Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-11-24 -- 1877.zenb

Pilar Iparragirre

Baserritar eta nekazari asko ziren ZERUKO ARGIAren irakurle, eta haiei zuzendutako saila zeukan aldizkariak, Jose Alkizaren ardurapean. «Eta nondik jan?» izenburu borobila zeukan Jose Alkizaren sail horrek, bestenaz «Nekazaritza an eta emen» titulua bazuen ere. Dena den, esanguratsuagoa deritzot «Eta nondik jan?» horri, batik bat 1972ko azaroaren amaiera hartan esnearen ugaritasuna zela-eta, erabat kezkati agertzen zelako Jose Alkiza.


ESNE GEHIEGI

«Badarabilkigu naiko komeri esnea delata -zion Jose Alkizak-. Euskal Errian aspalditik sortzen da bertan edaten dan baiño esne gehiago, baiña emengo esne-zentralak erraz saltzen zuten Espaiñia barruan sobratzen zitzaigun esnea. Oraindik urtebete izango da, gehinaz ere, esne bei gutxiegi zegoelako Espaiñiako gobernua milloiak gastatzen ari zela dibisetan, kanpotik esne garraio. Bazen orduantxe ere negarra eta lantua eta baserritarrari esne gehiago atera zezala esan beharra. Gu prezioaz kejatzen giñen, merke zegoelako, ain merke ezin zitekeela esnerik sor. Igo ziguten prezioa eta asi zen esnea ugaltzen. Orain zer da eta sobra dagoela, esne-zentralak sekulako mantekilla eta esneauts pillak egiten ari direla, jendeak ez duela lehen ainbat esne edaten, Galizian esnea putzura botatzen ari direla... eta abar».
Zer zela eta sobratu ote zen esnea? Jose Alkizaren esanetan, «eguraldiak du kulparik gehiena. Bai jauna. Ez arritu. Nekazaritzan eguraldiak zerikusi aundia du. Aurten Espaiñiako egoalde guztian eta erdi parean ere bai, euria erruz egin du udan eta udazkenean. Beste urtetan udaberria amaitu orduko lehortu egiten zaizkie bazterrak eta beientzat janari eze eta berderik gabe gelditzen dira. Beste gabe, beiak lehorra janez daudelako, askoz esne gutxiago ematen dute eta iparraldetik garraiatzen dan esnearekin osatzen dira ango artzaileak. Aurten uda eta udazkena ere bai, busti joan zaie, ez da larrerik ahitu, eta beiak ematen segitu dute. Ez da izan iparraldetik esnea garraiatu beharrik eta jakiña, Asturias eta Galizia aldean, Andaluziara bialtzen zutena udaberrian bezalatsu esnea sobratu egin zaie».



JENDEAK ESNE TXARRA NAHI EZ

Horrez gain, jendeak ez zuela lehen hainbat esne edaten, eta haren balizko zergatia azaltzen saiatzen zen Jose Alkiza: «Beti ere udazkena izaten da esnerik gutxien saltzen den bolada, umeak eskolara asten diran garaia. Etxekoandreak nahiko lan izaten du nonbait, seme-alaben eskola liburuak, jantziak eta oiñetakoak pagatzen, eta jan-edanean zuhurxeago ibili behar. Bestalde udako turistak aldegiñak dira.
Aurten, Orrezaz gaiñera, zenbait esne-zentrali multa bota diotelata, sekulako iskanbilla armatu da periodikoetan. Etxekoandreek esne txarra saltzen dietela jakin dutenean, utzi egin diote erosteari. Espaiñia guztian %17 jetxi omen da esnearen kontsumoa».
Baina Jose Alkiza ez zetorren bat jendearen konportaera horrekin: «Nere ustez tiroak oker joan dira, behar ez zan tokira tira dituzte. Egia da, bai, zenbait esne-zentralek esne txarra saltzen zutela, baiña orrek ez du esan nahi esne ori edateko txarra zanik, gaitz egingo zukeenik, gorputzari kalte egingo ziokeenik, falsifikatua zegoela baizik, esneak berekin euki behar dituen gauza guztiak ez zeduzkala, behar bada ægarbiegiaÆ zegoela.
Gaiñera, multa guztiak ez dira izan esne txarra saltzen zutelako. Gradutan edo neurritan iristen ez ziralako ere, izan dira multak. Baiña zeiñi zergatik eman zitzaion argitzen eta garbitzen iñor gutxi saiatu da. Denak zaku berean sartzearekin nahaspilla areagotu besterik ez da egiten. Bestalde, eta au ere oso gogoan eukitzekoa da, multa oiek zigortzen zituzten oker guztiak ez dira oraingoak, azkeneko lau-bost urteotan zehar egiñak baizik. Orain ordea denak batera azaldu eta zigortu dira. Iskanbilla franko sortu dute, ez dakit erruduna eskarmenta araziko zuten... eta bitartean etxekoandreei esnea edateko bildurra sartu».


