HITZAK
Aforismoz osaturik dago Ramón Ederren «Hablando en plata». Poesia eta gogoetak umore tanta nabariekin nahastuz jaurtikitzen dizkigu bere gezi zuhurrak «Axaxas mlö» eta «Lágrimas de cocodrilo» poema liburuen egileak. Adibidez, dio: hainbeste gizarajo egonik munduan, beraien alde egin genezakeen onena geure buruarekin haien kopurua ez gehitzea litzatekeela. Edota, guk geuk ez ditugun bizioak ez dizkiogula erraz barkatuko inori, baina beti gertatuko zaizkigula errukarri gure bizioak ez dituztenak. Ramon Ederren ustez, denok esaten omen diogu gezurren bat maite dugun pertsonari, eta egia, berriz, ikusi nahi ez dugunari. Eta honetaz ere ohartarazten digu: asko urruntzen bagara tentaldi batetik, hurrengoan erori egingo garela.
SAGASTIBERRI 2002. URRUZUNO LITERATUR LEHIAKETA
Batzuen artean
EUSKO JAURLARITZA
191 orrialde
5 euro
URRUZUNO LEHIAKETAKO AZKEN SARIAK
Dagoeneko hamazazpi urte bete dituen irakaskuntza ertaineko Urruzuno literatur lehiaketan 417 lan jaso dituzte 2002. urtean. Eta horietatik sarituak izan diren prosa zein poesiazko lanen egileak hauexek dira: Mikel Uranga (Andoain), Kati Olaizola (Zarautz), Estibaliz Lizaso (Tolosa), Goiatz Labandibar (Errenteria), Jon Rementeria (Arratzu), Ander Timoteo (Irun), Antton Alberdi (Elgoibar), Ane Arregi (Arrasate), Jokin Benavides (Zarautz), Maite Mendizabal (Arrasate), Odei Arregi (Azpeitia), Miren Rubio (Hondarribia), Maite Uriarte (Elgoibar), Oihane Jaka (Donostia), Haizea Caminos (Gernika), Oier Zurutuza (Beasain), Goiatz Bilbao (Bilbo), Miren Beramendi (Oiartzun), Leire Jauregi (Oiartzun) eta Olatz Telletxea (Andoain).
UGA TALDEAREN HOGEI KANTA BEREZIENAK
BEREZIENAK
Uga
RUN DOWN MUSIC
20 kanta
16,20 euro
Uga taldeak dituen hogei kanta onenen bilduma egin du Run Down Musicek eta disko bikoitz batean eskaini. Horietarik sei Carl Watermarkek nahastuak izan dira. CD bakoitzean interaktibo bana gehitu diote, batean Ugaren 6 bideoklip, zuzenean grabatutako 2 bideo, argazki asko eta ezusteko ugari daudelarik, eta bestean, 6 abesti dituen nahasketa-mahai birtuala. Zeintzuk diren CDan bildutako 20 kantak? Bada, dirudienez hauexek: «Hau da gaua», «123», «Lehenengo muxua», «Oporrak», «Aurre egin ezazu gogor», «Katrina eta Oliver», «Natura», «Festatan», «Gure mundua», «Zoriontasunaren bideak», «Elementuak», «Ametsa», «Su eman», «Aurkitzeko irrikitan», «Elkar», «Lamia», «Ireki begiak», «Ametsen bidea», «Orain ez zaudela» eta «Uda».