PUTZURA BOTATAKO ESNEA

Eta hori gutxi balitz, Galizia aldean baserritarrak esnea botatzen ari omen ziren, esne zentralek hartu nahi ez zietelako.
«Asteko esan behar da, zentral oiek ez direla baserritarrenak, kooperatibak, dirudun batzuenak baizik, SA-k. Komeni zitzaien arte erosi diete esnea baserritarrei, eta komeni ez zitzaienean, or konpon esanda, utzi dituzte. Orain arte, esnea eskas baitzegoen, arrapazka ibilli dira esnea biltzen, batak besteari bezeroak kentzen. Zenbait baserritar, gaur oni eta bihar hari esnea saltzen aritu da, batak baiño besteak erreal bat gehiago pagatzen ziolata.
Orain esnea ugaldu da. Zentralek saldu ezin ala biltzen dute, eta ez batak eta ez besteak ez dio erosi nahi. Or gelditu da nekazari gizajoa bere esnea iñori saldu eziñik. Beren amorrua azaltzeko, esnea putzura bota dute.
Eta bitartean zentralak? Zentralak legean dabillela esango du, ez zutela egin segitzera behartzen duen kontratorik eta... arrapa zak».
Besteen bizkar hartutako eskarmentua gauza ona delakoan, honela zioen gizonak ondorio gisa: «Emengo baserritarrari asko pentsarazi beharko liokeen gertakizuna da au. Zer balio du, esnea eskas dagoenean, erreal bi edo pezta bat gehiago artzeak, urrena ugaltzen denean zeiñi saldurik ez duela gelditze ezkero?»

Daniel Udalaitz

Euskal Herriko ekipamenduko ondasunen sektorea, inork azken orduan erremediatzen ez badu, likidazioan dago. Horrek ondorio soziala ekarriko du, ez bakarrik enpresa afektatuetan, baina baita enpresa laguntzaileetan ere, enpresa handi enplegu ekarleetatik bizi baitira. Horrela, Euskal Herriko ekipamenduko ondasunen sektorea, funtsean, Bizkaian kokatutako bi enpresa handitan dago oinarritua: bata Mecánica de la Peña (Mecapeña), Urdulizen kokatua, eta bestea garai bateko BW, orain multinazional aleman baten eskuetan (Babcock Borsig), eta Trapagaranen kokatua, Ezkerraldean. Bi enpresek orain baino askoz enplegu gehiago izan dute beren historia luzean, baina krisiek, pixkana, enplegua kendu egin dute. Lehengo BW hirurogeita hamarreko hamarkadan zuzeneko 5.000 enplegu inguru izatera iritsi bazen ere, gaur egun 600 bat baizik ez ditu. Bestetik, Mecapeña ere zuzeneko 1.000 enplegu inguru izatera iritsi zen, baina, gaur egun, daraman agonia progresiboaren ondorioz, 300 besterik ez du. Bi enpresen trakzio-efektua oso garrantzitsua izan da, eta orobat balio izan dute inguruko enpresa laguntzaile askotan enplegua mantentzeko, milaka lanpostu batzuekin.

Bada, Mecapeña kasik likidazioan dagoen bitartean, BBren egoera ez da askoz hobea, haren agoniak aurrera segitzen baitu eta ez baitzaio errekuperatzeko tankerarik ikusten. Izan ere, badirudi Traparango enpresa ez dela ageri multinazional alemanak dituen helburuen artean. Horregatik guztiagatik, bi enpresetako pertsonalak mobilizatzen aritu dira, eta egiten jarraitzen dute. Mecapeñakoak behin betiko likidazioaren eta dagozkien neurri sozialen zain dauden bitartean, BBkoak presionatzen ari dira, ikusteko ea irtenbiderik aurki daitekeen enpresaren ixtea gertatu aurretik.
Bi enpresek, beren historian zehar, oso egoera bitxiak igaro izan dituzte, ordainketak eteteko prozesuengatik, eta kaltetuak ere izan dira zenbait kudeatzailerengatik, irregularitateak egiteaz eta korrupzioaz akusatuak izan baitira. Hala ere, inoiz ez dira depuratu ustez zegozkien erantzukizunak, nahiz eta zenbait epaitegitan badiren kasuan kasuko salaketak. Bi enpresak, gainera, fondo publikoetatik onuratu diren multinazionalen eskuetatik pasatu dira.

MECAPEÑA BEHIN BETIKO LIKIDAZIORANTZ.

Urteetan hainbat krisi eta langile borroka igaro eta gero, Mecapeña behin betiko likidatzeko prozesuan da. Uztailean bertan, Urdulizko pertsonal guztiari deuseztatu zizkioten kontratuak. Aurreko urteetan enplegua kenduz joan eta gero, gaur egun, 300 lagun dira Mecapeñaren likidazio horrek afektatuak. Negoziatzeko prozesuaren barruan ezarritakoaren arabera, pertsonal global horretatik, 150 langileri 55 urtetik gorakoentzako erretiro aurreratuko plan bereziak aplikatuko zaizkie, eta gainerakoek, beste 144 langilek, ingurune industrialeko enpresetan berrenplegatzeko planetan parte hartuko dute. Krisia jasandako beste enpresa batzuetako antzeko prozesuetan, berrenplegatzeak oso arazotsuak izan dira beti. Horregatik, Mecapeñako langileek ongi lotu beharko dituzte hari mutur guztiak, baldin gero bertan behera utziak bukatu nahi ez badute, krisian izandako beste enpresa batzuetan gertatu den moduan.
Lan Ministerioak hitzeman du zeroan jarriko duela langabeziako prestazio sozialen kontadorea, zeren langile gehienek agortuak baitzituzten, azken urteotan etengabe nozitu izan dituzten erregulazio espedienteen kausaz. Kalte ordaina 45 egunena izango da lan egindako urte bakoitzeko. Gatazka honen konponbidean, Bizkaiko administrazio forala, EAEkoa eta Espainiakoa ari dira parte hartzen, modu ezberdinetan bada ere.

BB ETORKIZUNEKO BERMERIK GABE.

Babcock Borsig ekipamenduko ondasunen enpresa, Trapagaranen kokatua, pribatizatua eta fondo publikoekin saneatua izan eta gero, izen bereko multinazional alemanaren eskuetan dago orain, eta hark ere eten zituen ordainketak Alemanian (ikus irailaren 8ko ARGIA). Zenbait astetatik hona, euskal planta horretako langileak mobilizazioak egiten ari dira, etorkizunerako bermerik ez dagoela ikusita.
Multinazional alemanak, bere hogeita hamar sozietateetan ordainketen etendura saihesteko, sozietate berri bat sortu du, eta, itxura guztien arabera, badirudi Trapagarango planta ez dela sartzen haren planetan. Sozietate berri horren izena Babcock Borsig Power Sytems izango da, eta 2.600 laguneko pertsonala izango du. Pertsonal horretan, ordea, ez da ageri Galindokoa (Trapagaran), ordainketen etenduran dauden enpresen blokean ageri baita. Sindikatuen arteko zatiketa bortitz baten erdian (ESK eta LAB alde batetik, eta CCOO, ELA eta UGT bestetik), gero eta zurrumurru gehiago dabiltza euskal enpresaren etorkizunari buruz. Zenbaitek diotenez, sozietate aleman berria Trapagarango plantaren kargu egin dadin ari dira saiatzen, baina beldur dira multinazional alemana ez ote dabilen luzamendutan, azkenean Galindoko pertsonalean murrizketa handiagoa lortze aldera. Langileak presionatzen ari dira, BB pribatizatzeko planak iazko urrian sinatu ziren bezalaxe eraman daitezen aurrera. Plan haien arabera, oraingo enplegua mantendu egingo litzateke, lehenbiziko bost urteetan bederen.
Egoera honen erantzukizun larri bat Espainiako Gobernuak du, zeren, Partizipazio Industrialen Sozietate Estatalaren bitartez (SEPI), pribatizatu egin baitzuen BW, fondo publikoekin saneatu ondoren, eta BB multinazional alemanari saldu baitzion. Hark, ordea, hasieran hartu zituen konpromisoetatik lokabetu egin nahi du orain. Hala, ez dira errespetatzen ari BW pribatizatzeko bidea eman zuen plan industriala; ez dute eskabiderik lortzen, eta galtzen ari dira planean aurreikusiak zeuden lan batzuk. Enpresako komiteko zenbait iturri sindikalek, gainera, ziurtatzen dute multinazional alemanak Bizkaitik beste planta batzuetara eraman duela lana

Xabier Telletxea

Aurten Bai Fundazioak euskara sarean ikasteko sistema multimediatiko eta interaktiboa prestatu du: Boga. Metodo berritzaile hau erabiltzeko beharrezko materialak Boga CD-ROMa, ordenagailua eta informazioa gestionatu ahal izateko Interneterako konexioa dira. CD-ROM hori matrikula egitean ematen zaio ikasleari. Aplikazioa instalatu ondoren, ikaslea ikastaroan sartu eta irakaslearekin harremanetan jartzen da, bai mezuen bidez eta baita ahots-txataren bidez ere. Erabiltzailea Internetera konektatuta egon behar da memento oro, irakasleak ikaslearen jarraipena egin dezan. Irakasle hauek Zornotzako Barnetegiko, Uribarri euskaltegiko eta Web Activa Idiomas akademiako irakasleak dira.

Guztira bost maila eskaintzen dira: Oinarrizkoa, Erdikoa I, Erdikoa II, Aurreratua eta EGA. Maila bakoitzak 300 ordu inguru ditu. Prezioari dagokionez, 120 euroko kostua du hiru hilabeteko matrikulak. Ordutegi malgutasuna eskaintzen da, hots, ikasleak nahi duen erritmoan burutu ditzake eskolak.
Maila bakoitza hamabost estraktutan banatuta dago, eta estraktu bakoitza hamar unitatetan. Unitate hauetan lotura bat mantentzeko, istorio bat kontatzen da. Istorio horiek Director programaren bitartez eginak daudenez, animazioa dute eta eszena horietan gertatzen dena entzun ahal da. Istoriotxoa entzun ondoren, hor entzun denaren transkripzioa agertzen da. Transkripzio honez gain, polonieraz, gazteleraz edota ingeleraz transkripzioa ikusteko aukera eskaintzen da.
Horren ostean, dialogo edo eszena horretan hizkuntza aldetik zerbait berria agertu bada, irakasle birtuala agertzen da, azalpen berri hauek argitu ditzan. Azalpen magistrala egin beharrean, galderen bitartez azaltzen du batik bat, hausnarketa bultzatu xedez. Izan ere, ama hizkuntzaren ezagutzak bigarren hizkuntzaren hartze prozesuan laguntzen duela esan ohi da, eta teoria honi jarraitzen diote hausnarketok. Berauen helburua bi motatakoa da: bigarren hizkuntza horren diferentziak antzematea, eta ama hizkuntzan ere hausnarketa bat egitea, ikusi ahal izateko zein aldaketa dauden, alegia, non dauden eta nora doazen.
Jarraian, erakutsitakoa lantzeko ariketa batzuk daude. Kapitulu horren eszenak ikusi eta ariketak egin ostean, test bat burutu behar du ikasleak. Bertan, orain arte ikasitakoa ulertu duen erakutsiko du eta berau menperatu beharko du hurrengo unitatera pasa ahal izateko. Testa menperatu ezean, sistemak errepasatzeko saio bat sortzen du.
Prozesu honetan guztian zehar ikasleak irakaslearekin komunikatzeko aukera du mezuen bidez. Halaber, mezu hauen bitartez irakaslearekin Hator web guneko (www.hator.com) Boga ataleko txat gunean aritzeko hitzordua zehazteko aukera izango du. Orobat, irakaslea telefono bidez ere kontaktuan mantentzen da ikaslearekin, zalantzak argitu edota ikaslearen garapenaz mintzatzeko.
Mintzamen aldetik, Aurten Bai Fundazioak Madrileko enpresa bat azpikontratatu du ahozko txatak egin ahal izateko. Zerbitzu hau ordea aparte ordaindu beharrekoa da. Horretarako mikrofonoa eta bozgorailuak dira beharrezko materialak. Bertan, ikasleek irakasleekin edota beste ikasle batzuekin hitz egiteko aukera izango dute. Era berean, astero ikasitakoa praktikan jartzeko saioak programatuko dira maila bereko ikasleentzat. Bestalde, hizkuntzaz hobeto jabetzeko, ikasleek Zornotzako barnetegira, Uribarri euskaltegira eta Bilboko Web Activa Idiomas akademiara klaseetara joateko aukera dute

Pello Zubiria

Sevdije Ahmeti du izena, 57 urte ditu eta Europan oihartzuna izan duen liburua plazaratu du: «Journal dÆune femme du Kosovo (février 1998-mars 1999)» (Kosovoko emakume baten egunkaria). Carlotte Valadek eman du liburuaren eta egilearen historia hunkigarriaren berri «Transfert» aldizkarian.

Ahmetik, izan ere, serbiarrek Kosovoko albaniarren kontrako garbiketa etnikoa hedatzen zuten egunetan, erresistentziako ekintza eraginkorra burutu zuen: egunean zehar lortzen zituen informazioak posta elektronikoz buletin batean bildu eta munduan zehar ezagutuak zituen pertsonei (1.300 helbidetara) banatzen zizkien gauero.
Buletin horiek osatzen dute NATOk serbiarrei erasotzeko erabakia hartu zuten eguna arteko gertakizun beldurgarrien kronika garratza. Kontakizun horiek aipatu titulua daraman liburuan argitaratu ditu berrikitan Parisen Gosearen kontrako eta Garapenaren aldeko Batzorde Katolikoak (CCFD).


ISOLAMENDUA HAUTSI NAHI.

1989a arte unibertsitateko biblioteka nazionalean ari zen lanean Sevdije Ahmeti, baina urte horretan kanporatu egin zuten, Milosevicek garbiketa etnikoa mamitzen joateko martxan jarri zituen neurrietako baten poderioz. Gizarte mugimenduetan hasi zen militatzen eta albaniarrez idatzitako aldizkari bakarretako batean, «Kosovaria»n, idazten ere bai.
Horrela harrapatu zuen gerraren hasierak 1998an. Ez zen armak hartzen hasiko... Baina berak aurrez pentsatu baino arrisku handiagoetan sartu bai. Lehen mezua 1998ko martxoaren 6an bidali zien bere 1.300 hartzaileei. «Gerra dago Kosovon. Baina dena 1989an hasi zen. Sinestezina da denbora honetan guztian guk inolako laguntzarik lortu ez izana (...) Ipuinean bezala æotsoa datorÆ esaka ari ginela uste zuten. Pazientzia galdu dugu eta konfiantza ere bai. Esker anitz gerra ekiditeko ezer egin ez edo gerra lehertu dadin ahalegin guztia egin dutenei».
Azken mezua 1999ko martxoaren 25ean bidali zuen Ahmetik, NATOk Pristina hiriburua bonbakatu zuen biharamunean. Urte bete horretan, Kosovon jazotako erreketa, atxilotze eta hilketak kontatu zituen bere posta elektronikoetan, biktimen zerrenda eta guzti, gertatzen ari zen triskantzaren lekukotasun zehatzak.
Azken kronika igorri eta biharamunean telefono haria moztu zioten emakumeari, eta martxoaren 28ko gauean gizon ezezagunak azaldu ziren ate joka, jo eta bertan hilko zutela oihuka. Ihes egin behar izan zuen.
Ahizpa baten etxean ezkutaturik zegoela, maiatzaren 4an azaldu zitzaizkion lau gizon mozorrotu. Etxean ziren guztiak (ahizpa, senarra eta koinatua) bi orduz jipoitu eta torturatu ondoan, bederatziak arteko epea eman zieten alde egiteko. Eta garrantzizkoagoa zena: bere ordenagailua eraman zuten. «Ongi zekiten -dio Ahmetik- zeren bila zebiltzan. Biktimak arriskuan ez jartzeko ordura arte plazaratu gabe nituen agiriak, argazkirik onenak». Horietako asko betikotz galdurik dira.


HARREMAN UGARIKO EMAKUMEA.

Informazioa eskuratzeko, iturri sare zabal baten jabe izan da urte horietan Sevdije Ahmeti. Milosevicen politikagatik 1989an unibertsitatetik kanporatu zutenean, Giza eskubideen eta Askatasunaren aldeko Pristinako Batzordean (KPMDN) hasi zen parte hartzen. Eta 1993an Vjosa Dobruna mediku lagunarekin beste elkarte bat sortu zuen, Emakume eta Haurren Babeserako Zentroa. Honek Italiako GKE baten laguntza handia zuen, baita Bruselan den Osasunerako Mundu Erakundearena ere.
Harreman horiei esker bidaia ugari egin ahal izan zuen Ahmetik, eta kontaktu berriak egin. «Joan-etorri horietan guztietan ezagutuz joan nintzen pertsonalitateen helbide elektronikoak bildu nituen pixkanaka, eta laster 1.300eko kopurua osatu nuen». Gerra lehertutakoan, guztiek jasoko zuten bere eguneroko kronika-buletina.
Kronikak bidaltzen hastearekin, Europako Segurtasun eta Elkarlan Erakundeak (OSCE) bi ordenadore eta argazki kamera digitala utzi zizkion. Eta tresna horiek lagun, Nazio Batuen Erakundeak eta batik bat Errefuxiatuen Aldeko komisarioak Kosovora egiten zituzten bidaietan laguntzaile gisa joaten zen. Mugarik Gabeko Medikuek eta Save The Children GKEak antolatzen zituzten konboiekin ere joaten ziren, Ahmeti eta bere laguna Vjosa medikua. Eta hala kurritu zuen Kosovo osoa, serbiarren desmasien lekukotasunak, elkarrizketak eta argazkiak bilduz.
Bidaietatik etxeratutakoan, Pristinan, gauean hasten zen bere egunkaria idazten, senarra eta haurrak ohera bidalita. 7 eta 15 orri arteko kontakizunak. «Nire helburua, informazio gordina idaztea zen, ez ikuspegi eta ez analisirik gabe. Horregatik, nire kronikak berez mintzo dira: egunak, bilakaera politikoak, sutu dituzten eskualdeak, biktimen kontakizunak, manifestaldi bakezaleak...».
Europan egindako kontaktu horiek izan ziren serbiarren mehatxuen kontrako garantia ere. «Kronika bat bidaltzen ez nuenean, nire lagunak (kazetariak, ikasleak, diplomatikoak, frantses, italiar edo belgiarrak) hasten ziren bazterrak astintzen».


INTERNET, «MIRARIA».

Hala definitu dio sarearen garrantzia Ahmetik kazetariari. 1995ean izan zuen tresna honen lehen albistea, nazioarteko bilkura batean aurkeztu ziotenean NBEen babesean sortu berria zen Women Watch web gunea. Garai hartan Kosovo guztian ez zegoen web gunean nabigatzeko operatzaile komertzialik, soilik sare militante bat (Zana.pr) eskualdeko hogei ordenadore lotzen zituena.
1992an Association for Progressive Communication erakundek Jugoslaviarako antolatutako Zamir sarearen partaide zen: erakunde horrek kazetari independenteei eta bakearen aldeko erakundeei sare paraleloak antolatzen zizkien. Hori zen egoera 1995an. Baina 1998an gerra lehertu zenean, jadanik hemen ere Internet gorputz hartua zen, eta hari eskerrak hedatu zituen bere egunkariak Ahmetik.
Gerra bukatuta, 2000ko udan, Milosevic epaitu behar zuen nazioarteko epaitegiko jueza Sevdije Ahmetiren bila joan zen Pristinara: ordenagailuko informazio baliotsu asko ohostua izan arren, Internet bidez zabaldutako lekukotasunak baliagarri izan zitzaizkion bere lanerako Epaitegiari.
Baina bera ez da Hagan azaldu, epaiketan. «Orain biktimek behar dute mintzatu. Nik nire lana egin nuen». Hark Pristinan segitzen du, Emakume eta Haurren Babeserako Zentroan batetik, eta bestetik emakume eta neskentzako doako Internet gune bat mantentzen. «Zail egiten zaigu Kosovotik ateratzea. Eta enbaxadarik ez daukagu. Internetekin, emakume eta neskak ere klik batekin munduko edozein herrialde eta gunetan daude, bestela eskuratuko ezingo lituzketen dokumentuak ikusten»

http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre

Pizti usaina da zirkua gertu dela salatzen diguna. Umetako ilusioa, magia zapuzteko beldurrez hurreratu gara karpara. Eta Donostian orain bi aste egon den «Circo Americano» honetan behintzat, animalia asko eta abildade gutxi ikusi dugu. Jirafa paseatzera atera eta kito! konponduta dute saio bat. Baina merezi izan du, zirkuko giza abereak ikusteagatik bakarrik. Azala eta eskuak zailduta dauzkate, baina bere arropek lentejuelen distira erakusten dute oraindik.

Saltzen artistak dira. Aurkezlearengandik hasita, azentuak nabarmenduz hiru segundoro infartu batek emateko moduan hitz egiten digu. Krokodilo batek ez duela behar beste indarrik, ez dela oldarkorra? Bada, besoetan hartu, eta hezitzailea bera mugitzen da batera eta bestera, krokodiloak astinduko balu bezala. Bukaeran, «Voilà»! Magia ikuskizunik harrigarrienaz jabetu gara. Esku hutsik sartu diren umeak banderatxoz, palomitaz eta beste hamaika tramankuluz beteta atera direla, alegia.
ARRISKUAREN ERTZEAN. Tarrapata da zirkuan oilo ipurdia jartzen diguna. Elefante baldarrak neskarik hauskorrena zapalduko duelako, edo aizto jaurtitzaileak behar baino gehiagotan huts egiteko beldur garelako estutzen zaigu bihotza. Eta benetan une larriak ere bizitzen dira zirkuan. Lehoi hezitzailea, «Gladiador» izen artistikoz (aurreko saioan indio buruzagia izan dena eta hurrengoan «Faraoia») hor atera da bere hiru «katutxoekin». Harro hasi da, baina gero eta gehiago astintzen du zartailua. Tigre batek ahoa gehiegi zabaltzen dio, aukeran. Gladiadorea kaiolaren kontra-kontra jartzen da, naturaltasun osoz. Bitartean, aurkezle hitzontziak «Gladiador»en nagusitasuna zabaltzen du lau haizeetara, baina kaiola zabaltzean hezitzailea da lehendabizi ateratzen dena, korrika txikian. «Batman»ek ere ederra lasaitasuna eman diguna trapeziotik jaitsi denean! Ez egin dituen txirtxilkeri konplexuengatik, berrogeita hamar urteko gizon lodikote bat sumatu daitekeelako pijama beltz estu horren barruan. Kulunkatzen pasatu du denbora gehiena, jendea urduritzeraino. Gure aurreko umeek malezia osoz eta txaloz lagunduta buila egiten zioten: «Hegan egin! hegan egin!». Aise bota du bere burua atzerantz agureak, belaunen atzealdearekin gorputza eutsiz. Baina igotzeko a ze lanak! Herniak jota zirudien!
Bala gizona bai. Hori bai benetako ikuskizuna. Henry Muñoz azkarra emanaldi osoan zehar ikusi dugu kanoira joan-etorrian, makinariaren orratz denak errebisatzen. Bere ordua iritsi denean, airbag ikaragarri bat zabaldu dute pistan. Henry kanoira sartu da, eta sekulako danbateko hotsaz, ziztuan atera da pista erdira. 200 kilometro orduko abiadan joaten omen da. Ez dela txantxetako kontua aitortzen du: «Airbagera erortzeko heriotz jauzi erdia egiten dut. Goizegi biratuz gero, hankak hausten ditut. Beranduegi eginez gero, lepoa».
Erromantikoentzat heriotza borobila da, toreroa zezen plazan eta zirkuko artista pista erdian hiltzea. Bai, plaza bete jende, eta txalo zaparrada ari badu. Baina aulkiak erdi hutsik daudenetan, horrela, edozein egunetan, alegia, egunero, bi aldiz bizitza arriskuan jartzeak apenas duen xarmarik.

BIZITZAREN ESKOLA

. Herri batetik bestera ibiltzea egun ez da ikasteko arazo. Zirkuek Espainiako Hezkuntza Ministerioarekin hitzartuta dutenez, sei ume baino gehiago bizi diren zirkuek bere maisua dute. Zirkua arduratzen da irakaslea mantentzeaz, baita ikasgela izango den karabana txukuntzeaz ere. Irakaslea zirkuan bizi da, eta umeek egunero dituzte eskola orduak. Sei ume osatzen ez direnetan, postaz egiten dute ikasturtea. Hala ere, zirkuan egunero ikasiko dute bizitzaren berri eskolan baino gehiago. Oinez dakitenerako hasten dira batzuk bizikletan eta besteak trapezioan jolasean. Guk txakurrak bezalaxe, eurek errinozeronteak dituzte etxeko animaliatxo. Denborarekin aukeratuko dute unibertsitatera joan edo zirkuan gelditu. Baina kasta, behintzat, ziurtatuta dute.


DATOZEN IKUSKIZUNAK.

Euskal Herrian ere bada zirkuko artistarik. Azaro bukaeran, Gari, Montxo eta Jose Lontxo pailazoak Cornellara (Bartzelona) joateko gonbidatu dituzte, mundu mailako pailazoen topaketara. Eta Otsailean, berriz, Cirque du Soleil ikuskizuna etorriko da Bilbora. Poltsikoak negar egiten badu ere, barruak joateko eskatzen du

hemeroteka

1876. zenbakia | 2002-11-17
1875. zenbakia | 2002-11-10

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan